151. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Aldaketa, Piperraren eta sasoiko barazki eta fruituen merkataritza arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2018ko maiatzaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea Piperraren eta sasoiko barazki eta fruituen merkataritza arautzen duen Garesko Udalaren ordenantzan. Hasierako onespen hori 2018ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 29an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aldaketa behin betiko onetsi eta ordenantzaren testu osoa argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2018ko uztailaren 11n.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

PIPERRAREN ETA SASOIKO BARAZKI ETA FRUITUEN MERKATARITZA ARAUTZEN DUEN GARESKO UDALAREN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honek merkataritza ez egonkorraren jarduera arautzen du Garesko udal-mugartean, eta Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen babesean onetsi da, bertan xedatutakoa garatzeko asmoz.

2. artikulua.

Merkatu txikietan, aldian-aldian eta aldez aurretik erabakitako tokietan egin daitekeen jarduerari esaten zaio merkataritza ez egonkorra, herriko jaietan eta feria egunetan egiten dena kenduta, horiek udal organo eskudunak emandako araudiaren bitartez erregulatzen baitira.

II. KAPITULUA

Merkataritza piperraren merkatu txikian

3. artikulua.

1. Norberak ekoitzitako sasoiko era guztietako salgai eta produktuekin, udal organo eskudunak berariaz baimendutako saltoki desmuntagarrietan antolatua den merkataritza jarduerari esaten zaio piperraren merkatu txikia.

2. Merkatu txiki bakar bat eginen da udal organo eskudunak zehazten duen tokian, merkataritza jarduera horren epealdia mugatzeko ezartzen dituen egunen artean.

4. artikulua.

1. Piperraren merkatu txikia ezartzeko urteroko epealdia onesten duen erabaki bakoitzean, udal organo eskudunak honako hauek aztertu beharko ditu, eta, bidezkoa bada, onetsi:

a) Piperraren merkatu txikiko kideek proposatzen duten tokian, non zehazki kokatu.

b) Zein egun eta ordutan egin.

a) eta b) ataletan adierazitakoak ez dio Udalari ahalmena galaraziko aipatu puntuak aldatzeko, ezta deuseztatzeko ere, interes publikoko hainbat arrazoirengatik egokia denean.

Urtero eskatuko dira piperraren merkatu txikiko saltokiak ezartzeko kanpaina hasi eta bukatzeko egun eta orduak, eta eskabideari sarrera eman eta erregistratu eginen da Herriko Etxean, kanpaina hasi baino 15 egun lehenago. Dena dela, eskaera bakar bat ere hartzen ez bada, hauek izanen dira kanpainaren egunak eta ordutegia:

–Datak: irailaren 15etik azaroaren 30a arte.

–Ordutegia: 08:00etatik 20:00ak arte, ez baita jarduerarik baimenduko ordutegi horretatik kanpo.

c) Zenbat saltokik osatuko duten, gehienez ere.

d) Zein diren norberak ekoitzitako produktuak, Garesko piperra produktu nagusia izanik (saldu beharreko produktuen zerrenda emanen da, haiek baimentzeko).

Ez da baimenik emanen produktuak saltzeko, haien araudi erregulatzaileak saltzea debekatzen badu; besteak beste eta berariaz, ez da baimenik emanen merkatu txikiko saltokietan piper zuritua eduki, eman eta/edo saltzeko. Oinarrizko araua izanen da produktuak norberak sasoian bildutakoak izatea eta, gainera, bakoitzarentzat eskatutako osasun araudiak betetzea.

2. Piperren merkatu txikia ezartzeko eremua onetsita dela, udal organo eskudunak erabakiko du zein tokitan zehazki kokatu, baita gehienez zenbat baimen eman ere; hori erabakitzeko, iritzia eskatzen ahalko zaie (nahiz ez den beharrezkoa) arloko erakunde ofizialei, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei, merkatarien elkarteei eta abarrei.

III. KAPITULUA

Udal baimenak

5. artikulua.

Piperraren merkatu txikiko merkataritza jardueran aritzeko, beharrezko udal baimenak eskuratu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eskaera egin aurretik, alta emana izatea lizentzia fiskalaren epigrafe egokian, eta dagokion tarifa (EJZ) ordainduta izatea.

b) Zerga betebeharrak eguneratuta izatea Garesko Udal Ogasunarekin.

c) Alta hartua izatea Gizarte Segurantzan dagokion araubidean eta kuotak ordainduta izatea.

d) Beren burua araudi tekniko-sanitarioek eta gainerako xedapen aplikagarriek eskatzen dituzten baldintzak betetzera behartzea, hitzarmenaren xedeko salgai edo produktuei buruz.

e) Zinpeko aitorpena, adierazten duena Garesko udal-mugartean piperraren ekoizpenean erabiltzen diren lurretako %60 dituela gutxienez.

f) Elikagaiak saltzen dituztenek elikagaien manipulatzaileen txartela, indarrean dagoena, izatea edo, beste xedapen batzuk direla-eta, hura ordezten duen dokumentazioa.

g) Udal baimena eskatzea, hurrengo datu hauek aurkeztuta:

–Identifikazioaren eta helbidearen datu orokorrak.

–Ezarri beharreko saltokiaren neurriak, behar bezala justifikatuta.

–Norberaren uztako zer produktu diren baimenduta daudenak, egin gogo den merkataritza jardueraren xedekoak.

–Eskatzen den saltokian lanean ariko direnen izenen zerrenda.

h) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, jardueraren arriskuak estaltzeko.

i) Jarduerak sortutako hondakin organikoak jasotzeagatik Izarbeibarko Mankomunitateari ordaindu beharreko tasaren ordainketa-konpromisoaren frogagiria.

6. artikulua.

Uztak biltzen diren tokiko Udaleko idazkariaren ziurtagiria, alde batetik eskatzailea ekoizlea dela frogatzeko, eta, bestetik, uzten zenbaterainokoa frogatzeko, salgai bakoitzari dagokiona zehaztuta.

7. artikulua.

Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerek aukera izanen dute udal baimena eskuratu eta merkataritza ez egonkorrean aritzeko piperraren merkatu txikian.

8. artikulua.

Pertsona edo elkarte eskatzaile bakoitza baimen bakar baten titular izaten ahalko da, alta emanda dagoen lizentzia fiskaleko epigrafe bakoitzeko.

IV. KAPITULUA

Merkatu txikiko eremuak eta saltokiek bete beharreko baldintzak

9. artikulua.

Merkatu txikiko saltokiak desmuntagarriak izanen dira, inolako obrarik egin beharrik gabe, eta baimendutako azalera baino ez dute hartuko. Txukun eta estetikari jarraituz prestatuta egon beharko dute, ezarrita dauden eremuan nabarmendu gabe.

10. artikulua.

Saltoki batetik bestera bi metroko tartea utziko da. Ezarritako saltokiek ez dute inoiz ibilgailu edo oinezkoen joan-etorri librea galarazi, zaildu edo oztopatuko.

11. artikulua.

Debekaturik dago saltokietan megafonia edo musika jartzea, eta baita soinu bidezko publizitate mezuak jaulkitzea ere.

12. artikulua.

Salgaiak deskargatu ondoren, ibilgailuak kendu egin beharko dira merkatu txikiaren eremu edo barrutitik.

13. artikulua. Propano bonbonetarako araudia eta nola pilatu.

Piperraren kanpainan erregai gaseosoak erabiltzeko, hurrengo araudietan adierazitako baldintzak bete eta kontuan hartu beharko dira:

Gas aparatuen homologazioari dagokionez, EEren arabera markatuta egon beharko dute, ondoren adierazi bezala:

1. Kontseiluaren 90/396/EEE zuzentaraua, 1990eko ekainaren 29koa, Estatu kideen gas aparatuei buruzko legeriak hurbiltzearen gainekoa. Funtsezko aldaketa izan du 2009/142/EE zuzentarauaren bitartez.

2. Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/142/EE zuzentaraua, 2009ko azaroaren 30ekoa, gas aparatuei buruzkoa.

3. Gas aparatuari aplikatzen zaizkion UNE-EN arauak: UNE-EN-203, UNE-EN-497, UNE-EN-30, UNE-EN-1020, UNE-EN-26, UNE-EN-498, eta abar, jakinarazitako erakundeak zehaztu beharrekoak.

4. Gainera, aparatuak beste alderdi batzuk kontuan hartzen dituzten beste zuzentarau batzuen xede direnean, eta haietan EEren markatzea ezartzen bada, aparatuek zuzentarau horien xedapenak ere betetzen dituztela adieraziko da.

Gasa biltzen duen instalazioari eta erregai gaseosoen pilaketari dagokienez:

5. 919/2006 Errege Dekretua, uztailaren 28koa, erregai gaseosoak banatu eta erabiltzeko erregelamendu teknikoa eta ICG 01-11 jarraibide tekniko osagarriak onesten dituena. Bereziki, gas aparatuen ITC-ICG 08 eta aipatu erregelamenduaren 4. artikulua.

6. UNE 60670 araua, 5 bar-eko edo gutxiagoko eragiketa presio maximoan (MOP) hornitutako instalazio gas biltzaileei buruzkoa. Bereziki, zati hauek:

–7. zatia: gas aparatuak instalatzeko eta konektatzeko baldintzak. Erabiltzen den hodi malguaren luzera maximoari dagokionez.

–10. zatia: aparatuak instalatzean bete beharreko segurtasun baldintzak egiaztatzea.

–12. zatia: zerbitzuan diren instalazio hartzaileak aldian behin kontrolatzeko oinarrizko irizpide teknikoak.

Laburbilduz, gas aparatuek EE marka izanen dute, aplikagarri zaizkien zuzentarauen araberakoa. Izan liteke aparatu sinplea izatea eta hari 1009/142/EE zuzentaraua aplikatzea, edo beste zuzentarau batzuen xedeko aparatu konplexuagoa izatea, hala nola makinei buruzkoa, eta abar.

Eta bestetik, PGLko erregai gaseosoak biltzeari eta horretarako instalazioari eta mantentze-lanei aplikatzen zaizkien ohar guztiak hartu behar dira kontuan.

14. artikulua. Bidegabeko lehia.

Guztiz debekatuta dago norberaren uztakoak eta sasoikoak ez diren produktuak saltzea, bidegabeko lehia baitakarte Garesko merkataritzan. Salmenta hori arau-hauste oso larria da.

VI. KAPITULUA

Osasun arloko ikuskapenak

15. artikulua.

Garesko herria osasun publikoko zein zerbitzutan dagoen atxikita, hari dagokio saltokien eta haietan eskaintzen diren salgai eta produktuen osasun arloko kontrola eta ikuskapenak egitea.

VI. KAPITULUA

Saltzaileen eskubide eta betebeharrak

16. artikulua.

1. Hauek dira merkatu txikian aritzeko baimena dutenen eskubideak:

a) Dagozkien saltokiak okupatzea.

b) Merkataritzako jarduera baimenduan aritzea onartzen zaizkien egun eta orduetan.

2. Baimendutako pertsonek ari beharko dute saltokietan, edo salmentan laguntzen dieten ezkontideak, seme-alabek eta gurasoek; besteren konturako langileak onartuko dira, baldin Gizarte Segurantzako araubide orokorrean daudela frogatzen badute eta baimendutako pertsonaren menpe ari badira.

17. artikulua.

Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen betebeharrak osasun, merkataritza eta zerga alorrekoak dira.

18. artikulua.

Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena duten pertsonek osasun arloko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Saltokiko titular eta lankideak behar bezain garbiak egon eta saltokiak ahal bezain txukun edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, ia pisurik ez duen papera erabili beharko dute, gaiek eta pisu edo balantzak elkar ez ukitzeko.

b) Okupatzen duten saltokiko salmahaia guztiz garbi edukitzea.

c) Saltzeko edo biltegian dituzten gai guztiak erakustea osasun ikuskatzailetzari eta aipatutako ikuskatzaileek laginak har ditzaten laguntzea.

d) Bilduki berriak erabiltzea.

e) Elikagaiak saltzen dituztenek elikagaien manipulatzaileen txartela, indarrean dagoena, izatea edo, beste xedapen batzuk direla-eta, hura ordezten duen dokumentazioa.

f) Udalaren garbiketa zerbitzuekin lanean laguntzea.

19. artikulua.

Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.

b) Udal baimenak ikusgai jartzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko moduan.

c) Erakusten dituzten produktu guztiak, baimenduta daudenak bakarrik, saltzeko moduan edukitzea.

d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan eskatzen diren dokumentu guztiak udal zerbitzuei erakustea.

e) Salgaien ondoan haien prezioa argi eta zehatz agertzea. Horretarako, prezioen errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira.

f) Udal organo eskudunak pisu eta balantzetarako ezartzen duen egiaztapena onartzea.

g) Eremuaren kudeaketaren gainean Udalak ezarritakoa betetzea, azoka barrutian oinezkoen eta bezeroen segurtasuna bermatzearren.

20. artikulua.

Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Salmentarako beharrezko den kasuetan, eskaturiko fidantza uztea.

b) Tasak edo eskubideak eskatzen zaizkien unean ordaintzea.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

21. artikulua.

Baimenen titularrak izanen dira ordenantza honetako xedapenen aurkako arau-hausteen erantzuleak, beraiek egindakoak izan edo saltzen laguntzen dieten familiakoek eta soldatakoek egindakoak izan.

22. artikulua.

Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

–Arau-hauste arinak:

a) Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek larritzat edo oso larritzat ez badira hartzen.

b) Zehatz-mehatz, hauek dira arau-hauste arinak:

–Merkatu txikia hasten den ordu berean zerbitzua ematen ez hastea.

–Hiru egunetan edo gutxiagotan saltokia baimenik gabe itxita edukitzea, aurretik horretarako arrazoi idatzirik eman gabe.

–Udal baimenaren kopia ikusgai ez izatea.

–Elikagaien manipulatzaileen txartela edo, beste xedapen batzuk direla-eta, haren ordezko dokumentazioa ez izatea.

–Ordenantza honek baimentzen dituenak egon beharrean, beste batzuk aritzea saltokietan, aginduzko baimenik ez izatea arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.

–Ordenantza honetan eskatu osasun eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.

–Arau-hauste larriak:

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Arau-hauste arina berriro egitea.

b) Merkataritzaren xedeko gaiak (norberak ekoitzitako sasoiko produkziokoak) erregulatzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Udal aginteari edo haren funtzionarioei edo agenteei men ez egitea edo argibideak ukatzea beren eginkizunak betetzen ari direnean, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

d) Baimenik gabeko gaiak saltzea.

e) Piper saltokietan piper zuritua eduki, eman eta/edo saltzea.

–Arau-hauste oso larriak:

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau-hauste larriak berriro egitea.

b) Saltzeko baimenik ez izatea.

c) Udaleko agintari, funtzionario eta agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, hertsatzea edo mehatxatzea.

23. artikulua.

Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 500 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 501 eurotik 3.000 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 3.001 eurotik 6.000 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, zein den kasua, saltzeko baimena kenduko da, edo baliorik gabe utziko.

Aurreneurri gisa, merkataritza gaiak saltokitik jasotzen ahalko dira, egindako jarraipena eta gero merkatuan saltzeko galdatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste denean; agintari eskudunaren aburuz osasunarendako arriskurik sortzen badute, dekomisatu eginen dira.

24. artikulua.

1. Zehapena jasotzen duten espedienteak indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio, prozedurari dagokionez.

2. Arau-hauste arinen kasuan, hura udal agente edo funtzionarioek behar bezala egindako salaketa agirien bidez egiaztatuta dagoenean, alegazio eta frogetarako epe bat emanda bakarrik ezarriko da zehapena.

3. Arau-hauste larriei edo oso larriei zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aldez aurretik; hura Administrazio Prozedurari buruzko egungo Legean edo aplikazio bereziaren ondoriozkoan ezarritakoaren arabera tramitatuko da.

4. Alkateari dagokio zehapenak jartzea, nahiz ahalmen hori beste norbaiten esku utz dezakeen.

Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak ematen ahalko die haien berri.

5. Udaleko idazkariak jakinaraziko die interesdunei espedientea ebatzi dela, eta bertan honakoa zehaztuko da: zer arau ez den bete eta zer errekurtso jar daitezkeen haren aurka.

6. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, kautelazko neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

Iragarkiaren kodea: L1809048