151. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATARRABIA

Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, gizarte-hezitzailearen lanpostuan aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdia egiten da izangaien zerrenda bat osatzeko, gizarte-hezitzailearen lanpostuan, euskaraz jakiteko baldintzarekin, aldi baterako kontratazioen bidez aritzeko, Atarrabiako Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

1.2. Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe utziko du deialdiaren lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko lehendik dagoen izangaien zerrenda oro.

1.3. Deialdi hau eginen da Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan, 42.2 artikuluan, aldi baterako langileen hautapenari buruzkoan, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezartzen denari jarraituz.

1.4. Oinarrizko zorroak eta Udaleko gizarte zerbitzuek definitutako oinarrizko programen kudeaketarenak izanen dira zereginak. Egin beharreko jarduera nagusiak, baina, erabiltzaileei laguntzea, txostenak prestatzea, prestazioak tramitatzea eta dauden baliabideak kudeatzea izanen dira, gizarte eta hezkuntza arloko jarduketei arreta berezia emanez.

1.5. Lanpostua B mailari dagokion hasierako soldata jasoko du, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako ezarritakoetatik, gehi Udalaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa.

Aitzineko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola haien oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, baldin eta oinordekoak hogeita bat urtetik beheitikoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.

Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Gizarte Hezkuntzako diplomadun edo gradudun titulua edo horien baliokidea edukitzea, edo eskaerak aurkezteko epearen azken egunean titulu hori eskuratzeko egoeran egotea, edo, bestela, dagokion lanbide gaikuntza lortu izana, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala sortzen duen apirilaren 30eko 4/2009 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorreko 1. puntuan ezarri bezala (lanbide gaikuntza lortuko dute 2001-2002 ikasturtea baino lehen hasitako lizentziatura edo diplomatura mailako unibertsitate-prestakuntza dutenek, eta orobat, 2005eko urtarrilaren 1erako, gizarte hezkuntzari berez dagozkion lan eta eginkizunetan hiru urteko edo gehiagoko lanbide esperientzia dutenek, betiere jarduera nagusia edo bakarra izanda eta behar bezala frogatuta).

d) B1 gidabaimena edo horren baliokidea edukitzea.

e) Euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila izatea.

f) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

g) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

h) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Aurreko f), g) eta h) baldintzak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, kontratua formalizatu aurretik, esaten zaien unean. Dei eginda, aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako baldintza horiek frogatzen ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Inskribatzeko prozedura.

3.1. Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Atarrabiako Udaleko Erregistro Orokorrean, bertara agertuta edo bere egoitza elektronikoaren bitartez, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.3. Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.4. Deialdian parte hartzeko eskabidea I. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da eta harekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri ofizial baliokideren batena.

–Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua.

–Euskararen ezagutza frogatzen duen tituluaren fotokopia konpultsatua: Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa aurkeztu ahalko da. Ez dira onartuko azterketa-txartelak ez eta ofizialak ez diren zentroek emandako egiaztagiriak.

Titulazio hori ez daukatenek hizkuntza mailaren proba bat gaindituta frogatu ahalko dute ezagutza hori. Proba hori deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezterakoan eskatu beharko dute (I. eranskina). Euskararen ezagutza proba egitea eskatzen duten izangaiei, epaimahaiak hizkuntza maila zehazteko proba egiteko deituko die, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

–Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 21,05 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: ES70 3008 0069 1926 2997 4524). Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Ordainketaren kontzeptu gisa izangaiaren izena, NANa eta eskuratu nahi den lanpostuaren izena agertu beharko da.

–Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agirien fotokopia konpultsatuak.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Agiriak aurkezten badira Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideetakoren bat erabiliz, eskatzaileak eskabidea igorri duela jakinaraziko du fax bidez (948 136 386 zenbakia), telegramaz edo posta elektronikoz (ayuntamiento@villava.es), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

3.7. Bi betekizun horiek gabe dokumentazioa ez da onartuko, kontratazio organoak jasotzen badu oinarri hauetan adierazitako epea amaitzeko eguna eta ordua pasatu eta gero. Dena den, aipatutako epea iragan eta bost (5) eguneko epean dokumentazioa jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emango du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda horretan izangaien izen-abizenak jasoko dira eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoia ere bai.

4.2. Deialdiaren garapenari buruzko iragarki eta argitalpen guztiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.villava.es) argitaratuko dira.

4.3. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko bost egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta okerrik egin badute, haiek zuzendu.

4.4. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emango du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda. Zerrenda horretan izangaien izen-abizenak jasoko dira eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoia ere bai.

5.–Deialdiaren epaimahaia.

5.1. Deialdiaren epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkate udalburua edo Gizarte Gaien Batzordeko burua.

–Mahaikidea: M.ª Aránzazu Gamio Igoa. Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.

–Mahaikidea: Yolanda Unanua Villava: Burlatako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-hezitzailea.

–Mahaikidea: langileen ordezkari bat.

–Mahaikide idazkaria: Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

5.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Alkatetzari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen prozesua.

6.1. Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia, oinarri hauetan adierazten den gisan. Hasiera 2018ko irailetik aurrera gauzatuko da, seguruenik.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioaldiko probak non eta zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak gutxienez 48 ordu lehenago emanen dira argitara.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, betiere deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin zuzeneko harremana duten gaiei loturik. Gehienez ere 10 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

–Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 7 puntu.

–Prestakuntza osagarriagatik, haren edukiak lanpostuarekin ikusteko badu, gehienez ere 3 puntu.

7.2. Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

7.3. Oposizioaldiko hirugarren proba egitera iristen diren izangaiei baizik ez zaie eginen balorazio hori.

7.4. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ondoko proba hauek izanen ditu, eta gehienez ere 90 puntu lortzen ahal dira.

8.2. Lehendabiziko proba teoriko-praktikoa izanen da, gaztelaniaz, eta bertan hainbat aukeratako galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri dira eta probaren gehieneko puntuazioa 30 da. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira, epaimahaiak probak hasi aurretik ezarritako proportzioan. Bazterturik geldituko dira probaren gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

8.3. Bigarren proba galdera ireki batzuk izanen dira, gaztelaniaz, lanpostuaren zereginekin loturiko kasu praktiko bat edo batzuei buruz. Probaren gehieneko puntuazioa 35 da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere horren erdia eskuratzen ez dutenak.

8.4. Hirugarren proban ariketa psikotekniko batzuk egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da, eta haren gehieneko puntuazioa 25 da.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Lehendabiziko eta bigarren probak gainditu eta horietan lortutako puntuazioaren batura kontuan hartuta, puntuaziorik handiena erdietsi duten lehen 10 izangaiek baizik ez dute hirugarren proba hori egiten ahalko.

8.5. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

8.6. Epaimahaiak finkatuko du probak eta ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

8.7. Proba bakoitza kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 3 egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta Alkateari igorriko dio, hautapen prozesuko espediente osoarekin batera. Zerrenda horrek izangaien izen-abizenak jasoko ditu.

9.2. Bi izangaik edo gehiagok puntuazio bera baldin badute, berdinketa hausteko, lehentasuna izanen du adinez nagusiena den izangaiak.

9.3. Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek eratuko ditu.

–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda.

–Probak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

9.4. Izangaiak deituko dira “Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauetan” ezarritakoari jarraituz. Arau horiek 2016ko ekainaren 28an onetsi zituen Atarrabiako Udalak eta www.villava.es web-orrian daude.

10.–Datu pertsonalen babesa.

10.1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira “langileen kudeaketa” izeneko fitxategia dagoela, besteak beste, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.

10.2. Era berean, aditzera ematen zaie izangaiei bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena beste administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.

10.3. Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, ez bakarrik aplikatzeko arauetan ezartzen diren tokietan, baita Atarrabiako Udalaren iragarki-taulan eta bertako Udalaren web-orrian ere.

10.4. Atarrabiako Udala da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan erabiltzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Atarrabian, 2018ko ekainaren 19an.–Alkate udalburua, Mikel Oteiza Iza.

I. ERANSKINA

Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2.–Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena. Haurtzaro eta Familia Programa eta Gizarteratze Programa.

3.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, haurren eta nerabeen sustapenari, laguntzari eta babesari buruzkoa 7/2009 Foru Dekretua, aipatu Legea hein batean garatzeko erregelamendua onesten duena. Martxoaren 20ko 13/2013 Foru Legeak sartutako aldaketak.

4.–32/2013 Foru Dekretua, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea oinarrizko gizarte zerbitzuen programa eta finantzaketa arloan garatzeko erregelamendua onesten duena.

5.–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa, eta Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldatzekoa. Gerora egindako aldaketak: 8/2015 Lege Organikoa eta 26/2015 Legea.

6.–Eskubide Sozialetako Departamentuaren antolaketa egitura. Egitura, eskumenak eta eginkizunak. Nafarroako Familiaren eta Berdintasunaren Institutuaren antolaketa egitura.

7.–Oinarrizko gizarte zerbitzuen Harrera eta Gizarte Orientabideen Programa.

8.–Oinarrizko gizarte zerbitzuen Autonomia Pertsonala Sustatu eta Mendekotasuna duten Pertsonei Laguntzeko Programa.

9.–Oinarrizko gizarte zerbitzuen lehen mailako arretako Gizarteratze Programa.

10.–Oinarrizko gizarte zerbitzuen lehen mailako arretako Haur eta Familiendako Laguntza Programa.

11.–Babesgabeko haurren kasuetan esku-hartzeko eskuliburua, Nafarroako Foru Komunitatean.

12.–Familiendako baliabideen gida. Nafarroako Familiaren eta Berdintasunaren Institutua, 2015eko ekaina.

13.–Eskola-absentismo kasuetan jarduteko protokoloa.

14.– Droga-mendekotasunaren aurkako II. Plana. Osasun Publikoaren Institutua. 2002ko apirila: Printzipio gidariak. Xedea eta helburu orokorra. Jarduketa arloak. Prebentzio arloa.

15.–Nafarroan Familiari, Haurrei eta Nerabeei laguntzeko Plan Integrala, 2017-2023.

16.–Haurrei eta nerabeei arreta emateko hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen arteko elkarlanerako protokoloa. Profesionalendako gida.

17.–Lagun-egitea, esku hartzeko metodoa inklusio prozesuetan: gizarteratze prozesuetan erabiltzeko ibilbidea.

18.–Eginkizunen eta eskumenen katalogoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.

19.–Gizarte-hezitzailearen kode deontologikoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.

20.–Atarrabiako, Ezkabarteko seta Olaibarko gizarte baliabideak eta komunitatekoak.

III. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 7 puntu, baremo honen arabera:

–Gizarte-hezitzailearen lanpostuan entitate publiko batean urtebetez edo hortik gora egindako zerbitzuengatik: puntu 1, urte oso bakoitzeko.

–Gizarte-hezitzailearen lanpostuan entitate pribatu batean urtebetez edo hortik gora egindako zerbitzuengatik: 0,5 puntu, urte oso bakoitzeko.

Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:

1. Laneko eskarmentua frogatuko da entitate kontratatzailearen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren ziurtagiria aurkeztuz.

2. Entitate kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua zehaztuta) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.

3. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

4. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.

5. Denbora partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago irauten dutenak, proportzioaren arabera kontatuko dira.

b) Prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 3 puntu, baremo honen arabera:

–Prestakuntza-ikastaro bakoitzeko, haren edukiak lanpostuaren eginkizunekin lotura zuzena badu eta 10 ordu edo gehiagokoa bada: 10 orduko 0,2 puntu, eta gehienez puntu 1 ikastaro bakoitzeko eta 2 puntu guztira.

–Prestakuntza-ikastaro bakoitzeko, haren edukiak gizon eta emakumeen arteko genero berdintasunarekin lotura badu eta 10 ordu edo gehiagokoa bada: 10 orduko 0,1 puntu, eta gehienez puntu 1.

Prestakuntza osagarria baloratzeko oharrak:

1. Iraupena behar bezala frogatzen ez bada, ikastaroa 10 orduko gisa baloratuko da.

Iragarkiaren kodea: L1808156