152. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

54/2018 FORU DEKRETUA, uztailaren 18koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, aldatzen dituena.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren.

2017ko irailaren 10ean emandako 363/2017 Epaiaren bidez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baliorik gabe utzi ditu hizpide ditugun Estatutuetako 20.2 artikulua eta 22. artikuluko 1., 3. eta 4. apartatuak.

20.2 artikuluak arautzen zuen Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako zuzendari izateko izendatutako pertsonak osasun arloko langileen artetik aukeratuko zirela, baina artikulu hori baliogabetu zen lotura zuzena duelako 27.2 artikuluarekin. Izan ere, 27.2 artikuluak ezartzen du hizpide ditugun zuzendaritzek ikuskapen, ebaluazio, egiaztapen eta plangintza lanak eginen dituztela, bere erantzukizunpeko eremuko dokumentazio klinikoari eta medikoari dagokionez, laguntzaren kalitatea, pazientearen eskubideak betetzen zirela eta bere menpeko langileek laguntza arloko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko bakar-bakarrik.

Baliogabetu ziren, era berean, 22. artikuluko 1., 3. eta 4. apartatuak, ad casum justifikatu behar direlako libreki izendatutako postuak; eta ez da justifikatu, ez Estatutuak izapidetzean, ez eta Estatutuetan bertan ere, zergatik diren libreki izendatzekoak lanpostu hauetan aritu behar direnak: laguntza arlokoak ez diren zerbitzuetako buruak, Nafarroako Foru Komunitateko Odol eta Ehun Bankuko zuzendaria eta Erizaintza arloetako eta ataletako buruak.

Aipatutako epai horren ondorioz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak aldatzea proposatu du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak berak, honako hauek segurtasunez izendatzeko: Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetako zuzendariak, Laguntza Zerbitzuetako buruak, Nafarroako Foru Komunitateko Odol eta Ehunen Bankuko zuzendaria, eta Erizaintza arloetako eta ataletako buruak.

Kontuan izanik 27.2 artikuluarekin lotura zuelako baliogabetu zela 20.2 artikulua, azken hori bere horretan utziko da, eta 27.2 artikulua aldatuko da. Horrela bada, Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako zuzendariak ezabatuko dira artikulu horretan adierazitako eginbeharrak dituztenen artetik.

22. artikuluko 1. eta 3. apartatuak bere horretan utziko dira, foru dekretu hau izapidetzeko espedientean justifikatu baita zergatik hartzen diren libreki izendatzeko lanpostutzat aipatu apartatu horietan adierazitakoak. Zehazki, honako arrazoi hauek eman dira lanpostu horiek libreki izendatu beharrekoak direla justifikatzeko: batetik, asistentzialak ez diren zerbitzuetako burutzei eman zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean zerbitzu zuzendaritzei eman zaien tratamenduaren parekoa; eta, bestetik, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzaren mende dago, zuzen-zuzenean, Nafarroako Foru Komunitateko Odol eta Ehun Bankuko Zuzendaritza.

4. eta 5. apartatuen testua aldatzen da. Aurrerantzean ere, Erizaintza arloetako burutzak libreki izendatzeko lanpostu izanen dira; Erizaintza ataletako burutzak betetzeko, ordea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileentzako arau espezifikoetatik indarrean dauden horiei jarraitu behar zaiela ezarriko da, ez baitira libreki izendatzeko lanpostuak. Aurrerantzean ere Erizaintza arloetako burutzak libreki izendatuko dira, batetik, zuzendaritzako karguak direlako eta, alde horretatik, burutza bakoitza zer organoren mende dagoen haren titularraren konfiantza izan behar duelako; eta, bestetik, funtzionario publiko diren langileek bete behar dituztelako burutza horiek.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 18ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak aldatzea.

Bat.–Estatutuetako 20. artikuluari 2. paragrafo bat gehitzen zaio, eta honela idatzita gelditzen da:

“2. Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako Zuzendaritzetako titularrak izendatzea eta kargutik kentzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren ebazpenaren bidez eginen da, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailetzak edo kasuan kasuko osasun barrutiko kudeatzailetzak proposaturik, oinarrizko osasun laguntzari atxikitako osasun arloko profesionalen artetik aukeratuta.”

Bi.–Estatutuetako 27. artikuluko 2. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“2. Laguntzaren kalitatea, pazientearen eskubideak betetzen ote diren eta bere menpeko langileek laguntza arloko betebeharrak betetzen ote dituzten egiaztatzeko bakar-bakarrik, 18. artikuluko 1., 2., 3., 4., 5., 6. eta 8. zenbakietan aipatutako laguntzako unitate organikoetako titularrek ikuskapen, ebaluazio, egiaztapen eta plangintza lanak eginen dituzte, bere erantzukizunpeko eremuko dokumentazio mediko eta klinikoari dagokionez.”

Hiru.–22. artikuluari 1., 3. eta 4. apartatuak gehitu zaizkio, eta honela idatzita gelditzen dira:

“1. Asistentzialak ez diren zerbitzuetako burutzak funtzionarioen artean libreki aukeratuta izendatu beharreko kargutzat hartuko dira, eta laguntzakoak ez diren ataletako eta unitateetako burutzak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen arloan indarra duen berariazko araudian ezarritakoari jarraikiz beteko dira.”

“3. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zuzendaria libreki izendatuko da Osasun Departamentuko titularraren foru agindu baten bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, erakunde autonomoari atxikitako hematologiako eta hemoterapiako mediku espezialisten artetik aukeratuz.”

“4. Erizaintza arloetako buruak libreki izendatuko eta kargutik kenduko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, kasuan kasuko zuzendariak proposaturik, OLT-EUD edo antzeko kategoria duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko plantillako langileen artetik aukeratuz.”

Lau.–22. artikuluko 5. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“5. Erizaintza ataletako eta unitateetako buruak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen arloan indarra duen berariazko araudian ezarritakoari jarraikiz izendatuko eta kargutik kenduko dira.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko uztailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1809235