144. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

133E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen eraginaren txostena ematen duena haragitarako 2.319 ardirentzako nabea jartzeko proiekturako, Ribaforadako udal-mugarteko 1. poligonoko 344. lurzatian. Sustatzailea Carnicería y producciones cárnicas Hermanos Bonel Serrano SL da.

2017ko maiatzaren 8an, Ribaforadako Udalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari.

Proposatutako abeltzaintzako jarduera horretarako beharrezkoa da 2.319 animaliarentzako edukiera izanen duen artegi pabiloia eraikitzea. Abeltzaintza intentsiboko jarduera hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 4B eranskinean jasota dago. Foru Lege hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen, hain zuzen A) 1 epigrafean (“Abeltzaintza intentsiborako instalazioak, ardi eta ahuntz aziendako 2.000 buru baino gehiagokoak”). Ondorioz, ingurumen eraginaren ebaluazioa duen jarduera sailkaturako udal lizentzia ematearen mende dago jarduera.

Era berean, proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean jasota dago, hain zuzen, eranskin horretako 1. taldea, f) epigrafea 1. “Ardi eta ahuntz aziendarako 2.000 toki” atalean. Hori dela eta, xedapen horretako 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren mende dago proiektua.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumenei dagokienez, oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Hiru administrazio publikori egin zaie kontsulta eta hiruen erantzunak jaso dira. Proiektuak Ribaforadako Udalak emandako aldeko txostena du, eskaerarekin batera igorria.

Vianako Printzea Erakundea - Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jakinarazi du ez dagoela aztarnategi arkeologikorik katalogatuta proiektuaren eremuan.

Nekazaritzako Azpiegituretako Zerbitzuaren Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala aldeko txostena eman du Ribaforadako ureztalurrak hobetzeko aurrez ikusitako lanen proiektuaren eraginari dagokionez, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako, jarduerak lehendik dauden ureztalurren gainean eragin arina izanen duela kontuan hartuta.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du lurzoru urbanizaezinean jarduera baimentzeko eta ebazpenarekin batera jaso ditu ezarritako hirigintzako baldintzak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumeneko organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ohiko ingurumen eraginaren ebaluazioaren mende jartzeari edo ingurumen eraginari buruzko txosten honetan ezarritako baldintzetan ingurumen eraginaren txostena igortzeari buruz.

Jardueraren azalpena.

Proiektatutako jardueraren xedea da artegi nabe bat eraikitzea ardiak gordetzeko, eta perimetroko itxitura egitea; 2.319 bururentzako lekua izanen du, abereak gauez eta erditze garaian ukuiluratzeko.

97,5 metroko luzera, 20 metroko zabalera eta, txapazko estalkiaren goihaberaino, 6,9 metroko altuera izanen du nabeak; bi isurkiko estalkia izanen du eta lau fatxadetako hiru itxita egonen dira hormigoi eta txapazko hormatxo baten bidez, hormigoizko zolataz hornituta. Uraskak urez hornitzeko 100 m³-ko tanga eraikitzea ere jasotzen du proiektuak. Lursailaren mugakide den erretenarekin eta pabiloiaren estalkiko euri urekin beteko da tanga. Horrez gain, nabearen kanpoaldean pentsu silo bat jarriko da, 1,8 metroko altuera izanen duen hesi metalikoarekin itxiko da lursaila eta hegoaldetik izanen du sarbidea.

Proiektuak erliebe uhinduan kokatzen du pabiloia eta horrek behaketa puntu iragangarrienetatik instalazioak ezkutatzen laguntzen ahal du, eremuko erabilerekin bateragarria den jarduera tradizionala babesten duen instalazioa izanik.

Instalazioa Peñadil-Montecillo-Monterrey ES2200043 Kontserbazio Bereziko Eremuaren mugatik 190 metrora dago eta Estepako Hegaztiak Kontserbatzeko Intereseko Eremuaren kategoria du gainera. Horrez gain, Tollo erreka-zulotik 300 metrora dago, baina zuzeneko eraikuntza jarduerak edo animaliek ez dute eraginik izanen natur balioetan edo paisaian, behin ezarri ondoren proiektuan aurrez ikusitako eta ebazpen honetan jasotako neurri zuzentzaileak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ribaforadako udal-mugarteko 1. poligonoko 344. lurzatian haragitarako 2.319 ardirentzako pabiloia jartzeko proiektuak, ebazpen honetako baldintzetan eta hemen jasotako neurriekin, ez duela ingurumenaren gaineko eragin esanguratsurik dioen ingurumen eraginari buruzko txostena ematea eta, beraz, ez da ohiko ingurumen eraginaren ebaluaziorik eginen. Carnicería y producciones cárnicas Hermanos Bonel Serrano SL da proiektuaren sustatzailea.

2. Aldeko ingurumen eraginaren txosten honek neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arloko neurriak:

  • Lanen hasieran landare lurra kenduko da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra) eta lursailean bertan jasoko da. Lanak amaitzean, soberako lurrak eta obretako materialen soberakinak eraikuntzako eta eraispenetako hondakin gisa kudeatuak izanen dira.
  • Lursailaren perimetroko itxitura egiteko ganaduarentzako hesia erabiliko da, txarrantxarik gabea, hegaztiei kalterik ez eragiteko.
  • Tangak gainezkabidea izanen du ur-soberakinaren irteera bideratzeko, ganadua dabilen eremuan putzurik sor ez dadin.
  • 2.319 animaliarentzako edukiera izanen duen nabearen eraikuntza abeltzaintza intentsiboko jarduerari lotuta dago eta jarduera sailkatuetarako udal lizentziaren mende; horrenbestez, pabiloia eraiki aurretik aipatutako lizentzia eskuratu beharko da.
  • Jarduerak behar adinako lur azalera izanen du eta erabilerarako jarraibideak beteko ditu, elikadura eremuetan landaredia ez dela hondatzen eta lurzorua ez dela bermatzeko, ez eta nabearen inguruan ere gehiegizko artzaintzagatik. Bereziki eremu hauetan aplikatuko dira neurri horiek: Peñadil, Montecillo eta Monterrey ES2200043 KBE eta Tollo erreka-zuloa, ustiategitik ekialdera.

–Hirigintza arloko neurriak:

  • Baimen honek enpresa sustatzaileak kudeatutako haragitarako ardien ustiaketarako eskatu duen nabearen eraikuntza baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta ebazpen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.
  • Lurzoru urbanizaezineko jarduerak ingurumenera egokitzeko beharrari buruzko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan ezarritakoa betez, jarduerak bat egien du paisaiarekin, eta udalaren hirigintzako araudian ezarritako baldintzak beteko ditu, bereziki ingurunera egokitzeari dagokionean. Begi inpaktua murrizteko, ukitutako lurrek tratamendu egokia izanen dute, eta bermatuko da egin beharreko lur erauzketen eta ezponden tamaina ahalik eta txikiena izanen dela.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten ahal zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101. h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, eraikuntzek eta itxiturek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Jarduera eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Aurkeztutako dokumentazioak jasotzen du sustatzaileak horri buruz egindako aitorpena.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Kutsaduraren Prebentziorako Atalari, Ribaforadako Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 31n.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1807544