149. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

560E/2018 EBAZPENA, uztailaren 6koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena “Salestarrak” Plan Bereziko xehetasun azterlana, Iruñeko Aralar kalean, Salestarretako Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzen duena, Navarra de Suelo y Vivienda SAk, San Juan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Adania Residencial SLk, Construcciones Andía SAk eta Nature Este SLk sustatua.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 189E/2018 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen “Salestarrak” Plan Bereziko xehetasun azterlana, Navarra de Suelo y Vivienda SAk, San Juan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Adania Residencial SLk, Construcciones Andía SAk eta Nature Este SLk sustatua.

Ebazpen hori 2018ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14koan, eta egunkarietan 2018ko martxoaren 15ean, eta hogei eguneko epea ireki zen jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko.

Epe horretan alegazio hauek aurkeztu ziren:

ZENBAKIA

DATA

NORK AURKEZTUA

1. alegazioa

2018-05-21

Francisco Galán Soraluce

2. alegazioa

2018-06-06

Yolanda López Aguirre eta beste 86

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 187E/2018 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen “Salestarrak” Plan Bereziaren aldaketa, planaren hirigintza araudiko 2., 5., 18., 19., 21., 27., 28. eta 29. artikuluei eta haren hirigintza fitxa partikularrari zegokienez. Aldaketaren sustatzaileak izan ziren Navarra de Suelo y Vivienda SA, San Juan Boscoren Salestarren Kongregazioa, Adania Residencial SL, Construcciones Andía SA eta Nature Este SL.

Plan berezi horren aldaketan xehetasun azterlan bat egiteko betebeharra ezarri zen, beheko eta goiko solairuetako materialak eta osaera arkitektonikoa zehaztuko dituen azterlan bat, hain zuzen ere, eta betebehar horri erantzuten dio honako tresna honek.

Alde horretatik, xehetasun azterlan honen bidez ezarritako aldaketak Plan Bereziaren aldaketa horren hirigintza araudian oinarritzen dira, eta, beraz, xehetasun azterlan honen ebazpenerako beharrezkoa izanen da aldez aurretik Plan Bereziaren aldaketa onestea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio Udalez gaindiko Plan Sektorialen hirigintza antolamendu xehatuaren zehaztapenak garatzeko xehetasun azterlanak izapidetzea eta onestea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak espedientea azterturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tramitera onartzea eta ebaztea Iruñeko Aralar kaleko “Salestarrak” Plan Bereziko Xehetasun Azterlanari, Salestarretako Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzen duenari, aurkeztutako alegazioak, Ebazpen honen eranskinean azaldutako moduan.

2. Behin betiko onestea Iruñeko Aralar kaleko Salestarretako Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzen duen “Salestarrak” Plan Bereziko xehetasun azterlana, Navarra de Suelo y Vivienda SAk, San Juan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Adania Residencial SLk, Construcciones Andía SAk eta Nature Este SLk sustatua.

3. Xedatzea ebazpen honek balioa izan dezan “Salestarrak” Plan Bereziaren aldaketa behin betiko onetsi beharko dela; aldaketak planaren hirigintza araudiko 2., 5., 18., 19., 21., 27., 28. eta 29. artikuluei eta hirigintza fitxa partikularrari eragiten die, eta Navarra de Suelo y Vivienda SAk, San Juan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Adania Residencial SLk, Construcciones Andía SAk eta Nature Este SLk sustatu dute.

4. Ebazpen hau eta onetsitako agiria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, alegazio egileei eta espedientearen sustatzaileei jakinaraztea, dagozkien ondorioak izan ditzaten.

5. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko uztailaren 6an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Alegazioen txostena

Horretarako gaitutako epean, 2018ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14koan, hasiera batean onesteko ebazpena argitaratu ondoren, bi alegazio idazki jaso ziren.

2018ko ekainaren 18an, sustatzaileei helarazi zitzaizkien alegazioak, haien berri izan zezaten eta zegozkien ondorioak izan zitzaten. José M. Ayerdi Fernández de Barrena jaunak, Navarra de Suelo y Vivienda SA enpresaren ordezkari gisa, eta 2018ko ekainaren 28ko eskari baten bidez (dok.: 455998), alegazioei erantzuteko idazkia aurkeztu zuen.

Idazki horrekin batera, lau agiri aurkeztu ziren, 2018ko ekainaren 25eko data zutenak. Agiri horietan, gainerako sustatzaileek baimena ematen diote NASUVINSAri “Salestarrak” plan bereziari eta haren xehetasun azterlanari aurkeztutako alegazioen idazketarekin eta izapideekin lotutako kudeaketak egiteko. Honako hauek izenpetu zituzten agiriak:

–María Josefa Lizarraga Echeverríak, Adania Residencial SLUren izenean eta haren ordezkari gisa.

–Javier Andía Vidaurrek, Construcciones Andía SAren izenean eta haren ordezkari gisa.

–David Botín Cociñak, Nature Este SLren izenean eta haren ordezkari gisa.

–José Manuel González Díezek, San Frantzisko Saleskoaren Kongregazioaren Done Jakueren Inspektoretza Salestarraren izenean eta haren ordezkari gisa.

Bai aurkeztu diren alegazioak bai sustatzaileek horiei emandako erantzuna aztertu ondoren, aurkeztutako bi alegazioak laburbildu eta horiei erantzuten zaie jarraian:

1. Alegazioa.–Francisco Galán Soralucek 2018ko maiatzaren 21ean aurkeztua.

Edukia:

Alegazioaren hasieran adierazten du xehetasun azterlanak eraikitako azalera 4.500 m² murriztea proposatzen duela, eta hori UPSk aurretiazko antolamenduan finkatutakoaren gainean ezarritako handitzearen erdia dela.

Adierazten du “Iruñeko Plan Orokorreko inguruaren antolamendua zeharo aldatzen jarraitzen dela, merezi duen jarduketa berezirik sortu gabe”. Zehazki, “Leire kaleko zenbaki bakoitietarako proposatzen den hormatzarra eta zenbaki bikoitietako eraikinaren ertzaren simulazioa” aipatzen ditu. Hori horrela, honako hau eskatzen du:

–“Xehetasun azterlanak azaleraren murrizketa handitu dezala, UPSk gehitutako 9.000 m²-koa izateko, hain zuzen ere, gehikuntza horrek ez baitu inolako justifikaziorik, hiriko antolamenduaren kontura Salestarrentzat gainbalio bat lortzea besterik”.

–“Berraztertu dadila diseinua, UPSa baino lehenagoko Plan Orokorreko lurzati itxien antolamendura ahalik eta gehien egokitzeko”.

–Eta, “aurrekoaren alternatiba gisa, azalera eraikigarriaren 9.000 m²-ko murrizketa hori P1, P2, P3 eta P8 lurzatien garaieretan aplika dadila”, 1., 2. eta 3. lurzatietako garaierak txikiagotuz (2, 1 eta 3 solairu, hurrenez hurren), edo murrizketa osoa 3. lurzatian metatuz (6 solairu), 8. lurzatiko garaiera 14 solairutik 12ra jaisteaz gainera.

Justifikazioa:

Udalez gaindiko Plan Sektorialak aurreko hirigintza antolamenduak finkatutako azalera eraikigarria areagotzeko aukera ematen du, eta sustatzaileek horri buruz diote lurralde antolaketarako tresna horiek hirigintza antolamendurako baldintza berriak ezarri edo daudenak alda ditzaketela, dagokion tokiko plangintzara lotuz horrela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 42.3 artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Gaian sakonduz, sustatzaileek diote “UPS horrek Salestarren lurzati bikoitza hobeki eta gehiago erabiltzeko kalkulua jasotzen duela 7. eranskinean, eta hor kalkulatzen dela zabalguneko bi etxaditan zenbateko eraikigarritasuna kabitzen den”.

Diseinua berraztertzeko eskaerari buruz, sustatzaileek aldarrikatzen dutenez, “proposamen hori irabazle suertatu zen 69 proposamen jaso zituen ideia lehiaketa batean, eta operazioarekin zerikusia duten alderdi guztietako ordezkariak egon ziren epaimahaian: Nafarroako Gobernukoak, NASUVINSAkoak eta Salestarren Kongregaziokoak eta Iruñeko Udalekoak, bai eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialekoak ere, gonbidatu gisa”. Hori horrela, adierazten dute “Plan Bereziak, proposamena antolatzeko garaian, arreta handia jarri duela antolamenduko espazio publikoen diseinuan eta itxuran, espazio publiko irekiak eta kalitate handikoak lortze aldera”.

Esandakoaren haritik, lehiaketa horretako oinarrien honako zati hau gogorarazten dute: “Antolamendu honen bidez lortu nahi da erabilera publikoko espazio pribatu berri bat sortzea, bere ingurunearekin bat eginda egonen dena, jendea erakarriko duena inguru horretara, eta hiriko erdigune gisa finkatuko duena. Espazio horrek jarduerari eutsi eta aberastu egin beharko du, hiriko erabilera publikoko espazioen sarea aberastearekin batera”.

Horregatik, sustatzaileek diotenez, “proposatutako antolamenduak baztertu egiten du proiektua zabalgunean ohikoa den patiodun etxadi tradizionalaren tipologian oinarritzeko aukera, tipologia horrek ahalmen urria duelako hirirako espazio (plaza) publiko ireki eta kalitatezko bat sortzeko, batere ahalmenik ez duela ez esatearren”.

Beste alde batetik, enpresa sustatzaileek aipatu dute Salestarren etxadi bikoitza Antolamendu Alternatiboko Gune gisa identifikatuta dagoela BEPBn; gune horietan, baimenduta daude erreforma osoak edo bateratuak, antolamendu alternatibo batean oinarritutakoak.

Azkenik, ziurtatzen dute, aipatutako arrazoiak kontuan hartuta, “proposatutako antolamenduak [...] behar bezala erantzuten diela bizilagunen interesei”.

Proposamena: Aurkeztutako alegazioa ezestea.

2. alegazioa.–Yolanda López Aguirrek eta beste 86 pertsonak aurkeztua 2018ko ekainaren 6an.

Edukia:

Alegazio egileek uste dute Xehetasun Azterlanean proposatutako solairu murrizketa ez dela oso garrantzitsua, eta proposatzen dute tresna hori erabiltzea eremuko orube batzuetan eraikuntzako barne lerrokadura berriak ezartzeko.

Horri buruz, aipatzen dute Leire kaleko 2., 4. eta 6. zenbakietan dauden etxeek Salestarren etxadia dutela parean, 12 m-ko distantzia eskasean. Gaur egun, 12 m-ko zabalera horrek ez du arazorik eragiten argiztapenari eta aireztapenari dagokienez, parean dauden eraikinak nahiko baxuak direlako, Aralar kalearen kantoikoa izan ezik. Alabaina, iragartzen dute P1, P2 eta P3 lurzatietan egin nahi diren eraikinek (7, 6 eta 14 solairukoak, hurrenez hurren), dagoeneko eraikita dauden etxebizitzetan argiztapena eta aireztapena galtzea ekarriko dutela.

Irtenbide gisa, proposatzen dute Leire kalera ematen duen egungo fatxada lerroa 8 m atzeraematea aipatutako lurzatietan; horrela, egungo eraikinak eta eraiki nahi direnak 20 m-ko zabaleraz bananduta geldituko lirateke.

Onartzen dute proposamen horrek P1, P2 eta P3 lurzatien eta P5 eta P6 lurzatien arteko banaketa murriztea ekarriko lukeela; blokeen arteko distantzia 29,72 m-koa izatetik 21,72 m-koa izatera pasatuko litzateke. Alabaina, azpimarratzen dute distantzia berri hori bat etorriko litzatekeela Xehetasun Azterlanak P5 eta P6 orubeen artean proposatutako banaketa-tartearekin, P7 eta P8 orubeen arterako proposatutakoaren aldean. Hori horrela, inguruko eraikin guztiak, dagoeneko eraikita daudenak zein eraikiko direnak, “elkarrekiko paraleloan kokatuta egonen lirateke, eta 20 bat metroko distantziara elkarren artean; hortaz, [...] hirigintza tratamendu bera jasoko lukete”.

Azkenik, aldarrikatzen dute proposamen honek “ez dituela aldatzen jabetza publikoko espazio libreak, hau da, pasealeku eta bide gisa erabiltzen direnak”, baina aitortzen dute P4 orubearen zabalera murriztea ekarriko lukeela, eta, beraz, baita azalera eraikigarria ere (Iruñeko Udalaren jabetzakoa den beheko solairuko eraikina). Dena den, arrazoitzen dute lurzati horrek “inguruko merkataritza beharrak asetzeko” adinako merkataritza azalera izaten jarraituko lukeela. Hortaz, eskabidea onartzea eskatzen dute, eta Xehetasun Azterlanean dagozkion aldaketak egitea.

Justifikazioa:

Sustatzaileek diote “Plan Berezian eta Xehetasun Azterlanean proposatutako lerrokadurak zabalguneko bilbera egokituta daudela”. Adierazten dute alegazio egileek proposatutako 8 m-ko atzeraemateak “aldaketa nabarmena eraginen lukeela hiri bilbean”. Zentzu horretan, lehiaketaren irabazlea aukeratu zuen epaimahaiaren aktaren zati bat dakarte gogora:

“Irabazle suertatu den proposamenean, zabalguneko etxadien oinarrizko trazadurako ipar-hego norabidearekiko paraleloa den eskema bati jarraikiz antolatzen dira bolumenak; horrela, eraikin horien jokoak areagotu egiten du hiritik iparraldeko paisaiaranzko gardentasun edo sakontasun sentipena, etxadiaren eskalaren erreferentzia galdu gabe”.

Gainera, azaltzen dute eskatutako atzeraemateak “lurzati horien kanpoko lerrokadurak aldatzeaz gainera, U1 eremuko lurzati guztienak aldatzea ere ekarriko lukeela, eta, era berean, PBren egiturazko baldintzak aldatzea, bai eta partzelazio proiektua aldatzea ere”. Hortaz, eskaera hori Xehetasun Azterlan honen irismenetik eta eskumenetatik kanpo gelditzen da.

Azkenik, sustatzaileek diote “garaieren proposamen berriarekin bereziki zaindu dela [...] lehendik dauden eraikinen garaiera berak proposatzea” Leire kalean, eta P3 lurzatian bakarrik gainditzen dela lehendik dagoen eraikinaren garaiera.

Proposamena: Aurkeztutako alegazioa ezestea.

Iragarkiaren kodea: F1809173