1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
41/2018 FORU AGINDUA, ekainaren 20koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez, baimena ematen da Osasun Departamentuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egiteko, hain zuzen ere, toki entitateentzako diru-laguntzak deitu eta emateko, ariketa fisikoa sustatzeko toki proiektuak gauzatu ditzaten.
2018ko ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorretan, honako partida hauek daude:
–Osasun Departamentua:
- “Diru-laguntzak, udal entitateek ariketa fisikoa sustatzeko” izeneko 520001-51200-4609-313904 partida, 50.000 euroko kreditua duena.
–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua:
- “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50001-A5110-4609-336100 partida, 284.500 euroko kreditua duena.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako udalerrien eta kontzejuen eskumena dela kirol jarduerak sustatzea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean aritzea eskolako umeentzako kirol jarduerak bultzatzeko eta guztientzako kirola sustatzeko. Halaber, Foru Komunitateko kirol administrazioari dagokio kirol jarduerak sustatzea horretarako laguntza eta diru-laguntzak emanez.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak institutu horri esleitzen dizkio Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak.
Nafarroako 2014-2020 Osasun Planak ariketa fisikoaren sustapena eta laguntza sartzen ditu bere estrategietako askotan. Osasun Publikoaren 2016-2020ko Planak ere horiek jasotzen ditu.
Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak Osasuneko zuzendari nagusiari eskumena esleitzen dio prestakuntzaren eta ikerketaren arloetako laguntzak, hitzarmenak eta diru-laguntzak deitzeko, emateko eta kudeatzeko, betiere osasunarekin loturik.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek ahalmena dute beste organo batzuei emateko beren eskumeneko lan materialak, teknikoak edo zerbitzuak egiteko ardura, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, hurrengo apartatuetan xedatutakoari jarraituz. Aipatutako 39. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen, kudeaketa lan bat departamentu berekoa ez den administrazio organo bati esleitzeko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati esleitzeko, bi kontseilari horien baimena beharko dela.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 6.2 o) artikuluaren arabera, Nafarroako kirol administrazioari (Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan pertsonifikatua) dagokio kirol jarduerak sustatzea horretarako laguntza eta diru-laguntzak emanez.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren barnean, Kirolaren Zuzendariordetzari honako hauek dagozkio, besteak beste: kirol jarduerak sustatzea horretarako laguntza eta diru-laguntzak emanez (abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak onetsitako Institutuaren estatutuen 16 n) artikulua); elkarlanean aritzea Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroarekin adinekoen eta gaixo kronikoen egoera fisikoa hobetzeko (16 l) artikulua); edo tokiko erakundeekin elkarlanean aritzea kirolaren eta jarduera fisikoaren arloetan, pertsona guztien bizi kalitatea hobetzeko tresnak diren aldetik (16 o) artikulua).
Halaber, 20. artikuluak Kirolaren Zuzendariordetzari atxikitako Kirola Sustatzeko Atalari esleitzen dizkion eskumenen barnean, honako hauek daude, besteak beste: kirola sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren giza taldeentzat (g) letra); edo kirolaren eta jarduera fisikoaren programen antolaketa sustatzea, toki entitateen bidez eta helburu nagusi kirola sustatzea eta bizi kalitatea hobetzea dituzten beste entitate batzuen bidez (h) letra).
Bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan bai Osasun Departamentuan udal entitateek ariketa fisikoa eta guztientzako kirola sustatzen laguntzeko hainbat partida daudenez, bidezkoa da, efikaziari begira, organo bakarra izatea diru-laguntzak deitzeaz eta emateaz arduratzen dena. Horrenbestez, beharrezkoa da tresnak ezartzea Osasun Departamentuaren eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren arteko elkarlana izan dadin, kudeaketa-esleipenaren teknika erabiliz horretarako.
Baimendutako kudeaketa-esleipenaren xedea izanen da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko organo eskudunen esku uztea behar diren jarduketa guztiak egiteko ardura, toki entitateentzako diru-laguntzak deitu eta eman ditzaten, toki entitateek ariketa fisikoa eta kirol jarduerak sustatzeko.
Esleipenak 2018ko abenduaren 31ra arteko iraupena izanen du.
Hori horrela, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak proposatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.3 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Baimena ematea Osasun Departamentuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egiteko, hain zuzen ere, toki entitateentzako diru-laguntzak deitu eta emateko, ariketa fisikoa sustatzeko toki proiektuak gauzatu ditzaten 2018. urtean, honako deialdi honen barnean: Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien diru-laguntzen deialdia, adinekoentzat eta paziente kronikoentzat antolaturiko jarduera fisikoko ikastaroak edo programak, eta jarduera fisikoaren eta osasunaren tokiko programak susta ditzaten 2018-2019 aldian.
2. Esleipenak 2018ko abenduaren 31ra arteko iraupena izanen du.
3. Esleipen honen xedeko prozeduren ondoriozko gastuak aurrekontuko partida honen kargura finantzatuko dira: Osasun Departamentuko “Diru-laguntzak, udal entitateek ariketa fisikoa sustatzeko” izeneko 520001-51200-4609-313904 partida, 50.000 euroko kreditua duena.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, Osasun Departamentuko eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiei, departamentu horietako Kontu-hartzailetza Delegatuei eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko ekainaren 20an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
Iragarkiaren kodea: F1808133