1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1532/2018 EBAZPENA, uztailaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez agintzen baita argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2018. urteko Lan Publikoaren Eskaintza onesten duena”, Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsia (139 zenbakiko NAO, 2018ko uztailaren 19koa).
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, “Herri Administrazioek, beren kabuz edo interesdunek eskaturik, edozein unetan zuzendu ditzakete beren egintzetako errakuntza materialak, egitezkoak edo aritmetikoak.”
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2018. urteko Lan Publikoaren Eskaintzaren inguruan hartutako erabakiaren
aurrekaritzat jotzen den espedienteari dagokionez, beharrezkoa da 2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2017ko ekainaren 27ko 3/2017 Legeari egiten zaion aipamen oro zuzentzea, okerrak baitira, eta 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearekin ordezkatu behar dira.
Bidezkoa da, halaber, “III.–Barne-igoerako lanpostuak” apartatuaren izena ere aldatzea; izan ere, “Hirugarrena.–Barne-igoerako lanpostuak” beharko luke xedapenetako gainerako apartatuekin koherentzia mantentzeko. Aldi berean, apartatu horretan bertan, 2017. urtearen erreferentzia “2018. urterako” formarekin ordezkatu behar da.
Aurreko azalpena ikusirik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut akatsak zuzendurik eta osorik argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2018. urteko Lan Publikoaren Eskaintza onesten duena”, Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsia (139 zenbakiko NAO, 2018ko uztailaren 19koa).
ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN 2018. URTEKO LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA ONESTEN DUENA
2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legeak, 19.Bat.3.i) artikuluan, % 100eko birjarpen tasa ezarri zuen unibertsitateko katedradunen, unibertsitateko irakasle titularren eta unibertsitateko kontratupeko irakasle doktoreen irakaskidegoetako lanpostuetarako. Muga horren barruan, unibertsitate bakoitzak, gutxienez, eskaintzen diren lanpostuen % 15 gorde behar du Ramón y Cajal programa bukatu duten eta I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat, edo, erreserba hori baliatzen ez bada, I3 ziurtagiria eskuratu duten eta Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetan diharduten beste ikertzaile batzuentzat, bakoitzari dagokion kategorian.
Halaber, unibertsitateko irakaskidego batean sartzearen ondorioz bete gabe gelditzen diren kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuei dagokienez, zilegi da horiek hurrengo ekitaldiko birjarpen tasan gehitzea.
19. artikulu horretako bosgarren apartatuan ezartzen da birjarpen tasa hori balioduna izateko baldintza izango dela horren ondoriozko lanpostuak Lan Publikoaren Eskaintzan sartzea. Gainera, eskaintza hori, EBEPen 70. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Administrazio Publikoaren gobernu erakundeak onetsi behar du, eta autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean argitara eman behar da, edo, bestela, Estatukoan, 2018. urtea amaitu baino lehen.
Bestalde, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 62.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, unibertsitateek ahalmena dute unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko barne-
igoerako lanpostuetarako deialdiak egiteko, betiere irakaskidegoetan sartzeko txanda libreko Lan Publikoaren Eskaintzan dagoen lanpostu kopurua gainditzen ez bada urte horretako deialdian.
Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan ezarri bezala, Lan Publikoaren Eskaintzak, giza baliabideak planifikatzeko tresna den aldetik, gehitu beharreko langileak definitzen eta kopuruak zehazten ditu giza baliabideen plangintza orokorretik eratorritako beharren eta lehentasunen arabera. Beste alde batetik, gardentasun eta berdintasun printzipioei
jarraikiz, Lan Publikoaren Eskaintzan sartu behar dira, beharrezkoa denean, barne-igoerarako eskaini nahi diren lanpostuak, txanda librean eskaintzen diren lanpostuekin batera, eta bai barne-igoerarako diren lanpostuak bai txanda librekoak argi eta garbi egon behar dira bereiz.
Alde horretatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2018. urteko Lan Publikoaren Eskaintzak barne hartzen ditu aurrekontu esleipena daukaten eta langile berriak sartuta bete behar diren giza baliabideen beharrak, eta jaso egiten ditu, halaber, barne-igoerarako eskaini nahi diren unibertsitateko katedradunen kidegoetako lanpostuak, txanda librekoetatik bereizita.
Langileen birjarpen tasaren kalkulua Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaio, eta 2017an zerbitzua emateari utzi dioten langile finkoen kopuruaren araberakoa izango da, 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bat.7 artikuluan ezarritako kalkuluarekin bat etorriz. Kasu honetan, 9 lanpostukoa da, eta, aipatu Legearen 19.Bat.3.i) artikuluarekin bat etorriz, horietako bat ikertzaileentzat gorde beharko da, artikulu horrek ezartzen duen moduan.
Barne-igoeran eskain daitezkeen unibertsitateko katedradunen kidegoetako lanpostuen kopurua irakaskidegoetan sartzeko txanda libreko Lan Publikoaren Eskaintzan dagoen lanpostu kopuru bera da.
Bere titularra unibertsitateko irakaskidego batean sartzearen ondorioz 2017an bete gabe gelditu diren kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuen kopurua 7 izan da.
Ikusirik Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak egin duen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.
Irakaskuntza Batzordeak 2018ko ekainaren 27an egin zuen bileran bere txostena eman ondoren, hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2018ko uztailaren 5ean egindako bileran, hartu duen
ERABAKIA
Lehena.–Lan Publikoaren Eskaintza onestea.
Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70. artikuluan eta 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onetsi egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2018. urteko Lan Publikoaren Eskaintza.
Bigarrena.–Txanda irekiko lanpostuak.
2018. urterako txanda irekian eskaintzen den irakasle eta ikertzaileen lanpostu kopurua hau da:
I.–Irakasle eta ikertzaile funtzionarioak.
KIDEGOA | TALDEA | LANPOSTUAK GUZTIRA |
Unibertsitateko titularra | A1 | 8 |
II.–Lotura iraunkorra duten kontratupeko irakasle eta ikertzaileak.
KATEGORIA | LANPOSTUAK GUZTIRA |
Kontratupeko irakasle doktorea | 8 (*) |
(*) Lanpostu horietako bat I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat gordeta dago, 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bat.3.i) artikuluan jasotakoari jarraikiz. Gainerakoak bere titularra unibertsitateko irakaskidego batean sartzearen ondorioz bete gabe gelditu diren lanpostuak dira. |
Hirugarrena.–Barne-igoerako lanpostuak.
Unibertsitateko katedradunen kidegoan 2018. urterako barne-igoeran eskaintzen den lanpostu kopurua hau da:
KIDEGOA | TALDEA | LANPOSTUAK GUZTIRA |
Unibertsitateko katedraduna | A1 | 8 |
Laugarrena.–Hautaketa prozesuak.
Lan Eskaintza honetatik eratortzen diren hautaprobak arautzen dituzten oinarri espezifikoak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratu behar dira hiru urteko epean, lan eskaintza hau argitaratzen den egunetik aurrera, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoarekin bat.
Bosgarrena.–Hedapena.
Erabaki hau Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako Errektoreordetzara, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentura helaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.–Errekurtsoak.
Erabaki honen aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako lerrun bereko Epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2018ko uztailaren 26an.–Alfonso Carlosena, Errektorea.
Iragarkiaren kodea: F1809884