2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AZKOIEN
Industria-lursailen salmentarako baldintza orokorren agiria. Behin betiko onespena
Jendaurreko epean erreklamaziorik aurkeztu ez denez, zuzenean behin betikoa bilakatu da osoko bilkurak hasiera batean hartutako erabakia, onesten baitzuen industria-lursailen (U-3 sektorea) salmentarako Azkoiengo Udalaren baldintza orokorren agiria. Orok jakin dezan eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatua bete beharrez, argitara ematen da haren testu osoa. 2018/03/27ko osoko bilkuraren erabakia.
Industria-lursailen salmenta arautuko duen Azkoiengo Udalaren baldintza-agiria aurkezten da, Hirigintzako Batzordearen 2018ko martxoaren 8an emandako aldeko txostena baitu.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz egin da hura onesteko prozedura, eta bertan, urrats hauek eskatzen dira: hasiera batean onestea, hogeita hamar egun baliodunean jendaurrean jartzea, behin betiko onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Udal Idazkaritzak emandako txostena ikusi da.
Horrenbestez, bertan direnek aho batez ERABAKI DUTE:
1. Hasiera batean onestea industria-lursailen salmentarako Azkoiengo Udalaren baldintza orokorren agiria, I. eranskinean agertzen dena.
2. Agiria jendaurrean edukitzea hogeita hamar egunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta entitatearen iragarki-taulan iragarkia jarri ondotik, herritarrek eta bidezko interesdunek aztertu eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez ditzaten.
3. Epe hori iraganda, inork ez badu erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, behin betiko onetsitzat joko da, eta osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Azkoienen, 2018ko ekainaren 20an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.
I. ERANSKINA
Industria-lursailen salmentarako Azkoiengo Udalaren baldintza orokorren agiria
1. Lurzatiaren eskualdatzea adostutako prezioan eta kargarik gabe eginen da.
2. Salerosketaren xedea da erosleak eskuratzen duen lurzatian eraikin edo industria instalazio bat eraikitzea bere industria jardueran aritzeko, aplikatzekoa den planeamendurako berariazko determinazioei jarraikiz; hori dela eta, eroslea behartuta dago eraikuntza bukatzera, onetsitako proiektuaren arabera, bi urteko epean salerosketa formalizatzen denetik. Halaber, behartuta dago erosi duen lurzatia bere jardueran aritzeko erabiltzera.
Erosleak aitortzen du Azkoiengo Udalaren aldeko lehengoratze-eskubidea, baldin eta ez badu gehienez ezarritako epean eraikitzen, eraikina bukatzen eta industria jarduerarekin hasten, edo lurzatia industria jarduerarako erabiltzen. Lursaila eta bertan dauden eraikin eta instalazioengatik ordaindu beharreko prezioa agiri honen 11. baldintzan ezarritakoaren arabera zehaztuko da.
3. Eroslea behartuta dago lursaila eta eraikitako nabea ez alokatzera, 12 urteko epean, salerosketa formalizatzen denetik hasita.
Salbuespen kasuetan, eta Azkoiengo Udalak baimena emanez gero, alokatu ahal izanen du, alokairuaren urteko gehieneko kuota zenbateko hau baino txikiagoa dela: urteko euriborra gehi lurzati eta industria-nabearen balioaren hiru (3) puntu; zenbateko hori kalkulatuko da agiri honen 5. baldintzan ezarritakoari jarraikiz.
Euriborra urte baterako (1) kalkulatuko da, interesaldi bakoitzaren hasierako dataren aurreko lehen egun balioduneko 11:00etan REUTER pantailaren MBOR orrialdean agertuko den kotizazioa oinarri hartuta.
Horretarako, errentatzaileak eta maizterrak behartuta daude errentamendu-kontratuaren kopia autentifikatua aurkeztera Azkoiengo Udalean.
Baldintza hori bete ezean, salerosketa-kontratua bertan behera utziko da.
4. Erosleak ezin izanen du lurzatia inter vivos egintzaren bidez eskualdatu Azkoiengo Udalaren baimenik gabe, salerosketa formalizatzen denetik 5 urteko epean. Betebehar hauek bete ezean, Azkoiengo Udalak ahalmena izanen du salerosketa indargabetzeko.
5. Azkoiengo Udalari eroslehentasun-eskubide erreala aitortzen zaio, hamabi urtez salerosketa egin den egunetik hasita, erosleak edo etorkizunean finka eskuratzen dutenek egiten dituzten eskualdatze guztietan.
Eroslehentasun-eskubidea indarrean izanen da salerosketa-kontratua sinatzen den egunetik, eta salerosten den lurzatiako lurzoruaren eta bertan eraikitzen diren instalazioen gainekoa izanen da.
Eskubide hori erabiliz gero, eta salerosketa-kontratua sinatzen denetik hamabi urteko epea iragan arte (12 urte), honela eginen da: lurzoruari dagokionez, salerosketa-kontratuan ezarritako zenbateko berbera gehi KPIa; eraikuntzei eta instalazioei dagokienez, horien birjarpen balio garbia, Nafarroako Elkargo Ofizialak hautatutako goi-mailako ingeniari batek egindako txostenaren araberakoa, txostena bi aldeek eskatuta, eta horren edukia biek onartu behar dutela.
Eroslehentasun-eskubidea erabiltzeko, lurzatiaren titularrak modu sinesgarrian jakinarazi beharko dio Azkoiengo Udalari hura eskualdatzeko asmoa duela, eta orobat, eskuratzailearen izena eta bestelako inguruabarrak zehaztu beharko dizkio. Jakinarazpen horretatik hasita hirurogei egun balioduneko epean, Azkoiengo Udalak eroslehentasun-eskubidea erabiltzen ahalko du. Hala egitekotan, modu sinesgarrian jakinaraziko dio erosleari.
Jabeak ez badu jakinarazten hasierako salerosketa-kontratuaren finka eskualdatzeko asmoa duela, eta eskualdatzea gauzatu bada, Udalak eroslehentasun- eta lehengoratze-eskubidea izanen du lurzoruari eta eraikinei dagokienez, urtebetez, salerosketako eskritura publikoa Jabetza Erregistroan inskribatzen denetik hasita edo Azkoiengo Udalak modu sinesgarrian eskualdatzearen berri eman duen egunetik hasita.
6. Lehentasun-mailako hipotekak.
Azkoiengo Udalak, orain eta etorkizunerako, baimendu eta onartzen ditu enpresaren finantziazio beharrak bermatzearren eskualdatutako finkaren gainean egiten ahal diren hipotekak eta horien betearaztea. Halaber, onartu eta baimentzen du hipoteka horiek lehentasun- mailakoak izatea hauen guztien aurrean: birjarpenak, eroslehentasun- eta lehengoratze-eskubideak, baldintza indargabetzaileak eta eskrituraren ondorioz sortutako bestelako mugapen erreal guztiak; horien guztien erregistroa aipatu hipotekak baino beranduago egitea baimentzen da.
7. Erosleak onartzen du kontratu horren bidez eskuratzen duen lurzatiaren eta bertan eraikitzen diren nabe edo eraikuntzen zatiezintasuna, eta baldintza hori Jabetza Erregistroan inskribatuko da.
Salbuespenez finkaren edo haren eraikuntzen banaketa egiteko, Azkoiengo Udalaren berariazko baimena beharko du nahitaez, dagozkion udal lizentziez gain.
8. Erosleak aitortzen du eskuratzen duen lurzatiaren ezaugarri fisikoak ezagutzen dituela eta hirigintza-baldintzak onartzen dituela; horiek oso-osorik errespetatzeko konpromisoa hartzen du, lurzatiaren erabilerari zein egin beharreko eraikuntza eta instalazioei dagokienez.
9. Kontserbazio-entitatea (halakorik bada). Erosleak konpromisoa hartzen du Industria jarduketa kontserbatzeko entitatean sartzeko eta entitate horri ordaintzeko kontserbazio gastuak, bere partaide-kuotaren proportzioan dagozkionak.
Halaber, ondorio horietarako eta modu errebokaezinean, Azkoiengo Udalari ahalmena ematen dio Industria jarduketa kontserbatzeko entitatearen erregelamenduak edo estatutuak idazteko, eta horien tramitazioa eta onespena sustatzeko; lurzati bakoitzaren partaide-koefizienteak, funtsean, horien azaleraren arabera ezarriko dira.
Aipatu entitatea eratu arte, erosleak ordainduko ditu industria jarduketa kontserbatzeko gastuak, Azkoiengo Udalak ezarritako zehaztapenen eta banaketen arabera.
10. Hitzarmena Iberdrolarekin (halakorik bada).
Erosleak eta Azkoiengo Udalak onartzen dituzte, lurzatietan argindarraren hornidurari eta hargunea izateko eskubideei dagokienez, Iberdrola SAk eta Azkoiengo Udalak ............... industrialderako ....(e)ko ........(a)ren ....(e)an sinatutako lankidetzarako oinarriak, eta horien ondoriozko konpromisoak; oinarriak sinatu eta ale bat igorriko da lurzatien salerosketen agiriekin gordetzeko.
11. Erosleak onartzen du zehaztutako betebeharrak ez betetzeak Azkoiengo Udalak kontratua indargabetzea ekar dezakeela.
Indargabetzea gertatzen bada, Azkoiengo Udalak berreskuratzen ahal du saldutako lurra, baita bertan egindako urbanizatzeko obrak edo eraikuntzak ere; lurzorua baloratzeko kontuan hartuko da adjudikazio prezioa ken %10eko penalizazioa; aldiz, jada eraikita edo eraikitzen ari diren obra eta urbanizazioa baloratzeko kontuan hartuko da birjarpen balio garbia, Nafarroako Elkargo Ofizialak hautatutako goi-mailako ingeniari batek egindako txostenaren arabera zehaztuko dena, txostena bi aldeek eskatuta, eta horren edukia biek onartu behar dutela. Azkenean Azkoiengo Udala izanen da lurraren eta eraikuntzen titularra.
Erosleak ordaindu beharko ditu indargabetzearen ondoriozko gastu judizial guztiak edo epaiketaz kanpokoak, legelariaren eta prokuradorean ordainsariak barne, eta uko eginen dio horiengatik kalte-ordainik jasotzera.
12. Eroslearen kargura izanen da, eta ez beste inorenera, salerosketak ekartzen dituen gastuak ordaintzea, kontribuzio eta zerga guztiak, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko udal zerga barne, baita eskritura publikoan formalizatzea eta jabetza erregistroan inskribatzea ere.
Dagokion eskritura publikoa notarioaren aurrean sinatuko da, eta agiri hau osatzen dituen klausulak izanen ditu.
13. Salerosketa-kontratua formalizatzen denetik, erosleak, finkaren jabea izateagatik, dagozkion ardura guztiei aurre eginen die.
14. Salerosketa-kontratua formalizatu aurretik, ezinbesteko baldintza izanen da erosleak Azkoiengo Udalaren aldeko fidantza uztea; fidantzaren zenbatekoa kontratuari dagokion lurzatiaren erosketa-prezioaren %5eko zenbatekoa (BEZa kanpo) izanen da.
Eskuratutako lurzatiaren gaineko fidantza gordeko da erosleak jarduera martxan jarri arte, betiere lurzatian egin beharreko eraikuntza eta urbanizazio obrak bukatu eta irekitzeko udal lizentzia lortu ondoren. Fidantzaren xedea da eroslearen betebeharrei erantzutea, aurre egin ahal izateko poligonoko eremu publikoetan (espaloiak, bideak, berdeguneak eta erabilera publikoko instalazioak) gertatu ahal izan diren kalteei, erosi den lurzatian eta ondoko edo hurbiletan eraikuntza edo urbanizazio obren ondorioz gertatzen ahal direnei. Azkoiengo Udalak fidantza erabili ahal izanen du, osorik edo zati bat, udalaren iritziz arrazoi oinarridun edo horretarako zergatia baldin badago, aurretik prozedurarik egin behar izan gabe, erosleari dagokion aurretiazko jakinarazpena salbu.
15. Salerosketa-kontratua interpretatu eta betetzetik sor litezkeen auzietan, alderdiek finka dagoen tokiko auzitegi eta epaitegien eskumenari men egin, eta legokiekeen beste edozein foruri espresuki uko egiten diote.
16. Datuen babesa: Azkoiengo Udala da eroslearen datu pertsonalak tratatzeko arduraduna, eta datuak, baldintza agiri honi jarraikiz, industria-lursailaren salmenta kudeatzeko baizik ez dira erabiliko. Legeak behartutako lagapenak bakarrik eginen dira. Kontratua gauzatzea da tratamenduaren oinarri legitimoa (2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.b artikulua). Datuak modu iraunkorrean gordeko dira eta aplikatzekoa den foru araudian xedatuarekin bat (51/2016 Foru Agindua, ekainaren 14koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateen dokumentuak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak onesten dituena). Datuen titularrek datuak ikusi, zuzendu, mugatu eta haien kontra jotzeko eskubideak gauzatzen ahalko dituzte, idazki bat aurkeztuz udal bulegoetan edo webgunearen bidez. Halaber, erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (agpd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat araudi indardunarekin.
1. ERANSKINA
Industria-lursailen erosketa aukeren Azkoiengo Udalaren baldintza orokorren agiria
1. Erosketa aukeraren balio-epea hamar hilabetekoa izanen da, aukera-kontratua egiten denetik hasita.
2. Aukeraren prima lurzatiaren prezioaren %15 gehi dagokion BEZa izanen da, eta prima gisa ordaindutakoa salmenta prezioari egotziko zaio, aukera gauzatzen bada.
3. Aukerak ez du lurzatiaren jabetza eskualdatzen. Hortaz, aukeratzaileak ezin izanen du hartan eraikuntza edo lanik egin, proiektua idazteko ezinbestekoak salbu.
4. Aukera gauzatu ahal izateko eskuratu beharko dira Udalaren jarduera-lizentzia eta obra lizentzia, aukera indarrean egonen den hamar hilabeteko epean. Hori dela eta, aukeratzaileak kasuan kasuko lizentziak eskatu beharko ditu, eta beharrezko proiektuak Udalean aurkeztu, aukera ordaintzen duen egunetik sei hilabeteko epean. Epe horretan eraikuntza obren eta jardueraren proiektua Udalean ez aurkezteak aukera-kontratua indargabetzea ekarriko du, eta ordaindutako prima Azkoiengo Udalaren esku geldituko da.
5. Obren eta jardueraren proiektua Udalean epe barruan aurkeztu ondoren, aukera-eskubidea gauzatu beharko du, salerosketaren eskritura sinatuz erosketa-aukeraren baliozkotasunaren gehieneko epean. Hori egin ezean, eskubidea bertan behera geldituko da eta ordaindutako prima galduko du. Lizentziak ukatzen bazaizkio, aukeratzaileari egotzi ezin zaion arrazoi batengatik, Udalak ulertuko du aukera-eskubidea iraungi dela, eta erosketa-aukeran ordaindutako prima itzuliko zaio.
6. Aukeraren indarraldian jarduera-lizentzia eta obra lizentzia ez eskuratzea kontratua indargabetzeko arrazoi izanen da, eta ordaindutako prima Azkoiengo Udalaren esku geldituko da. Nolanahi ere, ezarritako sei hilabeteko epean obren eta jardueraren proiektua Udalean aurkeztu bai, baina Udalaren erantzunik ez bada, aukeratzaileari egotzi ezin zaion bidezko arrazoia bada, luzatzen ahalko da aukera gauzatzeko epea, Udalak lizentziak eman edo ukatu arte, gehienez ere erosketa aukeraren balio-epeari gehitutako sei hilabetera luzatu ere.
7. Aukerak izaera pertsonala eta eskualdaezina izanen du, deusetan ukatu gabe industria-lursailen salmentarako Azkoiengo Udalaren baldintza orokorren agirian xedatutakoa.
8. Aukeraren ondorioz sortzen diren edozein motatako gastuak, izaera fiskalekoak barne, halakorik bada, aukeratzailearen kontura izanen dira.
2. ERANSKINA
Industria-lurzatien prezioa
Prezio bakarra ezartzen da metro karratuko: 50 euro (BEZa kanpo).
Iragarkiaren kodea: L1808207