Iragarkia
154. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
200/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 27koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko bigarren hiruhilekoan izandako aparteko euriteek eta uholdeek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak.
2018ko bigarren hiruhilekoan Nafarroako Foru Komunitatean izandako euriak ohi baino askoz ugariagoak izan dira. Hori dela eta, intentsitate desberdineko uholdeak gertatu dira, Ebro ibaia normalean baino askoz altuago egotea eragin dutenak.
Uhaldiak eta horren ondoriozko uholdeak honako hauek ekarri dituzte berekin, besteak beste: kalte handi samarrak azpiegitura publiko eta pribatuetan, galerak nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan, eta eraginak natur ingurunean eta ondasun publiko nahiz pribatuetan.
Egoera ikusita, Nafarroako Gobernuak adierazi du zenbait neurri hartzeko konpromiso irmoa duela, gertatutako kalteak konpontzeko, kaltetutako azpiegiturak berritzeko eta aparteko uholdeek eragindako kalteengatik ukitutakoei konpentsazioa emateko.
2018ko ekainaren 6ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak jarduketa plan bat onetsi zuen 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean gertatu aparteko eurite eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko. Aparteko euriteak bigarren hiruhilekoan mantendu direnez, jarduketa plana hiruhileko osora hedatzea aurreikusten da.
Beraz, ekintza planean ezartzen diren neurriak Estatuko Administrazio Orokorrak har ditzakeen edo hartzen dituen neurrien osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horri jarraikiz, eta, neurriok abiarazteko, behar bezalako koordinazioa egon beharko da bi administrazio publikoen artean, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra oztopatzen duten gainjartzeak edo irizpide ezberdinak saiheste aldera.
Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak maiatzaren 29an emandako 151/2018 Foru Aginduaren bidez, onetsi da 2018ko bigarren hiruhilekoan Nafarroako Foru Komunitatean gertatu aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda, eta zehaztu dira kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak. Nafarroako Gobernuak foru agindu hori berretsi du 2018ko maiatzaren 30eko bilkuran, baina hori aldatzen ahalko da kalteak jasotzen dituzten udalerri berriak gehitzeko.
Foru agindu honen bidez, natur hondamendi horiek kaltetutakoei laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dira; nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan ukitutako elementuetan izan diren kalteak konpontzea da laguntzen xedea, kalte horiek konpontzeko jarduketa plana onesteko Nafarroako Gobernuak 2018ko ekainaren 6an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.5 puntuari jarraikiz.
Hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasota daude, izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Batasunaren erregelamendu horren 2.9 artikuluan jasotako hondamendi naturalen artean elur-jausiak, luiziak eta uholdeak agertzen dira.
Ordaindu beharreko kalteak nolakoak diren ikusita, bidezkoa da laguntza hauen interes publikoa deklaratzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondorioetarako.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.
Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela ikusirik, espedienteari izapidetze aurreratuko espedientearen izaera ematea proposatzen da, kreditu egokia eta nahikoa izateko baldintzarekin betiere.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko bigarren hiruhilekoan izandako aparteko euriteek eta uholdeek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eranskinean jaso den bezala.
2. Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenerako eredua, laguntzen eskabidearena eta erreferentziako gehieneko prezioena onestea; foru agindu honen II., III. eta IV. eranskinetan jasota daude.
3. 150.000 euroko gastua baimentzea ustiategietako elementuetan eragindako kalteen gastu-konpromisoei aurre egiteko, 2018ko Gastuen Aurrekontuetako partida honen baliokide gisa 2019ko Gastuen Aurrekontuetan gaituko den partidaren kargura: “Azpiegitura pribatuetan izaniko kalteak eta errenta-galera arintzeko laguntzak” izeneko 710000-71210-7700-412100 partida, betiere ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa baldin bada.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluarekin bat.
6. Foru agindu hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratzea.
7. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara ematen denetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Iruñean, 2018ko uztailaren 27an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
I. ERANSKINA
Lehen oinarria.–Laguntza araubide honen xedea eta baldintzak.
1. Eranskin honen xedea oinarri arautzaileak ezartzea da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduan, Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko apirilean gertatu aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda onesten duen horretan, zehazten den lurralde eremuko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan izandako kalteak konpontzeko laguntzen gainekoak (2018ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 12koa), baita deialdi honen seigarren oinarriak eskaerak aurkezteko ezarritako epean foru agindu horretan egin daitezkeen aldaketetan aipatzen diren udalerrietan egondako kalteak konpontzekoak ere.
2. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
3. Laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:
a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ematen diren kasuan.
b) Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.
4. Laguntzen araubide honek 2019ko abenduaren 31ra arte iraunen du.
5. Kalteak konpontzeko jasotako laguntzen eta bestelako ordainketen zenbatekoak baturik, ezin izanen da kostu diruz lagungarrien %100 gainditu.
Bigarren oinarria.–Onuradunak.
1. Laguntzen hartzaileak nekazaritza ustiategi txiki eta ertainen titularrak izanen dira, betiere ustiategiek enpresa txiki eta ertainen izaera badute, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinarekin bat, eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta badaude. Ustiategiaren zati handiena beste erkidego batean duten ustiategien kasuan, ustiategiak kasuan kasuko erkidegoko nekazaritza ustiategien erregistroan inskribatuta egon beharko du.
2. Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntza eskatzen denean, horien xede diren lurzatiek Nafarroan egon beharko dute, eta 2018ko urtarrilaren 1ean Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta, edo, ustiategiak Nafarroatik kanpo azalera handiagoa baldin badu, kasuko autonomia erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.
3. Ustiategi bateko lurzatiengatik eskabide bakarra aurkezten ahal da.
4. Hirugarrenek egiten dituzten eta bidezko fakturen bidez frogatzen diren lanak baino ez dira diruz lagungarriak izanen.
Hirugarren oinarria.–Eskabideak aurkezteko tokia.
1. Eskabideak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira ahal bada (González Tablas kalea, 9, Iruña), departamentuko eskualdeko langeletan eta arlokoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.
Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
2. Foru agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako kalteen jakinarazpenak ez dira laguntza eskabidetzat hartuko, eta interesdunek foru agindu honetan aurreikusitako oinarriei jarraikiz aurkeztu beharko dituzte beren eskabideak.
Laugarren oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.
1. Foru agindu honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, lehentasun-ordena honen arabera:
a) Lehentasunezkotzat jotzen diren ustiategien titularren eskaerak.
b) Gainerako eskaerak.
2. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerei erantzuteko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.
Bosgarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntza hauen bidez nekazaritza lurzatietako egituran eta nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiko elementu iraunkorretan, jarduera betetzeko beharrezkoak direnetan, izaniko kalteak konpondu edo aldatzeko kostua pagatuko da. Berotegietako egitura eta instalazioetan izaniko kalteak kanpo geldituko dira.
2. Eragindako kalte materialak kalkulatzeko, konponketaren kostua hartuko da aintzat, edo hondamendiaren aurretik ukitutako aktiboek zeukaten balio ekonomikoa. Laguntzak ez du konponketaren kostua gaindituko, ez eta hondamendiak eragin duen merkatuko balio justuaren jaitsiera ere, zehazki, ondasunak hondamendia gertatu aurretik eta gertatu ondoren duen balioaren arteko aldea.
3. Laguntzak Estatuko Administrazio Orokorrak ezartzen dituen laguntzen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira.
4. Elkargo bateko peritu batek emandako memoria tekniko batean deskribatzen diren konponketa edo aldaketaren kostuen %100era arteko diru-laguntza ematen ahalko da, gehienez ere 50.000 euro ustiategi bakoitzeko, eta lehentasuna emanen zaio ustiategi bakoitzeko kalteen 15.000 euroko lehenbiziko zenbatekoari, aurrekontuko diruaren arabera.
5. Ustiategietako aktiboetan izandako kalte moten artean, diru-laguntza jaso dezakete soilik honako hauek, nekazaritzako jarduera betetzeko beharrezkoak badira, betiere:
–Garbiketa, hondakinak, legarra eta kanpotik etorritako beste material batzuk kentzea.
–Lur-geruza goldagarria galdu denean, lurra gehitzea.
–Lurzoruaren eta ekoizpenerako gaitasunaren behin betiko galera.
–Galerak edo kalteak soro-mailetan, terrazetan, hormetan eta lurzatiak eratzeko eta higadura geldiarazteko beste elementu batzuetan.
–Erretenak, ubideak eta uhateak.
–Lur azpitik doazen hodiak.
–Lurzati eta instalazioetako sarbideak.
–Erregai biltegiak edo beste mota batekoak.
–Goi eta behe tentsioko sare elektrikoak, transformadoretik putzura edo ustiategiko beste elementu batzuetara.
–Kalteak etxoletan.
6. Aurreko puntuan aipatzen diren kalteak foru agindu hau onetsi aurretik presaka lehengoratu behar izan badira, diru-laguntza jaso dezakete halere, baldin eta ustiategiaren titularrak erregistro publiko batean kalte horiei buruzko nahikoa informazio utzi badu, seigarren oinarrian aipatzen den memoria tekniko baloratua egiteko oinarria izan dadin foru aginduaren IV. eranskinean ezarritako mugarekin.
7. Babesteko moduko gutxieneko kopurua 500 eurokoa izanen da, eta gastu diruz lagungarrien artean sartzen ahalko dira memoria tekniko baloratua egiteko eta obren bitarteko aholkularitza teknikoa emateko lansariak.
8. Jasandako BEZa ez da inola ere diruz lagungarria izanen.
9. Kalteak konpontzeko jasotako laguntzen eta bestelako ordainketen zenbatekoak baturik (batez ere aseguru-polizetatik datozen ordainketak), ezin izanen da kostu diruz lagungarrien %100 gainditu.
Seigarren oinarria.–Eskabidea aurkezteko epea eta harekin batera aurkeztu behar diren agiriak.
1. Hilabeteko epea dago laguntza eskabideak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
2. Interesdunek diru-laguntzarako eskabideak, behar bezala beteta, aurkeztuko dituzte agiri hauekin batera:
a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.
b) Pertsona juridikoak badira, eskaera izenpetzen duenaren identifikazio fiskaleko zenbakiaren eta legezko ordezkaritza frogatzen duen dokumentuaren fotokopia konpultsatuak.
c) Ondasun-erkidegoak badira, identifikazio fiskaleko zenbakiaren fotokopia konpultsatua aurkezteaz gain, ordezkari bat izendatu, eta eskaerarekin batera haren izendapenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.
d) Kaltetutako ustiategiaren aseguru-poliza guztien jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak, baldintza orokorrak, partikularrak eta, kasua bada, bereziak, eta egindako eranskinak jasotzen dituztenak; gertaera jazo zenean eta diru-laguntza eskatzen denean polizak indarrean zeudela frogatzen duten primen ordainagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak; eta aseguruen primengatik jaso diren edo jasoko diren zenbatekoen frogagiriak.
e) Enpresa edo lanbide jarduera frogatzeko, interesdunek berariazko baimena emanen diote organo kudeatzaileari administrazio eskudunetik jaso dezan enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldako informazioa.
f) Kalteei buruzko memoria tekniko baloratua, elkargo bateko peritu batek egindakoa. Memoriak frogatuko du 2018ko bigarren hiruhilekoko aparteko eurite eta uholdeek azpiegiturak kaltetu dituztela, eta zehatz-mehatz baloratuko ditu horiek konpontzeko behar diren jarduketak.
Memoria teknikoak adieraziko du proposatzen diren konponketa obrak aurretik daudenetara egokitzen direla edo horiek aldatzea dakartela. Kasu horretan, bakarrik izanen dira diruz lagungarriak teknikoki hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren aldaketak edo kostuak murriztea dakartenak; zirkunstantzia horiek bertan frogatu beharko dira.
g) Organo eskudunari emandako baimena, datu fiskalak eta Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak egiaztatzeko.
Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena eta laguntzen ordainketa.
1. Eskaerak harturik, egiaztatuko da seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu dela. Agiri guztiak ez badaude, gehienez ere 10 eguneko epean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira, eta, bereziki, honako hau frogatuko da:
a) Kalteen memoria baloratua oinarri arautzaileen xedearekin bat datorren.
b) Aseguruen primengatik jaso diren edo jasoko diren zenbatekoak.
3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak kalteen balioa eta dagokion laguntza egokituko ditu, TRAGSA enpresa publikoak jarduketa horietarako ezarrita dituen moduluen eta foru agindu honen IV. eranskinean aipatutako erreferentziako gehieneko prezioen arabera.
4. Ordena honi jarraikiz erantzunen zaie eskaerei:
a) Egindako eskaera bakoitzaren kalteen lehenbiziko 15.000 euroko zenbatekoari erantzunen zaio lehentasunezko nekazaritzako ustiategiko. Aurrekontuko dirua aski ez bada kopuru horri erantzuteko eskaera guztietan, kaltearen zenbatekoaren proportzioan egokituko dira kopuruak.
b) Aurrekontuko diru kopurua aski bada, gainerako eskaeren 15.000 euroko hasierako tarterako laguntzak kalkulatuko dira. Aurrekontuko dirua aski ez bada kopuru horri erantzuteko eskaera guztietan, kaltearen zenbatekoaren proportzioan egokituko dira kopuruak.
c) Oraindik ere aurrekontuan dirua badago, lehentasunezko nekazaritzako ustiategien eskaerei erantzunen zaie 50.000 euroko zenbatekoraino. Eta aurrekontuan horretarako behar beste dirurik ez badago, proportzioan murriztuko da bigarren tarte horretako zenbatekoa.
d) Amaitzeko, oraindik ere aurrekontuan dirua badago, gainerako eskaerei erantzunen zaie 50.000 euroko zenbatekoraino. Eta aurrekontuan horretarako behar beste dirurik ez badago, proportzioan murriztuko da bigarren tarte horretako zenbatekoa.
5. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak laguntzak emateko ebazpen proposamena eginen du, eta banaketa arrazoi bidez ebatziko da. Berariaz aipatuko dira ezetsi diren eskaerak.
6. Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi gabe hiru hilabeteko epea iraganik, ezetsitzat jotzen ahalko da eskaera, isiltasun administratiboaren ondorioz.
7. Laguntza eskaeraren xede diren ondasunen konponketak edo aldaketak egin ondoren eta egindako gastua eta ordainketa justifikatu ondoren emanen da betebeharra onartu eta ordaintzen duen ebazpena. Horretarako, fakturak eta gastu ziurtagiriak aurkeztuko ditu Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuan, eta behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko dira, baita laguntzen onuradunei beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatu ere.
8. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko eta onuradunek horiek justifikatu eta aurkezteko duten epea 2018ko abenduaren 1ean amaituko da.
9. Ezarritako epean jarduketak ez gauzatzeak eta funtsak diruz lagundutako jarduketetan ez erabiltzeak kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko dute.
Zortzigarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.
Laguntza hauen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Laguntzaren xedeko nekazaritza ekipamenduetako kalteak konpontzea.
b) Funtsak diru-laguntzaren xederako erabiltzea.
c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onartu edo ematen dituen laguntzen gainean egiten dituen egiaztapenak onartzea.
d) Edozein administrazioren beste diru-laguntza batzuk, helburu berekoak, eskatu edo lortu izanaren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.
e) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.
f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.
Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan jasotako entitateak behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, horiek bete ezean onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamargarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
1. Deialdi honetan eskatutako betebeharrak bete ezean, diru-laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamaikagarren oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko bigarren hiruhilekoan izandako aparteko euriteek eta uholdeek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzei buruzko fitxan.
Hamabigarren oinarria.–Bateragarritasuna.
1. Laguntza hauek bateragarriak eta subsidiarioak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak jakinarazi egin beharko ditu bai helburu bererako eskatzen dituen laguntzak bai azkenean lortzen dituenak.
2. Aurreko ataleko laguntzak metatzen badira, 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
3. Laguntzak honako hauekin meta daitezke:
a) Estatuko beste edozein laguntza, baldin eta laguntza neurri horiek kostu diruz lagungarri eta identifikagarri desberdinei buruzkoak badira.
b) Estatuko beste edozein laguntza, kostu diruz lagungarri berberetarako, izan partez edo izan osoki gainjarrietarako, soil-soilik baldin metaketa horrek berekin ez badakar gehieneko laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik erregelamendu honen arabera aplikatu beharrekoa.
4. Laguntzak ez dira metatuko, kostu diruz lagungarri berberetarako, 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 81.2 eta 82. artikuluetan jasotako ordainketekin, baldin metaketa horrek berekin badakar Erregelamendu honetan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.
5. Estatuko laguntza horiek ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.
6. Nekazaritzako ekoizpen potentziala berreskuratzeko inbertsioetarako laguntza –14.4.e) artikuluan jasoa– ez zaio metatuko 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan jasotako kalte materialak konpentsatzeko laguntzari.
II. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).
III. ERANSKINA
Laguntza eskaeraren gutxieneko edukia (PDFa).
IV. ERANSKINA
Erreferentziako gehieneko prezioak
KALTEAREN DESKRIBAPENA | GEHIENEKO PREZIOA | UNITATEA |
Parrala hondatzea mahastietan | 4.235,00 | euro/ha |
Parrala hondatzea olibondoetan | 4.235,00 | euro/ha |
Parrala hondatzea fruta-arboletan | 3.176,00 | euro/ha |
Alor landuak (ureztalurrak) arrastatzea | 2,12 | euro/m³ |
Alor landuak (lehorreko lurrak) arrastatzea | 0,53 | euro/m³ |
Harriak, legarrak eta lurrak pilatzea | 5,29 | euro/m³ |
Uztaren hondarrak pilatzea | 3,18 | euro/m³ |
Lurzatiak berdintzea (laserra): < 5 ha | 191,00 | euro/ha |
Lurzatiak berdintzea (laserra): 5-10 ha | 159,00 | euro/ha |
Lurzatiak berdintzea (laserra): >10 ha | 127,00 | euro/ha |
Ezpondak hondatzea, erretenak 1 m-ko garaieraraino lurreztatzea | 1,59 | euro/m |
Ezpondak hondatzea, erretenak 1 m-ko garaieraraino lurreztatzea: arroz-soroak | 0,79 | euro/m |
Ezpondak hondatzea, erretenak 1 eta 3 m arteko garaieraraino lurreztatzea | 5,29 | euro/m |
Ezpondak hondatzea, erretenak 3 m-tik gorako garaieraraino lurreztatzea | 21,18 | euro/m |
Bide partikularrak konpontzea | 1,06 | euro/m² |
Erretenak garbitzea eta lurretako hustubideak | 1,50 | euro/m |
Harriak eta lurra kentzea hormigoizko erretenetan | 5,29 | euro/m³ |
Hormigoizko erretenak apurtzea (0,5 × 0,5 × 0,15) | 42,35 | euro/m |
Alor landu berreskuraezinak: ureztalurrak | 15.882,00 | euro/ha |
Alor landu berreskuraezinak: lehorreko lurrak | 2.647,00 | euro/ha |
Oharra. Prezioak erabat amaiturik dauden obra unitateei buruzkoak dira, eta horiek gauzatzeko behar diren material guztiak, laneskua eta makinak hartzen dituzte barnean. | ||
Un.: memoria tekniko baloratua egitea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2,00 edo 1.250 euro geh.).
Un.: obren bitarteko aholkularitza teknikoa ematea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2,00 edo 1.250 euro geh.).
Iragarkiaren kodea: F1809591
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
