Iragarkia
144. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MENDIGORRIA
Andion Haur Eskola arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena
Mendigorriko Udalak, 2018ko apirilaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Andion Haur Eskola arautzen duen udal ordenantza.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2010eko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, maiatzaren 4an, interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.
Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da eta osorik emango da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Mendigorrian, 2018ko ekainaren 17an.–Alkatea, Iosu Arbizu Colomo.
Andion Haur Eskola arautzen duen udal ordenantza
Ordenantza, Mendigorriko Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskola arautzen duena
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan xedatuari jarraikiz ezarri da. Mendigorriko Udalaren “Andión” Haur Eskolan (0 - 3 urte) neska-mutikoak inskribatu eta onartzeko araubidea ezartzea du xede, baita haren funtzionamenduaren zenbait alderdi arautzea ere.
2. artikulua. Norendako eta zenbat toki.
Gurasoek edo tutoreek eskatzen ahal dute tokia, baldin eta haur hezkuntzako lehen zikloko umeak (0-3) badituzte edo ikasturtea hasi baino 16 aste lehenago jaiotzeko badira.
16 aste eginak izanez gero sartzen ahal da eskolan.
Ikastetxe baten barrenean maila batetik beste batera iragateko ez da onarpen prozesurik egin behar.
Hautapen Batzordea izendatuko da, Haur Eskolarako onarpen prozesurako beharrezkoak diren inprimaki ofizialak egiteko eta deialdia ebazteko.
II. KAPITULUA
Sarrera 0-3 urtekoendako Haur Eskolan
3. artikulua. Eskabideak eta epeak.
a) Tokia gordetzeko eskabideak.
Aurreko ikasturtean Eskolan izan diren umeen gurasoek edo tutoreek hurrengo ikasturterako tokia gordetzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Haur Eskolako Zuzendaritzan urtero erabakitzen den epean, ikastetxean eskuratzen diren bi ereduetan.
b) Bete beharreko tokien berri ematea.
Tokia gordetzeko eskabideak jaso ondoren, indarra duen araudian finkatutako ratioak kontuan hartuz, Hautapen batzordeak, Udalaren iragarki-taulan, argitara emango ditu bete beharreko tokiak eta onarpen prozesuan aplikatuko den baremoa, eta ikasturte hartan aplikatuko diren tarifak.
c) Lehen aldiz sartzeko eskabideak.
Lehen aldiz sartzeko eskabideak Udalaren bulegoan eta Haur Eskolan biltzen ahalko dira, eta bertan aurkeztuko dira, hartarako jarritako epean.
4. artikulua. Dokumentazioa. Lehen aldiz sartzeko eskabideak.
Lehen aldiz sartzeko agiriak eredu ofizialean egin beharko dira, eta dokumentazio hau erantsiko zaie:
A) Aitaren, amaren edo legezko tutoreen lan egoeraren eta/edo egoera akademikoaren frogagiriak.
–Lan bizitzaren ziurtagiria, eskabidea egiten den hilabetean emana.
–Noiz aurkezten den eskaera, aurreko hilabeteko aitaren eta amaren nomina, edo lan egoera erakusten duen ziurtagiria edo Gizarte Segurantzan –dela araubide orokorrean dela autonomoenean– kideturik daudela frogatzen duena. Lanaldi partzialean jardunez gero (lanaldi erdia bitarte), haren ziurtagiria.
–Autonomoa izanez gero, eskaera aurreko hilabeteko kuotaren ordainagiria eta zinpeko aitorpena, lanaldia zehazten duena.
–Ikasten arituz gero, matrikularen frogagiria, ikasturteko egutegia eta ordutegia.
–Salbuespenez, behar diren agirien bitartez lanean ari dela ezin frogaturik badu, eskatzaileak zinpeko aitorpena egin beharko du, eta haren egiazkotasuna Udalak egiaztatuko du. Horrez gainera, lan bila dabilela frogatu beharko du, INEMeko bulegoetan lana aurkitzeko izena emanda dagoela dioen ziurtagiria aurkeztuta.
B) Familiaren osaera frogatzeko dokumentazioa.
–Familia liburuaren fotokopia (aita, ama eta seme-alabak).
–Familia ugariaren dokumentu ofizialaren fotokopia.
–Haurra kenduta, familia-unitateko beste edozein kideren minusbaliotasunaren ziurtagiria.
–Banantze edo dibortzioko akordioa.
C) Errenta mailak frogatzeko dokumentazioa.
–Aitaren eta amaren azken errenta aitorpenaren fotokopia.
Aitorpena nahitaez egin beharra ez dutenek Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzen duena; orobat, lan bizitzaren txostena eta aurreko urtean familiak izan dituen diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak.
–Oinarrizko errenta jasotzen badute, horren frogagiria.
D) Etxea edo aitaren nahiz amaren lantokia hurbil izatearen frogagiriak.
–Aitaren edo amaren eta haurraren erroldatze agiria, Udalean eskuratua, adierazitako helbidean bizi dela frogatzen duten agiriekin batera (etxebizitzaren jabetzaren tituluak edo errentamendua frogatzen dutenak, uraren, argiaren edo antzekoen ordainagiriekin batera, eskatzailearen izenean). Eskatzaileen kopurua ikaspostuena baino handiagoa baldin bada, lehentasuna izango dute Mendigorrian erroldaturiko tutoreak eta haurrak.
–Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeko (plaza eskatzen den hartako) Zuzendaritzaren ziurtagiria, non adieraziko baita eskatzaileak bertan egiten duela lan.
–Aitak edo amak Mendigorriko udalerriko zein lantokitan egiten duen lana frogatzen duen dokumentazioa.
E) Zuzenean sartzeko baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa:
–Hezkuntzako behar bereziak: haurraren minusbaliotasuna kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.
–Nafarroako Gobernuaren zaintzapeko edo babespeko haurrak: hori frogatzen duen txostena edo agiria.
–Arrisku sozialean dauden umeak: Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen txostena.
–Zuzeneko sarbidea esleitzeko, horren aldeko txostena beharko da nahitaez, Hezkuntza Departamentuak emana, eskaerarekin batera aurkeztutako txostenez gain.
F) Jaio gabeko haurrak: gutxi gorabehera noiz jaiotzekoa den zehazten duen ziurtagiria (gehienez ere 16 aste, ikasturtea hasi baino lehen).
G) Beste edozein inguruabar berezi baloratzeko, medikuaren, psikologoaren, gizarte-langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da, inguruabar hori frogatzeko.
5. artikulua. Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, 0 bat jarriko da onarpen baremoan dagokion apartatuan. Eskabideko edo gainerako dokumentazioko datuak faltsuak direla frogatuz gero, emandako tokia kentzen ahalko da.
Izena emateko epea amaiturik agiriren bat falta bada, agiri hori eskatu eta 10 egun emango dira aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 71. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hautapen batzordeak zilegi izango du edozein unetan ziurtagiri gehiago eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten egoerak frogatzeko.
III. KAPITULUA
Hautapena eta tokien adjudikazioa
6. artikulua. Hautatzeko baremoa.
Lehen aldiz sartzeko eskabidearen epea amaiturik, Hautapen Batzordeak, haurren guraso edo tutoreek aurkeztutako dokumentazioarekin bat, eskabideak baloratuko ditu honako baremo hau aplikatuz:
Baremoa:
A) Aitaren eta amaren lan egoera (20 puntu, gehienez ere).
a.1) Haurren gurasoak edo tutoreak egoera hauetakoren batean daudenean, 20 puntu:
–Gurasoak edo tutoreak lanaldi osoan daudenean biak.
–Guraso edo tutoreetako bat lanaldi osoan eta bestea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, eguneko ordutegian, behar bezala frogaturik.
–Aita eta ama dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egunez egiten ari direnean, behar bezala frogaturik.
–Guraso bakarreko familietan, adin txikikoaren hezkuntzaz eta mantentzeaz arduratzen dena lanaldi osoan lanean ari denean.
a.2) Haurren gurasoak edo tutoreak egoera hauetakoren batean daudenean, 15 puntu:
–Aita edo ama lanean edo ikasten, bata jardunaldi osoan eta, bestea, partzialean.
a.3) Aita edo ama lanean edo ikasten, eta bestea egiazki lan bila, INEMeko bulegoetan lana aurkitzeko inskribaturik dagoela dioen ziurtagiria aurkeztuz frogaturik: 10 puntu.
a.4) Lan egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:
1. Gizarte Segurantzan kidetu gabe edo Lizentzia Fiskalik izan gabe egindako lana ez da kontuan hartuko.
2. Nominarik edo Gizarte Segurantzarik ez duten lanbide liberalen kasuan, frogagiria lanbidean ari direla eta lizentzia fiskala aurkeztuko dira.
3. Eszedentzian baldin badago, haren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasi ondoko hilabete eta erdi baino lehen. Geroago hasiz gero, aipatu ikasturtea abian dela, hautapen batzordeak proportzionalki baloratzen ahalko ditu.
4. Seme-alaba baten jaiotzagatik lanera ez itzultzea, lanpostu finkorik ez dela, hau da, ordezkoen zerrenden eta antzekoen kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.
5. Lanaldi mota baloratzean, lanaldi osotzat hartzen da lanaldi erdia edo gehiago hartzen duena. Aldiz, lanaldi erditik beherakoa, lanaldi partzialtzat.
6. Ikasketak baloratzeko, ikasketa araututzat hartzen dira titulu akademiko ofizialak eskuratzera bideratuak daudenak: DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitateko titulazioak eta abar.
B) Familiaren osaera (8 puntu, gehienez).
b.1) Modalitateak:
–Hiruki eta laukientzako eskaera: 6 puntu.
–6 urtetik beherako hiru seme-alaba edo gehiago dutenen eskaera: 4 puntu.
–Bikientzako ikastokiak eskatzea: 4 puntu.
–Guraso bakarreko familiak: 6 puntu.
–Adin desberdineko bi anai-arreba edo gehiagorentzat tokia eskatzea deialdi berean (tokiaren erreserba sartzen da): 2 puntu.
–Familia ugaria izatea: puntu 1.
–Haurra kontuan izan gabe, familia unitateko edozein kideren %33ko minusbaliotasun fisiko, psikiko edo sentsorial onartua, puntu 1.
b.2) Familiaren osaeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:
Familia unitatearen kideen kopurua familia-liburuaren bidez egiaztatuko da. Familia gunean familia liburuan ageri ez diren seme-alabak baldin badaude, bestelako dokumentuen bidez egiaztatu beharko dira, adibidez, jaiotza agiri, banantze edo dibortzioko epai eta abarren bidez.
2. 6 urtetik beherako hiru seme-alaba edo gehiago kontatzeko kontuan hartuko dira eskabidea egiten den egunetik hura baino sei urte lehenagoko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoak.
C) Errenta mailak, urteko per capita errentaren arabera baloratuak (12 puntu gehienez).
c.1) Errenta tarteak:
Gehienez 2.000 euroko per capita errenta: 12 puntu.
2.000,01 eta 3.500 euro bitarteko per capita errenta: 11 puntu.
3.500,01 eta 5.000 euro bitarteko per capita errenta: 10 puntu.
5.000,01 eta 6.500 euro bitarteko per capita errenta: 9 puntu.
6.500,01 eta 8.500 euro bitarteko per capita errenta: 8 puntu.
8.500,01 eta 11.000 euro bitarteko per capita errenta: 7 puntu.
11.000,01 eta 13.500 euro bitarteko per capita errenta: 6 puntu.
13.500,01 eta 16.000 euro bitarteko per capita errenta: 5 puntu.
16.000,01 eta 18.500 euro bitarteko per capita errenta: 4 puntu.
18.500,01 eta 21.000 euro bitarteko per capita errenta: 3 puntu.
21.000,01 eta 23.500 euro bitarteko per capita errenta: 2 puntu.
23.500,01 euroko edo hortik gorako per capita errentak: 1 puntu.
c.2) Errenta mailen kontzeptuari buruzko zehaztapenak:
1. Kasu guztietan, aitaren eta amaren aitorpenak hartuko dira aintzat, salbu eta banantze nahiz dibortzio epaia edo ezkontzaz kanpoko seme-alabendako legezko neurriak daudenean. Kasu horietan haurraren zaintza eta ardura duen gurasoaren aitorpena hartuko da aintzat, eta haren zerga-oinarriari epaian ezarritako urteko diru kopurua erantsiko zaio.
2. PFEZaren aitorpeneko zerga-oinarria edo, zein den kasua, aitaren eta amaren guztirako diru-sarrera justifikatuak eskaera egiteko unean familiak dituen kide guztien artean –plaza eskuratu gogo dutenak barne– zatiturik aterako da urteko per capita errenta.
3. Aitorpenik ez bada, Ogasuneko bulegoaren agiria aurkeztuko da, aitorpena aurkeztera beharturik ez dagoela egiaztatzeko, eta, gainera, aurreko urtean izandako diru-sarreren frogagiria (nominak, oinarrizko errenta, zinpeko aitorpena eta abar).
D) Aitaren edo amaren etxearen edo lantokiaren hurbiltasuna. (20 puntu gehienez).
d.1) Eskaera egiten den urteko urtarrilaren 1a baino lehen Itzako udalerrian erroldatuta egon eta bertan bizitzeagatik: 20 puntu.
d.2) Aitak edo amak ikastetxeko titular bera duen zentro batean lan egiteagatik: 10 puntu.
d.3) Ikastetxeko udalerrian lan egiteagatik, 5 puntu.
E) Beste irizpide batzuk.
Hautapen Batzordeak premiazko beste egoera larri batzuk –pertsonalak, familiakoak edo sozialak– hartzen ahal ditu kontuan, behar bezala frogatuak eta aurreko apartatuetan bildu ez direnak: 10 puntu gehienez.
F) Baremoaren apartatuetan xedatutakoa gorabehera, hezkuntza premia bereziak dituzten haurrak zuzenean sartuko dira 0-3 urtekoendako Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Zuzeneko sarbidea esleitzeko, horren aldeko txostena beharko da, Hezkuntza Departamentuak emana, zein diren ere eskaerarekin batean aurkeztutako txostenak.
G) Puntuazio berdinketak ebaztea.
Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzerako eskaintzen den azken ikaspostuan puntu-berdinketa gertatuz gero, egoera ebazteko honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen ondoren:
–Per capita errenta txikiena.
–Adin handiena.
7. artikulua. Onartuak eta tokien adjudikazioa.
A) Behin-behineko zerrendak.
Zerrendak Udaletxeko iragarki taulan eta Haur Eskolan argitaratuko dira, baremoa aplikatu ondoko puntuazio-ordenaren arabera.
B) Erreklamazioak egiteko epea.
Erreklamazioak egiteko epea hamar egunekoa izango da, behin-behineko zerrendak argitaratzen diren egunetik hasita.
Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira Udaletxean, behar bezala arrazoiturik, Hautapen Batzordeari zuzenduta, eta bertan behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduko da.
C) Behin betiko zerrendak.
Onartuen eta itxaron zerrendan daudenen behin betiko zerrendak Udaletxeko eta Haur Eskolaren iragarki oholean argitaratuko dira, erreklamazioak egiteko epea bukatu eta ondoko hamabigarren egunean. Zerrenda horiek ere, izan daitezkeen erreklamazioak ebatzi ondotik lortutako puntuazioaren arabera egingo dira.
IV. KAPITULUA
Matrikula egitea, bajak eta epez kanpoko eskabideak
8. artikulua. Matrikula egitea.
A) Matrikulak Haur Eskolan egingo dira, agintzen den epean.
Matrikula egiteko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Aitaren eta amaren agiri hauen fotokopia: NANa, pasaportea, atzerritarrendako egoitza-txartela edo horien pareko nortasun agiria.
–Gizarte Segurantzako kartillaren edo txartelaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.
–Aurreko urte fiskaleko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia edo, kasua bada, urte horretan lortutako diru-sarreren justifikazioa, aitarena eta amarena. Agiri hau aurkezteko epea urteko uztailaren 1era arte luzatzen ahalko da.
–Aitorpena nahitaez egin beharra ez dutenek Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzen duena; orobat, lan bizitzaren txostena eta aurreko urtean familiak izan dituen diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak.
–Ordainagiriak helbideratzeko banku entitateko kartilla orriaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertzen dituena.
–Jateko edo osasun arloko behar bereziak izanez gero, medikuaren txostena horiei buruzkoa.
–Ikasturtearen azken hilabeteko kuota ordaindu izanaren frogagiria.
B) Ezarritako epean egiten ez diren matrikulen ondorioz, beste adjudikazio bat egingo da itxarote-zerrendako ordenari jarraituz.
C) Matrikula egiteak, borondatezko baja eskatzen den kasuetan izan ezik, ikastetxera joateko eta ikasturtean hamaika kuota ordaintzeko konpromisoa dakar berekin. Matrikula ikasturtea hasita dela egiten bada, haurra ikastetxean hasten den unetik aurrera ordainduko dira kuotak.
9. artikulua. Bajak.
A) Haurren gurasoek edo tutoreek idatzita jakinaraziko dizkiote ikastetxeko Zuzendaritzari ikasturtearen barrenean gertatzen diren borondatezko bajak, kuotak ordaintzeari noiztik aurrera utziko dioten finkatzeko. Azken hiruhilekoan gertatzen diren bajen ondorioz ez da kuota guztiak ordaintzetik salbuetsiko.
B) Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural iraganik, ikastetxera azaltzen ez den haurrari baja emango zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, hamabost egun naturalean jarraian agertzen ez denari. Udalak idatziz jakinaraziko dio familiari haurrari eskolan baja eman zaiola.
C.–Aurreko egoera horietan, Zuzendaritzak idatziz jakinaraziko dio familiari eskolan baja eman zaiola haurrari. Hamar egun iragan eta ez badago familiaren jakinarazpenik, hutsik gelditu den tokia beteko da, itxarote-zerrendako ordenari jarraikiz. Kasu horietan ez da matrikulagatik ordaindutako kuota itzuliko.
10. artikulua. Epez kanpoko eskabideak.
Ezarritako epetik kanpo ere aurkezten ahal dira eskabideak hurrengo ikasturteko eskabideen epea hasi aurretik, baldin eta haurrek 16 aste egin badituzte eskabidea aurkezteko egunean.
Eskaera horiek kontuan hartuko dira baldin eta ikaspostu hutsik badago onarpen prozesu arruntean sortutako itxarote-zerrenda agortu ondoren. Eskabidea zein egunetan aurkeztu zen, horren ordenaren arabera esleituko dira plazak.
V. KAPITULUA
Eskolako egutegia eta ordutegia
11. artikulua. Egunak eta orduak.
A) Udalak ikasturte bakoitzerako onetsitako eskola egutegiaren arabera arautuko da Haur Hezkuntzako ikastetxea.
B) Ikastetxean ikasturtea irailean hasiko da eta uztailaren azken egunarekin bukatuko.
C) Ikastetxea zabalik egongo da astelehenetik ostiralera arte.
D) Tokia eskatzeko epean, gurasoek ikasturte bakoitzean eskaintzen diren ordutegiak eskatzen ahal dituzte.
E) Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera, haurrak zortzi orduz egongo dira, gehienez ere, ikastetxean; alabaina, bidezko arrazoiengatik, ordutegia malgua izango da haurraren sarrera-irteerei dagokienez.
VI. KAPITULUA
Ordainketak eta tarifak
12. artikulua. Ordainketak.
A) Diru-bilketaren arduradunak gehienez ere hilabeteko epean eman beharko dio ordaindu gabeko kuoten berri Hautapen Batzordeari, eta horrek haurrari ikastetxetik baja emateko erabakia hartzen ahal du. Bi kuota ordaindu gabe utziz gero, idatziz egingo zaio errekerimendua familiari. Hiru kuota ordaindu gabe utziz gero, baja emango zaio haurrari ikastetxean.
B) Behin hartarako onartua izanez gero, jantokiagatik ordaindu beharra zerbitzua ematetik beretik sortzen da, erabili ala ez. 8 hilabetetik beherako haurrek ez dute jantokiko kuota ordainduko epe horretan, baldin jantoki zerbitzuak otordurik ematen ez badie, familiek emandako esnea baino hartzen ez dutelako.
C) Ikastetxean matrikulaturik dauden haur guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, bidezko arrazoiak direla kausa ikastetxera joaten ez badira ere. Matrikula egiteak, borondatezko baja eskatzen den kasuetan izan ezik, ikastetxera joateko eta ikasturtean hamaika kuota ordaintzeko konpromisoa dakar berekin.
13. artikulua. Tarifak.
Udalak onetsiko ditu tarifak 0-3 urtekoendako haur eskolako zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituen arau fiskalean, Nafarroako Gobernuak horren gainean ezarritako araudiari jarraikiz. Harik eta onetsi arte, Nafarroako Gobernuak Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko ikastetxeentzat ikasturte bakoitzerako ezarritakoak aplikatuko dira, ikastetxe horien titularra Udala izanik eta Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzaturik.
VII. KAPITULUA
Udalaren informazio batzordea eta hautapen batzordea
14. artikulua. Udalaren informazio batzordea.
Udalean ordezkaritza duen talde politiko bakoitzak udalkide bat izango du bertan ordezkari.
15. artikulua. Hautapen batzordea.
Hautapen batzordeak zein onartu eta zein ez erabakiko du, baremoan ezarrita dauden irizpideei jarraikiz. Haur Eskolako Zuzendaritzak, Udalaren informazio batzordean parte hartzen duten ordezkariek eta Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko teknikari batek parte hartuko dute Hautapen Batzordean.
VIII. KAPITULUA
Tokia gordetzea, epeak, adjudikazioa, matrikula eta baremoa
16. artikulua. Baldintzak.
Mendigorriko Udalak epea eta prozedura ezarriko ditu ikasturte bakoitzean ikastetxera etortzen diren haurrei tokia gordetzeko. Era berean, epeak egokituko ditu eskari berriei, tokien adjudikazioari eta matrikulari dagokienez. Baremoa ere egokitzen ahal du; bertan, gutxienez ere, honako hauek sartuko dira:
–Gurasoen lan-egoera edo egoera akademikoa.
–Familiaren osaera.
–Errenta mailak, familia unitateko kideen kopuruaren arabera.
–Aitaren eta/edo amaren helbiderako edo lantokirako tartea, ikastetxearen eraginpeko eremuaren barrenean.
IX. KAPITULUA
Haur Eskolako funtzionamendu
eta bizikidetza arauak, betebeharrak eta eskubideak
17. artikulua. Oro har:
a) Haurra onartzen dela jakinarazten den unean emango zaizkie aditzera aitei, amei edo haurrak zaintzeko ardura dutenei ordutegiak, zerbitzuak eta indarra duten tarifak. Era berean, zirkular bat banatuko zaie Haur Eskolako funtzionamendu arauekin.
b) Urtean behin, gutxienez ere, berrikusiko dira helburuak, programak eta zerbitzuak, inguruabarrek aukera ematen dutenean.
c) Eskolara huts egiteak ikastetxeari jakinaraziko zaizkio eta, justifikatzen ez direnak tokia galtzeko bide izan daitezke.
18. artikulua. Mantenua:
Otorduak ikastetxeko hezkuntza jarduerak dira.
Menuak adituek prestatzen dituzte.
Haurrendako menuak iragarki oholean egongo dira ikusgai, eta arrazoi berezirik ez bada, ez dira aldatuko.
Haurrak elikadura berezirik behar izanez gero (alergiak, jasanezintasuna, etab.) medikuaren txosten batekin arrazoiturik egon behar du haurraren aita-ama, tutore edo arduradunen bidez, eta ikastetxeko Zuzendaritzari horren berri emango zaio, behar diren neurriak har ditzan.
Tutoreak edo zaintzaileak ere horren berri izan beharko du, elikaduraren kontrola eramateko.
Ez da onartuko eskolara litxarreriak, opilak, etab. ekartzea.
19. artikulua. Higiene eta osasun arloko arauak:
a) Osasun arloko profesional eskudunek aztertuko dituzte eskolako osasun baldintzak, eta atzematen dituzten akats edo arazoen berri emango dute, konpondu edo kontrolatzeko neurri egokiak ezar daitezen.
b) Sartzen direnean, pediatraren osasun txostena ekarri beharko dute, haurren osasun fisikoari eta psikikoari buruzkoa. Erakunde autonomoko langileek baloratuko dituzte arazo edo akats fisiko eta psikikoak, eskolan integratzeko, ahal bada.
Ez da onartuko Haur Eskolan umeak egotea, sukarra edo eritasun kutsakorrak badituzte. Haur bat eri dagoela ohartuz gero, haren guraso, tutore edo arduradunei jakinaraziko zaie berehala, laster batean ikastetxetik ateratzeko eta, jasotzeko unean, sukarra egiaztatuko da parametro pediatrikoen arabera.
Sukarra izateagatik ikastetxetik atera behar izan den haurrari ez zaio itzultzen utziko, harik eta 24 ordu iragan arte eskola horregatik utzi zuenetik.
Debeku da edozein motatako sendagaiak ematea, ohikoak izan gabe gerta daitezkeen salbuespenetan izan ezik.
Eritasun kutsakorra izan duen haurraren guraso, tutore edo erantzuleek umea artatu duen pediatraren txostena ekarri beharko dute, delako eritasuna inori kutsatzeko arriskurik ez dagoelako segurantza jasotzen duena.
Haurrari dagozkion txertoen egutegiaren fotokopia ekarri beharko zaio ikastetxeko zuzendaritzari, nahitaez ekarri ere.
Larrialdirik edo istripurik gertatuz gero, ikastetxearen arduradunek haurra artatuko dute lehenik eta gero familiari abisatuko diote.
Haurrak gutxieneko baldintza higieniko sanitarioetan eduki behar dira eta hala eskatuko da, bai gorputzari bai erabiltzen ohi duten arropari dagokionez.
Haurrek azazkalak mozturik eta zaindurik ohi dituztela joan beharko dute ikastetxera.
Izurrite edo bizkarroi aroetan, haurren guraso, tutore edo arduradunek kontu handia emango dute umeen gorputz higienean, eta arazoa konpontzeko produktuak aplikatuko dizkiete. Haurrek, nahitaez, ahalik eta arroparik erosoena eraman beharko dute, eta kontuan hartu beharko da galtzak, botoiak, gerrikoak eta abar traba direla haurrak arropa aldatzeko eta mugimenduetan beren gain moldatzeko tenorean.
Haurrek poltsa bat izan behar dute, beren izenarekin, eta horren barrenean: aldatzeko arropa guztia, zapata eta galtzerdiak barne. Arropa guztiek (berokiak, txanoak, lepokoak, etab.) markaturik egon beharko dute, haurraren izen-deiturekin; galduz gero, ikastetxeak ez du galera bere gain hartuko. Pixoihala erabiltzen duten haurrek sorta bat ekarri beharko dute ikastetxera, baita toallatxoena ere; gehiago ekarri beharra dagoenean ikastetxeko begiraleek abisatuko diete haurren guraso, tutore edo arduradunei.
20. artikulua. Ordutegia.
Debeku da haurrak egunean zortzi ordutik gora egotea ikastetxean.
Haur Eskolak astelehenetik ostiralera eskainiko ditu bere zerbitzuak, 07:30etik 16:30era arte; sartzeko ordutegia 07:30etik 09:30era arte izango da; aldiz, ateratzekoa, 15:00etatik 16:30era arte. Dena dela, ordutegia aldatzen ahal da, kontuan hartuko baitira familien beharrak, hezitzaileen eta garbiketako langileen ordutegiak antolatu eta malgutzeko aukerak eta ratioak betetzea. Udaleko kudeaketa unitateak eta ikastetxeko Zuzendaritzak erabakiko dute ordutegia, gurasoen iritzia kontuan hartuta. Haurra zer ordutan sartzen den, halakoa izango da ateratzeko ordua.
Debeku da ikastetxeko haurrak normalean jasotzen ez dituzten pertsonek jasotzea, salbuespenez ez bada; halakoetan, haurren guraso, tutore edo arduradunek ohar bat igorriko dute ikasturtearen hasieran eta hartan agertuko dira haurrak jasotzeaz arduratuko direnen izen-deiturak, haurrekiko ahaidetasun maila zehaztuta. Salbuespenez normalean jasotzen ez dituzten pertsonek jaso behar badituzte, garaiz emango zaio abisu idatzia hezitzaileari, eta halakoetan zehaztuko dira egunak, ahaidetasuna, eta ikastetxetik haurra salbuespenez jasoko duenaren izen-deiturak.
Ikastetxearen funtzionamendua egokia izan dadin, puntualtasuna nahitaezkoa dute haurren guraso, tutore edo arduradunek haurra ekartzean nahiz jasotzean.
Mendigorriko Haur Eskolan (0-3 urte)
inskribatu eta matrikulatzeko araubidea
Ordenantza honetan xedatutakoa aplikatuko da, honako berezitasun hauekin:
–Alderdi orokorrak.
1. Gurasoek edo tutoreek eskatzen ahal dute tokia, baldin eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko umeak (0-3) badituzte edo ikasturtea hasi aurretik dagozkion urteetan jaio badira. Halaber, eskatzen ahal dute tokia ikasturtea hasi baino 16 aste lehenago jaio badira.
Edonola ere, 16 aste beteak izanez gero sartzen ahal da ikastetxean.
2. Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen ratioen arabera eskainiko dira tokiak:
Lekuen adjudikazioa eskaeraren arabera egingo da, bai euskeraz bai gaztelaniaz.
–Eskabideak, epeak eta agiriak.
1. Eskabideak Mendigorriko Udalean jaso eta eman ahalko dira 9:00etatik 14:00etara, Hezkuntza Departamentuaren landa eskolen atalak ezarritako eredu ofizialean, Departamentu horrek adierazitako egunetik aurrera. Ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
2. Onartuen eta itxaron behar dutenen behin-behineko zerrendak Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira, ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako baremoa aplikatu ondoko puntuazio ordena zorrotzaren arabera. Departamentuak ezarriko du data.
3. Erreklamazioak Udalean aurkeztuko dira, Hautapen Batzordeari zuzenduta. Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, behar bezala arrazoiturik, eta bertan behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduko da. Departamentuak ezarriko du erreklamazioak egiteko epe muga.
4. Onartuen eta itxaron behar dutenen behin betiko zerrendak argitaratuko dira Departamentuak ezarritako dataren arabera, Udalaren iragarki taulan, puntuazio hurrenkera zorrotzaren arabera ordenatuta, izaten ahal diren erreklamazioak ebatzitakoan.
5. Matrikulak Udalean egingo dira Departamentuak ezarritako dataren arabera eta ordenantza honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
–Tarifak:
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 4ko 8/2009 Foru Aginduan (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua) ezarritako tarifak aplikatuko dira, ordenantza honen VI. kapituluan xedatutakoari jarraituz.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe uzten da Mendigorriko Udalaren Andion Haur Eskola arautzen duen ordenantza, 2010eko martxoaren 17an, 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoa.
AZKEN XEDAPENA
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.
Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan Nafarroako Gobernuak Haur Eskolentzat emandako araudia aplikatuko da, baita gainerako xedapenak ere.
Iragarkiaren kodea: L1808153
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
