1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
200E/2018 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Arguedasko 1. poligonoko 5160. lurzatian buztin mailegua egiteko proiekturako, Arguedasko udal-mugartean. Sustatzailea Empresa de Transformación Agraria SA da.
2018ko ekainaren 5ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketaren helburua da 18.600 m³ inguru lur erauztea Arguedasko 1. poligonoko 5160. lurzatiko 2.500 m² inguru dituen eremu batetik. Partzela horretan egin zen hondeaketa bat lehenago ere, 2015eko uholdeen ondoren ibai-lubetak konpontzeko.
Erauzketa gunea egoera onean dagoen landa-bide baten mendebaldean dago. Landa-bide horrek zati batean bat egiten du "8. Igarobidea" izeneko abelbidearekin; zehatzago esateko, "El Común" izeneko inguruan, abelbideak muino bat inguratu eta bi troketako ibilguak banatzen dituen zatian. Gune hori Arguedas herriaren ipar-ekialdean dago. Hondeatuko den gunea zabaldegi bat da eta gaur egun malda leuna du ekialderantz: 6 eta 8 m bitartean egiten ditu behera bidetik troken magalera.
Erauzketa bidetik 3 m-ra hastea pentsatu da, hala, abelbidearen zortasuna ez ukitzeko. Muga hori balizatu eginen da. 3 m-ko zerrenda horren ekialdean hondeatuko da eta 2:1 malda izanen duen ezponda bat sortuko da. Ekialderago, plataforma gaur egun dagoen garaieratik 328,70 m-ko kotara jaitsiko da. Gainera, gaur egun zabaldegiaren muturrean dagoen tontortxoa ere erauziko da. Hondakinak kenduko dira, harriak lurperatuko dira eta lursaila egokituko da destrinkotzearen eta medeagarri organikoen bidez. Bukatzeko, hidroereitearen bidez, lursaila berriz landareztatuko da, jeneralistak eta bertakoak diren belarki eta zuhaixka espezieak baliatuz.
Arguedasko Udalaren aldeko espediente-txostenak adierazten duen bezala, jarduketa baso-lurzoru urbanizaezinean eginen denez, erauzketa bukatzean, guneak berriz ere baso-erabilera izan beharko du.
2018ko ekainaren 27an, Lurraldean Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena eman zuen lurzoru urbanizaezinean jarduteko lurralde baimenari zegokionez, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 117. artikuluan araututako prozedurari jarraituz; hori bai, hirigintzarekin loturiko zenbait zehaztapen sartu zituen txostenean.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman zuen espedientea izapidetzeko garaian aurkeztutako ingurumen dokumentazioan proposatutako lehengoratze neurriak eta neurri zuzentzaileak aintzat hartuta eta jasotako beste txostenetan ezarritako neurriak betetzeko baldintzapean, bereziki gune horretan 2015 baino lehen zeuden mugarriak berriz jartzekoa.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arguedasko 1. poligonoko 5160. lurzatian buztin mailegua egiteko proiekturako, Arguedasko udal-mugartean. Sustatzailea Empresa de Transformación Agraria SA da.
2. Baimena izateko, espedientean jaso diren neurri zuzentzaileak eta lehengoratzekoak bete beharko dira, bai eta baldintza hauek ere:
–Ingurumen arlokoak:
- Erauzketa egindako inguruan mugitutako eta alde batera utzitako Errege Abelbideko mugarriak berrezarri eginen dira. Mugarri horiek berrezartzeko eta aipatutako Abelbideko inguruari azken lehengoratzea emateko, jarduketaren azken faseetan Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari kontsulta egin beharko zaio.
- Proiektuaren gunean baso-erabilera berrezarriko da. 2019an, 2018ko udazkenean eginen diren hidroereiteen ondoren, gunea ez badago landare geruza batez behar bezala estalita, berriz hartu beharko dira lursaila landareztatzeko neurriak, gutxienez beste kanpaina bat eginez, neurri horiek funtzionatu arte.
–Hirigintza arlokoak:
- Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:
- Buztina erauzteko eremua herri-lurretan dagoenez, obren lizentzia eman aurretik, herri-lurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen partzelei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezarritakoarekin bat.
- Sustatzaileak baimen bat lortu beharko du buztin-erauzketa gunera ailegatzeko sarbide gisa erabiltzen den Errege Abelbidetik kamioiak igaro ahal izateko; izan ere, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, hori ez da abelbideen berezko erabileretako bat.
- Jarduketaren inguruan egoten ahal diren aztarnategi arkeologikoak direla eta, sustatzaileak txosten bat eskatu beharko dio Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.
- Abelbideetan sortzen ahal den ukipenari lotuta, jarduketak 3 metroko zortasun eremua (abelbideetako kanpoko mugatik neurtuta) errespetatuko beharko du, halaxe ezartzen baitu erauzketa-lanak galarazten dituen LAHFLTBaren 111.2 artikuluak.
- Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten ahal zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101. h) artikulua aplikatuz.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da.
3. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Arguedasko Udalari, Basozaintzari (12. barrutia, Tutera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko uztailaren 2an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1808816