3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA
Bardeako ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko
tarifaren onespena, 2018. urtekoa
Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 309. artikuluan (apirilaren 11ko 1986/1986 Errege Dekretua) eta ur konfederazioen lehendakaritzaren mendeko egitura organikoa zehazten duen uztailaren 28ko 984/1989 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Zuzendaritza Teknikoko 3. Ustiapen Zerbitzuak Bardeako Ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko 2018ko tarifaren kalkulua eta azterlan teknikoa eta ekonomikoa egin zituen, eta azken horretan 15. Ustiapen Batzordeak parte hartu zuen (2018ko martxoaren 14ko bilkura).
Hori guztia ikusirik, Konfederazio Hidrografiko honetako Zuzendaritza Teknikoak, 2018ko apirilaren 16an, Bardeako Ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko 2018ko tarifaren proposamena onetsi zuen, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 309. artikuluan aurreikusitako ondorioak sortzeko eta proposamena jendaurrean jartzeko.
Horretarako, 2018ko maiatzaren 19an eta 29an Zaragozako eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratu zen iragarki bana, Bardeako Ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko 2018ko tarifa jasotzen duen balio proposamen hau hamabost egun baliodunetan jendaurrean jartzeko erabakiari buruzkoa:
A) Nekazaritzako erabiltzaileek 30,8679851933 euroko tarifa ordainduko dute hektareako.
Obra multzoak amortizatzen 25 urte eman dituzten 63.232,57 hektareei 325.286,25 euro kenduko zaizkie kontzeptu horrengatik.
B) Hornidura eta industriarako erabiltzaileek 0,0192924907 euroko tarifa ordainduko dute metro kubikoko.
C) Aprobetxamendu hidroelektrikoetako erabiltzaileek 0,0077169963 euroko tarifa ordainduko dute kWh-ko.
Iragarkia argitaratu zenetik aipatutako epea iragan delarik erreklamaziorik aurkeztu gabe, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 309. artikuluan (apirilaren 11ko 1986/1986 Errege Dekretua) eta Uren Legearen Testu Bategina onetsi zuen uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 30.d) eta 30.e) artikuluen eta Uraren Administrazio Publikoaren eta Plangintza Hidrologikoaren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 29ko 927/1988 Errege Dekretuaren 33.2.i) artikuluaren bidez emandako eskumenaz baliatuz, burutza honek erabaki du Bardeako Ubideko eremu ureztagarrian ura erabiltzeko 2018ko tarifa onestea, jendaurrean jarritako proposamenarekin bat.
Ur Jabari Publikoaren Erregelamenduaren 313. artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen hau ekonomiko administratiboa da eta, beraz, haren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen da, hautazkoa, edo erreklamazio ekonomiko administratiboa; erreklamazioaren kasuan Aragoiko Auzitegi Ekonomiko Administratibora igorriko da. Aurkaratzeko bi bideak ezin dira aldi berean erabili. Bi errekurtsoak Ebroko Konfederazio Hidrografikoan aurkeztu beharko dira, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo hilabetean, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 222., 223., 225., 229. eta 235. artikuluetan ezarritakoaz baliatuz.
Zaragozan, 2018ko uztailaren 8an.–Idazkari nagusia, M.ª Dolores Pascual Vallés.
Iragarkiaren kodea: E1809231