149. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

361E/2018 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Garesko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Sustatzailea Garesko Udala da.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan eta Ingurumenaren Babesari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinean ezarritakoaren arabera, udalen plan orokorrei buruz ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen ondorioen adierazpena egin behar dira, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Garesko Udal Plan Orokorraren ingurumen-izapidetzearekin hasteko, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua (LOEE) txostena aurkeztu zuen Ingurumen Kalitateko Zerbitzuak 2010eko otsailaren 2an. Horretan, Hirigintza Plana egitean kontuan hartu beharreko ingurumen-alderdiak eta horiei dagokien ingurumen ondorioen azterketa zehazten dira.

Garesko Hirigintzako Udal Plana 2012ko azaroaren 30ean hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean jarri zen 2012ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratu zenean, abenduaren 21ean. 2013ko irailaren 20an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak ingurumen-ukipenen berri eman zuen, eta uholde-arriskuarekin, zaratarekin eta abelbideekin zuten zerikusia.

2014ko urriaren 6an Hirigintzako Udal Plana behin-behinean onartu eta gero, beste txosten bat egin zen 2015eko abuztuaren 3an. Horretan, berriz azpimarratzen zen planean uholde-arriskuak eta ukipen akustikoak prebenitzeko irizpideak sartzeko beharra.

2016ko azaroaren 2an Garesko Udalak beste azterketa akustiko bat aurkeztu zuen, txostenetan ageri diren aholkuak barne hartzen zituena eta, hala, beste txosten bat egin zen 2017ko urtarrilaren 16an.

2018ko otsailaren 22an sartu zen Garesko Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio guztia Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalean.

Garesek 2000ko maiatzaz geroztik du onartuta Plan Orokorra. Hori dela eta, justifikatuta dago plana berrikusi behar izatea lege-esparru berrira eta lurralde antolamenduko tresnetara egokitzeko (LAP-3).

Hirigintza Planaren aplikazio esparruak eta, hortaz, egin diren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal-mugarte osoan dute eragina, 39,7 km²-ko azaleran alegia. Hirigintzako Udal Planaren deskribapena I. eranskinean dago.

Honako gune hauek osatzen dute Garesko lurralde-okupazioko udal eredua: erdigune historikoa, Arga eta Robo ibaien elkargunean dagoena, erdigunearen inguruetan kokatutako zabalguneak, eta Aloa-El Batán industrialdean kokatuta dagoen jarduera ekonomikorako gunea (NA-7040 errepidean).

Plan Orokorraren helburua herriguneak etorkizunean izanen duen egitura urbanoa definitzea da: hala, bizitegi eta zuzkidura lurzoruaren beharretarako eta eremu libreen eta berdeguneen aurreikuspena bideratu beharko ditu; gune historikoari herriaren erdigunea izateko nortasuna ematen dioten ezaugarriak indartu; jarduera ekonomikoak eta hirugarren sektorekoak ezartzeko lurzoruaren azalera mantendu eta zabaldu, eta Donejakue Bidearen protagonismoa handitu eta landa-ingurunea zaindu.

Hala, etxebizitza gune berriak Zabaltzagain inguruan kokatzen dira batez ere iparraldean, eta Robo ibaiaren inguruan hegoaldean, hiri-lurzoruaren inguruko lurretan, alegia. Gune horietako lurralde ukipen nagusiei dagokienez, zarata da aipagarriena iparraldean eta Robo ibaiaren ingurukoan, berriz, uholde-arriskua.

Zabaltzain alderdirako proposamenak erabilera-aldaketa eta nekazaritza-mosaikoaren eraldaketa ekarriko ditu hiri-lurzoruarekiko mugan dagoen gunean. Gune horiek, ordea, ez dute ingurumen-balio handirik edo paisaia aldetik interes berezirik. Sentikortasun handiagoko guneak (Zabaltzaingo lautadako mendi-hegalak edo Gomazin errekaren inguruak) berdegune eta eremu libre gisa sartu dira planean.

Bestalde, A12 errepidearekiko hurbiltasuna dela eta, gune horren antolakuntza egiteko baldintzak ezartzeko garaian kontuan hartu beharreko kontu garrantzitsuenetako bat zarata aztertzea eta ebaluatzea da. Ukipen akustikoei buruz eginiko txostenei (2013ko irailaren 20an, 2016ko martxoaren 6an eta 2017ko otsailaren 13an egindakoak) erantzuteko, autobiaren aldamenean dagoen 2-BS Bizitegi Sektoreak lurzoru urbanizagarri izateari utziko dio. 3-BS eta 4-BS sektoreen kasuan, bi sektoreak hartzen dituen proiektu akustiko bat eginen da. Proiektu horretan, kalitate akustikoari loturiko helburuak beteko direla bermatuko duten neurriak aztertuko eta ezarriko dira, eta Ekintza Plan bat gehituko du. Alderdi horiek Hirigintza Araudi Partikularrean araututa daude (20. artikuluan). Neurri akustikoak aplikatzeko ardurari dagokionez, araudi horretan gastuen banaketa bat ezarri da; baina banaketa hori ez da bidezkoa, ukitutako sektoreetako sustatzaileei baitagokie ardura hori beren gain hartzea.

Planak udalerriaren zonifikazio akustikoa ere badakar, gaur egungo erabilera nagusiak eta gerorako planifikatutakoak hartzen dituena.

Udalerrian identifikatu diren arrisku nagusiak uholde-arriskuekin lotutakoak dira, hirigunea Robo et Arga ibaien elkargunean kokatuta egoteak eta hiri-okupazio maila altuak baldintzatu egiten baitute gunea. Egoera horri aurre egiteko, Hirigintza Planak eremu librez osatutako sare bat kokatzen du Arga eta Robo ibaien eta Gomazin erreka-zuloaren inguruetan, ibilgu horien inguruetan eraiki gabe dauden gune urriak hartuko dituen sare bat alegia. Arga ibaiaren ezkerraldean eremu horiek dagoeneko partzialki ekipatuta daude oinezkoentzako bideak dituzten espazio publiko bezala. Ibaian behera, eremu libreen sareak Arga ibaiaren erriberan kokatzen den ibai-parkeari jarraipena ematen dio, eta aisialdirako gune bat sortu.

Ibaian gora dauden lurretan, hirugarren sektorekoa den El Peregrinoren gunean eta Robo ibaiaren eskuinaldeko lurzoru-erreserban (R-R1 Irunbidea) hirugarren sektoreko erabilera sartzeko egin diren proposamen berriei dagokienez, horiei dagozkien hirigintza fitxetan uholde-arriskuak prebenitzeko zehaztapen lotesleak ezarri dira. Hala, Ur Zerbitzuaren 2013ko irailaren 4ko zehaztapenak Hirigintza Planean sartu dira.

Jarduera ekonomikoetarako erabiltzen diren guneei dagokienez, Planak Artazuko errepidean dagoen industrialdea (Aloa industrialdea) sendotzen du eta hura hedatzea proposatzen du. Horretarako, orain dauden nabeetatik Santa Ageda eta Uneako lautadetako ezpondetarantz hedatuko diren bi sektore eranstea proposatzen du. Nekazaritza lurrak okupatzen dituzten gune horien antolakuntzak planteatzen du berdeguneak kokatzea lur horien eta ezponden arteko elkarguneetan. Proposamen egokia da, gune topografiko malkartsuagoetan gerta litezkeen ukipenak prebenitzen baititu.

Hasiera batean LOEE-an jasotzen zenaren aurka, Planak ez du aurreikusten Sansurdingo gunea Izarbeibarko jarduera ekonomikoetarako gunea izatea. Alabaina, proposatzen da gune hori lurzoru urbanizaezin izendatzea garapen-eredua babesteko.

Komunikazio sistemari dagokienez, autobiaren iparraldeko elkargunera sartzeko bidea aldatu da Gomazingo erreka-zuloaren gaineko ukipena minimizatzeko, eta planteatu da Zabaltzaingo lautadarako sarrera El Peregrinoko lotunetik egitea.

Natura inguruneari dagokionez –udalerriko lurren %85 hartzen du–, lurzoru urbanizaezina erregulatzeko, landa-lurzoru osoa modu integralean aztertzen eta erregulatzen duen plan estrategiko bat zehaztu da. Proposamen honen abiapuntua hamabi landa-sektore identifikatu eta mugatzea izan da. Sektore horiek hainbat elementu multzokatzen eta partekatzen dituzte, eta bokazio funtzional bera dute. Sektore horietako bakoitzean zenbait azpikategoria urbanistiko zehaztu dira, identifikatu diren balioen arabera.

Landa-lurzorua kategorizatzeko proposamen hori sektoreen ezaugarri eta balioetara egokituta dago eta, horrenbestez, horiek babestea bermatzen du. Planaren alderdi interesgarri bat da bi gune Paisaia Erreserbatzat identifikatuta ageri direla. Bi gune horiek hiri-bilbearekiko duten hurbiltasunagatik eta beren agerikotasunagatik tratamendu paisajistiko berezia eskatzen dute. Bi gune horiek El Reducto muinoa eta Zabaltzagaingo magalak dira, eta bat datoz LAP-3 Planean paisaia babesteko guneak izendatzeko zehazten diren irizpideekin.

Hirigintza Planari ingurumen integrazioaren ikuspuntutik begiratuta, azpimarratzekoa da araudian ingurumena, paisaia eta kultura babesteko jarraibideak sartu direla, bai eta ingurumen eraginaren azterlanetan jasotako neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaileak ere.

Dokumentazio osoa azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jakinarazi zuen ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu zela, eta aldeko txostena eman zion Garesko Hirigintzako Udal Planari, zenbait baldintza jarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, jasotako alegazioak aztertuta, ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Garesko Udalak sustatutako Garesko Hirigintzako Udal Planaren alde.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Garesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 5ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Udalaren hirigintzako planaren laburpena

Analisiak, diagnostikoak eta proposamenak udal-mugarte osoari buruzkoak dira. Udal-mugarteak 39,7 km²-ko azalera du eta Izarbeibarko aranean dago kokatuta. Udalerria iparraldetik hegoaldera dago antolatuta eta Erreniega inguruko azken mendietatik Arga ibaiaren ibar eta uholde-lautadetarantz hedatzen da. Argak mendebaldetik zeharkatzen du udalerria. Lurralde-egitura horretan hiru gune bereizi dira: iparraldean, ingurumen eta paisaia balioak dira nagusi; erdialdean, hirigunea eta komunikazio azpiegitura nagusiak daude; eta hegoaldean, natur ustiapenerako espezializatutako lurren tokia da.

Honako gune hauek osatzen dute Garesko lurralde-okupazioko udal eredua: erdigune historikoa, Arga eta Robo ibaien elkargunean dagoena, erdigunearen inguruetan kokatutako zabalguneak, eta Aloa-El Batán industrialdean kokatuta dagoen jarduera ekonomikorako gunea (NA-7040 errepidean). Udalerria iparraldetik hegoaldera dago antolatuta eta Erreniega inguruko azken mendietatik Arga ibaiaren ibar eta uholde-lautadetarantz hedatzen da. Argak mendebaldetik zeharkatzen du udalerria. Udalerriaren landa-lurzoruetan daude Sarriako Jaurerria eta Villanuevako Jaurerria.

Plan Orokorrak 35/2002 Foru Legearen helburuak betetzen ditu: hiri bilbea mantentzen eta hobetzen dela eta kultur ondarea babesten dela ziurtatzea; bizitegitarako, jarduera ekonomikorako eta hirugarren sektorerako lurzoruaren beharrak bideratzea, eta sistema orokorrak aurreikustea.

Hirigintza proposamenaren helburua hirigunea indartzea da, eta horretarako bi banaketa-area handitzea pentsatu da: bata hirigunetik hegoaldera, Robo ibaiaren inguruan, eta bestea hirigunetik iparraldera, 5 sektoretan banatuta. Iparraldeko guneak du bizitegi-lurzoruaren azalera handiena, eta Planean Zabaltzagaingo lautada mendebalderantz zabaltzea planteatzen da. Horretarako, sarbidea A12-tik moldatu, eta Gomazingo erreka-zuloa oneratuko da.

Jarduera ekonomikoei dagozkien zehaztapenak Aloa industrialdean (Artazuko errepidean) kokatzen dira, eta gaur egun dauden instalazioak Santa Ageda eta Unea lautadetarantz handituko dira. Hirugarren sektoreko erabileretarako guneak, berriz, El Peregrino-ren inguruan finkatuko dira.

Garapen eredua babesteko, lurzoru urbanizaezineko bi gune zehazten dira: bata Sansurdin inguruan, Obanos udalerriarekiko mugan, eta bestea Mendigorriko errepidean, Ererdia parajean.

Lurzoru urbanizaezinarekin loturik, eta kontuan harturik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean ezarritako azpikategoriak eta LAP-3ko irizpideak, jarduerak eta erabilerak erregulatzeko arauak ezarri dira. Hauek dira planak landa-lurren inguruan dituen helburuak:

–Ekologiaren eta paisaiaren ikuspuntutik interes handiena duten eremuak babestea eta haien balioa azpimarratzea.

–Argaren eta Roboren bazterrak eta Zubiurrutiko eremua lehengoratzea.

–Elementu historiko-artistikoak babestea eta haien balioa azpimarratzea.

–Ingurune fisikoa jasaten ari den endekapen-prozesua kontrolatzea, kategoria desberdinetako lurzoruetan egiten diren erabilerak eta jarduerak erregulatuz.

–Landa-lurzoruetako eraikitze-prozesuak erregulatzea; emankortasun handia duten eta ekologiaren eta paisaiaren ikuspuntutik interes handikoak diren lurzoruak etxebizitzaz eta nekazaritza-etxolaz okupatzeko prozesua ekiditea.

Landa-inguruan, planak antolakuntzarako oinarrizko eremutzat jotzen diren hamabi landa-sektore zehazten ditu. Sektore horietan, udalerriaren garapen eredua osatzen duten osagaiak eta elementuak multzokatzen dira, eta sektore horiek lurzoruaren bokazio funtzional bera dute: batzuk ingurumena kontserbatzeko erabiliko dira (Villanueva eta Nequeas), beste batzuk natura ingurumena eta basogintza-ustiapena uztartzen dituztenak (Iparreko gunea), eta natura ingurumena eta nekazaritza-ustiapena uztartzen dituztenak (Sotes-Sarria, Legardaldea-Sansurdin, Iñurrieta-Tejería, Santa Ageda-Unea, Saria-Osabidea eta Axaritxulo) eta, azkenik, nekazaritzako ureztalurrak (San Martzial-Larrandia, Hegoaldeko gunea eta Campollano).

Udalerrian identifikatu diren eta landa lurzoruaren sailkapena egiteko erabili diren balioen artean hauek dira azpimarragarrienak:

–Iparraldean eta Nequeasen dauden lurralde-konektagarritasun eremuek dauzkaten ingurumen balioak; ibai-sarea; udalerrian zehar sakabanatuta dauden habitatak eta mendiez, zuhaixka-bazkalekuez eta soroez osatutako mosaikoak.

–Nekazaritza balioak ere sartu dira planean. Sartu diren guneak natura ustiapenerako balio duten lurzoruak dira eta bi multzotan banatzen dira: Erabilera Publikoko Mendiak eta nekazaritza lurrak (ureztalurrak zein lehorreko lurrak).

–Kultur balioen artean daude Donejakue Bidea, abelbideak (Milagro-Aezkoa Errege-altxonbidea, Gesalazko Igarobidea eta 7. igarobidea) eta aztarnategi arkeologikoak. Aztarnategi horien artean Elerdia, Gorbaton I eta Villanueva guneak dira aipagarrienak.

–Paisaia balioak. Plan honek lurzoru urbanizaezineko Paisaia Erreserba izendatzen du El Reducto izeneko muinoa, bai eta Zabaltzagaingo lautadako magal batzuk ere; izan ere, hiri bilbetik hurbil egonik begi-bistan daude eta paisaiaren ikuspuntutik interes berezia dute.

Ureztatzeari dagokionez, planak Arga eta Robo ibaien errepikatze-denbora desberdinetan zer eremuk duten uholde-arriskua jasotzen du.

Iragarkiaren kodea: F1808080