151. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

400E/2018 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Plan Eolikoaren barruan dauden San Marcos l, San Marcos ll, Linte, Jenáriz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino izeneko parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena, Agrowind Navarra 2013k sustaturik.

Proiektuaren ezaugarriak ikusita, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskinean sartua dago, hau da, bakarrik ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jarduera eta proiektuen atalean. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura aurretiazko kontsulten tramitea eginez hasteko asmoz, sustatzaileak proiektuaren laburpen memoria aurkeztu zuen 2013ko urriaren 22an. Memoria hori 34 entitateri igorri zitzaien, eta horietatik 16k erantzun zuten: Lerin, Oteitza, Larraga, Miranda Arga, Erriberri, Tafalla, Martzilla eta Artaxoako udalak, Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusia, Ondare Historikoaren Zerbitzua, Arkeologia Atala, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atala, Gurelur eta Acciona Energía SA.

Laburpen memorian azaldutako proiektuan, 123 haize-sorgailu jartzea aurreikusi zen, 10 parke eolikotan bilduak, eta haietatik husteko sistemak, Nafarroako erdialdeko eremu zabal batean: Leringo udal-mugartetik
–mendebaldean– Erriberriraino –ekialdean–, eta Artaxoatik –iparraldean– Faltzeseraino –hegoaldean–. Sortzen den energia guztia linea elektrikoen bidez garraiatuko da, guztira 65 bat kilometroko tartea eginez, parke eolikoetatik sarearekin lotzeko punturaino, Erriberriko udal-mugartean.

2014ko urtarrilaren 22an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak hedadura- txostena eman zuen, eta bertan adierazi zuen zeintzuk ziren, ingurumen eraginaren azterketa egiteari begira, departamentuak garrantzitsuentzat jotzen zituen ingurumen-alderdiak. Txosten hori sustatzaileari igorri zitzaion, aurretiazko kontsulten tramitean jasotako erantzunekin batera.

Hedadura-txosten horretan adierazi zen beharrezkoa dela aztertzea Agrowind Navarra 2013 enpresak aurkeztutako parke eoliko guztien eta jadanik abian diren parke eolikoen eragin metagarri eta sinergikoak. Gainerako azpiegituren eraginak ere kontuan hartuko dira (Nafarroako Ubidea eta linea elektrikoak, kasu). Ingurumen eraginak aztertzearen garrantzia azpimarratzen da, izan ere, proiektuan proposatzen diren kokagune
gehien-gehienak harrapariei edo estepako abifaunako espezieei zuzenean eragiteko modukoak dira. Gainera, adierazten da kontuan hartu behar direla eremu horretan dauden parke eolikoetan abifauna mehatxatuari jadanik eragin zaizkion gorabehera guztiak.

Sustatzaileari jakinarazten zaio horrelako proiektu handi bat planteatuta (123 haize-sorgailu hamar kokagunetan), hain eremu zabal batean, estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremu batzuen inguruan, non garapen eoliko asko dauden, litekeena dela eragin larria-kritikoa sortzea inguru horretan bizi diren abifaunako espezieen gainean.

Sustatzaileari adierazten zaio, orobat, beharrezkoa dela aztertzea hainbeste parke eoliko dituen lurralde batean haize-sorgailu gehiago ezartzearen ondoriozko paisaia-eragina.

Gainera, hedadura-txostenean adierazten da hustuketa linea elektrikoak izanen duen eragina, batetik, Erriberriko azpiestazioa kokatzen den eremuak estepako hegaztientzat duen garrantziagatik, eta bestetik, parkeetatik abiatzen diren linea elektrikoen ibilbideagatik, hegaztien kontserbaziorako interesekoak diren lurralde zabalak gurutzatzen dituztelako. Alternatiben azterketa bat egin beharko litzatekeela adierazten da, hustuketarako beste aukera batzuk aztertzearren, linea elektrikoen luzera gutxituz, eta bukaerako azpiestazioak ingurumen ondorioak eragiteko arrisku txikiagoa duten tokietan jartzearren. Txostenean, azkenik, kokagune bakoitzean aztertu beharreko ingurumen balio nagusiak jaso dira zehatz-mehatz.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak, 2013ko abenduan, aurretiazko kontsulten tramitearen barruan, adierazi du estepako abifaunak eragin berezia jasanen duela, proposatu delako haize-sorgailuak jartzea estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuen barruan edo inguruetan. Nolanahi ere, ebaluazioa modu orokorrean egin beharko litzateke, espezie horien gaineko ukipena baloratuz proiektuak ukitzen duen eremua oro har harturik. Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuetatik kanpo dauden lehorreko lurrak ere oso garrantzitsuak dira estepako hegaztientzat, ale asko bertan bizi direlako eta eskaintzen duten koherentzia eta konexio biologikoagatik. Hegazti harrapariei dagokienez, adierazten da arreta berezia jarri behar dela inguruetan zenbait espezietako ale ugaltzaileak daudelako.

Hedadura-txostenaren eta jasotako erantzunen laburpena ingurumen eraginaren adierazpen honen I. eranskinean jaso da.

2015eko martxoaren 12an, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igorri zion “Nafarroako Proiektu Eolikoa: San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos, Corraliza de Paulino eta El Raso parke eolikoak” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentazioa, ingurumen eraginaren ebaluazioaren tramitazioa egin zedin hirigintzako tramitazioarekin batera. Proiektu sektorial horren sustatzailea Agrowind Navarra 2013 da.

Proiektuak 95 haize-sorgailu jartzea aurreikusten du, 6 parke edo eremu eolikotan banatuak: San Marcos (25 haize-sorgailu), Jenáriz (13 haize-sorgailu), Linte (14 haize-sorgailu), Tres Hermanos (9 haize-sorgailu), Corraliza Paulino (16 haize-sorgailu) eta El Raso (13 haize-sorgailu), Berbintzana, Faltzes, Larraga, Lerin, Miranda Arga, Erriberri, Oteitza eta Tafallako udal-mugarteetan.

Ingurumenaren ikuspuntutik, aipatzekoa da proiektuan sartutako parke eolikoak AICAENA-Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu askoren inguruan daudela edo haiekin mugakide direla. Eremu horietako batzuk oso garrantzi handikoak dira, konparazio batera, “Baigorrana-Usón”, “Santa Cruz-Lampara” eta “Erriberriko merindadeko zereal-estepak”, “Landibar” azpiarea, “El Cascajo-La Vergalada” azpiarea eta “Planillas-Corraliza Baja” azpiarea; beste batzuk garrantzi handikoak dira, konparazio batera, “Baigorri iparraldeko ingurua”, “Baigorri hegoaldeko ingurua”, “Erriberriko merindadeko zereal-estepak”, “Moncayuelo” azpiarea eta “La Plana” azpiarea; eta beste batzuk garrantzi ertainekoak, konparazio batera, “Riomayor ingurua” eta “Erriberriko merindadeko zereal-estepak”, “Landibar, Corraliza Lasaga” azpiarea, “Corraliza Valobero” azpiarea eta “La Vergalada” azpiarea. Estepako hegaztiak dira, gaur egun, Europar Batasunean mehatxatuen dagoen hegazti taldea; gauza bera gertatzen da Nafarroan ere. Gainera, proiektua “Estellerriko Erriberako igeltsuak” kontserbazio bereziko eremuaren mugakide da ipar-ekialdetik. Era berean, “Arga eta Aragoi ibaien beheko tarteak” kontserbazio bereziko eremua 2 kilometrora ere ez dago, eta “Juncaleko aintzira” eta “Pitillasko aintzira” kontserbazio bereziko eremuak ere oso hurbil daude.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak ingurumen eraginaren azterketaren dokumentazioa egiaztatu ondoren, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzu horretako zuzendariak askiespen txostena egin zuen 2015eko ekainaren 10ean, jendaurrean jarri baino lehen.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko otsailaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izeneko proiektua, bere baitan San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos, Corraliza de Paulino eta El Raso parke eolikoak hartzen dituena, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen, Agrowind Navarra 2013 SLk sustatuta, eta jendaurrean jarri zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozeduran aurreikusitako ondorioetarako, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera. Aurkeztu diren alegazioen edukia II. eranskinean jaso da laburturik.

2016ko martxoaren 18an, Ramón Elósegui Borinaga jaunak, SEO/BirdLife ordezkatuz, jendaurreko epea luzatzeko eskatu zuen, Herri
Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 49. artikuluan xedatutakoaren babesean. Horregatik, Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Proiektu Eolikoa jendaurrean egoteko eta ukitutako udalei entzunaldia emateko beste epe bat ireki zen. Proiektu eoliko hori Agrowind Navarra 2013 SL enpresak sustatu du, eta San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos, Corraliza de Paulino eta El Raso parke eolikoak hartzen ditu bere baitan. Jendaurrean egoteko epe berri horretan aurkeztutako alegazioen edukiaren laburpena ere II. eranskinean jaso da.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko Habitaten Atalak, 2016ko irailaren 28an, txostena egin du aurkeztutako parke eolikoen multzoari buruz, eta tramitazio fasean dauden parkeek uki ditzaketen espezieak aipatu ditu. Aditzera ematen du proiektuak eragin handia izanen duela estepako hegaztien gainean, eta ez dago ados ingurumen ondorioen azterketetan egindako balorazioarekin; izan ere, uste du espezie horien presentzia handiagoa dela sustatzaileak aurkeztutako azterketetan adierazitakoa baino, eta haiei eragiteko arriskua ere askoz handiagoa dela aurreikusitakoa baino. Ondorio hori bereziki garrantzitsua da kontuan hartuta azken hamarkada honetan nola egin duen behera Nafarroan estepako hegaztien kopuruak. Sei parke eoliko berri horiek abian jarriz gero galduko den habitata baloratzeko orduan, kontuan hartu behar da estepako habitaten galera etengabea izan dela ureztalurrak ugaltzearen ondorioz eta han dauden gainerako azpiegiturak eraikitzearen ondorioz.

Txostenean jasotzen da, halaber, Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuen Sarea (AICAENA delako eremuen sarea, alegia) sortu zela estepako hegaztien kontserbaziorako gutxieneko ekologiko bat izateko; hortaz, hortik aurrera habitatetan gertatzen diren galera guztiek arriskuan jartzen dute hegaztien kontserbazioa. Parke eolikoek eta haiei loturiko azpiegiturek AICAENA eremua (hots, estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremua) zuzenean okupatzearen ondorioz eta AICAENA eremuen arteko igarobide ekologiko diren zonetan parke eolikoak jartzearen ondorioz, espezie horien habitata narriatuko da eta horrek espezie horien populazioei eraginen die. Parke eolikoek pantaila bat sortuko dute basoilo handiaren Lerin-Carcar, Miranda-Tafalla eta Erriberri-Caparroso-Martzilla eremuen artean. Instalazioak basoilo handiak Leringo Baigorrana aldetik Tafalla-Erriberriko El Planora egiten dituen urtaroko joan-etorrietako arriskuak areagotuko ditu. Izan ere, proiektaturiko lineak ardatz hau ere mozten du. Txostenean azaltzen da garai hartan basoilo handi gazte bat aurkitu zutela hilda, seguruenik Castejon-Muruarte 400 kV-eko linea elektrikoarekin talka egin zuelako.

2017ko martxoaren 31n, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen, lehen aurkeztutakoa partez aldatzeko. Dokumentazio berriaren arabera, 85 haize-sorgailu aurreikusten ditu, 5 kokagunetan. El Raso parke eolikoa desagertzen da, 13 haize-sorgailu zituena; izan ere, horietako batzuk Erriberriko merindadeko zereal-estepen AICAENA eremuaren barruan zeuden (La Vergalada azpiarean, kategoria ertainekoa dena), eta gainerakoak hegaztiek joan-etorrietarako oso maiz erabiltzen duten alde batean. AICAENA eremu horren katalogazioaren funtsa izan zen basoilo handiaren, basoilo txikiaren, ganga azpibeltzaren, ganga azpizuriaren eta atalarraren presentzia, hots, Nafarroan dagoen estepako hegaztien talderik garrantzitsuena. Haize-sorgailu horiek jartzeak zuzeneko eragina izanen luke espezie horien gainean, batetik, gerta litezkeen talkengatik, eta bestetik, AICAENA eremuen arteko joan-etorrietan eraginen lukeen hesi-efektuagatik. Horrek ingurumen eragin kritikoa eraginen luke, neurri zuzentzailerik aplikatzeko aukerarik gabe.

Aldi berean, gainerako parke eolikoetan kokapen berriak proposatzen dira, haize-sorgailuak elkarren artean hurbiltzen dira, lerrokadurak trinkotzen dira eta, kasu batzuetan, makina gehiago sartzen dira. Horrek guztiak ekartzen du parkeen azalera hasiera batean proposatutakoa baino handixeagoa izatea, eta haize-sorgailuen dentsitatea ere handiagoa izatea. Gainera, linea elektrikoaren trazadura partez lur azpitik eramatea proposatzen da ingurumen arrazoiengatik, zehazki, Tres Hermanos transformazio azpiestazio elektrikotik lehorreko laborantzako alorrak hegoaldetik pasa (Landibar eta Corrazila Lazaga estepako eremuak) eta ureztalurretan sartu arte. Aldaketa horien ondorioz, linearen luzera murriztuko da: hasiera batean 65 km proiektatu ziren, orain, berriz, 35.119 metro.

2017ko apirilaren 11n, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak egindako txostenean adierazi du bidezkoa dela aurkeztutako dokumentazio berria jendaurrean jartzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 51. artikuluan aurreikusitako ondorioak izan ditzan.

Nafarroako Gobernuak, 2017ko maiatzaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izeneko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentazio berria jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, beren mugartean proiektuaren eragina duten udalei entzunaldia eman zitzaien. San Marcos I eta II, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos eta Corraliza de Paulino izeneko parke eolikoek osatzen dute proiektu eoliko hori, eta sustatzailea “Agrowind Navarra 2013 SL” da. Epe horretan jasotako alegazioak ebazpen honen II. eranskinean bidu dira, aurretik ireki ziren bi jendaurreko epetan jaso zirenekin batera.

Jendaurreko aldian jarritako dokumentazioa osorik ez zegoela ikusita, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan xedaturikoa betez, 2017ko abuztuaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez espediente osoa jarri zen jendaurrean, jarduerak ukituriko interesdun guztiek kontsultatu ahal izateko eta, hala badagokio, ezarritako epean egoki iruditzen zaizkien alegazioak, aholkuak eta ohartarazpenak egin ahal izateko. Azkeneko epe horretan jasotako alegazioak ebazpen honen II. eranskinean bidu dira, aurretik ireki ziren jendaurreko epeetan jaso zirenekin batera.

Proiektua jendaurrean egoteko epeetan, guztira, honako hauek aurkeztu dituzte alegazioak (bana edo, kasu batzuetan, bat baino gehiago): Erriberriko Udala, Larragako Udala, Leringo Udala, Tafallako Udala, Miranda Argako Udala, GURELUR, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Oteitzako kirol ehiztariak, Auzolan Elkartea, Larragako Joaldunak elkartea, C.D. Idoia, Socio Cultural el Raso, Oteitzako Arrano Kultur Elkartea, Juan Pablo Eslava Urío, Agrupación Navarra de Amigos de la Naturaleza (ANAN), Sociedad Española de Ornitología SEO-Birdlife, 236 pertsonak aurkezturiko beste horrenbeste alegazio berdin, alegazio independente batzuk (Conrado García Napal, M.ª Paz, Ezcurra, José Antonio Lizarbe Hortelano, Serafín Abril Ilarregui, Alfonso Martínez Yanguas, Mercedes Colás Aure, Modet Ortueta Hermanos eta Victorio Tápiz Escoda) eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiaren izenean (Doñanako Estazio Biologikoa) David Serrano Larrazek aurkeztutako alegazioa.

Alegazio horiek ebazpen honen II. eranskinean daude laburturik, eta alde batera utzirik proiektuaren alderdi teknikoei buruzkoak edo ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedurarekin zerikusia ez duten enpresa arloko alderdiei buruzkoak direnak, alegazio gehienen muina da proiektuak ingurunearen ingurumen balioetan izanen duen eragina, izan ere, balio horiek presio bortitza jasaten ari dira jadanik giza jarduera batzuen ondorioz (inguruan egiten ari den nekazaritza-transformazioagatik konparazio batera) edo instalazio eolikoen edo bestelako azpiegituren ondorioz. Azterketaren xedeko eremuan dauden ingurumen balioak, baita alegazioetan jasotako gainerako ingurumen alderdiak ere, kontuan hartu dira ebazpen honetan.

Jendaurrean jarritako azkeneko dokumentazioari dagokionez, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, 2018ko martxoaren 19an, adierazi du, habitaten, floraren edo saguzarren gaineko eraginari dagokionez, indarrean dagoela Habitaten Atalaren 2016ko txostena. Adierazten du, abuztuaren 30eko 76/2017 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak “Estellerriko Erriberako igeltsuak” KBE gisa deklaratu, eta haren kudeaketa plana onetsi zuela. Kontserbazio bereziko eremu horren fauna-balio nabarmenetako bat estepako hegaztien komunitatea da, basoilo handiak, basoilo txikiak, ganga azpibeltzak eta Naumann belatzak Nafarroan dituzten populazio nagusiak han daudelako. Era berean, adierazten da lehorreko agrosistema zerealistikoak ezinbestekoak direla estepako hegazti gehienen biziraupenerako, eta Estellerriko Erriberako igeltsuak izeneko kontserbazio bereziko eremua, Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko gainerako lehorreko zereal-eremuekin batera, Ebro ibarreko estepa-eremu nagusienetako bat dela, iberiar penintsulako estepako hegaztientzat kontserbazio leku esanguratsua; hegazti horietako askorentzat, gainera, iparraldeko banaketa-muga ere bada. Foru dekretu honek eransten du, hala ere, azken hamarkada hauetan eraldaketa handiak gertatu direla Nafarroako lehorreko lurretan (erabilera-aldaketak, nekazaritzaren intentsifikazioa edo azpiegitura gehiago). Aurreikuspenen arabera, aldaketak jarraituko du, eta egoera horrek ataka gorrian jar dezake estepako hegaztien kontserbazioa Nafarroan.

Kudeaketa planaren 11. jarraibideak nabarmentzen du Lekuaren inguruetan azpiegiturak instalatzeko proiektuen ingurumen ebaluazioa egitean, kontuan hartuko direla estepako hegaztiek okupazio eremuen artean joan-etorrietarako eta sakabanaketarako erabiltzen dituzten igarobideak.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, ikusirik espedientean dauden txostenak, sustatzaileak ekarritako dokumentazioa eta jendaurrean egoteko aldian aurkeztutako alegazioak, txostena egin du sustatzaileak proposatutako sei parke eolikoei buruz.

Corraliza Paulino parke eolikoaren eremuak Erriberriko eta Tafallako udal-mugarteak hartzen ditu. 18 haize-sorgailu jartzea aurreikusten da, den-denak Erriberriko lurretan. Hiru lerrokadura osatuko dira, hego-
mendebaldetik ipar-ekialderako orientazioarekin: horietatik bi Monte Planon, 6 eta 5 haize-sorgailurekin, hurrenez hurren, eta bestea hegoalderago, 7 haize-sorgailurekin. Iparraldeen jartzea aurreikusi den lerrokadura Tafallaren eta Erriberriren arteko mugan kokatzen da. Monte Planoko bi lerrokadurak karraskadiaren baso-masak inguratzen dituen lehorreko alorretan eraiki nahi dira.

Tafalla-Erriberriko Monte Planoko karraskadia da artadi hostobiribil mesomediterraneoen sailetik Nafarroako eremu honetan gelditzen den erakusgarri onena eta zabalena; izan ere, historian zehar, gizakiak nabarmen eraldatu eta moldatu ditu artadi horiek nekazaritzako alor bihurtzeko. Balio ekologikoa izateaz gainera, baliabide paisajistiko garrantzitsua da alde hartarako, eta biztanleen aisialdirako eta jostetarako lekua ere bada, aurkeztutako alegazio batzuetan azpimarratzen den bezala. Lekuaren balio ekologikoa eta paisajistikoa aintzat hartua izan da bi udalerrietako udal plan orokorretan, eta haien araudietan behar bezala landu da. Aipatu beharra dago beste sustatzaile batzuek leku honetan parke eolikoak kokatzeko lehenago aurkeztutako beste proposamen batzuk ezetsi izan direla, sortuko luketen paisaia-eraginagatik eta ekarriko luketen ingurune naturalaren balio-galeragatik.

Hegoaldeko lerrokadura almendrondo sailetan eta lehorreko alorretan kokatuko litzateke. Zazpi haize-sorgailu izanen ditu, Erriberriko merindadeko zereal-estepen AICAENA eremutik (Landibar azpiarea) oso hurbil, 220 metrora baino hurbilago, zeina garrantzi handikoa baita basoilo handiarentzat eta basoilo txikiarentzat.

Parke horrek, La Caya eta La Fraila gune esperimental eolikoekin batera, eragin metagarri nabarmena izanen luke mehatxatuenik dauden espezieen gainean, oso garrantzi handiko AICAENA eremuen artean egiten dituzten joan-etorrietan, hala estepako hegaztiengan nola hegazti harrapariengan. Inguru honetan, gertatu izan da basoilo handiek parke eolikoekin eta linea elektrikoekin talka egin izana. Azkenik, adierazi beharra dago parke hori Juncaleko aintzira eta Pitillasko aintzira kontserbazio bereziko eremuen artean kokatuko litzatekeela, Juncaletik 3,5 km-ra, eta, horrenbestez, eragina izan dezakeela hegazti urtarrek Nafarroan garrantzi handikoak diren hezegune horien artean egiten dituzten joan-etorrietan.

Azaldutakoagatik guztiagatik, kontuan harturik inguruan abifauna sentikorra dagoela, talka egiteko dagoen arrisku handia, estepako abifaunaren eta hegazti urtarren joan-etorrietarako izan dezakeen hesi-efektua, inguruan dauden beste instalazio eoliko batzuekin eta beste garraio eta banaketa instalazio batzuekin batera sortuko lukeen eragin metatua, paisaia-ukipenak eta, azkenik, ingurune honen apartekotasun ekologikoa, ondorioztatzen da ingurune honetan haize-sorgailuak instalatzeak ondorio kritikoak sortuko lituzkeela, zuzenketa neurririk aplikatzeko aukerarik gabe. Hortaz, parkea ezestea proposatzen da.

Tres Hermanos parke eolikoak 8 haize-sorgailuko lerrokadura bakarra izanen luke, ekialdetik mendebalderako norabidean gutxi gorabehera, Faltzesko udal-mugartearen iparraldean. Tres Hermanos parke eolikoa instalatuz gero (AICAENA eremuak ditu iparraldean, hegoaldean eta ekialdean), are zailagoa izanen da AICAENA horien arteko konektagarritasuna, zeina baldintzatua baitago jadanik Moncayuelo parke eolikoarengatik eta gaur egun ustiapen fasean dauden La Caya eta La Fraila eremu esperimental eolikoengatik.

Tres Hermanos parke eolikoaren kokapenak Corraliza Paulinoren kasuan aipatu dugun estepako hegaztien hegal-igarobide berari eraginen lioke, non zenbait gorabehera gertatu diren abifauna mehatxatuarekin. Era berean, azken urteotan jasotako datuen arabera, jakin da Tres Hermanos parke eolikoaren eta Landibarko AICAENA eremuaren artean dagoen lehorreko alorren aldea basoilo txikia ugaldu eta hezteko eremu bihurtu dela. Espezie horren populazioak izugarri behera egin du Nafarroan. Hortaz, inguru horretan haize-sorgailuak instalatzeak ezin onartuzko arriskua ekarriko luke. Horrenbestez, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren txostena ikusirik, parke eoliko honen kontrako txostena egiten da, estepako abifauna mehatxatuari eraginen liokeen kalteagatik (oztopoak hazkunde-eremuan, zuzeneko talkak eta AICAENA eremuen arteko hesi-efektua), inguruan dauden hegazti harrapariei eragiten ahal zaien kalteagatik eta, inguruetan dauden beste parke eolikoekin batera sor dezakeen eragin metatuagatik.

Jenáriz parke eolikoari dagokionez, azkeneko proiektuak 4 lerrokadura aurreikusten ditu, 6, 8, 5 eta 3 haize-sorgailurekin hurrenez hurren, hego-mendebaldetik ipar-ekialderako norabidean. Malda moderatua (%10-20) duen eremu batean kokatuko dira Miranda Arga herritik ekialdera, non, leku zelaienetan, lehorreko alorrak nagusitzen diren, erreka-zuloekin tartekatuak. Miranda Argako herrigunetik hurbilen kokatuko diren haize-sorgailuak handik 1.000 metrora instalatuko dira. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak 2018ko martxoan egindako txostenak aipatzen duen bezala, parke eoliko hau “Estellerriko Erriberako igeltsuak” Kontserbazio Bereziko Eremutik 50 metro eskasera kokatuko da, non kontserbatu nahi diren balioen artean estepako hegaztiak dauden. Parkea, gainera, leku kritiko batean kokatuko da, Baigorrana-Usón eta Landibar AICAENA eremuen artean, zeinak oso garrantzi handikoak baitira estepako hegaztientzat. Hala basoilo handiaren kasuan nola basoilo txikiaren kasuan, 4 lerrokadurak eta 22 haize-sorgailuk sortutako hesia kritikoa izan daiteke espezie horiek Nafarroan dituzten populazioentzat. Basoilo handiarentzat eta basoilo txikiarentzat bezala, parketik 4 kilometrora eskas dagoen Baigorrana-Usón AICAENA eremuak garrantzia du, orobat, ganga azpibeltzarentzat eta Naumann belatzaren kontserbaziorako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du Jenáriz parke eolikoa ez dela ingurumen aldetik bideragarria, ez behintzat lau lerrokadurako konfigurazioarekin eta proiektuan aurkeztutako makinen arteko dentsitatearekin. Faunaren gainean eraginen lukeen eragin kritikoaz gainera (kontserbaziorako garrantzitsuak diren eremuen arteko igarobide batean izanen lukeen hesi-efektuagatik), paisaiaren gaineko eragina larria izanen litzateke, zelaigune txiki batzuen eta mendi-hegaletako ertz batzuen gehieneko okupazioagatik. Kontuan hartu behar da, orobat, Miranda Arga herritik oso hurbil dagoela, eta bermatu beharra dagoela zaratek ez dutela eragozpenik eraginen. Bestalde, ingurune hori ureztalur bihurtu ondoren lurraldea erabiltzen duen abifaunari buruz zerbitzu honetan dauden datuek erakusten dute sustatzaileak aintzat hartutako informazioa ez dagoela eguneratua. Proposatzen da ezestea parke eolikoa ezartzea proiektuan aurkeztutako konfigurazioarekin, haize-sorgailu gehiegi direlako, izan ere, horrek konponezinezko eragina sortuko luke lurralde konektagarritasunari dagokionez, eta eragin negatiboa paisaian.

San Marcos I eta San Marcos II parke eolikoei dagokienez, behin betiko proposamenean 25 haize-sorgailu aurreikusten dira, Altos de San Marcos izeneko alderdian jartzekoak, Lerin, Oteitza eta Larraga artean. Parkeak hiru lerrokadura izanen ditu. Lerrokadura nagusiak 19 haize-sorgailu aurreikusten ditu mendebaldetik ekialderako norabidean, eta beste bi lerrokadura independente, hurrez hurren 4 eta 2 haize-sorgailurekin, handik 600 metrora iparralderantz. Estepako abifauna kontserbatzeko Baigorri Hegoaldea intereseko eremua, goi kategoria duena, ondo-ondoan dago, gutxienez 300 metrora. Hustuketarako linea elektrikoa airekoa da, eta AICAENA eremu horrekin paralelo doa iparraldetik 5.000 metroko tartean, aipatu eremuan sartu arte 2.600 metroko tarte batean. Ingurumen eraginaren azterketaren arabera, haize-sorgailuen paisaia-eragina, gutxienik, larria izanen da parkearen alde guztietan, eta zenbait aldetan, kritikoa, zehazki, parkearen erdiko aldean.

Baigorri hegoaldeko arean, arrisku nabarmena eraginen litzateke, zona hori garrantzitsua baita basoilo handiaren ugalketarako, eta basoilo txikia eta ganga azpibeltza han bizi direlako, estepako gainerako hegaztiekin batera. Hain lerrokadura luzeko parke eolikoek, hesi-efektua eragiteaz gainera, talka egiteko arrisku handia izaten dute harrapari handientzat. Kasu honetan, gainera, eremu goratu eta oihantsu batean dagoenez, espezie migratzaileentzako arriskua ere ekar dezake.

Proposatutako haize-sorgailu guztiak instalatuz gero, Altos de San Marcos alderdiko soka-lerro guztia okupatuko dutenez, estepako abifaunaren konektagarritasunari eragiten ahal zaio, zehazki Baigorri Hegoaldea-Baigorrana-Usonetik Baigorri Iparraldera bidean. Kontuan harturik abifauna mehatxatuak talka egiteko duen arriskua eta eraginen duen hesi-efektua, ondorioztatzen da parke eoliko honek eraginen duen ingurumen eragina larria dela gutxienez. Beraz, ingurumenaren aldetik, onets liteke, bakar-bakarrik, baldin eta talka egiteko arriskua gutxitzeko eta iragazkortasuna errazteko neurriak ezartzen badira.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak proposatu du SM2-01, SM2-02, SM2-03, SM2-04, SM2-05, SM2-06, SM2-13 eta SM2-14 haize-sorgailuen kontrako txostena ematea, hesi-efektua gutxitzeko, estepako faunari eragiteko dagoen arrisku altua murrizteko (Baigorri Hegoa estepako hegaztien kontserbaziorako intereseko eremutik hurbil dagoelako) eta oso ikuspegi zabala duen mendi-lerroaren goialdean halako lerrokadura bat jartzeak eraginen lukeen paisaia-eragin nabarmena murrizteko.

Linte parke eolikoak, sustatzailearen azkeneko proposamenean, 12 haize-sorgailu izanen ditu, Erriberriko merindadeko zereal-estepen (Landibar) AICAENA eremuaren mugetan zeuden hiru haize-sorgailuak kendu ondoren. Gainerakoak eremu horren ipar-mendebaldeko mugatik kilometro bat eta bi kilometro arteko distantziara kokatuko dira. Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 3an hartutako Erabakian, adierazi zen ezen, parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 2.a) apartatuarekin bat, Linte parke eolikoaren LI-05, LI-07 eta LI-08 haize-sorgailuen kokapena ez zela bideragarria, Larragako Udal Planean nekazaritzako produktibitate handiko lurzoru urbanizaezinaren kalifikazioa duten lurretan zegoelako. Gainerako 9 haize-sorgailuei dagokienez, haietatik 5 Arga ibaiaren bazterreko ureztalurreko alorretan kokatuko dira, eta beste lau iparralderago, ipar-mendebaldetik hego-ekialderako norabidean, non, lehorreko alorrez eta sastrakadiez gainera, lehentasunezko intereseko habitat gune batzuk tartekatzen diren, Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauan jasoak. Ureztalurren gainean kokatzen direnak bi eremutan ezarriko lirateke; eremu horietako batean 4 haize-sorgailuko lerrokadura kokatuko da, eta beste haize-
sorgailua isolaturik geldituko da, produktibitate handiko lurretan kokatu nahi zirenak kendu baitira proiektutik. Haize-sorgailu horiek Berbintzanako herrigunetik 1.000 metrotik haraxeago kokatuko dira.

Alde horretako ezaugarriak kontuan harturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du bederatzi haize-sorgailu horiek bideragarriak izan daitezkeela ingurumenaren aldetik, betiere ingurumen jarraipenerako programa oso bat egiten bada, non, estepako hegaztien gaineko arriskuaz gainera, hegazti harraparien gaineko arriskua ere aztertuko den, batez ere arrano beltzaren gainekoa, inguruan bizi baita. Gainera, lerrokadura ibaietako pendizetatik hurbil kokatuko denez, saguzarren gaineko arriskua ere aztertuko da, baita ibaia babesgune eta elikagune gisa erabiltzen duen abifaunaren joan-etorrien gaineko arriskua ere.

Energia ateratzeko sistemari dagokionez, proiektuan zenbait tarte bereizten dira. Sistemaren guztirako luzera 35.119 metrokoa da: horietatik 28.765 metro tarte nagusiei dagokie, eta 6.354 metro bigarren mailako hustuketarako tarteei, parke eolikoetatik linea nagusiraino doazenak. Linea nagusian, 24.037 metro airetik eramanen dira, eta 4.728 metro lur azpitik. Linea nagusia San Marcos I eta San Marcos II parke eolikoen inguruetan eraikiko den azpiestazio berritik abiatuko da, Larragako lurretan, eta Berbintzana, Miranda Arga, Faltzes, Tafalla eta Erriberri herriak gurutzatuko ditu. Hustuketa sistemaren ukipen nabarmenenak abifaunaren eta paisaiaren gainekoak dira. Hustuketa sistema osoa zenbait AICAENA eremuren barnetik edo horien ingurutik doa. Beraz, arriskurik handiena talka egitekoa izanen da, batez ere estepako abifaunari dagokionez, eta AICAENA eremuen arteko joan-etorrietarako hesi-efektua sortzekoa ere bai. Arrisku hori larriagoa da linea elektrikoa oso luzea delako eta proiektua zirkuitu bikoitzean proiektatu delako, izan ere, kable gehiago izanik, talka egiteko aukera gehiago daude.

Gainera, ingurunean askotariko abifauna dago, eta haien elektrokuzioak gerta daitezke, batez ere, hegazti harraparienak; horietako batzuk katalogatuak daude. Bidenabar, aipatu beharra dago proiektuan ez dagoela aurreikusita abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari egokitzeko lanik egitea gurutzatzen diren eremu babestuetan (dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Horregatik guztiagatik, hustuketa sistema, proiektatu den bezala, ezin da bateragarritzat hartu ingurumenaren aldetik, eta, hortaz, aldaketak egin behar zaizkio ebazpen honen baldintzetan ezarritakoari jarraikiz.

Laburbilduz, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2018ko maiatzaren 14an egindako txostenean, adierazi du proiektua, proposatu den bezala, ez dela bateragarria ingurumenaren aldetik, eremu horretan dauden abifaunako espezie batzuengan inpaktu kritikoa eraginen lukeelako eta, orobat, alde horretan eragina metatuko litzatekeelako, izan ere, inguruan garapen eoliko, azpiegitura eta jarduera asko daude, ingurunearen balio naturalen gainean presio negatiboa eragiten dutenak. Aipatu beharra dago, halaber, proiektua proposatu den bezala gauzatuz gero, ukipen nabarmenak eraginen lituzkeela inguruko paisaian. Dena dela, proposatzen du eskatutako haize-sorgailu batzuen aldeko txostena ematea, ingurumen eraginaren adierazpenaren proposamenean jasotzen den bezala.

2018ko maiatzaren 14an, ingurumen eraginaren adierazpenaren proposamenari dagokion entzunaldi tramitea hasi zen, eta ekainaren 1ean sustatzaileak proposamen berriak aurkeztu ditu. Ingurumen eraginaren adierazpenaren proposamenean, San Marcos I parke eolikoari dagokionez, aldeko txostena eman zen SM1-01 zenbakitik SM1-11 zenbakira bitarte doazen haize-sorgailuentzat. San Marcos II parke eolikoari dagokionez, ingurumen eraginaren adierazpenaren proposamenean, aldeko txostena eman zen SM2-07 zenbakitik SM2-12 zenbakira bitarte doazen haize-sorgailuentzat, eta kontrako txostena, berriz, SM2-01, SM2-02, SM2-03, SM2-04, SM2-05, SM2-06, SM2-13 eta SM2-14 haize-sorgailuentzat, hesi-efektua gutxitzeko, estepako faunari eragiteko dagoen arrisku altua murrizteko (Baigorri Hegoa estepako hegaztien kontserbaziorako intereseko eremutik hurbil dagoelako) eta oso ikuspegi zabala duen mendi-lerroaren goialdean halako lerrokadura bat jartzeak eraginen lukeen paisaia-eragin nabarmena murrizteko. Hori guztia kontuan harturik, Agrowind enpresak, 2018ko ekainaren 1ean aurkeztu duen dokumentazioan, proposatu du adierazitako ingurumen baldintzak partez beteko luketen haize-sorgailu sorta bat jartzea eremu horretan, beste numerazio batekin ordea. Haize- sorgailu horiek energia sortzeko gehieneko ahalmena izanen dute. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazi du proposamen hori partez onar daitekeela, lerrokadura bikoitzaren efektua desagertzen delako, eta, hala, proposatzen du aldeko txostena ematea SM1-01 zenbakitik SM1-08 bitarteko haize-sorgailuentzat eta SM2-03 zenbakitik SM2-10 bitarteko haize-sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko numerazioaren arabera. SM1-09 zenbakitik SM1-10 bitarteko haize-sorgailuentzat eta SM2-01 zenbakitik SM1-02 bitartekoentzat, ordea, kontrako txostena eman du, espazio libre bat sortzearren eta hesi-efektua eta abifaunaren gaineko arriskua murriztearren.

Linte parke eolikoari dagokionez, sustatzaileak, 2018ko ekainaren 1ean aurkeztutako dokumentazioan, haize-sorgailuak informatutako eremu berean kokatzea aurreikusten du; guztira, 11 makina jarri asmo ditu. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenaren arabera, 11 errotak bideragarriak izan daitezke ingurumenaren aldetik, baina, administrazio baimena eman baino lehen, hirigintzaren aldetik ere bateragarriak izan beharko dira.

Jenáriz parke eolikoari dagokionez, entzunaldi tramitea egiteko sustatzaileari igorri zitzaion ingurumen eraginaren adierazpenaren (IEA) proposamenean Jenáriz parke eolikoaren kontrako txostena eman zen, betiere aurkeztutako lau lerrokadurako konfigurazioari eutsiz gero eta makinek halako eremu handia okupatuz gero. Sustatzaileak, 2018ko ekainaren 1ean aurkeztutako dokumentazioan, eskatu zuen hasiera batean proposatutako lerrokaduretatik bi onartzea, uste baitu, horrela, eragina murriztuko dela, izan ere, jadanik ureztalur bihurtutako eremuetan haize-sorgailuek estepako faunari eragiten ahal dioten arriskua minimizatuta dago. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenean adierazten da bateragarria izan daitekeela, bakar-bakarrik, JE-07 zenbakitik JE-12 zenbaki bitarteko haize-sorgailuak jartzea, lerrokadura bakarrean. Gainerako haize-sorgailuek eragina metatzea ekarriko lukete joan-etorrietarako mehatxatuenik dauden hegazti-espezieek maiz erabiltzen duten eremu batean. Hala, eskura dagoen informazio teknikoa oinarri hartuta, proposatzen da baimena ukatzea.

Corraliza Paulino parke eolikoari dagokionez, sustatzaileak Monte Planoko karraskadiaren gaineko balorazio batzuk aurkeztu ditu, Nafarroako erdialdean dauden beste karraskadi batzuekin konparatuta, IEAren
xedeko eremuaren balioekin bat ez datozenak; gainera, abifaunak egiten duen espazio horren erabilerari buruzko ohartarazpen batzuk egiten ditu, erabileraren maiztasunari buruzkoak hain zuzen, eta paisaiaren gaineko balorazio bat ere aurkeztu du, desegokia dena. Gainera, desegoki baloratu du parkeak izanen duen eragin globala, aintzat hartzen baitu, bakarrik, sustatzaileak berak sortutako informazioa, ingurumen arloko organo eskudunak tramitazio fasean helarazi dion informazioa kontuan hartu gabe. Tres Hermanos parke eolikoari buruzko balorazio batzuk ere egin ditu estepako faunarentzat interesekoak diren eremuetan egon daitekeen eragin-arriskuari buruz, bereziki, mehatxatuen dauden espezieentzat –basoilo txikiarentzat, esate baterako–. Balorazio horretan, hala ere, ez dira kontuan hartu ingurumen arloko organo eskudunak sustatzaileari bidalitako azkeneko ohartarazpen eta datuak, ez eta eremuan abian dauden gainerako parke eolikoekin batera metatuko litzatekeen eragina. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du ez dela informazio berririk aurkeztu ondorioztatzeko berrikusi beharra dagoela entzunaldi tramitean igorritako IEAren proposamenean egindako azken eraginaren balorazioa, eta, hala, proposatzen du Corraliza Paulino eta Tres Hermanos parke eolikoei baimena ukatzea.

Hustuketarako linea elektrikoa hain luzea izanik, IEAn baldintza bat ezarri zen: linea elektrikoa eramatea aldeko txostena jasotzen duten haize-sorgailuen kokapenetik hurbilen dauden azpiestazioetara, Tafalla TAra esate baterako, horrela abifaunaren eta haien igarobide biologikoen gaineko ukipenak gutxiagotuko baitira, linea elektriko hori balio ekologiko handieneko eremuetatik iparraldera geldituko litzatekeelako. Sustatzaileak igorritako erantzunean adierazi du, justifikazio gisa, konponbide hori ez dela bideragarria ikuspuntu tekniko batetik, ez eta sistema elektrikoarentzat behar diren baimenak kontuan hartuta, eta justifikazio hori onartzen da. Onartzen da, halaber, linea elektrikoaren tentsioari eta zirkuitu kopuruari buruz azaldu duena.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura osoa egin dela iritzita, alegazioak kontuan hartuta eta orain arte azaldutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da Agrowind Navarra 2013 SLk sustatu duen “Nafarroako Proiektu Eolikoa” Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialari buruz. Hona hemen edukia:

–Linte parke eolikoaren aldeko txostena ematen da LI-1 zenbakitik LI-11 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioaren arabera, betiere LI-05, LI-06 eta LI-07 haize-sorgailuak bateragarriak baldin badira hirigintza aldetik.

–San Marcos I parke eolikoaren aldeko txostena ematen da SM1-01 zenbakitik SM1-8 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, eta San Marcos II parke eolikoaren SM2-03 zenbakitik SM2-10 bitarteko haize-sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioaren arabera; SM1-9 eta SM1-10 eta SM2-01 eta SM2-02 haize-sorgailuentzat kontrako txostena ematen da, azalpen zatian adierazitako arrazoiengatik.

–Corraliza Paulino parke eolikoaren kontrako txostena ematen da, arrazoi hauengatik: inguruan abifauna mehatxatua dagoelako, instalazioekin talka egiteko arrisku handia dagoelako, hegazti horiei beren ziklo biologikoaren fase batzuetan eragiten ahal zaizkien eragozpenengatik, estepako abifaunaren eta hegazti urtarren joan-etorrietarako izan dezakeen hesi-efektuagatik, energia garraiatu eta banatzeko hurbil dauden beste instalazio eoliko batzuekin batera sor dezakeen eragin metatuagatik, paisaiaren gaineko ukipenengatik eta Monte Plano lekunearen apartekotasun ekologikoagatik.

–Tres Hermanos parke eolikoaren kontrako txostena ematen da, arrazoi hauengatik: estepako abifaunaren kontserbaziorako interesekoak diren guneen artean kokatzen delako, inguruan dagoen abifauna mehatxatuarentzat hesi-efektua sortzen duelako, hegaztiek instalazioarekin talka egiteko arrisku handia dagoelako, hegazti horiei beren ziklo biologikoaren fase batzuetan eragiten ahal zaizkien eragozpenengatik eta paisaiaren gainean ukipen nabarmena eraginen duelako parke eolikoen aprobetxamendu handia dagoen eremu batean.

–Jenáriz parke eolikoaren aldeko txostena ematen da, 2018ko ekainaren 1ean aurkeztutako dokumentazioaren arabera, JE-07 zenbakitik JE-12 zenbakira bitarte doazen haize-sorgailuei dagokienez, lerrokadura bakarrean jarriz gero, eta kontrako txostena, berriz, JE-01 zenbakitik JE-06 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, faunaren gain eraginen lukeen ukipen kritikoagatik, hesi-efektua sortuko lukeelako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzitsuak diren eremuen artean kokatzen den alde batean.

2. Espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera, ondoren azaltzen diren zuzenketa neurriak eta ingurumen jarraipena egitekoak beteko dira:

–Haize-sorgailuetako plataformen, bideen eta abarren lur erauzketetan eta betelanetan, gehienez ere 2H:1V-ko maldak baimenduko dira, edo ahal dela txikiagoak, espezie autoktonoekin egin beharreko landareztatzea onargarria izan dadin. Obrek ukitzen dituzten eremu guztiak behar bezala lehengoratu beharko dira, eta espezie autoktonoak sartuz landareztatu.

–Lur soberakinik baldin badago, hondakin gisa hartuko dira, eta hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu, aginduzko ingurumen baimena duen lehengoratze, egokitze eta/edo betetze lan jakin batean balorizatzeko, edo hondakin geldo ez-arriskutsuen hondakindegi baimendu batean ezabatzeko.

–Obrak hasi aurretik, Berbintzanako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian zarataren arloko legedi indarduna beteko dela bermatzen duen azterketa bat aurkeztu beharko da.

–Hustuketa elektrikoaren sistema birplanteatu beharko da, eta hauetako alternatiba bat aukeratu abifaunaren eta paisaiaren gaineko ukipenak murrizteko (aukeratzen den alternatibak, betiere, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren aldeko txostena beharko du):

  • Erriberriko TAn husteko proposaturiko konponbidea aldatzea, baldintza hauei jarraikiz:
  • Hustuketa sistema abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretura egokitu beharko da (horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren), arau hori aplikagarria den eremuak gurutzatzen dituenean.
  • Estepako abifaunak talka egiteko arriskua gutxitzeko, airez eramaten den linea zatian, bilatuko da erabiltzen diren euskarriek aukera ematea eroaleak lurrarekiko plano albait gutxienetan jartzeko.
  • Zuzeneko ukipenak eta proiektuaren eragin metagarriak gutxitzeko asmoz, AICAENA eremuen inguruetan kokatzen diren hustuketarako azpiegitura elektriko guztiak lur azpitik joanen dira. Zehazki, Baigorri Hegoaldeko AICAENA eremua (goi kategoriakoa) gurutzatzen duen tartea, x: 591983; y: 4709264 puntutik x: 594360; y: 4707460 puntura bitarte, eta Erriberriko azpiestaziotik x: 598354; y: 4705216 puntura arte, Erriberriko merindadeko zereal-estepak (Landibar) AICAENA eremuaren ondoan, zeina oso goi kategoriakoa baita, ETRS89 Erreferentziazko Sistema Geodesikoan (UTM 30N proiekzioa), Espainiako sistema geodesiko ofiziala arautzen duen uztailaren 27ko 1071/2007 Errege Dekretuan ezartzen denari jarraikiz.
  • Euskarrien kokapena identifikatu beharko da, baita haien tipologia (deribazioa, linea bukaera, etab.) eta kasu bakoitzean abifaunaren elektrokuzioa ekiditeko proposatu diren babes neurri guztiak ere, aurkeztutako dokumentazioan zehaztu ez direlako. Euskarrien planoak ere aurkeztuko dira.
  • Aireko linea guztietan, hegaztiak babesteko baliza birakor islatzaileak jarriko dira, ikusgarritasun handiagokoak, 15 metrotik baliza bat, faseka, halako moduan non proiekzio horizontalean 5 metrotik baliza bat dagoela emanen duen.
  • Arga ibaitik hurbil eta estepako abifauna kontserbatzeko interesekoak diren eremuetatik hurbil (Baigorri Hegoaldea eta Erriberriko merindadeko zereal-estepak) doan linea elektrikoaren tartea egiteko obrak apiriletik abuztura bitarteko tartetik kanpora eginen dira (bi hilabete horiek ere kanpo utzita).
  • Zuntz optikoko kablea instalatu nahi izanez gero (abifaunak haren kontra talka egiteko arrisku handiagoa dago, diametro txikiagoa duelako), baliza-sistema bat diseinatu beharko da ikus daitezen lineako gainerako kableak bezala edo hobeki, eta, ahal den neurrian, ez da linearen goi aldean erabiliko.

–Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 55. artikuluan xedaturikoarekin bat, galzorian dagoen fauna mehatxatu katalogatuari eragiten dioten zenbait gorabehera larri hautemanez gero, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak sustatzaileari eskatzen ahalko dio inplikaturiko haize-sorgailuak kentzeko, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izan gabe.

–Haize-sorgailuetatik 1.000 metro baino hurbilago dauden eremuak, aurrerantzean, ez dira animalien gorpuak uzteko eremu egokitzat hartuko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzeko modua eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautu zen, eta, horrez gainera, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri, eta funtzionamendurako arauak zehaztu ziren. Sustatzaileak horren berri eman beharko die ukitutako abeltzaintzako ustiategiei. Gomendagarria da gorpuen biltegiaren distantzia dezente handitzea, hegazti nekrofagorik ez erakartzeko.

–Lanak hasi aurretik, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari jakinarazi beharko zaio, gutxienez 72 ordu lehenago (seguimiento.ambiental@navarra.es).

–Abifaunaren jarraipena.

  • a) Obrak hasi baino lehen, eta urtebetez gutxienez, aldeko txostena jaso duten parkeen eremuan azterketa bat eginen da abifaunak espazio horretaz egiten duen erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa horren proposamen bat aurkeztu beharko du, metodologia eta hasiera data adierazita, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak oniritzia eman beharko dio.
  • b) Obrak hasi baino lehen, jarraipenerako eta zaintzarako plan bat aurkeztu beharko da funtzionamendu faserako, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren onespena beharko duena. Plan horretan, egin beharreko jarduketen proposamena jasoko da, eta zehazki, hauek:
  • Aplikatzen diren neurri zuzentzaileen eraginkortasunaren kontrola.
  • Parkea funtzionamenduan hasi eta hurrengo hiru urteetan, azterketa bat eginen da abifaunak espazioaz egiten duen erabilerari buruz, eta Linte parkearen kasuan, baita saguzarrak egiten duen erabilerari buruz ere.
  • Hegaztien eta kiropteroen gorabeheren erregistroa parke eolikoaren bizitza erabilgarri osoan.
  • San Marcos I eta San Marcos II parke eolikoetan, eta Jenáriz parke eolikoan, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusian dauden datuak ikusirik edo enpresa sustatzaileak egiten duen jarraipenaren emaitzak ikusirik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskatzen ahalko du zuzeneko zaintza etengabea egin dadila tokian bertan, babestutako abifaunarentzako balizko arrisku-egoerak hautemateko. Horren barrenean, eskatzen ahalko da behar diren aplikazio teknologikoak erabil daitezela arrisku egoerak sortzen dituzten haize-sorgailuak berehalakoan geldiarazteko, prebentzio neurri gisa.

3. Sustatzaileak, uztailaren 26ko 2/2017 Legegintzako Foru Dekretuarekin bat, UPSa egoki gauzatzearen ondoriozko betebeharrei erantzuteko aurkezten duen abala erabiliko da bermatzeko konpondu edo minimizatzen direla proiektua gauzatzeak eragin litzakeen ingurumen kalteak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Basozaintzari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Berbintzana, Faltzes, Larraga, Lerin, Miranda Arga, Erriberri, Oteitza eta Tafallako udalei eta sustatzaileari, eta alegazio-egileak jakinarazitzat hartzea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko 1.a) ezarritakoari jarraikiz.

Iruñean, 2018ko ekainaren 14an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. eta II. eranskinak.–Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza eta jendaurreko tramitearen emaitza (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1807963