149. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

567E/2018 EBAZPENA, uztailaren 11koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena “Salestarrak” Plan Bereziaren aldaketa, Salestarretako Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzekoa, planaren 2., 5., 18., 19., 21., 27., 28. eta 29. artikuluei eta haren hirigintza fitxa partikularrari eragiten diena. Aldaketaren sustatzaileak Navarra de Suelo y Vivienda SA, San Juan Boscoren Salestarren Kongregazioa, Adania Residencial SL, Construcciones Andía SA eta Nature Este SL dira.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 187E/2018 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen “Salestarrak” Plan Bereziaren aldaketa, planaren hirigintza araudiko 2., 5., 18., 19., 21., 27., 28. eta 29. artikuluei eta haren hirigintza fitxa partikularrari zegokienez. Aldaketaren sustatzaileak Navarra de Suelo y Vivienda SA, San Juan Boscoren Salestarren Kongregazioa, Adania Residencial SL, Construcciones Andía SA eta Nature Este SL dira.

Ebazpen hori 2018ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14koan, eta egunkarietan 2018ko maiatzaren 7an, eta hilabete bateko epea ireki zen jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko.

Epe horretan jarraian aipatzen diren alegazioak aurkeztu ziren:

ZENBAKIA

DATA

NORK AURKEZTUA

1. alegazioa

2018/06/12

Francisco Galán Soraluce

2. alegazioa

2018/06/13

Ramón Garitano Garitano

3. alegazioa

2018/06/13

Francisco Jiménez Buendía

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio Udalez gaindiko Plan Sektorialak garatzeko plan bereziak tramitatzea eta onestea, bai eta haien aldaketak ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tramitatera onartzea eta ebaztea Salestarretako Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzen duen “Salestarrak” Plan Bereziaren aldaketari aurkeztutako alegazioak, ebazpen honen eranskinean adierazi bezala.

2. Behin betiko onestea Salestarretako Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko “Salestarrak” Plan Bereziaren aldaketa, planaren 2., 5., 18., 19., 21., 27., 28. eta 29. artikuluei eta haren hirigintza fitxa partikularrari eragiten diena. Aldaketaren sustatzaileak Navarra de Suelo y Vivienda SA, San Juan Boscoren Salestarren Kongregazioa, Adania Residencial SL, Construcciones Andía SA eta Nature Este SL dira.

3. Ebazpen hau eta onetsitako agiria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, alegazio egileei eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko uztailaren 11n.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Alegazioen txostena

Horretarako gaitutako epean, 2018ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14koan, hasiera batean onesteko ebazpena argitaratu ondoren, hiru alegazio idazki jaso ziren.

2018ko ekainaren 20an, sustatzaileei helarazi zitzaizkien alegazioak, haien berri izan zezaten eta zegozkien ondorioak izan zitzaten. José M. Ayerdi Fernández de Barrena jaunak, Navarra de Suelo y Vivienda SA enpresaren ordezkari gisa, eta 2018ko ekainaren 28ko eskari baten bidez (dok.: 455995), alegazioei erantzuteko idazkia aurkeztu zuen.

Idazki horrekin batera, lau agiri aurkeztu ziren, 2018ko ekainaren 25eko data zutenak. Agiri horietan, gainerako sustatzaileek baimena ematen diote NASUVINSAri “Salestarrak” Plan Bereziari eta haren Xehetasun Azterlanari aurkeztutako alegazioen idazketarekin eta izapideekin lotutako kudeaketak egiteko. Honako hauek izenpetu zituzten agiriak:

–María Josefa Lizarraga Echeverríak, Adania Residencial SLUren izenean eta haren ordezkari gisa.

–Javier Andía Vidaurrek, Construcciones Andía SAren izenean eta haren ordezkari gisa.

–David Botín Cociñak, Nature Este SLren izenean eta haren ordezkari gisa.

–José Manuel González Díezek, San Frantzisko Saleskoaren Kongregazioaren Done Jakueren Inspektoretza Salestarraren izenean eta haren ordezkari gisa.

Bai aurkeztu diren alegazioak bai sustatzaileek horiei emandako erantzuna aztertu ondoren, aurkeztutako hiru alegazioak laburbildu eta horiei erantzuten zaie jarraian:

1. alegazioa.–Francisco Galán Soralucek 2018ko ekainaren 12an aurkeztua.

Edukia:

Alegazioaren hasieran adierazten du “Salestarrak” Plan Bereziaren aldaketaren xedea dela eraikuntzaren garaierak bolumetrikoki murriztea, eraikinen egungo garaierak, derrigorrezkotzat jo beharrean, gehienezkotzat jota. Alegazio egileak dio Plan Berezian proposatutako azalera eraikigarria UPSa baino lehenagoko antolamenduan finkatutakoa baino 9.000 m² handiagoa dela, gutxi gorabehera.

Lehenengo enkantearen bidez egindako lurzatien salmentak (22.106,12 m²-ko azalera eraikia) 25,5 milioi euroko irabaziak ekarri dituela kontuan hartuta, alegazio egileak dio lurzati guztien salmentak 46,24 milioi euroko irabaziak ekarriko lituzkeela, Salestarrek lekuz aldatzeko konprometituta dutena baino 37 milioi gehiago. Hortaz, ondorioztatzen du murrizketa eginda ere erantzuten ahalko zaiola lekualdatzearen kostuari, nahiz eta horrek ez zukeen inoiz antolamenduaren aldaketaren oinarri izan behar.

Hori horrela, honako hau eskatzen du:

–“Hiriko antolamenduaren kontura UPSk gehitutako azalera eraikia, 9.000 m²-koa, neurri berean murriztea xeda dezala Plan Bereziaren aldaketak”.

–“Berraztertu dadila diseinua, UPSa baino lehenagoko Plan Orokorreko lurzati itxien antolamendura ahalik eta gehien egokitzeko”.

–Eta, “aurrekoaren alternatiba gisa, azalera eraikigarriaren 9.000 m²-ko murrizketa hori P1, P2, P3 eta P8 lurzatietako garaieretan aplika dadila”.

Justifikazioa:

Udalez gaindiko Plan Sektorialak aurreko hirigintza antolamenduak finkatutako azalera eraikigarria areagotzeko aukera ematen du, eta sustatzaileek horri buruz diote lurralde antolaketarako tresna horiek hirigintza antolamendurako baldintza berriak ezarri edo daudenak alda ditzaketela, dagokion tokiko plangintzara lotuz horrela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 42.3 artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Gaian sakonduz, sustatzaileek diote “UPS horrek Salestarren lurzati bikoitza hobeki eta gehiago erabiltzeko kalkulua jasotzen duela 7. eranskinean, eta hor kalkulatzen dela Zabalguneko bi etxaditan zenbateko eraikigarritasuna kabitzen den”.

Alde horretatik, UPSan finkatutako gehieneko eraikigarritasuna, egiturazko gainerako zehaztapenekin batera, loteslea da gerora Plan Bereziak zehaztu beharreko lurzatiaren antolamendu xehatuarentzat. Hortaz, Plan Bereziak, eta, beraz, baita aldaketa honek ere, beren xedeari jarraikiz, UPSaren egiturazko zehaztapenak garatzen eta zehazten dituzte, baina inola ere ez dituzte aldatzen.

Jarduketaren kostuei dagokienez, Salestarren Kongregazioak lekuz aldatzeko konprometituta duen zenbatekoa bakarrik hartzen du kontuan alegazio egileak. Alabaina, sustatzaileek beren idazkian azaltzen dute badaudela beste zenbait kostu, ikastetxearen eraikuntzaz gainera, hala nola “lurzorua erostea eta urbanizatzea, ikastetxeko makinak eta altzariak garraiatzea, [...] zergak eta gastu eta ordainsari teknikoak”, gizarte etxe bat eraikitzeko, Iruñeko Udalari egin beharreko 3.000.000 euroko ordainketa, eta “dagokion lurzatiaren lagapena, hura eraikitzeko”. Halaber, adierazten dute NASUVINSAk bere gain hartuko dituela tramitazioan dauden espedienteen ondorioz gauzatu ezin izanen den eraikigarritasunak eragindako kostuak (barne urbanizazioko gastuak, kanpoko sareak sendotzea eta eraikigarritasun murrizketak dakarren balio galera).

Diseinua berraztertzeko eskaerari buruz, sustatzaileek aldarrikatzen dute “proposamen hori irabazle suertatu zela 69 proposamen jaso zituen ideia lehiaketa batean, eta operazioarekin zerikusia duten alderdi guztietako ordezkariak egon zirela epaimahaian: Nafarroako Gobernukoak, NASUVINSAkoak eta Salestarren Kongregaziokoak eta Iruñeko Udalekoak, bai eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialekoak ere, gonbidatu gisa”. Hori horrela, adierazten dute “Plan Bereziak, proposamena antolatzeko garaian, arreta handia jarri duela antolamenduko espazio publikoen diseinuan eta itxuran, espazio publiko irekiak eta kalitate handikoak lortze aldera”.

Esandakoaren haritik, lehiaketa horretako oinarrien honako zati hau gogorarazten dute: “Antolamendu honen bidez lortu nahi da erabilera publikoko espazio pribatu berri bat sortzea, bere ingurunearekin bat eginda egonen dena, jendea erakarriko duena inguru horretara, eta hiriko erdigune gisa finkatuko duena. Espazio horrek jarduerari eutsi eta aberastu egin beharko du, hiriko erabilera publikoko espazioen sarea aberastearekin batera”.

Horregatik, sustatzaileek diotenez, “proposatutako antolamenduak baztertu egiten du proiektua Zabalgunean ohikoa den patiodun etxadi tradizionalaren tipologian oinarritzeko aukera, tipologia horrek ahalmen urria duelako hirirako espazio (plaza) publiko ireki eta kalitatezko bat sortzeko, batere ahalmenik ez duela ez esatearren”.

Beste alde batetik, enpresa sustatzaileek aipatu dute Salestarren etxadi bikoitza Antolamendu Alternatiboko Gune gisa identifikatuta dagoela BEPBn; gune horietan, baimenduta daude erreforma osoak edo bateratuak, antolamendu alternatibo batean oinarritutakoak.

Azkenik, baieztatzen dute, aipatutako arrazoiak kontuan hartuta, “Plan Bereziak proposatutako antolamenduak behar bezala erantzuten diela bizilagunen interesei”.

Proposamena: Aurkeztutako alegazioa ezestea.

2. Alegazioa.–Ramón Garitano Garitanok 2018ko ekainaren 13an aurkeztua.

Edukia:

Alegazioaren hasieran, Plan Bereziaren behin betiko onespena eta horren ondorioz 2017ko abuztuan egindako lurzatien enkantea aipatzen ditu, eta haietako lau 25,5 milioi euro ingurutan esleitu zirela gogorarazten du. Bigarren enkantea egin eta hutsik gelditu zela ere aipatzen du. Jarraian, ikastetxearen obren hasierari buruz hitz egiten du, eta prezioa 23 eta 27 milioi artekoa izanen dela dio.

Plan Bereziaren aldaketari buruz, adierazten du aurreko antolamendu orokorrari eusten diola, bai eta guztirako eraikigarritasunari ere, gehienezkoa izatera pasatzen denari. Aldi berean izapidetu da 1., 2., 3. eta 8. lurzatietako garaierak pixka bat murrizten dituen Xehetasun Azterlana.

Eraikigarritasunaren azterketari dagokionez, adierazten du enkantean esleitutako lurzatiei, goiko solairuetan, -21.040,19 m² dagokiela; hori horrela, Plan Berezian eraikigarritasun osoa, garaieran, gizarte etxea kontuan hartu gabe, 45.969,91 m²-koa da. II. Zabalguneko BEPBn zehaztutakoarekin bat, orubean diseinatuko diren balizko bi etxadiren eraikigarritasuna, goiko solairuetan, 37.489 m²-koa izanen dela dio. Datu horiek ikastetxearen kostuarekin lotuz, adierazten du ikastetxe berria Plan Berezian aurreikusita dagoen eraikigarritasunaren erdia baino gutxiagorekin finantzatzen ahal dela.

Azpimarratzen du esleitutako lurzatien eraikigarritasuna II. Zabalguneko BEPBn finkatutako zehaztapenei jarraikiz diseinatutako bi etxadiri dagokienaren %56-koa dela, eta, beraz, Zabalguneko ohiko bi etxadiri dagokien eraikigarritasunaz ordaintzen ahal dela.

Hirigintza operazioaren xedea ikastetxea finantzatzea bada, ez du ulertzen zergatik tramitatu den Plana baldintza horiekin, eraikigarritasun osagarri horri eutsiz, haren ondorio nagusia hiria suntsitzea izanen baita, diseinuaren ikuspegitik.

Bere ustez, “deskribatu den egoera berriak Salestarren lurzatiko garapen urbanoa errotik birpentsatzea ekarri behar du”. Hori horrela, eskatzen du “bertan behera uztea Plan Berezia, eta, haren ordez, Iruñeko II. Zabalgunearekin, hiriaren erdigunearekin, oro har, eta haiekin lotuta dauden paisaiekin bateragarria izanen den hiri multzo bat proiektatuko duen beste antolamendu agiri bat sortzea, 5., 6., 9. eta 11. lurzatiei dagoeneko esleitu zaizkien hirigintza ustiapenak errespetatuko dituena, eta multzo osorako goiko solairuetarako 37.489 m²-ko gehieneko eraikigarritasuna ezarriko duena, hots, Zabalguneko eraikuntza araudiaren arabera eratutako bi etxadiri dagokiena. Alegazio egileak Plan Bereziaren sustatzaileak animatzen ditu, eta bi administrazio jarduleak bereziki, hiriari sortu zaion aukera hau baliatzera, zenbait hamarkadatan bakarra izanen baita, Zabalgunean hiri espazio garrantzitsu bat sortzeko”.

Justifikazioa:

1. alegazioari erantzuteko azaldutako arrazoiak berresten dira. Eransten da alegazioan aipatzen diren gaiak, indarreko Plan Bereziaren izapideetan egokiak izaten ahal zirenak, ez direla bidezkoak aldaketa espediente honetan, eraikuntzaren solairu kopuruaren izaera besterik ez baita aldatzen hemen, derrigorrezkoa izatetik gehienekoa izatera pasatzen baita, hain zuzen ere hura murriztea posible izan dadin.

Proposamena: Aurkeztutako alegazioa ezestea.

3. alegazioa.–Francisco Jiménez Buendíak 2018ko ekainaren 13an aurkeztua.

Edukia:

“Eskaera honen bidez, alegazioak aurkezten zaizkio ‘Salestarrak’ Plan Bereziaren Aldaketari (2., 5., 18., 19., 21., 27., 28. eta 29. artikuluak) [...] Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 187E/2018 Ebazpenarekin lotutakoari.

187E/2018 Ebazpenean landutako ‘Salestarrak’ Plan Bereziak, eta, zehazki, 2018ko otsailean jendaurrean jarritako “Iruñeko ‘Salestarrak’ Plan Bereziaren Aldaketa” izeneko testuan landutakoak, B+14-ra arte iristen den eraikuntza garaiera finkatzen du, hasierako plangintzarekiko nolabaiteko hobekuntza dakarrena.

Alabaina, gerta daiteke eraikuntza garaiera horrek atzeraezinezko kalteak eragitea Iruñerriko paisaia ondarean. Bereziki, haren paisaia eragina oso garbi ikusiko da Belosoko aldapatik eta Argaren behe erribera osotik. Gainera, dorreen garaierak Katedralaren garaiera gaindituko luke, eta hori da Iruñerriko eraikinik garaiena Erdi Aroaz geroztik.

Hortaz, eskatzen da Vianako Printzea Erakundeak (hori baita Nafarroako Foru Komunitateko ondarea zaintzeaz arduratzen den erakundea) egin dezala azterlan bat eraikinen garaierek Iruñerriko paisaia ondarean izanen duten eraginari buruz, eta sar dadila azterlana Plan Bereziko gehieneko altueren ebaluazioan.”

Justifikazioa:

Ondare arkitektonikoaren kontzeptuari dagokionez, sustatzaileek diote “hiriaren irudia ez dela estatikoa, aldatzen joan dela mendez mende, herritarren beharretara egokituz, eta aldatzen jarraituko duela etorkizunean ere”.

Halaber, sustatzaileek ukatu egiten dute proposatutako eraikinek katedralaren garaiera gaindituko dutenik, eta adierazten dute, gainera, “badaudela beste zenbait eraikin Iruñean katedralaren garaiera gainditzen dutenak, hala nola Singular eraikina [...], Basoko dorrea [...], Gomara dorrea [...], Fitero dorrea [...], Rural Kutxaren eraikina [...], Eraikin horietako batzuk Zabalguneko bilbean sartuta daude, gainera; hortaz, Plan Bereziak proposatzen duen garaierako eraikuntza dagoeneko erreferentzia urbanoa da Iruñeko zabalguneetan”.

Gaian sakonduz, adierazten dute Plan Bereziaren diseinuan kontuan hartu dela eraikinak leku askotatik ikusiko direla, eta erreferentzia bisual bihurtuko direla hiriko zenbait ikuspegitatik; horregatik, ipar-ekialdeko erlaitzetik atzeraemandako kokapena dute, eta beheranzko gradientea dute Medialuna parkerantz.

Eransten dute “proposamenak hiria sustatzen duela, ikuspegi berriak irekiz” eta “lurzatiaren lurzoruko azaleraren %43 baino gehiago libratzen duela, erabilera publikoko hiri espazio bat sortuz [...], kalitatezkoa, eguzki argia jasoko duena, eta Iruñeko herritar guztientzat topaleku erakargarri izanen dena”.

Beste alde batetik, alegazio egileak Vianako Printzea Erakundearen parte hartzea eskatu izanari buruz, esan behar da Salestarretako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren zein Plan Bereziaren izapideetan, eskatu zitzaiola zegokion txostena Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Arkitektonikoaren Zerbitzuari –Vianako Printzea erakundeari–, haren eskumeneko arloetan. Eskaera horri erantzuteko, aipatutako erakundeak espediente horiei buruzko txostenak eman zituen, 2012ko maiatzaren 10ean eta 2015eko otsailaren 26an, hurrenez hurren. Hori horrela, UPSri buruz emandako txostenean zioen “ez zegoela inolako eragozpenik” Salestarren Lanbide Heziketako Ikastetxean dagoen elizaren fatxada nagusia deskatalogatzeko; eta PBri buruz emandako txostenean adierazi zuen “ez dagoela eraginik Ondare Arkitektonikoaren Atal honen eskumeneko gaietan”.

Hortaz, aldaketa honek ez duenez aldaketarik egiten UPSan aurreikusitako eta PBn garatutako antolamenduan, ez dago Vianako Printzea Erakundeari txostenik eskatu beharrik.

Proposamena: Aurkeztutako alegazioa ezestea.

"Salestarrak" Plan Bereziaren aldaketa (PDFa).

"Salestarrak" Plan Bereziko xehetasun azterlana (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1809174