2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IZABA
Udal ordenantza, Izaban autokarabanak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Izabako Udalak, 2018ko apirilaren 12an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Izaban autokarabanak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen udal ordenantza.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko xedatu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Izaban, 2018ko uztailaren 6an.–Alkate-udalburua, Jesús Barace Marco.
IZABAN AUTOKARABANAK APARKATZEA ETA GAUA PASATZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
Zioen azalpena
Karabana parkea milioi bat unitatetik gorakoa da Europan, eta urtez urte hazten ari da, turismoen batezbestekoa baino askoz ere gehiago. Frantzia, Italia, Alemania eta Erresuma Batua dira Europar Batasunean autokarabana kopuru handienak dituzten herrialdeak. Lau herrialde horietako batuketak EBn matrikulaturiko autokarabana kopuruaren erdia baino gehiago egiten du.
Izaba Pirinioetan kokaturiko herri turistikoa denez gero, garraiobide eta egoitza mota hori erabiltzen duten Europar Batasuneko turisten helmuga da, eta horrez gainera, barne turismoa gehitzen zaio.
Gehiago sakonduz, gai honen arauketan gurutzatzen dira administrazio desberdinen eskumen alorrak, eta erabilera turistikoa bateragarria izan beharra herrietako natur eta kultur baliabideen erabilera arrazional eta iraunkorrarekin; era berean, herritarren eta autokarabanetan eta etxebizitza-ibilgailuetan ibiltzen diren turisten arteko bizikidetza erraztu behar da.
Testuinguru horretan, udalek egiteko garrantzitsua dute, lurzoruaren ordena eta erabilera finkatzen dutelako, horretarako lurzoruaren antolamenduari buruzko legeriek aitortzen dizkieten tresnak erabilita.
Testuinguru horretan, hau proposatu da:
Atarikoa
Espainiako 1978ko Konstituzioak, bere VIII. tituluan, Estatuaren lurralde antolaketari buruzkoa baita, 3. kapituluko 148.1.18 artikuluan, ezartzen du erkidego autonomoek turismoa antolatzeko eskumenak bereganatzen ahal dituztela beren lurralde esparruan. Alde horretatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen dio turismoaren sustapen eta antolamenduaren arloan.
Eskumen emate hori betetzeko asmoz onetsi zen Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Legea, Nafarroako Foru Komunitateko turismo sektorea arautzeko xedea duena; Legeak bere helburu eta printzipioak ezartzen ditu, Nafarroako administrazio publikoek jarduera turistikoak antolatzeko eta sustatzeko eta zerbitzu turistikoen kalitatea lortzeko egin beharrekoak zehazten, turismoaren alorrean dihardutenen eskubide eta betebeharrak finkatzen eta Nafarroako baliabide turistikoak sendotzen. 5.1,c) artikuluan ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskumen hauek dituela turismoari dagokionez: turismoa planifikatzea, antolatzea eta sustatzea Foru Komunitatearen esparruan. Era berean, lege honek, 6. artikuluaren b apartatuan, ezartzen ditu toki entitateek turismo arloan dituzten eskumenak, hau da, beren baliabide turistikoak babestu eta zaintzea, bereziki ingurune naturala eta monumentu ondarea.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25. artikuluan ezartzen duenez, udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, mota guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.
Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 39. artikuluan xedatzen denez, hiri bideetan gelditzeko eta aparkatzeko araubidea udal ordenantzaren bidez arautuko da eta behar diren neurriak hartzen ahalko dira trafikoa ez trabatzeko, besteak beste aparkatzea halako ordu batzuetara mugatzea, baita behar diren neurri zuzentzaileak ere, ibilgailua kentzea edo hura mugitzeko debekua barne, denbora mugatua duten eremuetan aparkatzeko gaitasuna ematen duen titulua ez dutenean, edo emandako baimena gainditzen dutenean, gidaria nor den jakitea lortu arte.
Uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuak, 1993ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen uztailaren 30ean, Kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen ditu; haren 4. artikuluaren 1. atalak ezartzen du kanpaldi librea aurretik baimendu behar duela dagokion toki entitateak.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen aparkatzea arautzea kanpaldi finkoetarako edo ibiltarietarako, Izabako udal-mugartean, bertako natura baliabide eta espazioak zaindu eta pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzeko asmoz eremu publikoen erabiltzaile guztien artean.
Autokarabana jarduerarekin loturik Izabako Udalak esleiturik dituen eskumenak garatzen ditu ordenantza honek, esaterako trafikoa eta ibilgailuen zirkulazioa bide urbanoetan, mugikortasuna, turismoa, ingurumena, osasun publikoa, kontsumoa eta garapen ekonomikoa, baita zehatzeko ahalmena ere, aplikatzekoak diren Europako, Estatuko eta autonomia erkidegoetako arauetan.
Izabako udal-mugarte osoan dira aplikatzekoak ordenantza honetako aginduak, salbu trafikoarekin eta ibilgailuen zirkulazioarekin lotutakoak: horiek aplikatzekoak izango dira bide urbanoetan eta urbanotzat deklaratutako hiriarteko bideetan edo zeharkaleetan bakarrik.
2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.
Zehapena ezarriko zaio Izabako udal-mugartean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aurretik baimena eskuratu.
Debekaturik dago bide urbanoetan edo urbano deklaratutakoetan karabanak gelditzea:
a) Seinaleek espresuki debekatutako lekuetan.
b) Bihurguneetan eta ikusgarritasun gutxiko sestra aldaketetan eta inguruetan.
c) Erabilera publikoko pasabideetan eta oinezkoak eta ziklistak pasatzeko seinaleztatutako igarobideetan.
d) Oinezkoen eremuetan; bizikleten bidegorrietan, garraio publikoko geralekuetan, bai zerbitzu erregularrekoetan bai eskatu beharrekoetan, eta bidean erabiltzaile zehatz batzuen zirkulazio edo zerbitzurako bakarrik gordetako errei edo zatietan.
e) Gurutzeetan eta elkarguneetan.
f) Trafiko seinaleak ikustea galarazten denean.
g) Biratzea galarazten denean edo maniobrak egitera behartzen denean.
h) Bigarren ilaran.
i) Bide lasterretan eta lehentasunezko bide publikoetan.
j) Bideen erdiko zatian edo bazterrekoetan, eta zoruan zerrendekin seinaleztatutako tokietan, bai osoki bai partez okupatuta ere, trafikoa ez trabatzeko, bateragarri eginez aparkalekuak erabiltzaile guztien artean ekitatiboki banatzea eta errepideko zirkulazioa behar bezain arin joatea.
k) Espaloietan oinezkoak igarotzeko dauden pasabideetan.
l) Zirkulazioa oztopatzen den gainerako toki guztietan, denbora txikienerako bada ere.
m) Desgaitasuna dutenentzat gordetako lekuetan, salbu baimena izanez gero.
3. artikulua. Kanpaldi librea.
Kanpaldi libretzat hartuko da:
a) Aterpe mugikor bat, karabana bat, autokarabana bat, kanpadenda bat edo aise garraiatu eta desmuntatzeko gisako elementu bat edo gehiago paratzea, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.
b) Ordenantza honetan ezarri den baino denbora luzeagoan egotea autokarabanen aparkalekuan.
4. artikulua. Aparkatzearen eta akanpatzearen arteko desberdintasuna.
Zilegi da gelditzea eta aparkatzea autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko eremuan.
Aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:
1.–Gurpilekin edo segurtasun ziriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu paraturik ere).
2.–Ibilgailu itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainditzen duen elementurik hedaturik ez dagoelarik.
3.–Inolako isurki kutsagarriren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen direlarik, hala nola ur erabiliak eremu publikoan hustea.
4.–Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.
Eremua egonaldirako edo gaua igarotzeko erabiltzen duten autokarabanek edo etxebizitza-ibilgailuek plaza bakoitzaren espazioaren mugak errespetatuko dituzte beti, eta inoiz ezingo dira kanpora atera mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak edo bestelako tresnak. Plaza hauek egonaldirako erabiliko dira soilik.
5. artikulua. Aparkatzea.
Udal-mugarte osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita. Gainera, nahitaezkoa izango da autokarabana eta etxebizitza-ibilgailu guztiek gaua pasatzea Izabako udalerrian horretarako prestatu den aparkalekuan, Landondoa alderdian, 1. poligonoko 396. lurzatian.
6. artikulua. Aparkatze denbora.
Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak gehienez ere 72 orduz egon daitezke jarraian eremuan aparkaturik. Udalak mugatzen edo debekatzen ahalko du, gainera, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak eremu publikoko zonalde mugatuetan aparkatzea, arrazoi objektiboak eta etxebizitza-ibilgailuen tamaina edo baimendutako gehieneko masa direla-eta, bide segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten badiete.
7. artikulua. Zerbitzu eremua autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako.
Landondoa alderdian, 1. poligonoko 396. lurzatian, udal Suhiltzaileen Parketik hurbil autokarabana eta etxebizitza-ibilgailuendako dagoen zerbitzu eremuan dago isurialde bakarreko bloke leunezko etxola bat, morteroz hartua, 1,60 m × 2,40 m-koa eta 2,20 m eta 2,60 m arteko garaiera duena. Etxola horretan wc kimiko bat egongo da ur beltzak isurtzeko. Etxolaren kanpoaldean jarriko da ur edangarriaren hargunea. Etxolaren aldamenean dago ur grisak hustutzeko plataforma, estolda-sarera loturiko hustubidea duena. Alderdi horretan, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eta gaua igarotzeko 19 plaza erreserbatu daude.
8. artikulua. Zerbitzu eremua erabiltzeko arauak.
Zerbitzu eremu hau erabilera arau hauen mendean egongo da:
1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab., etxebizitza-ibilgailu gisa homologaturik ez badaude eta komuna eta ur erabilien biltontzia ez badituzte.
2.–Ibilgailu aparkatuek une oro errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, kanpoaldera mahaiak, aulkiak, oihalak, eguzkitakoak, olanak edo beste edozein tresna atera gabe.
3.–Gehienez ere 72 orduz egoten ahalko dira, gelditzen diren unetik plaza uzten duten arte. Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta Udalak baimenduta bada.
4.–Eremuak baditu ur gris eta beltzak botatzeko espazioa eta edateko uraren hargunea.
5.–Biltontziak hustutzeko alderdian ezin da aparkatu; aldiz, oztoporik gabe egon behar du, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ari ez direlarik; erabiltzaileek higienea mantendu beharko dute erabili ondoan.
6.–Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea eremu osoan. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.
7.–Zerbitzuguneetako eremuen erabiltzaileek men egingo diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzuguneetako eremuek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.
8.–Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea eremu publikoan eta bereziki autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, aulkiak edo olanak, leku espresuki baimenduetan ez bada.
9. artikulua. Ikuskaritza.
Arau-haustea izango da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; udalbatzaren (Alkatetzaren) lanak dira dagokion bezala ikuskatzea eta zehapenak ezartzea.
Segurtasun indar eta kidegoak edo horretarako gaitzen diren agenteak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.
10. artikulua. Eskumena eta zehapen prozedura.
1.–Izabako Udaleko alkatea edo hark eskuordetutakoa da zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.
2.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa arautzen duen urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoari lotuko zaio zehapen-prozedura.
3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.
Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.
11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
–Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Honela daude sailkatuta:
a) Arau-hauste arinak dira:
- Mahaiak, aulkiak, oihalak, eguzkitakoak edo beste edozein tresna kanpoaldera ateratzea.
- Gaua igarotzeko ordaindutako tiketa ez jartzea ongi ikusteko moduko tokian.
b) Arau-hauste larriak dira:
- Gaua igarotzeko tiketa ez ordaintzea.
- Plaza (aparkatzen deneko lurzatia) garbi ez uztea.
- Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako plazetan 2 egun jarrai baino denbora luzeagoan egotea, horretarako baimenik izan gabe.
- 5. artikuluaren aurka jotzea, karabanak edo atoiak kotxerik gabe aparkatuta Izabako udal-mugartean.
c) Arau-hauste oso larriak:
- Autokarabanak, etxebizitza-ibilgailuak eta gainerako ibilgailuak zerbitzu eremuan garbitzea.
- Zerbitzu eremuko altzariak hondatzea.
- Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko ibilgailuak, kamioiak, karabanak, kotxeak, etab. aparkatzea eta/edo han gaua igarotzea.
- Gai kutsatzaileak isurtzea.
–Zehapenak:
- Arau-hauste arina egiteagatik, 6 eta 90 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.
- Arau-hauste larria egiteagatik, 91 eta 600 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.
- Arau-hauste oso larria egiteagatik, 601 eta 12.000 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.
12. artikulua. Arau-hausteez erantzutea.
Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Izabako Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko baldin eta gorabeherak, lapurretak edo gisakoak gertatzen badira aparkatuta dauden autokarabanetan.
Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, haren egilea izango da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.
Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izango da, arau-hauste larriaren egilea izateagatik.
Azken xedapena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1808998