150. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

45/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 2koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira Nafarroako kirol federazioei 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak garatzeko diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.b) artikuluan, Foru Komunitateko administrazio publikoak premiatzen ditu Nafarroako goi mailako kirola bultzatzera, eta, 22.1 artikuluan, berariaz ezartzen da ezen Foru Komunitateko Administrazioak bultzatu eta sustatuko duela Nafarroako goi mailako kirola, hala behar denean Estatuko administrazioa lagun duela.

Foru lege horretan goi mailako kirolari buruz ezarritako aurreikuspenak otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren bidez garatu ziren, eta Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautu ziren. Aipatutako foru dekretuaren arabera, nazioko nahiz nazioarteko lehiaketa ofizialetan ahalik eta emaitza hoberenak lortzera bideratutako kirol praktika jotzen da Nafarroako errendimenduko kiroltzat, interesgarria baita Nafarroako Foru Komunitatearentzat oinarrizko kirola sustatzen duelako eta ordezkaritza lana egiten duelako.

Aipatutako arau juridikoek Nafarroako errendimenduko kirola bultzatzen dute interes publikoko bi arrazoirengatik:

1. Errendimenduko kirola funtsezko faktorea da Foru Komunitatearen kirolaren arloko garapenerako, eredu delako oinarriko kirolarientzat, baita kirolaren praktikan jarraitzeko eta harekin lotzeko gonbitea ere, Nafarroako errendimenduko kirolari izatea helburu. Bestalde, errendimenduko kirolak hainbat balio positibo proiektatzen ditu oinarrizko kirolarientzat: nork bere burua gainditzea, dedikazioa, helburuak lortzeko sakrifizioa, talde-lana sustatzea, etab.

2. Errendimenduko kirola Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkaria eta sustatzailea da nazioko eta nazioarteko eremuetan, komunitatearen sentimen kolektiboa irudikatzen duelako eta bere nortasun ikurrak agerian jartzeko aukera ematen duelako. Ordezkaritza hori erakusteko bideak dira, alde batetik, Nafarroako selekzioek Espainiako edozein kategoriatako lehiaketetan parte hartzea, eta bestetik, kirolari nafarrek horrelako lehiaketetan parte hartzea.

Esparru horretan, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak, 33. artikuluan, ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduerak sustatuko dituela horretarako laguntzen eta diru-laguntzen araubide baten bitartez.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean kirol jarduerak sustatzea dago, horretarako laguntza eta diru-laguntzak emanez. Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalari, berriz, Nafarroako kirol federazioekin batera kirola sustatzea dagokio, besteak beste, eta, bereziki, Nafarroako selekzioez eta teknifikazioaz arduratzea.

Halaber, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak kasuko kirol modalitatea sustatzeko eginkizuna esleitzen die federazioei, hala lehiaketako kirolaren esparruan, nola denontzako kirola sustatzeko arloan, eta, orobat, kasuko kirol modalitatearen araudi teknikoa ezartzeko eginkizuna ere bai. Kirol modalitate horretako selekzioen gaineko berariazko eginkizunak ere esleitzen dizkie, eta, horrenbestez, ahalmena dute selekzioak osatuko dituzten kirolariak hautatzeko eta selekzioek zein kirol jarduera edo lehiaketatan parte hartuko duten erabakitzeko.

Kirol federazioak kirol errendimenduko zenbait programa aurrera eramaten ari dira kirolean goi maila lortzeko asmoz eta Nafarroak Estatuan ordezkaritza izateko asmoz Nafarroako selekzioen bidez. Kontuan hartu beharra dago programa horiek gauzatzeak hainbat lehiaketatan parte hartzea dakarrela: prestaketarako lehiaketak (kontzentrazioak, lagunarteko lehiaketak, etab.) eta ofizialak (Espainiako txapelketetako azken faseak), hala teknifikazio programetakoak nola selekzioetakoak, bai azpiko kategorietan (kimuak, haurrak, kadeteak eta gazteak), bai absolutuan. Horregatik, kirol programa horiek finantzatzeko eta kirol federazioen programazio lana errazteko asmoz, diru-laguntzen deialdi bat sustatu da Nafarroako kirol federazioen kirol errendimenduko programei laguntzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako kirol federazioei 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak garatzeko diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiaren oinarriak onestea, kirol errendimenduko programak gauzatzeko 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31 bitarte. Halaber, honako hauek onestea: I. eranskina (Oinarri arautzaileak), II. eranskina (Eskabidea), III. eranskina (Aurrekontua), IV. eranskina (Justifikazio-kontua), V. eranskina (Konturako ordainketa), VI. eranskina (Auditorearen txostena), VII. eranskina (Kirolarien zerrenda), VIII. eranskina (Teknikarien zerrenda) eta IX. eranskina (Kluben eta federazioaren arteko akordioa).

Betiere, laguntzak emateko, dagokion aurrekontu-izendapena beharko da aurrekontuetan.

2. Deialdi hori aurrera eramateko, 635.000,00 euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

• 142.690,31 euro 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta selekzioak” izeneko A50002-A5120-4819-336110 partidaren kargura.

• 492.309,69 euro, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hori guztia, baita gainerako eranskinak ere, interesdunen eskura egonen dira nafarroa.eus webgunean.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2018ko uztailaren 2an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

1.1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako kirol federazioei 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak garatzeko diru-laguntzak emateko prozedura ezartzea. Diru-laguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz banatuko dira.

1.2. Kirol errendimenduko programa hauek izanen dira diru-laguntzen xede:

a) Teknifikazio programak: teknifikazio programatzat jotzen dira planteamendu tekniko eta zientifiko modernoak sistematikoki ezartzen dituztenak eta, gainera, kirol errendimendua hobetzera eta kirolari, teknikari eta epaileen emaitza kualitatibo eta kuantitatiboak lortzera bideratutako jarduketak sartzen dituztenak, baldin eta kirol prestakuntza orokorraren barrenean aurreikusten badute entrenamendu eta kontzentrazioak egitea eta estatuko eta/edo nazioarteko lehiaketa jakin batzuetan parte hartzea, alde batera utzita txapelketa nazionala edo kasuan kasuko kopa irabazteko aukera ematen duten lehiaketa ofizialak, autonomia erkidegoetakoak, sektoreko faseak eta antzekoak.

b) Selekzioetako programak: selekzioetako programatzat hartzen dira kirolarien eta teknikarien prestakuntza teknikorako eta kirol prestakuntzarako egiten diren aldi baterako programak, helburu dutenak kirol modalitate bateko Nafarroako selekzioak kirol emaitzarik hoberena lortzea Espainiako txapelketetan parte hartzen duenean Nafarroako Foru Komunitatea ordezkatuz. Programa horien helburu nagusia kideen lan taktiko eta kolaboratiboa da. Hori dela eta, kide baten baino gehiagoren baterako esku-hartze koordinatua duten talde-kirolei baino ez zaizkie zuzentzen.

c) Kirol hobekuntzako programak: hobekuntzako programatzat jotzen dira banakako kirol errendimendua hobetzera bideratutako jarduketak hartzen dituztenak eta 12 eta 30 urte bitarteko kirolarientzat direnak; nahiz eta kirolari horiek kirol maila eta aurrerapen egiaztatua duten, ez dituzte teknifikazio irizpideak betetzen edo, horiek beteta ere, haien federazioak ez du teknifikazio programarik, hori ez jasotzeagatik edo kirolarien gutxieneko kopuruaren edo adinaren baldintza ez betetzeagatik. Programa horiek banakako kiroletara bideratuko dira. Ahal dela, bai programa horietatik bai teknifikazio programetatik aterako dira modalitate horietako lurralde selekzioetan Nafarroa ordezkatzen duten kirolariak.

Federazio batek taldeko espezialitate bat eta banakako beste bat, argi eta garbi bereizita daudenak (igeriketa-waterpoloa; patinajea-hockeya, etab.) jasotzen baditu, NKGIk batera onartzen ahalko ditu teknifikazio programa edo hobekuntzakoa eta selekzioetakoa.

1.3. Deialdi honetako diru-laguntzak ez dira erabiliko NKGIren (Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua) beste deialdi berariazko batzuen xede izan daitezkeen jardueretarako. Orobat, diru-laguntza hauek ez dira erabiliko atzerrian egiten diren jardueretarako, salbu Europar Batasuneko herrialdeetan, Andorrako Printzerrian eta Marokon egiten direnetarako.

2.–Helburua.

Diru-laguntza hauen bidez helburu sozial hauek lortu nahi dira:

a) Nafarroako kirol federazioek garatzen duten Nafarroako kirol errendimendua sustatzea.

b) Entrenamendu prozesua etengabe planifikatzeko, kontrolatzeko, analizatzeko, ebaluatzeko eta aplikatzeko modua hobetzea, entrenamendu prozesuari kalitate hobea emanen dioten ezagutza eta baliabide tekniko eta zientifikoak sartuz.

c) Nafarroako kirol federazioek arlo horretan garatzen dituzten programetan gutxieneko kalitate estandar bat lortzea.

d) Prozesu horietan parte hartzen duten kirolarien kirol errendimendua igotzea eta haiek estatu mailan edo nazioartean dituzten emaitzak hobetzea, prestakuntza eta formakuntza tekniko eta espezializaturako programen bitartez.

e) Programez arduratzen diren entrenatzaileen prestakuntza eta maila teknikoa hobetzea.

3.–Onuradunak eta betebeharrak.

3.1. Nafarroako kirol federazioak izan daitezke diru-laguntza hauen onuradun, Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik badaude apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (dekretu horren bidez Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa arautu ziren).

3.2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Diru-laguntzen onuraduna izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

3.3. Kirol errendimenduko programek (teknifikaziokoak, selekzioetakoak eta hobekuntzakoak) betebehar hauek bete beharko dituzte:

A) Teknifikazioa. Kirol teknifikazioko programek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen ondorioetarako, kirol teknifikazioko programatzat hartzen dira baldintza hauek betetzen dituztenak: irizpide tekniko objektiboen arabera (emaitza ofizialak, sailkapeneko posizioak, selekzioan parte hartzeko deien kopurua) modalitatean onenak diren kirolariek horretan parte hartzea; programa gauzatzen den bitartean ordutegi zehatzetan eginen diren berariazko entrenamenduen atalean finkatutako gutxieneko entrenamendu saio kopurua egitea; gutxienez instalazio nagusi bat izatea; eta programan aurreikusitako helburuak lortzeko behar diren entrenamendu, kontzentrazio eta jardueren programazioaz arduratzen den teknikari edo entrenatzaile batek zuzentzea programa.

a.1. Kirolariak hautatzeko modua.

Programan parte hartuko duten kirolariak hautatzea kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioaren erantzukizuna izanen da, irizpide hauei jarraikiz:

1.–Programan parte hartzeko hautatzen diren kirolariek kirol lizentzia ofiziala indarrean eduki beharko dute.

2.–Banakako kiroletan, 16 urteko kirolariak eta hortik gorakoak, salbu eta, kirolaren ezaugarri bereziengatik, egoki den kirol federazioak eskaera arrazoitua eginda, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez onartzen dituen kirol modalitateetan.

3.–Nafarroan erroldatua izatea, Nafarroako klub bateko kide izatea eta teknifikazio jarduera egitea talde baimendu batean.

4.–Kirol maila.

4.1.–Banakako kirolak:

–Olinpiar modalitate eta probetan: sektoreko faseetan edo antzekoetan, Espainiako kategoria absolutuko txapelketetan parte hartzeko eskatzen den gutxieneko marka lortu izanik, gero txapelketa horietan 12 lehenbizikoen artean eta azpiko kategorian 4 lehenbizikoen artean gelditzen direnak. Parte hartzeko gutxieneko markarik eskatzen ez den txapelketetan, gutxieneko beharkizuna izanen da kategoria absolutuan 8 lehenbizikoen artean sailkatzea eta azpiko kategorietan 3 lehenbizikoen artean. Emaitza horiek baliozkoak izateko, proban 10 kirolarik gutxienez parte hartu beharko dute, gutxienez ere 8 autonomia erkidego ordezkatuta.

Parte-hartzeari eta ordezkaritzari buruzko gutxieneko mailak bete ezean, kategoria absolutuan, dominak ematen dituen horretan, 5 lehenbizikoen artean sailkatu beharko da kirolaria, eta azpiko kategorian 3 lehenbizikoen artean.

–Olinpiarrak ez diren modalitate eta probetan, eta betiere gutxienez 10 kirolarik parte hartzen badute eta gutxienez ere 8 autonomia erkidego ordezkatuta badaude: kirolariek frogatu beharko dute kategoria absolutuan, dominak ematen dituen horretan, 5 lehenbizikoen artean daudela eta azpiko kategorian 3 lehenbizikoen artean.

Parte-hartzeari eta ordezkaritzari buruzko gutxieneko mailak bete ezean, Europako edo munduko txapelketan 10 lehenbizikoen artean sailkatu beharko da kirolaria.

16 urtetik beherakoek, halakorik bada, 16 urtetik gorako kategorietako emaitzak frogatu beharko dituzte.

Federazioek emaitza horiek frogatu beharko dituzte.

Kirolari bat Kirol Teknifikazioaren Zentro batean egon daiteke baldin aurreko puntuan azaldutako emaitzak lortu baditu aurreko bi urteetan.

Programa bat ezartzeko, gutxienez 4 kirolari beharko dira, eta gehienez 15, aurreko puntuaren arabera eratzen den espezialitate edo modalitate bakoitzeko. Salbuespen gisa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez baimena ematen ahalko du ezarritako parte-hartzaile kopuru horretara iristen ez den teknifikazio programa bat egiteko, kirolarien mailaren arabera.

Programa onetsitakoan, beharren arabera osatzen ahalko da hori, gaitasun handiko kirolari laguntzaileekin, gainerako kirolarientzat entrenamendu baldintza hobeak bermatuko dituztelakoan. Talde horretako kirolariak ez dira inoiz ere joko errendimenduko kirolaritzat arrazoi horrengatik.

4.2.–Talde-kirolak: federazioek talde-kiroletako teknifikazio programa bat aurkez dezakete baldin selekzioen programarik ez badaukate proposatutako teknifikazio programaren xede den adinen kategorian edo goi mailako kirola egituratzeko proiektuen barnean badaude. Taldekako kirol modalitateetan, Nafarroako eta Espainiako azpiko kategorietan nabarmendu diren kirolariek parte hartzen ahalko dute teknifikazio programetan.

Kirolari horiek hautatzea egoki den federazioari dagokio, irizpide tekniko oinarrituak erabiliz, zeinak berariaz jaso beharko baitira aurkeztutako programaren dokumentazioan.

TEKNIFIKAZIOAREN

BALDINTZAK

OLINPIAR MODALITATEA ETA PROBA (*)

OLINPIARRAK EZ DIREN MODALITATEA

ETA PROBA

Kategoria

Absolutua

Azpikoa

Absolutua

Azpikoa

Banakako kirola

10 parte-hartzaile eta ordezkatutako 8 autonomia erkidego edo gehiago.

Gutxieneko marka eskatuz gero, 12 lehenbizikoen artean.

Gutxieneko marka ez eskatuz gero, 8 lehenbizikoen artean.

Gutxieneko marka eskatuz gero, 4 lehenbizikoen artean.

Gutxieneko marka ez eskatuz gero, 3 lehenbizikoen artean.

5 lehenbizikoen artean

3 lehenbizikoen artean

10 parte-hartzaile eta ordezkatutako 8 autonomia erkidego baino gutxiago

5 lehenbizikoen artean

3 lehenbizikoen artean

10 lehenbizikoen artean Europako edo munduko txapelketan

Talde-kirola

Selekziorik ez izatea. Azpiko selekzioetan nabarmenduak.

(*) Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 2020ko eta 2022ko Olinpiar Jokoen (udakoak eta negukoak, hurrenez hurren) egitarau ofizialean jasotako olinpiar modalitate eta probak.

Desgaitasuna dutenek bakarrik parte hartzeko diren modalitate, espezialitate eta probetan (kirol egokitua), aipatutako irizpideen antzekoak direnei jarraituko zaie, paralinpikoak eta ez-paralinpikoak bereizita.

Eskatzen diren baldintzak gutxienekoak dira. Hala ere, federazio bakoitzak hautaketa-irizpide murriztaileagoak aplikatzen ahalko ditu, funtzionamendu eta jarraipen onenei begira beharrezkotzat joz gero.

a.2. Iraupena eta ordutegia: banakako kiroletan, denboraldiak iraun bitartean, programak gutxienez 2 saio izanen ditu astean, bi egunean behin, saio tekniko-taktikoak eta prestaketa fisikokoak kontatuta. Kontzentrazioaldi intentsiboak ere izan daitezke, eta komeni da horiek lehiaketarik ez dagoenean edo opor garaian egitea.

a.3. Zuzendari tekniko eta/edo entrenatzaile arduraduna, Jarduera Fisikoaren Zientzietako graduko titulazioa edo antzekoa gutxienez duena, baita modalitateko espezialitatea ere, edo goi-mailako teknikaria edo III. mailakoa federazio iragankorretan. Halaber, federazio titulu propioak onartuko dira, maila gorenekoak betiere, edo teknifikazio programetako kirolariekiko 5 urteko gutxieneko esperientzia frogatzen dutenak. Federazioan ez badago maila horretako teknikarien gutxieneko kopururik edo kualifikazio hori existitzen ez bada, federazio horrek bermatuko du teknikariak ahalik eta titulazio gorenena izatea.

Teknifikazio programa bakoitzak programaz arduratzen den entrenatzaile bat izan beharko du. Hainbat modalitate edo espezialitate dituzten federazioetan, arloko edo espezialitateko arduraduna ere egoten ahalko da, bidezko justifikazio teknikoa duena, NKGIk baliozkotua.

Modu osagarrian, beste eremu batzuetako teknikariak (psikologoa, prestatzaile fisikoa eta abar) egoten ahalko dira, komenigarritzat jotzen direnak, organo kudeatzaileak horretarako oniritzia emanez gero.

a.4. Nafarroako Kirol Jokoetako modalitateak/espezialitateak izanen dira kontuan hartuko direnak.

a.5. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak azterketa medikoa eta ekokardiograma egitea nahitaez. Nork bere borondatez test fisikoak eta entrenamendu koadernoaren jarraipena egitea. Testak egiteak eta koadernoaren bidez entrenamenduaren jarraipena gauzatzeak lehentasuna ematen diete honako zerbitzu hauen zerrendetan, test horiek egiten ez dituzten eta entrenamenduaren kontrola gauzatzen ez duten kirolarien aldean: errehabilitazioa, fisioterapia, dietetika eta nutrizioa, neke kronikoa, entrenamendurako aholkularitza eta abar.

B) Selekzioak: Selekzioetako programek bete beharreko baldintzak.

Modalitate kolektiboetako eta taldekako modalitateetako programatzat joko dira programak justifikatzen duenean parte-hartzaileak bateratzeko asmoz taktika kolektiboko lan bat egiten dela.

b.1. Kirolariak hautatzeko modua: Programan parte hartzeko hautatzen diren kirolariek kirol lizentzia ofiziala indarrean eduki beharko dute, eta 12 urteko edo hortik gorako kategorietako kirolariak izan, Espainiako txapelketetara edo bertako kirol modalitateetako (herri kirolak eta pilota) autonomia erkidegoen arteko edo nazioarteko txapelketetara Nafarroako selekzioetako kide gisa parte hartzen dutenak.

b.2. Garatu beharreko jardueren programazioa parte hartuko den Espainiako txapelketen datak kontuan hartuta egin beharko da, horixe baita lehentasunezko helburua. Garapena hedagarria izaten ahalko da, eta, halaber, aldi intentsiboak egin daitezke, lehiaketarik gabeko garaietan edo oporraldietan.

b.3. Zuzendari tekniko eta/edo entrenatzaile arduraduna, Jarduera Fisikoaren Zientzietako graduko titulazioa edo antzekoa gutxienez duena, baita modalitateko espezialitatea ere, edo goi-mailako teknikaria edo III. mailakoa federazio iragankorretan. Halaber, federazio titulu propioak onartuko dira, maila gorenekoak betiere, edo teknifikazio programetako kirolariekiko 5 urteko gutxieneko esperientzia frogatzen dutenak. Federazioan ez badago maila horretako teknikarien gutxieneko kopururik edo kualifikazio hori existitzen ez bada, federazio horrek bermatuko du teknikariak ahalik eta titulazio gorenena izatea. Talde tekniko bat izanen da; selekzio bakoitzeko entrenatzaile arduradun bat eta teknikari laguntzaile bat izanen dira hartan, baita zuzendari teknikoa ere.

b.4. Nafarroako Kirol Jokoetako modalitateak/espezialitateak izanen dira kontuan hartuko direnak.

b.5. Kirolariek azterketa medikoa eta ekokardiograma egin beharko dituzte Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan. Baliabideak erabilgarri badaude eta betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren agendaren arabera, beste zerbitzu batzuk jasotzen ahalko dituzte, adibidez, test fisikoak egitea, lesioei buruzko kontsultak, dieta, entrenamendurako aholkularitza eta zentro horrek eman ditzakeen beste batzuk.

C) Hobekuntza.

c.1. Kirolariak hautatzeko modua:

Programan parte hartzeko hautatzen diren kirolariek kirol lizentzia ofiziala indarrean eduki beharko dute, eta 12 eta 30 urte bitartekoak izan.

–Olinpiar modalitate eta probetan, parte hartzen ahalko dute Nafarroako txapelketetan sailkatutako 4 lehenbizikoek eta/edo estatuko txapelketetako edo nazioko sailkapeneko 20 lehenbizikoek. Dena den, federazio bakoitzak neurri handiagoan murritz ditzake hautaketa-irizpideak.

–Olinpiarrak ez diren modalitate eta probetan, Espainiako kategoria absolutuko txapelketan, non eta 10 kirolarik gutxienez parte hartu beharko baitute, gutxienez ere 8 autonomia erkidego ordezkatuta, 8 lehenbizikoen artean dagoela frogatu beharko du kirolariak. Parte-hartzeari eta ordezkaritzari buruzko gutxieneko mailak bete ezean, 5 lehenbizikoen artean sailkatu beharko da kirolaria. Azpiko kategorietan, 5 lehenbizikoen artean dagoela frogatu beharko du kirolariak.

–Kirola sustatzeko eskola kanpainak dituzten federazioek ere hobekuntzako programa aurkezten ahalko dute.

Programak 4 kirolari gutxienez eta 30 gehienez izanen ditu federazioko.

HOBEKUNTZAREN BALDINTZAK

OLINPIAR MODALITATEA ETA PROBA (*)

OLINPIARRAK EZ DIREN MODALITATEA ETA PROBA

Kategoria

Absolutua

Azpikoa

Absolutua

Azpikoa

Banakako kirola

Espainiako txapelketako edo nazioko sailkapeneko 20 lehenbizikoak.

Nafarroako txapelketako 4 lehenbizikoak.

Espainiako kategoria absolutuko txapelketan, non eta 10 kirolarik gutxienez parte hartu beharko baitute, gutxienez ere 8 autonomia erkidego ordezkatuta, sailkatzen diren 8 lehenbizikoak.

Bestela, 5 lehenbizikoak.

5 lehenbizikoak.

(*) Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 2020ko eta 2022ko Olinpiar Jokoen (udakoak eta negukoak, hurrenez hurren) egitarau ofizialean jasotako olinpiar modalitate eta probak.

Kirol egokituaren berezitasuna dela-eta, federazio horretako kirolariei ez zaizkie parte hartzeko irizpideak eskatuko, ezta adinari lotutakoak ere.

c.2. Iraupena eta ordutegia: 15 saio gutxienez planteatzen dira, modu hedagarrian eta/edo trinkoan garatzen ahalko direnak.

c.3. Zuzendari teknikoak eta/edo entrenatzaileak/entrenatzaileek II. mailako titulazioa edo horren baliokidea eduki beharko dute, edo bestela, gutxienez 3 urteko esperientzia antzeko karguetan. Federazioan ez badago maila horretako teknikarien gutxieneko kopururik edo kualifikazio hori existitzen ez bada, bermatuko da teknikariak ahalik eta titulazio gorenena izatea.

c.4. Nafarroako Kirol Jokoetako modalitateak/espezialitateak izanen dira kontuan hartuko direnak, federazio batek arrazoizko eskaera, berezia izateagatik NKGIren oniritzia duena, egin ezean.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean. Bestela, kirol errendimenduko programa orori baja ematen ahalko zaio, batzorde teknikoak hala erabakiz gero.

Nahiz eta NKGIren ustez federazio batek aurkeztutako programak teknifikazio programatzat eta/edo selekzioetako programatzat jotzeko behar diren baldintzak ez bete, hobekuntzako programatzat jotzen ahalko da, horretarako behar diren baldintzak betetzen baditu eta kasuko federazioak bere adostasuna agertzen badu.

4.–Aurrekontuetako kreditua.

Deialdi honetarako baimendutako guztirako gastua 635.000,00 eurokoa da. Horietatik 142.690,31 euro aurrekontuko partida honen kargura joanen da: 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta Nafarroako selekzioak” izeneko A50002-A5120-4819-336110 partida. 492.309,69 euro, aldiz, 2019. urteko aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida ekonomikoaren kargura joanen da.

5.–Gastu diruz lagungarrien kontzeptua.

Ondoren azaltzen diren ataletako gastuak bakar-bakarrik izanen dira %100 diruz lagungarriak, baldin diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zuzeneko lotura baldin badute zalantzarik gabe eta diruz lagunduko diren jarduerak egiten diren aldi berari baldin badagozkio.

5.1. Teknikariak.

a) Programetako teknikariei dagozkien gastuak. Aldi berean federazioaren eginkizun teknikoetan eta federazioaren berariazko programei loturiko bestelako eginkizunetan aritzen diren langile kontratatuen kasuan, eskabidean ongi zehaztuko da alderdi horietako bakoitzari aplikatzen zaion portzentajea, atal honetan dagokion gastu diruz lagungarria banatzeko, baina ezin izanen da inola ere gainditu kostuaren %50 deialdi honen ondorioz. Hori egiaztatzeko, federazio eskatzaileak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beste deialdi batzuetan aurkeztutako dokumentazioa aztertuko da.

b) 2018ko irailetik aurrera eginen diren langileen kontratazio berrietarako, programen arduradunak izanen diren langileak kontratatzeko, diru-laguntza emanen da, bakar-bakarrik, baldin eta kontratazio prozesua irizpide hauei jarraikiz egin baldin bada: txosten bat prestatzea kontratazio beharraren arrazoiak eta prozesuan segituko diren urratsak azaltzeko: eskatzen diren tituluak, esperientzia, beste betebehar batzuk, aplikatuko den puntuazio baremoa, eginen diren probak, eginkizunak, ordainsariak (kasuan kasuko sektorearen hitzarmen kolektiboan finkatutako kopuruak gainditu gabe), deialdiaren publizitatea, etab.; horrez gainera, federazioaren estatutuetan horrelako kontratazioak egiteko ezarrita dauden prozedurak bete beharko dira. Prozedura horren arabera kontratatzen diren langileek ez dute inolako kontratuzko lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin: deialdi honen arabera, diru-laguntza jaso dezaketen langileak besterik ez dira izanen.

5.2. Jarduera osagarriak. Kontzeptu diruz lagungarriak:

a) Joan-etorrietako gastuak txapelketetara, kontzentrazioetara, clinic gisakoetara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetara joateko. Kontzeptu honen barrenean lagungarriak diren gastuak honako hauek dira:

I.–Auto partikularrak erabiliz gero, kilometro bakoitzeko 0,20 euro kalkulatzetik ateratzen den zenbatekoa, lau parte-hartzailerentzat (edo dagokion zatikiarentzat).

II.–Garraio publikoa erabiliz gero, fakturaren bidez justifikatzen den zenbatekoa.

III.–Autobus zerbitzua kontratatuz gero, fakturaren bidez justifikatzen den zenbatekoa.

Kirolariak beren bizilekutik ohiko entrenamendu zentrora joateko bidaiak ez dira inola ere aintzat hartuko.

b) Ostatu eta mantenu gastuak txapelketetara, kontzentrazioetara, clinic gisakoetara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetara joateko. Erabilitako establezimenduek fakturatutako gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

c) Txapelketetako, clinic-etako, prestakuntza ikastaroetako eta programan zehaztutako antzeko beste jarduera batzuetako inskripzio gastuak.

d) Bankuetako gastuak: bankuen komisioak (transferentzietakoak, mantentze-lanetakoak, erreziboak kobratzekoak, etab.) eta finantzaketa-interesekoak (maileguak, kreditu kontuak, etab.). Gastu horiek diru-laguntza hartzen ahalko dute baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Banketxeetako kontuetako interes zordunak salbuetsita daude (kontu korronteetako zorpekoak).

5.3. Antolamenduaren eta materialen gastuak.

a) Errendimendu programan jasotakoaren arabera, errendimendu programak gauzatzeko berariazkoa den kirol material suntsikorra eta ez-inbentariagarria erosteko gastuak. Suntsikortzat jotzen da erabiliaren erabiliaz hondatzen den, urtebeteko gehieneko iraupena duen eta inbentariagarria ez den materiala. NKGIk aholkularitza eman eta erabakia hartuko du zalantzazko kasuetan. Material inbentariagarri gisa har daitekeena erostea ez da inola ere diruz lagunduko.

b) Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak. NKGIk errendimendu programen eskura jartzen ditu dohainik bere instalazioak, NKGIren Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 10eko Erabakian jaso bezala (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa). Instalazio horietan selekzioren batentzako tokirik ez badago, kluben eta bestelako entitateen doako lankidetza bilatu beharko da. Instalazioak alokatzeko gastuak ezinbesteko eta ohiz kanpoko kasuetan baizik ez dira onartuko. Alokairu gastu horiek onartuak izateko, instalazioen falta eta horien beharra kasuz kasu baloratuko du organo kudeatzaileak.

c) NKGIk baimentzen dituen programak gauzatzeko behar diren bestelako gastuak. Arropa-garbiketako eta arbitrajeetako gastuak ez dira aintzat hartuko.

6.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

6.1. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

6.2. Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

6.3. Eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.4. Eskaera telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Deialdian aurkezteko eskaera-inprimakia egiteko, https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu web-orrian eskura dagoen dokumentua erabili behar da (II. eranskina).

b) Errendimendu programaren proiektua 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitarte osorako. Atal hauek jaso beharko dira:

b.1) Programaren helburu orokorrak.

b.2) Programaren helburu berariazkoak.

b.3) Programako kirol teknikarien taldea. Teknikarien taldeko kideen izena eta bi abizenak eta bakoitzaren kirol titulazioa adierazi beharko dira (VIII. eranskina). Tituluen kopia erantsi beharko da, edo Federazioaren ziurtagiria, lehendakariak sinatua, non antzeko karguetan dituen esperientzia urteak adieraziko baitira, eta duela gutxi ateratako argazki bat, NANerako neurrikoa.

Programaren teknikari arduradunak kirol errendimenduko taldeko kirolarien klubeko entrenatzaileekin koordinatu beharko dira entrenamenduen, proba fisikoen eta abarren gaineko informazioa elkarri trukatzeko.

Teknifikazio programako arduradun teknikoak programatzen diren jardueretan izaten den bertaratzearen gaineko datuak jaso beharko ditu (entrenamenduak, kontzentrazioak, lehiaketak eta, hala badagokio, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko arduradunekin egin beharreko proba fisiko eta medikoak), baita taldeko kideen egoera fisikoaren bilakaerari eta kirol emaitzei buruzkoak ere.

b.4) Federazioaren kasuan kasuko organoak onartuta, programan parte hartzen duten kirolariak hautatzeko irizpideak.

b.5) Programan parte hartuko duten kirolarien zerrenda. Kirolari bakoitzaren izena, abizenak, jaiotze data, kluba eta kirol merezimenduak adieraziko dira, zehaztuta ea goi mailakoa den edo beste errendimendu maila batekoa. Teknifikazio programetako kirolariek duela gutxi ateratako argazki bat erantsi beharko dute, NANerako neurrikoa. (VII. eranskina).

b.6) Irizpide objektiboen arabera programetan sartzeko moduko kirolariak dauzkaten kluben eta kirol federazioaren arteko akordioa, kirol errendimenduko programa abian jarri eta gauzatzeari buruz eta bertan parte hartuko duten kirolariei buruz. Errendimenduko programa batean parte hartzeko beharkizunak betetzen dituzten kirolariak dauzkaten klub guztiek jaso beharko dute programan parte hartzeko gonbitea, egoki den federazioaren aldetik. Klub batek edo zenbaitek uko egiten badio(te) eta horrek berekin baldin badakar programak ez dituela kirolari hoberenak, Zuzendariordetzak erabaki dezake, arrazoituta, programa ez onartzea. (IX. eranskina).

b.7) Programazioa eta metodologia.

b.8) Jardueren programa, egutegi baten araberakoa. Jarduera guztiak adierazi beharko dira (entrenamenduak, kontzentrazioak, prestaketarako lehiaketak, kontrol fisikoak, proba medikoak, ahal dela datak eta ordutegiak zehaztuta, clinic-ak, prestakuntza ikastaroak, etab.). Jardueraren xedea, tokia, egunak eta parte-hartzaileak zehaztuko dira. Teknifikazio taldeko kirolariek gutxienez proba fisikoen bi multzo egin beharko dituzte denboraldi bakoitzean.

b.9) Instalazioak. Erabiliko diren instalazioak zehaztuko dira.

b.10) Kirol material suntsigarria edo ez-inbentariagarria, kirol errendimenduko programarako berariazkoa dena. Zehaztu beharko da zer material den eta erosketa kostua zein izan den. Gomendatzen da organo kudeatzailearekin aurretik hitz egitea.

b.11) Segimendurako eta ebaluaziorako prozedura. Une oro, entrenamenduaren kontrola eta erregistroa bermatuko da, eta horrek berekin ekarriko du kirolari bakoitzaren banakako bilakaeraren erregistro objektiboa, teknifikazioko kirolarien kasuan.

c) Teknifikazioko, selekzioetako eta/edo hobekuntzako programari dagozkion gastu diruz lagungarrien aurrekontua, behar bezala antolatua eta aurreko oinarriko atal bakoitzerako ezarri diren 3 taldeetan xehakatua: teknikariak, jarduera osagarriak, eta antolamenduaren eta materialen gastuak, 2018ko irailaren 1etik azaroaren 15era bitartekoak. Eta beste bat 2018ko azaroaren 16tik 2019ko abuztuaren 31ra. Beharrezkoa denean, programaren diru-sarrerak aipatuko dira (III. eranskina).

d) Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak egindako ziurtagiria, gehienez hilabeteko antzinatasuna izanen duena, egiaztatzeko Foru Ogasunarekiko zerga betebeharretan egunean dagoela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

e) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ezen ez dela urratzen, onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik. Horretarako, II. eranskin gisa erantsitako eredua erabiliko da.

g) Hala badagokio, Nafarroako kirol federazioko lehendakariak eta idazkariak sinatutako aitorpena, zehazten duena federazioak zein diru-laguntza jaso asmo dituen beste entitate batzuetatik diru-laguntza hauen xedeko programetarako.

7.–Antolaketa eta instrukzioa.

7.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da diru-laguntza hauek emateko prozeduraren antolamendu eta instrukziorako organo arduraduna, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalaren bitartez.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

7.2. Organo horrek aurkezten den dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela eskatzen ahalko die federazio eskatzaileei.

7.3. Federazio eskatzailearen helbide elektroniko gaituaren bidez eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoetan ezarri dena.

7.4. Instrukzio organoak diru-laguntzak emateko proposamena igorriko dio NKGIko zuzendari kudeatzaileari.

8.–Diru-laguntza emateko prozedura eta diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzea.

8.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da diru-laguntzak emateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

8.2. Kalkulurako prozedura:

a) Lehenik, kirol federazioek aurkeztutako proiektu bakoitza baloratuko da, kontuan izanik bakar-bakarrik diruz lagungarriak diren kontzeptuak, deialdi honen arabera.

b) Teknifikazioko eta/edo selekzioetako programengatik federazioek jasotzen duten diru-laguntza honako taula honen arabera ezarriko da, bi programak izanez gero bien batura kontabilizatuko dela kontuan hartuta:

0 eurotik 10.000 euro bitarte

100%

10.001 eurotik 15.000 euro bitarte

%99

15.001 eurotik 20.000 euro bitarte

98%

20.001 eurotik 25.000 euro bitarte

%97

25.001 eurotik 30.000 euro bitarte

%96

30.001 eurotik 35.000 euro bitarte

95%

35.001 eurotik 40.000 euro bitarte

%94

40.001 eurotik 45.000 euro bitarte

%93

45.001 eurotik 50.000 euro bitarte

%92

50.001 eurotik 55.000 euro bitarte

%91

55.000 eurotik gora

%90

c) Hobekuntzako programei dagokienez, diru-laguntza honako taula honen arabera ezarriko da:

0 eurotik 10.000 euro bitarte

%90

10.001 eurotik 25.000 euro bitarte

%85

Bateraezina izanen da selekzioetako programekin, argi eta garbi bereiz daitezkeen banakako edo taldeko modalitateak dituzten federazioen kasuan izan ezik. Diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa da.

d) Errendimenduko (teknifikazioa, selekzioak eta hobekuntza) programa guztietarako gehieneko muga bat izanen da diru-laguntzetarako: 60.000,00 euro federazioko.

e) Aurreko kalkuluaren emaitza handiagoa bada deialdirako dagoen partida baino, aurkeztutako eskaera guztien artean hainbanaketa eginen da.

9.– Eskaera berregitea.

9.1. Aurkeztutako eskaerak aztertuta, Kirolaren Zuzendariordetzak federazio guztiei jakinaraziko die laguntzak emateko prestatu duen proposamena, eta hamar egun balioduneko epea emanen die eskaera berriz egiteko, hurrengo atalean xedatutakoari jarraikiz.

9.2. Proposatutako diru-laguntzarekin batera 8. oinarriko 2.e) atalean adierazitako hainbanaketa ere jakinarazten bada, federazioek zilegi izanen dute eskaera berriz egitea hasierako eskaeran adierazitako jarduera berberetarako, gastu-konpromisoak eta baldintzak kontzeptu diruz lagungarri bakoitzerako eman daitekeen zenbatekora doitzeko. Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeraren atal bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideak ere. Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Hasierako eskaeran adierazitako kopuruak bere horretan mantenduko dira, hala kirol federazioaren baliabide propioekin finantzatuko direnak nola jardueraren berariazko baliabideekin finantzatuko direnak (kuotak, babesak, etab.).

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko diru-laguntzak finkatzean, eranskin honen 5. oinarrian ezarritako kontzeptu diruz lagungarriak errespetatu beharko dira.

c) Ez da onartuko hasierako aurrekontuaren %80etik beherako zenbatekoa ezartzen duen berregiterik.

9.3. Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko behin betiko ebazpena eman dezan.

10.–Jarduera berrietarako eskaera.

10.1. Laguntzak banatzeko ebazpena eman ondoren, federazioek, eskabide bidez, jarduera berri baterako diru-laguntza eska dezakete (aurreikusitako jarduera baten funtsa aldatzea jarduera berritzat hartuko da), betiere jarduera 5. oinarriko ataletako batean sartuta badago. Hasiera batean aurreikusitako jarduera bat ordezteko eskaerak ere onartuko dira. Horri dagokionez, federazioak diru-laguntzen eskaera aurkeztu ondoren egiten direnak baizik ez dira hartuko jarduera berritzat.

Jarduera berri bakoitzerako txosten bat aurkeztu beharko da, adieraziz xedea, non egin den, eguna, parte-hartzaile kopurua, aurrekontua eta programaren gainerako zatiekin duen lotura.

Jarduera berritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, lehiaketetara, kontzentrazioetara, clinic-etara, prestakuntza ikastaroetara eta programan zehazten diren antzeko beste jarduera batzuetara joatearekin zerikusia dutenak.

10.2. Eskaera horiek, beranduenez, eskatutako jarduera berria egin baino 15 egun lehenago aurkeztu beharko dira. Jarduera egin baino lehen aurkeztu beharraren salbuespen gisa, zilegi izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasi eta laguntzaren gaineko ebazpena jakinarazi bitarte egiten diren jarduera berrietarako eskaerak ere aurkeztea, baina, betiere, eskaera aurkezten baldin bada jarduera egin aurretik.

10.3. Instrukzio organoak (Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza), behar den ofizioaren bitartez, eskaera onartu edo ez onartu erabakiko du, eta onartzeko edo atzera botatzeko arrazoiak emanen ditu.

11.–Laguntza emateko ebazpena.

11.1. NKGIko zuzendari kudeatzaileari dagokio aurkezten diren diru-laguntza eskaerak ebaztea, batzorde teknikoak instrukzio organoari bidaliko dion proposamena ikusirik.

11.2. Diru-laguntzak banatzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

11.3. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Era berean, diru-laguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda eta onetsitako kirol errendimenduko programak agertuko dira, eta espresuki adieraziko da, arrazoiak emanda, gainerako eskaerei uko egin zaiela, halakorik bada.

11.4. Errendimendu programa baterako diru-laguntza emateak berekin ekarriko du Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak dagokion kirol errendimenduko programa ere onestea.

11.5. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honen gainerako ebazpenak Nafarroako Gobernuko iragarki taulan argitaratuko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2), baita Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko bulego nagusietako iragarki taulan ere, eta argitalpen horren berri emanen da nafarroa.eus Interneteko atarian. Argitalpenak jakinarazpenaren ondorio berberak izanen ditu. Bidezko diren administrazio errekurtsoak jartzeko epea argitalpen hori egin eta biharamunean hasiko da.

11.6. Diru-laguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko honetan deialdi honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

11.7. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere diru-laguntzarik eskuratzeko.

12.–Diru-laguntzaren ordainketa.

12.1. Diru-laguntzaren ordainketa, oro har, diruz lagundutako jarduerak egin direla egiaztatu ondoren eginen da, behin hari dagozkion frogagiriak (ordainagiriak barne) 14. oinarrian xedatutakoari jarraikiz aurkeztu ondoren.

Lehen ordainketa egin baino lehen, dagokion federazioak frogatu beharko du 18. oinarrian arautzen diren gardentasun betebeharrak betetzen dituela; bestela, ordainketa ezin izanen da egin.

12.2. 2018ko ekitaldi ekonomikoaren kargurako zenbatekoetarako, ebazpen bakarra eginen da ordainketarako, 2018ko irailaren 1etik azaroaren 15era egindako jardueretarako.

12.3. 2019ko ekitaldi ekonomikoaren kargura emandako zenbatekoetarako, bi ordainketa egin daitezke; bat, 2018ko azaroaren 16tik 2019ko otsailaren 28ra egindako jardueretarako, eta, bestea, 2019ko martxoaren 1etik ekainaren 30era egindakoetarako.

2019ko ekitaldiaren kargura egiten diren konturako ordainketak ezin dira inola ere izan ekitaldi horretarako onartutako diru-laguntzaren %80tik gorakoak.

Konturako ordainketen zenbatekoa kalkulatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Behar den justifikazio inprimakia, aurreikusitako jarduera osoaren aldean egin den jardueraren zatiarekin (V. eranskina).

b) Egindako jardueraren kirol memoria.

Aurkeztutako frogagiriak ikusita –behin organo kudeatzaileak aztertu ondoren eta diru-laguntza emateko oinarri hartu ziren xedeak betetzen direla egiaztatu ondoren–, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da; horretan, 2019ko ekitaldiari dagozkion diru kopuruak likidatuko dira, eta aurkeztutako justifikazioaren arabera ordaindu edo itzuli behar den diru kopurua ezarriko da.

13.–Jardueren arteko doikuntzak.

13.1. Diru-laguntzaren helburuak oso-osorik betetzen baldin badira, zilegi izanen da aurrekontuan aldaketak egitea deialdi honetan jasotzen diren gastu diruz lagungarrien (teknikariak, jarduera osagarriak, eta antolamenduaren eta materialen gastuak) artean. Horrenbestez, jardueraren batean justifikatutako gastuak aurreikusitakoak baino txikiagoak izan badira, ataletako batzuetan erabili gabe geratzen den kreditu hori beste atal batean erabiltzen ahalko da, baldin eta aurreikusitakoak baino gastu handiagoak justifikatu baditu, bai eta diruz lagundutako jardueren izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera berri batzuetan ere (10. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera eskatu eta baimendu baldin badira).

13.2. Aurreko puntuan aipatutako aurrekontu-aldaketak doikuntza eskatzen duen federazioak justifikatu beharko ditu, ezin dira izan jarduera bakoitzarentzat hasiera batean aurkeztutako aurrekontuaren %50etik gorakoak, eta NKGIk baimendu beharko ditu. Muga horretatik gorako dirua ezin izanen da erabili horrelako doikuntzak beste atal batzuekin egiteko.

13.3. Diru-laguntzak ematen dituen organoak, espedientea ixten denean, aurkezten den azken justifikazioaren arabera ebatziko du behar dena.

14.–Epea eta frogagiriak.

14.1. Frogagiriak aurkezteko epea 2018ko azaroaren 20an amaituko da 2018ko ekitaldi ekonomikoaren kargura ematen diren diru kopuruetarako, eta 2019ko irailaren 30ean, berriz, 2019ko ekitaldi ekonomikoaren kargura ematen direnetarako.

Justifikazio-kontu baten bidez eginen da justifikazioa, eta dagokion federazioko lehendakariak sinatu beharko du kontu hori.

14.2. Diru-laguntza hauen onuradun diren kirol federazio guztiek honako frogagiri hauek telematikoki aurkeztu beharko dituzte, eta laguntzen eskaera egindako modu berean:

a) Gauzatutako kirol programaren gaineko kirol memoria eta ebaluazioa, aurkeztutako programan ezarritako ordenari jarraikiz. Berariazko helburuen atalean, programan sartutako kirolari edo selekzioek lortutako emaitzak adierazi beharko dira.

b) Diru-laguntzaren xedeko jardueren justifikazio-kontua, eta horrek barnean hartuko du 5. oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarriak diren gastu guztien faktura/frogagiri guztien zerrenda zenbakitu eta xehatua, atal bakoitzeko ordenari jarraikiz. Zerrenda horretan adieraziko dira hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta eguna, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko eguna. Inprimaki eredu horren (IV. eranskina) ordez beste aurkezpen formal bat egin daiteke, goian adierazitako informazio guztia baldin badu.

c) Jatorrizko fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Kasu horretan, bai fakturak bai ordainagiriak federazioen bulegoetan egon beharko dira NKGIk horiek ondoren berrikusteko bidalitako kontu-auditoreen eskura. Beraz, ez da beharrezkoa izanen NKGIn horiek aurkeztea.

d) Diru-laguntzaren xedeko jarduerak finantzatzeko erabilitako funts berekiak edo jasotako bestelako diru-laguntzak zenbatekoak izan diren, nondik datozen eta nola aplikatu diren azaltzen duen zerrenda zenbakitu eta xehatua.

e) Hornitzaileen hautaketari buruzko inprimakia (baldin ekipamendu ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak egiteko lanen zenbatekoa 12.000,00 eurotik gorakoa bada), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluari jarraikiz.

14.3. NKGIk justifikazio-kontu horien gaineko berrikuspen txostenak eginen ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez. Txosten horiek honako hauek betez eginen dira:

a) Txosten horien kontratazioa NKGIk eginen du.

b) Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen da, VI. eranskinean agertzen den eredua erabiliz. Agindu horren bidez onetsi zen kontu-auditoreek diru-laguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa araua.

14.4. Alternatiba moduan, zilegi da Nafarroako Gobernuaren beraren langileek egitea justifikazio-kontu horien berrikuspena.

15. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

15.1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

15.2. Deialdi honen prozedura egiten diren komunikazioak eta errekerimenduak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

16.–Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten federazioek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzak ematen diren xedeetarako erabiltzea, frogagiriak ezarritako epean aurkeztea eta NKGIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Diruz laguntzen diren programak onetsi diren bezala gauzatzea, ezertan galarazi gabe 10. eta 13. oinarri arautzaileetan ezarritakoa.

c) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28 artikuluen arabera.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, NKGIren Institutuak adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatzea komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

f) Erraztasunak ematea NGKIri diruz lagundutako programen gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

g) Erraztasunak ematea NKGIk kontratatutako kontu-auditoreek berrikuspen-txostenak egin ditzaten.

h) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate-liburuak, erregistro diligentziatuak eta bestelako agiriak eduki eta mantendu beharko dira, behar bezala auditatuak, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

17.–Bateragarritasuna.

17.1. Deialdi honetako diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek xede berean erabiltzeko ematen dituztenekin batzen ahalko dira.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, diru-laguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin baturik, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

17.3. Aurreko atalean ezarritako komunikazio betebeharra betetzen ez bada, eta onuradunek informazioa faltsutzen badute, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzuleraren bidezkotasuna erabakitzen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ere. Dirua itzultzeko betebeharraz gain, bestelako zehapen batzuk ezartzen ahalko dira arrazoi beragatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako zehapen araubidearekin bat.

18.–Gardentasun betebeharrak.

18.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

18.2. Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

18.3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

18.4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, horiek bete ezean onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19.–Azpikontratazioa.

Federazio onuradunek zilegi dute diruz lagundutako jarduerak %100ean azpikontratatzea. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

20.–Hornitzaileak kontratatzea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat, ekipamendu ondasunak eskuratzen direnean edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, federazio onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, federazio onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

21.–Ez-betetzeak.

21.1. Deialdi honetako oinarri arautzaileetan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki onuradunaren betebeharren atalean ezarritakoa eta onetsitako programaren baldintzak betetzeari dagokionez, datu faltsuak ematen badira edo diru-laguntzaren xedea NKGIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dagozkion berandutze-interesekin batera. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako diru-laguntzarako eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

21.2. Diru-laguntzen ordainketa partzialak egin badira eta onuradunek egiaztagiriak epez kanpo aurkezten badituzte, bidezkoa izanen da jaso gabe gelditzen den diru-laguntza osorik edo partez galtzea, deusetan galarazi gabe jasotako zenbatekoak itzuli beharra, dagozkion berandutze-interesekin batera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat.

21.3. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, eman beharreko diru-laguntza edo, hala bada, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

22.–Errekurtsoak.

22.1. Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

22.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ezartzen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

23.–Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Federazioen eskaera, errendimendu programetarako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1808723