150. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

48/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 13koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Gazte Txartelaren programaren esparruan “Mikroipuinak” 2018ko lehiaketaren deialdia, haren sariak emateko modua arautzen duten oinarriak eta 3.000 euroko gehieneko gastua (BEZa barne) onesten dituena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean ezarritakoaren arabera, zeinak 3. atalean Gazteriaren arloko politikak lantzen baititu. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) honako hau dio 1. apartatuan: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko ditu”.

Halaber, argigarria da 27. artikuluaren 2. apartatua –f) letra–, adierazten baitu gazteei zuzentzen zaizkien kultur politika horien xedeetako bat dela “artista gazteei laguntza ematea berariazko programen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko kultur eskaintza orokorrean sartuz”.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuan xedatutakoak sendotu egiten du eskumen hori, bai eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beraren estatutuek ere (abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak), gazteriaren esparruari berariaz heltzeko. Zehatz-mehatz, 24. artikulua Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren eginkizunei buruzkoa da, eta d) apartatuan honako hau dio: “Gazteen kultur sormena eta artean duten parte-hartzea bultzatzea ekintza hauen bidez: diru-laguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea, coworking guneak bultzatzea, arte egoitzak eta gazteen arte laborategia sortzea”.

Horrekin bat etorriz, abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak onetsitako NKGIren Estatutuek, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak dituen eginkizunei buruzko 24.d) artikuluan, honako hau diote hitzez hitz: “Gazteen kultur sormena eta artean duten parte-hartzea bultzatzea ekintza hauen bidez: diru-laguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea...”. 24. artikulu horrek, f) apartatuan, honako eginkizun hau esleitzen dio Atalari: “Gazte txartelaren eta nazioarteko beste txartel batzuen programak kudeatzea”.

Gazteriaren II. Planari jarraikiz eta Gazte Txartelaren programaren bidez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak mikroipuinen lehiaketarako deia egiten du; txartel horren titularrei zuzentzen zaie lehiaketa, eta haren helburu nagusia bakoitzaren nahiz gizartearen garapenarekin eta aniztasunarekiko errespetuarekin lotutako ekintzak betetzea da.

Lehiaketaren gaiak berdinen arteko harreman afektibo-sexualak dira: berdintasunezko harremanak, ekitatea, bereizkeria, afektibitatea, mikromatxismoak, botere-borrokak, independentzia, prozesu emozionalak, hurbilketak aniztasunean, ahalduntzea, autokontrola, maitasuna, komunikazioa, harremanetako rolak eta estereotipoak, sare sozialen erabilera.

Hauek dira lehiaketaren helburu nagusiak:

–Aztertzea gazteriaren ingurua, eta berdinen arteko jokabideak, jarrerak eta harremanen espazioak.

–Berdintasunezko harreman osasungarriak sustatzea.

–Ipuinen bidez gazteen ahotsak entzutea, protagonismoa izan dezaten Gazteriaren gaineko politiken prestaketan.

Deialdia Gazte txartelaren titularrak diren 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie.

Epaimahaiak hainbat alderdi baloratuko ditu: eskatutako gaiekiko ardura, pertsonaien sorrera, literatura-teknikaren gaineko kontrola, kontakizunaren egitura eta osaera, eta –oso garrantzitsua dena–, gaien trataera, arduren ekitateari eta berdintasunari dagokienez; literaturaren aldetik ondo idatzita dagoen mikroipuin batean, trataera horrek berdintasunari buruzko errealitate sozialean sakonduko du, eta kontakizun bat aztertu eta emanen du, gizarte eta hezkuntza eremuetan azterketa eta gogoeta egiteko balioko duena.

Honako hauek izanen dira epaimahaikideak: Uxue Juárez, epaimahaiburu arituko dena eta filologoa, literaturako irakaslea eta euskarazko zein gaztelaniazko idazlea dena; Adela González, Gazteriaren zuzendariordea; Nuria Álvarez, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko teknikaria; eta Mar Basail, epaimahaiko idazkari arituko dena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Mikroipuinak” 2018ko lehiaketaren deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, haren sariak emateko modua arautzen dutenak.

Foru agindu honi erantsi zaizkio lehiaketaren oinarri arautzaileak, epaimahaikideen zerrenda biltzen dutenak.

2. 3.000 euroko (hiru mila euro) gastua baimentzea lehiaketaren antolaketatik ondorioztatutako kostuei aurre egiteko; horietatik, 500 euro epaimahaiburuari ordainketa egiteko dira “Gazte Txartela” izeneko A50003 A5220 2269 232107 partidaren kargura (2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 661. erreserba). Gainerako 2.500 euroak 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko A50003 A5220 4809 232102 partidaren kargura emanen dira, eta horien ordainketak %19ko atxikipena izanen du PFEZren Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian sariak ordaintzeko xedatutakoa betetzeko.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak www.deporteyjuventudnavarra.es web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

Iruñean, 2018ko uztailaren 13an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

“Berdinen artean” mikroipuinen I. lehiaketa

Berdintasunezko harreman afektiboak. Eta zuk, nola ikusten duzu? Esateko asko duten gazteak.

LEHIAKETAREN OINARRIAK

Deialdiaren xedea

Ekintza hau sartuta dago Gazteriaren II. Planean, eta bete nahi dituen helburuak lotuta daude bakoitzaren nahiz gizartearen garapenarekin eta aniztasunarekiko errespetuarekin.

Harreman afektibo-sexualetan zaintzez eta desioez jabetzea aukera ederra da gure segurtasuna eta askatasuna errespetatzeko, beldurra baztertuta.

Mintza gaitezen pertsonen eta harreman posibleen aniztasunetik abiatuta, ahalduntzea bilatuz.

Duintasunezko eta arriskurik gabeko harremanak, uko egin gabe bakoitzak mugitzeko, adierazteko eta hausnartzeko duen askatasunari. Borondate partekatua, ez beste pertsona baten nahiak mugatutakoa.

Harreman hauetatik ezaupide berriak sortzen dira, eskubideen eta beharren errespetuari buruz.

Hedabideak, gizarte ingurua, kultura eta abar bidaltzen ari diren mezuaren oinarria desberdinkeria da, gizartean errotu diren mendetasunezko jarrerak “balioetsiz”, eta gazteek sarritan horiek imitatu besterik ez dute egiten.

Maitasuna sozializatzeko forma berriak daude, baita elkarrekin bizitzeko modu ugari ere. Horiek rol tradizionalak zalantzan jartzen dituzte eta ekitatezko harremanak pizten, rolak eta estereotipoak apurtuz.

Berdintasunezko harremanak askatasunaren gainean eraikitzen dira. Horregatik, harreman afektibo-sexual osasungarriak bultzatzen badira, askatasunean eta errespetuan oinarrituta, eta gizartean uxatu egiten da pertsona batek beste bat mendean hartzea.

Gazteen narrazioak irakurrita eta haien gainean hausnartuta, lekukotza egokiak eta behatoki bat eskuratzen dira, gazteek alor honetan dituzten jarrerak eta sentsibilitateak ezagutzeko. Gero, jarduerak antolatzerakoan aintzat hartuko dira mikroipuinetako proposamenak eta hausnarketak.

Gaiak

Mikroipuinek berdinen arteko harreman afektibo-sexualei buruz hitz egin behar dute: berdintasunezko harremanak, ekitatea, bereizkeria, afektibitatea, mikromatxismoak, botere-borrokak, independentzia, prozesu emozionalak, hurbilketak aniztasunean, ahalduntzea, autokontrola, maitasuna, komunikazioa, harremanetako rolak eta estereotipoak, sare sozialen erabilera.

1.–Lehiaketaren helburuak.

–Aztertzea gazteriaren ingurua, eta berdinen arteko jokabideak, jarrerak eta harremanen espazioak.

–Berdintasunezko harreman osasungarriak sustatzea.

–Ipuinen bidez gazteen ahotsak entzutea, protagonismoa izan dezaten Gazteriaren gaineko politiken prestaketan.

2.–Hartzaileak.

Gazte Txartela indarrean duen 14 eta 30 urte bitarteko edozein gaztek parte har dezake lehiaketa honetan.

3.–Dokumentazioa.

Obrak jatorrizkoak izan beharko dira, beste lehiaketa eta txapelketa batzuetan saririk jaso gabekoak.

Mikroipuina gaztelaniaz eta/edo euskaraz idatz daiteke.

Izenburua izanen du eta gehienez ere 500 hitz.

NANaren eta Gazte Txartelaren fotokopia.

4.–Aurkezteko epea eta tokia.

–Mezu elektronikoa igorri beharko da juventud@navarra.es helbidera.

–Mezuaren testuari bi artxibo erantsiko zaizkio: batak mikroipuinaren testua izanen du PDF formatuan eta besteak, berriz, eskabidea.

–Inskripzio fitxa erantsiko da, behar bezala betea eta egilearen datuak dituena; halaber, NAN/NIEren fotokopia, egilea Nafarroan bizi dela edo hemen jaio dela frogatzeko.

–Deialdiaren oinarriak eta inskripzio fitxa webgune honetan ikus daitezke: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu/azala. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarena da (Yanguas y Miranda kalea, 27, Iruña).

–Lanak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, eta azken eguneko 14:30ean amaituko da.

–Aipatutako epe, modu eta toki horietatik kanpo aurkezten diren testuak ez dira onartuko, ezta inskripzio fitxa osatu gabe dutenak ere.

5.–Aurkezten diren lanen balorazioa eta epaimahaia.

Aurkezten diren lanak balioesteko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:

–Uxue Juárez, euskarazko zein gaztelaniazko idazlea eta filologoa.

–Gazteriaren zuzendariordea edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Nuria Álvarez, Kulturako Departamentuko teknikaria.

–Mar Basail, Nafarroako Gazteriaren Zuzendariordetzako funtzionarioa, epaimahaiaren eztabaidei buruzko oharrak hartuko dituena eta hizpidea izanen duena, baina botorik ez.

Epaimahaiak aurkezten diren ipuinen balorazioa eginen du, honako irizpide hauei jarraikiz:

–Lehiaketaren helburuak betetzen diren.

–Literatura-kalitatea.

–Ipuinaren originaltasuna.

6.–Sariak eta aintzatespenak aurkezten diren lanik hoberenentzat.

Lehiaketarako onartzen diren ipuinen artean, epaimahaiak sei mikroipuin irabazle hautatuko ditu, eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren ipuinen kalitatea eta gaia ez badira lotzen txapelketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak epaimahaiaren erabakia emanen du aditzera bere webgunearen eta sare sozialen bidez. Horrekin batera, sariak emateko jendaurreko ekitaldia noiz eta non eginen den zehaztuko du.

Autore irabazleek ondoko sariak jasoko dituzte:

Sariak:

• 1.000 euro, 1. sariaren irabazlearentzat; beste bost mikroipuin hautatuentzat, 300na euroko saria. Gainera, Gazteriaren webgunean argitaratuko dira. Horien ordainketak %19ko atxikipena izanen du PFEZaren Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian sariak ordaintzeko xedatutakoa betetzeko.

Argitalpen bat plazaratuko da hautatutako lanak zabaltzeko, erreferentzia eta aztergaia izan dadin honako hauentzat: ikastetxeak, gazte elkarteak, gazteriaren etxeak, aisialdiko eskolak...

7.–Egile eskubideak.

Aurkezten duten mikroipuin bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte ipuinen egileek. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.

Hautatzen diren ipuinen egileek baimena ematen diote NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzari, haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau hedatzeko balio duen edozein baliabidetan.

8.–Jabetza intelektuala.

Lehiaketa honetan parte hartzen dutenek jarraian aipatzen dena adierazten dute berariaz eta bere gain hartzen dituzte adierazpen hori faltsutzetik datozen ondorioak, NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzari baimena ematean hura kalterik gabe utzita.

1. Aurkezten den mikroipuina eta haren zati guztiak erabat jatorrizkoak dira. Ipuinak ez du jabetza intelektualaren kargarik eta parte-hartzailea bera da haren egilea. Hau da, mikroipuina ez dago lotuta inolako akordio, kontratu, lizentzia, karga edo zergarekin, eta ez dago inskribatuta eskubideen kudeaketa kolektiborako entitateetan (estatukoetan nahiz nazioartekoetan).

2. Parte-hartzailea ez bada mikroipuinaren egilea edo besteren lanak sartu baditu barnean, berariaz adieraziko du lortu dituela behar diren baimen guztiak eta kalterik gabe uzten duela NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetza.

3. Mikroipuinak ez ditu urratzen hirugarrenen jabetza intelektualeko eta/edo industrialeko eskubideak, non eta ez dauden jabari publikoan, eta erantzukizunik gabe uzten du NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetza, hirugarrenek erreklamazioa egiten badute eskubide horiek urratu direlako.

4. Lehiaketa honetan aurkezten den mikroipuinari dagokionez, inolako ordainik jaso gabe libreki ematen da baimena –esklusiboa eta bere baitan hirugarrenei osorik edo zatika lagatzeko gaitasuna dakarrena–, sinkronizatzeko, erreproduzitzeko eta jendaurrean jartzeko, edozein euskarritan edo online eta offline formatuan eraldatuta banatzeko, mundu guztirako eta egungo legediak baimentzen duen epe osorako.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak parte-hartzaileek bere obren gainean dituzten eskubide moralak errespetatuko ditu.

9.–Antolatzailearen erantzukizuna.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskubidea atxikitzen du lehiaketa hau sustatzeko ekintzak laburtu, luzatu, aldatu edo bertan behera uzteko, ohiz kanpoko inguruabarrek eragozten badute ekintza horiek egitea, ahal dela parte-hartzaileei inolako kalterik eragin gabe. Antolatzaileak eskubidea atxikitzen du lehiaketa honen oinarriak aldatu eta zuzentzeko edo deialdia sustatzen duten egintzak bukatzeko, inolako erantzukizunik izan gabe ezein parte-hartzaile eta/edo finalistarekiko, edo, dagokionean, gurasoekiko nahiz legezko tutoreekiko. Halaber, eskubidea atxikitzen du behar bezala justifikatutako arrazoiengatik promozioetatik edozein parte-hartzaile baztertzeko, baldin eta deialdiaren ibilbide normalizatua aldatzen badu edo iruzur egiten badu, eta beste parte-hartzaile batzuen pribatutasun edo duintasun eskubideak urratzen baditu.

10.–Irudiaren babesa.

Deialdi honetako parte-hartzaileek bere borondatez eta espresuki baimena ematen diote –Ohorea, intimitate pertsonala eta familiarra eta norberaren irudia izateko eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoak xedatzen duenaren ondorioetarako– NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzari, haien irudiak edo hitzak hartzeko edozein grabaketa- edo erreproduzio-gailu erabilita, publizitateko liburuxketan sartzearren. Gainera, horregatik ez da ordainik jasoko eta ez da izanen erabiltzeko epe mugaturik.

11.–Datu pertsonalen babesa.

Deialdi honetan parte hartzeko, datu pertsonalak –besteak beste, helbide elektronikoa– bidaltzeak esan nahi du parte-hartzaileak baimena ematen duela, NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak, berak edo datuen kudeaketa nahiz tramitazioa egiten duten beste entitate batzuen bidez, datuak era automatikoan erabil ditzan publizitaterako; gainera, Zuzendariordetzak datu horiek fitxategi automatizatuan sartu ahalko ditu, eta horren arduraduna izanen da, etorkizunean parte-hartzailearekin komunikatzeko, baimena ematen delarik bide hori erabil dadin NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzaren komunikazioak jasotzeko, erakunde horrek berezkoak dituen helburu, jarduera, produktu eta zerbitzuei dagokienez. Hori guztia honako arau hauei jarraikiz: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onesten duena; eta 34/2002 Legea, ekainaren 11koa, Informazioaren Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzuei buruzkoa.

Parte-hartzaile interesdunek beren datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta, erabat edo hein batean, haien aurka jotzeko eskubideak erabil ditzakete, NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzara joanda (Yanguas y Miranda kalea, 27, Iruña). Prozedura honen oinarria da deialdian parte hartzen dutenek bere borondatez ematen duten baimena.

Sariak ematerakoan, ezinbestekoa bada, NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak datu pertsonalak jakinarazi ahalko dizkie hirugarrenei, beharrezkoa bada delako produktu edo zerbitzua kudeatzeko, emateko edo erabiltzeko, nahiz eta hirugarren horiek bizi diren herrialdeetako legediak ez bermatu Europar Batasunak bermatzen duen tankerako datu-babesa.

ERANSKINA

Izena emateko orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1809217