144. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

132E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Iribasko iturburua-San Migeltxo tartean Iribas-Irurtzun hornidura proiekturako, Larraungo udal-mugartean. Sustatzailea Sakanako Mankomunitatea da.

2018ko apirilaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) kategorian sartuta dago (Uraren goi hornidura eta saneamendurako hodiak jartzea), lurzoru urbanizaezinean egiten denean. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren deskribapena.

Iribaseko iturburutik Irurtzunera bitarte, berritu gabeko tarteetan, ur hornidurarako hodiak partzialki berritzea da proiektuak jasotzen duen jarduera.

Lehenengo tartea Larraun ibaiaren ezkerraldean eginen da; 954,85 metroko luzera du, Iribasko iturburutik NA-7500 errepidera bitarte, laborantzako lursailen eta aldapan dauden baso lurren zortasunaren gainean, eta egun dagoen hodia kendu eginen da.

Bigarren tartea Mugiroko bigarren eta hirugarren tunelen artean dago, Plazaolako bide berdearen plataforma gainean; hodi berria egungo zortasunaren gainean jartzea proiektatuta dago eta horretarako egun dagoen hodiaren 1.198,13 metroko tarte bat kenduko da. Ez da posible izanen hodia hirugarren tunelaren barrualdean berritzea, tunela bera erori egin delako eta bide berdearen ibilbidea bera ere eten duelako. Azpitarte horretatik igarotzeko aukera moduan planteatzen da, besteak beste, tunela albo batetik horizontalki zulatzea eta plataforma bat sortzea, Larraungo herri lurretako 20. poligonoko 226. lursailari eraginez, Plazaolako bide berdeari kanpoaldetik jarraipena emateko, ibaiarekiko paraleloan, eta plataforma horren azpian jartzen ahalko da hornidurarako hodia.

Mugiroko hirugarren tunelaren eta San Migeltxoren arteko tartea Plazaolako bide berdearen gainean dagoenez, egungo zortasunaren gainean hodi berria jartzea proiektatuta dago, horretarako egungo hodiaren 2.518,14 metroko zatia kenduta.

Espedientean jasota dago 2018ko apirilaren 11ko datarekin Larraungo Udalak emandako aldeko txostena, baldintza hauekin: ingurumen baimena eta errepideetako baimenak eskuratzea, NA-7510 errepideari eragiten badio, bai eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena ere Larraun ibaiaren polizia eremuan eragiteagatik.

Espedientearen analisi teknikoa.

Ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ingurumen aldeko gai aipagarrienak hauek dira:

1. Proiektuak Aralar ES2200020 KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) ukitzen du lehen zatian, eta beraz, proiektuak toki horretan izanen dituen ondorioak behar bezala ebaluatu behar dira.

2. Egun dagoen hodia berritzeak ez luke ingurumen arloko izapiderik beharko 4/2005 Foru Legeari jarraikiz, baina ez da hala gertatzen luzera osoan; izan ere, 360 metroko tarte batean hodi berria paratzea proiektatu da, eta ez aurrekoa berritzea; lehendik dagoena ordezteko eremu bat irekiko da plataforma bat eraiki eta bertan hodi berria instalatzeko (Mugiron eroritako tunelaren zatia); hori horrela, ingurumen ukipenetarako baimena behar izanen du proiektuak.

Proiektuaren ingurumen ebaluazioa hobeto egiteko azpitarte hauek bereizi dira sortzen dituzten ingurumen ukipenen arabera:

–Lehen azpitartea: Iribaseko deposituko lotunetik zentral hidroelektrikorako sarbidearen amaieraraino egungo hoditeria berritzea. Tarte hori guztia Aralar KBEn barna igarotzen da, baina ingurumen ukipen esanguratsurik gabe (egungo hodia ordeztuko duen hodi berria 3-4 metro zabaleko pistatik igaroko da, belarrez estalita).

–Bigarren azpitartea: Larraungo udal-mugarteko 11. poligonoko 482. lursailetik NA-7510 errepidearen bidegurutzeraino. Zati hori KBEn barna igarotzen da, tarte batean basoari eraginez (haritzak, hurritzak, makalen bat edo beste sakabanatuta eta haltzak) lur malkartsuan eta kareharrien azaleratzeekin. Azpizati horren amaieran landaredia larre moduan agertzen da, kontserbatu beharreko tamaina handiko zenbait lizarrekin, sega belardietan sakabanatuta.

–Hirugarren eta bosgarren azpizatiak: Plazaolako bide berdearen gainean (Mugiroko hirugarren tunelerainoko zatia eta ordezko zatiaren amaieratik hirugarren tunel horretatik igaro eta San Migeltxorainoko tartea), egungo zortasunen gainean lehendik dauden hodiak berrituta eta itxuraz ingurumen ukipenik gabe, baina beharrezkoa izanik betiere Plazaolako bidea lehengoratzea, lanen aurretik bezala uzteko.

–Laugarren azpizatia: Mugiroko tunel erorian dagoen zatia ordezten duen hornidura-hodiaren trzadura berriari dagokiona. Bide zati berriak 3 metroko oinarria eta 360 metroko luzera izanen dituen plataforma zulatzea eskatzen du aldapa handiko mendi hegalean, oso ondo kontserbatutako zuhaitzez estalita dagoen eremuan. Harizti formazio bat da, haritz kandudun tenporihigrofiloen motakoa (Crataego laevigatae-Querco roboris S.). Ingurumenaren ebaluazioari buruzko kapituluan azterketak ez du zenbatesten ez eta baloratzen ere ukipen hau, gutxienetik herri basoen 1.155 m²-ko azalera desagertzea ekar dezakeena.

Behin proiektua eta ingurumen ukipenen azterketa aztertuta, egiaztatu da aldatutako zatiaren proiektu teknikoa ez dagoela jasota (Mugiroko hirugarren tunelean zulatze bidez igarotzearen ordezko zatia). Ingurumeneko agiria soilik aurkeztu da. Horrez gain, ingurumeneko agiriak zuzendu beharreko gabeziak eta akatsak ditu. Osatu eta zuzendu beharreko edukiak ebazpen honetako erabakien atalean azalduta daude.

Horrenbestez, aurkeztutako proiektuaren trazadura denez teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den aukera bakarra, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazten du proiektua, ebazpen honetan jasotako ingurumenaren gaineko inpaktuak prebenitzeko, gutxitzeko eta zuzentzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu, bateragarria dela ingurumenaren ukitutako Natura 2000 Sarearen eremuaren babesarekin, eta beraz, aldeko txostena egiten du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iribasko iturburua-San Migeltxo tartean Iribas-Irurtzun hornidura proiekturako, Larraungo udal-mugartean. Sustatzailea Sakanako Mankomunitatea da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Lanak hasi aurretik ingurumeneko agiri berri bat entregatu behar izanen da, aurrekoa osatu eta zuzendu eginen duena, behar adinako gaitasun teknikoa duen norbaitek egina lanbide kualifikazioei eta goi mailako heziketari buruzko arauei jarraikiz, bere burua identifikatuta, titulazioa eta, kasuan kasu, araututako lanbidea adierazita. Ingurumeneko agiria egileak sinatu behar du. Ingurumeneko agiria baldintza hauetan zuzendu eta osatu beharko da:

  • Agiriak ez du aipatzen proiektuak, lehen zatian, zuzenean eragiten diola Aralar ES2200020 KBEri eta, beraz, ez du jasotzen nahitaez kontuan hartu beharreko atal espezifikorik bertan izaten ahal dituen ondorioak ebaluatzeko.
  • Azterketak baloratu beharko du sastraka garbitzeko laneak landareen eta animalien gainean izanen duten ukipena zortasuna landarediak kolonizatu duen zatietan 360 ml-ko lanerako eremua berria irekiko den tartean, egoera oneko hariztiak estalitako mendi hegalean (ukipen hori ez da ingurumen azterketan ebaluatzen, 13. kapitulua - Indusketa faseko gorabeherak, ez dira aipatzen okupazio zabalera osoak, metaketa guneak, laneko metodoa eta abar). Ingurumeneko agiriak dio lanerako eremu berriaren tarte horretan plataformaren eraikuntza lehendik dagoen tunelaren ordezko pasabide baten bidexkan bermatuko dela, baina baieztapen hori okerra da, halako bidexkarik ez baitago.
  • Ingurumeneko agiriaren neurri zuzentzaileen kapituluan aipatzen da zuhaiztiei ez zaiela eragiten. Argi dago lanerako eremu berria irekitzeko zatian eginen diren lanek, Mugiroko hirugarren tunelean hasiera batean proiektatutako zulatzearen ordez eginen direnak, harizti bati eraginen diotela.
  • Proiektu berriak hasieran ebaluatutakoa ez den lur balantze desberdina du. Agiri berrien arabera 2.000 m³-ko bolumena da, handik gertuko erauzketa jarduera lehengoratzen edo zabortegi bat ixten erabiliko dena. Hondakinak kudeatzeko kapituluak laneko kaleko eta irekiera berriko zatiko sastrakak kentzetik sortutako landare hondakinak ere kudeatu behar izanen ditu.
  • Obrako eremu osagarrietako kokapen, neurri eta ezaugarri zehatzak identifikatu beharko dira eta Aralar KBEri eragiten ahal dion lursail oro baztertu eginen da. Zehazki, lanerako irekiko den eremu berriaren tarterako, kontuan hartuta ahalik eta zabalera txikiena duen eremuan lan egin behar dela, seriean eta ez paraleloan, lurra uzteko alboko tokirik gabe, indusketaren soberakinak metatzeko eremuak zehazten dituen planoa aurkeztu beharko da, eta soberakin horiek gero lubeta gainean bermatuko diren zatien betelanetarako erabili beharko dira.
  • Planoan zehaztuko dira obrako fasean eraikiko diren sarbideak, memorian eta aurrekontuan adierazita horien eraispena, hala badagokio.
  • Ukipenaren neurri zuzentzaileen kapitulua osatuko da baimen hau baldintzatzen duten neurriekin bat. Horrez gain, prebentziozko neurrien eta neurri zuzentzaileen kokapena biltzen duen kartografia egokia aurkeztuko da, neurri horien aurrekontua eginen da eta obraren aurrekontu orokorrari gehituko zaio. Neurri zuzentzaileak aurrera eramateko egutegia prestatuko da.
  • Natura Sareko Ukipenei buruzko kapitulu espezifikoa gehituko da. Natura 2000 Sarearen eremuan obrak eragindako ukipenen azterketa espezifikoa eginen da eta obra horrek Aralar KBEaren kudeaketa planarekin duen bateragarritasunaren azterketa eginen da. Proiektuaren eremuan Batasunaren intereseko habitatak baldin badaude, lanen zuzeneko nahiz zeharkako eragina izan dezaketenak, horiek identifikatu, kartografiatu eta neurtu egin beharko dira. Sortzen ahal diren inpaktuak ekiditeko, zuzentzeko edo konpentsatzeko beharrezkoak diren neurriak proposatuko dira.

–Ingurumeneko teknikaria egonen da obran bertan proiektua gauzatzean, gutxienez lan hauek egiten direnean: sastrakak kentzean, landare lurra kentzean eta lanerako eremua eta zanga irekitzean, lan horiek baso formazio baten eta Aralar ES2200022 KBE eremuaren barruan egin behar direnean.

–Ingurumenaren aldetik oso sentikorrak diren tarte horietan guztietan, lanerako eremuak zinta egokiekin balizatuko dira. Lanerako eremuak ez ditu 5 metroko zabalera gaindituko, eta ahal izanez gero makinen zabalerarekin bat etorriko da, bira egiteko eremuan zabalduz eta lanerako eremu bakarra sortuz. Langileei behar bezala jakinaraziko zaie hemen azaldutako neurriak betetzeak duen garrantzia.

–Hondeatzeko makinak eta kamioiak ingurumenaren aldetik sentikorrak diren eremuetan seriean arituko dira lanean betiere, eta ez paraleloan, alboetan lurra uzteko tokirik gabe; soberakinak hartarako jarritako indusketako soberakinen bilketarako eremuetan pilatuko dira eta horiek aurrez aurkeztu beharreko ingurumeneko agirian identifikatuta egonen dira.

–Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lanerako eremuaren bazterretan, sasiak eskuz kenduko dira, trazadura osoan. Adarretan egiten diren ebaketak garbi eginen dira, ez da adarrik hautsiko nahiz urratuko, eta zuhaitz nahiz zuhaixken azalak ere ez dira urratuko. Behin sasiak kenduta, enbor eta adarretako zauriak zaindu eginen dira.

–Ezinbestean bota beharreko zuhaitz eta zuhaixkak soilik botako dira. Kasu horietan, inguru horretako basozaintzari abisatuko zaio, mozteko baimena eskuratzeko xedez.

–Landaredia babesteko neurri gisa zuinkatze espezifikoak eginen dira tamaina handieneko zuhaitzetarako, adaburuaren proiekzioa errespetatuz eta beharrezkoa izanez gero enborren inguruan egurra jarrita sortzen ahal diren kalteak ekiditeko.

–Neurri zuzentzaile gisa zuhaitzen bat tokiz aldatzea erabakitzen bada, eragiketa horretarako jarraituko den metodologia, jarduteko modua eta irizpideak adierazi beharko dira.

–Moztu behar diren zuhaitzetan habiak topatzen diren kasuetan kudeaketa egokiak planifikatu beharko dira.

–Lurra mugitu, zangak ireki eta abar egin aurretik landare lurra kendu eginen da 30 cm-ko gutxieneko lodiera duen lekuetan; eta material hori aurrez ezarritako tokietan pilatuko da. Lur pilaketek gehienez ere 1,5 metroko altuera izanen dute, eta ukitutako lurrak lehengoratzeko erabiliko dira.

–Lanerako eremu berriak zabaldu behar diren lekuetan (360 metro linealeko tartea, hodiak jartzeko plataforma sortuko da bertan) azken gainaldeak profilatuko dira, ezponda buruak biribilduko dira, eta ezponda berrien eta jatorrizko gainaldeen artean kontaktu harmonikoa lortzeko ahalegina eginen da.

–Zabalduko den lanerako eremuan bertan Plazaolako bide berdea lehengoratu nahi bada, eremu berri horren amaierako aldapa batez bestekoa %3koa izanen da, eta %8tik beherakoa zenbait tartetan, Eurovelo sareko baldintzei jarraikiz.

–Lubeten ezponda sortu berrien gainazalean eta sortutako plataforma berriaren ertzetan landare lurra bota eta zabalduko da berriro landareztatu daitezen.

–Zortasun eremu barruan zein kanpoan obrek eragindako gainazal guztiak berriro landareztatuko dira hidroereite eta ereite bidez, baita instalazio lagungarriek, sarbideek, pilaketa eremuek eta abarrek eragindako eremuak ere. Berriro landareztatzeko lanetan eremuan berezkoak diren belar eta zuhaixka hazien nahasketa erabiliko da. Hidroereitea bi igaroalditan eginen da lur erauzketako ezponda berri guztietan. Landareztatze horretatik salbuetsita egonen dira “Plazaolako bide berdearen” errodadura geruzarekin bat datozen lanerako eremuak.

–Plazaolako bide berdearen plataforma obra hasi aurreko baldintzetara lehengoratuko da (zoruak, barandak, drainatzeko hodiak, kutxatilak eta abar lehengoratu eginen dira). Plataformari akabera emateko, 360 metroko luzeran (irekitako lanerako eremu berriari dagokiona) hautatutako ibaiko zabor legarra erabiliko da.

–Zangak bete ondoren, sobran gelditzen den eta bideak urratzean ateratzen den lurra baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatuko du, haren izaera kontuan hartuz. Obrak bukatu ondoren, eremua obra hondakinik gabe utziko da.

–Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atalak emandako aldeko txostena izan beharko du sustatzaileak.

–Ingurumena zaintzeko plana:

  • Ibai ibilguetara eta lur azpiko uretara istripuz substantzia kutsagarriak isuriz gero nola jokatu adierazten duen protokoloa finkatu behar da.
  • Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpenean jasotako ingurumen baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, obra amaitzean hartaz arduratzen den ingurumeneko teknikariak obra amaierako txostena emanen du, ukitutako eremu guztia lehengoratu dela jasota, baita berriro landareztatu dela ere. Argazki erreportajea erantsiko da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari astero emanen zaio posta elektroniko bidez (secevamb@navarra.es) obren berri eta gertatzen ahal den edozein gertakariren berri, behar bezala baloratu eta hala badagokio neurri egokiak har daitezen.

–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Ultzama-Arakilgo barrutiari (ogfoular4@cfnavarra.es).

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Larraungo Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakilgo barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 31n.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1807348