152. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

57/2018 FORU DEKRETUA, uztailaren 25ekoa, “Bertizko Jaurerria” ES2200017 eta “Orreaga-Iratiko Oihana” ES0000126 kontserbazio bereziko eremuen kudeaketa planetan sartutako helburu operatiboen eta neurrien indarraldia luzatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Kontseiluak, 1992ko maiatzaren 21ean, Natur Habitatak eta Basa Fauna eta Flora Zaintzeari buruz emandako 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoarekin bat, ekainaren 17ko 68/2008 Foru Dekretuaren bidez “Bertizko Jaurerria” izeneko ES2200017 lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, eta haren kudeaketa plana onetsi zen. Planari hamar urteko indarraldia ezarri zitzaion. Era berean, otsailaren 7ko 9/2011 Foru Dekretuaren bidez, “Orreaga-Iratiko Oihana” ES0000126 lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, eta haren kudeaketa plana onetsi zen, 2018ko abenduaren 31n indarrik gabe geldituko dena.

Ekainaren 11ko 46/2014 Foru Dekretuarekin bat, zenbait kontserbazio eremu bereziren kudeaketa planen indarraldia luzatu da, besteak beste, Bertizko Jaurerriarena eta Orreaga-Iratiko Oihanarena, gako-elementuei, azken helburuei, araudiari eta zuzentarauei dagokienez. Horrela, 2018. urtean zehar, bi leku horietako kudeaketa planen helburu operatiboen eta jarduketa edo neurrien indarraldia bukatuko da.

Ingurune Naturalaren Zerbitzuak bi plan horiek zenbateraino bete diren berrikusi du, eta egiaztatu du proposatutako neurri eta ekintzak, oro har, baliagarriak izan direla leku bakoitzerako zehaztutako kontserbazio helburuei begira. Gainera, ez du kontserbatu beharreko eremu horiei kalte egiteko moduko aldaketa nabarmenik identifikatu, ez leku batean ez bestean. Era berean, egiaztatu da neurriak betetzeko aldia ezarrita dagoena baino luzeagoa izan beharko litzatekeela, eta egokiagoa eskura dauden baliabideetarako, kudeaketa plan bakoitzaren behar adinako exekuzioa bermatzearren. Bestalde, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritako betebeharrak betetzearren, beharrezkoa da Batasunaren intereseko habitaten eta taxoien kontserbazio egoera mantendu eta hobetzea bermatzen duten neurriek indarrean segitzea.

Planen indarraldia luzatzeko proposamena Bertizko Jaurerria parke naturalaren Patronatuak aztertu du 2018ko maiatzaren 3an. Orreaga-Iratiko Oihana lekuari dagokionez, kontuan hartuta ez dela eratu otsailaren 7ko 9/2011 Foru Dekretuan ezarritako gidaritza batzordea, ukitutako toki entitateei kontsulta egin zaie maiatzaren 11n. Bi kasuetan, proposamenari ez zaio inolako objekziorik aurkeztu. Jendaurrean egoteko prozesuan eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren txostenean ere ez zaio objekziorik egin.

Horregatik guztiagatik, proposatzen da “Bertizko Jaurerria” ES2200017 eta “Orreaga-Iratiko Oihana” ES0000126 kontserbazio bereziko eremuen kudeaketa planetan sartutako helburu operatiboen eta neurrien indarraldia luzatzea.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 25ean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da “Bertizko Jaurerria” ES2200017 eta “Orreaga-Iratiko Oihana” ES0000126 kontserbazio bereziko eremuen kudeaketa planetan jasotako helburu operatiboen eta neurrien indarraldia luzatzea 2020ko abenduaren 31ra arte.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko uztailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1809492