1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
103/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 25ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira 366 eredua (“Hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga. Autolikidazioa”) eta aipatutako zergaren jasanarazpena fakturan.
Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Plana, eta oinarrizko tresna da hondakinen kudeaketa eta prebentzio politika egiteko. Bere neurri eta ekintzen artean jaso du hondakinak ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga sortzea, Hondakin Planean berean jasotako neurriak finantzatzeko.
Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga sortu zen, Nafarroako Foru Komunitateak esleiturik dituen eskumenekin bat, Hitzarmen Ekonomikoaren 2.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Haren xedea da hondakinen birziklatzea eta balorizazioa sustatzea, eta hondakinak hondakindegietan ezabatzeak eta errausteak ingurumenean dakartzan eraginak murriztea.
Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen arabera, zergaren subjektu pasibo izanen dira, zergadun gisa, batetik, toki entitateak, hondakinak entregatzen dituztenean hondakindegi batean ezabatuak izan daitezen, dela zuzenean, dela Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren bidez; eta, bestetik, pertsona fisikoak eta juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatutakoak, hondakinak entregatzen dituztenean errausteko edo hondakindegi batean ezabatzeko.
Azken kasu horretan zergadunen ordezkoak izanen dira hondakinak era kontrolatuan gordetzeko edo hondakinak errausten diren hondakindegien edo instalazioen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak. Zergaduna eta ordezkoa pertsona fisiko bera edo entitate bera ez badira, ordezkoek zergadunei jasanaraziko diete zergaren zenbateko osoa. Ondorio horietarako, aipatutako 34. artikuluko 3. apartatuan Ogasunaren arloan eskuduna den departamentuaren titularra gaitzen da erabakitzeko zer modu eta epetan egin behar den ordezkoak zerbitzuaren prestazioa dela-eta zergadunari luzatzen dion fakturan egiten den zergaren jasanarazpena.
Bestalde, eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 38. artikuluaren 1. apartatuarekin bat, bai Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak –toki entitateak ordezkatuz– bai zergadunaren ordezkoek zergaren autolikidazioa aurkeztu beharko dute, zerga-zorra kalkulatu, eta dagokion diru-sarrera egin, betiere ogasun arloko gaietan eskuduna den departamentuaren titularrak foru agindu baten bidez ezarritako moduan, tokian eta epeetan. Nolanahi ere, aipatutako foru legearen lehenbiziko xedapen iragankorrak aurreikusi bezala, Hondakinen Erakunde Publikoa guztiz eratu bitartean Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak bere gain hartuko ditu eginkizun horiek. Halaber, denbora-tarte berean, Iruñerriko Mankomunitateak bere izenean beteko ditu zergaren autolikidazioa eta diru-sarrera egiteko eginkizunak berak hondakindegietan deuseztatzeko ematen dituen hondakinengatik.
Autolikidazioaren aldian zerga-egitaterik bat ere gertatu ez arren, berdin-berdin aurkeztu beharko da autolikidazioa.
Uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak (zeinaren bidez arautzen baita baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan) esku artean hartzen ditu teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzea eta hobetzea, tributuen aplikaziorako, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan, alde batetik zergapekoek errazago bete ahal izateko zerga-betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta, bestetik, haien eskubideak eta bermeak errespetatzeko, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzeko.
Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak aitorpenen aurkezpen telematikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabili ahal izateko aukera Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da bide telematikoa izan dadila sistema bakarra 366 eredua aurkezteko (“Hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga”) foru agindu honen bidez onesten baita.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zer kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.
Horrenbestez, Tributuari buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan emandako gaitasun orokorra erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. 366 eredua onestea.
1. 366 eredua onesten da (“Hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga. Autolikidazioa”), eta Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.
2. 366 eredua, 4. artikuluan ezarritakoarekin bat, Internetez telematika bidez aurkeztu beharko da, foru agindu honen 5. eta 6. artikuluetan hurrenez hurren aurreikusitako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.
Eredu hori formatu elektronikoan baizik ezin da eskuratu.
2. artikulua. 366 eredua aurkeztera behartuak.
Honako hauek daude beharturik 366 eredua aurkeztera, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat:
a) Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa, toki entitateen ordezkari gisa.
b) Hondakindegien titularrak edo hondakinak errausten diren instalazioen titularrak, pertsona fisikoen, juridikoen edo nortasun juridikorik gabeko entitateen ordezkari gisa, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen baitira.
3. artikulua. 366 eredua aurkezteko tokia eta epea.
Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein bulegotan aurkeztu beharko da 366 eredua, eta Nafarroakoa Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza-entitatetan egin beharko da diru-sarrera, ordainketa-gutunaren bitartez (500 eredua). Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko gaitzen duen beste edozein bide ere erabiliz egiten ahalko da diru-sarrera.
Hiruhileko bakoitzaren ondoko lehenbiziko hogei egun naturalean eginen dira 366 ereduaren aurkezpena eta diru-sarrera, kontuan harturik aurre-aurreko hiruhileko naturalean hondakindegian modu kontrolatuan uzten diren edo errausketa-instalazioetan sartzen diren hondakin tonen kopurua, horren arabera. Dena dela, bigarren eta laugarren hiruhilekoei dagozkienak abuztuaren 5a eta urtarrilaren 31 arte aurkezten ahalko dira, hurrenez hurren.
Dagokion aldian zerga-egitaterik gertatu ez arren, berdin-berdin
aurkeztu beharko da 366 eredua.
4. artikulua. 366 eredua aurkezteko modua.
366 ereduaren autolikidazioa telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez.
5. artikulua. 366 ereduko aitorpenak telematika bidez aurkezteko baldintza orokorrak.
1. 366 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).
b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz (horren bidez arautu zen baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan).
Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.
c) Ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat
(haren bidez onetsi zen atorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa), aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.
d) Aitortzaileak edo, hala bada, aurkezle baimenduak erabili beharko du Nafarroako Zerga Ogasunaren Interneteko web-orriko inprimakia, helbide honetan dagoena: http://www.hacienda.navarra.es.
e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.
2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.
6. artikulua. 366 ereduko aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko prozedura.
Aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko, prozedura hau erabiliko da:
1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.
2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
7. artikulua. Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergaren jasanarazpena fakturan.
1. Hondakinak errausten diren instalazioen edo hondakindegien ustiapenaren titularrek, pertsona fisikoen, juridikoen edo nortasun juridikorik gabeko entitateen ordezkari gisa (Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatutakoek) hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zergak sortutako kuotak osorik jasanaraziko dizkiete hondakinak entregatzen edo gordetzeko ematen dituzten pertsona edo entitateei, eta horiek nahitaez jasan beharko dituzte, beren artean edozein hitzarmen izanik ere.
2. Hondakindegiaren ustiapenaren titularrak zerbitzua emateagatik egiten duen fakturan sartuko da egoki den kuota, eta horrela jasanaraziko da zerga. Horretarako, fakturan kontzeptu hauek adieraziko ditu berariaz eta bereiz:
–Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga:
- Isuri mota.
- Utzitako tonak.
- Karga-tasa: euro/t.
- Jasanarazitako kuota: euro.
Salbuetsirik dauden eragiketak zeroko karga-tasarekin adieraziko dira.
3. Jatorrizko fakturak bi ale izanen ditu: jasanarazpena jasan duen zergapekoari emanen zaio horietako bat, eta bestea hondakindegiaren ustiapenaren titularrak hartuko du beretzat.
4. Hondakinak entregatzen direnean edo gordetzeko uzten direnean, hondakindegian ezabatzeko edo errausteko, faktura egin beharko da, jasanarazpena agertzen duena, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako gehieneko epeetan (foru dekretu haren bidez onetsi zen Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua).
Nolanahi ere, faktura bakarrean sar daitezke eragiketa zergapetu eta ez salbuetsien kuota sortu guztiak, baldin zergadun berberak egin baditu gehienez hilabete natural bateko epean, aipatutako apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako moduan (foru dekretu haren bidez onetsi zen Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua).
5. Ordezkoak egindako jasanarazpena jasan beharko du zergadunak. Nolanahi ere, zergadunaren ez-betetzeak ez du ordezkoa salbuetsiko egoki diren zenbatekoak ordaintzeaz.
Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Helbideratu daitezkeen ereduak.
366 eredua sartzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinean agertzen den zerrendan (helbideratu daitezkeen ereduen zerrenda), Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 25eko 187/2015 Foru Aginduan agertzen den testuaren arabera. Foru agindu horren bidez, hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
Bigarren xedapen gehigarria.–Bide telematikoz Internet erabiliz aurkez daitezkeen ereduak.
366 eredua sartzen da telematikoki Internet bidez aurkeztu beharreko aitorpen-likidazioen, autolikidazioen, urteko aitorpen-laburpenen edo informazio aitorpenen zerrendan, hain zuzen uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 1. artikuluko 3. apartatuan jasotakoan (foru agindu haren bidez arautu ziren aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak), Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 153/2009 Foru Aginduak emandako idazketaren arabera.
Xedapen iragankor bakarra.–Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari dagozkion betebeharrak betetzea.
Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa guztiz eratu bitartean, egungo Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak, partzuergoko entitateak ordezkatuz, eta Iruñerriko Mankomunitateak, bere izenean, beteko dituzte hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergaren autolikidazioarekin eta sarrerarekin lotutako eginkizunak.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, baina 2018ko uztailaren 1az geroztik izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2018ko uztailaren 25ean.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren ordez (Lehendakariaren uztailaren 5eko 11/2018 Foru Dekretua), María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1809483