144. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

131E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona aireko linea 13,2 kV-eko lurpeko linearekin ordezteko proiektuari Milagroko udal-mugartean. Sustatzailea Coduvina SL da.

2018ko martxoaren 15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jardueraren helburua da erdi tentsioko aireko linea elektrikoaren 800 ml-ko tarte bat lurpeko linea elektrikoarekin (825 ml inguru) ordeztea, Milagroko 3. poligonoko 304. eta 312. lurzatietan. Horretarako, 1,15 m sakonerako zanga bat eginen da, eta hondoan jarriko da lurpeko hoditeria DIN 160 mm-ko PVC indartuzko bi hodiren bitartez eta horietan kablea hedatuko da (HEPR-Z1 12/20kV 3 (1x50) mm² AL). 100 metroko tartetan lurpeko linea elektrikoko kutxatila bat jarriko da.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena eta Natur Ingurunearen Plangintza Estrategikorako Atalaren txostena daude jasota. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea erdi-tentsioko aireko linea lurpeko linearekin ordezteko proiekturako, Milagroko udal-mugartean. Sustatzailea Coduvina SL da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Zanga irekitzean, landare lurra gordeko da geroago zangaren azaleko partea betetzeko.

–Zanga zabalik gelditzen bada egun batetik bestera, arrapalak jarri beharko dira, hara ezustean erortzen ahal diren animaliak atera ahal izateko. Zanga ireki eta ahal den lasterren bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu eginen dira.

–Ahal dela ez da abelbideko landarediaren gainean materialik pilatuko. Kutxatilak abelbideari dagokion katastro lurzatitik kanpo jarriko dira.

–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da abelbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako ordezko iraganbidea prestatu beharko da.

–Lurpeko hodiak jartzeko lanak egindakoan ukitutako abelbidearen eremua lehengoratuko da, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen bidea eta horrekin bateragarriak diren erabilerak.

–Natur Ingurunearen Plangintza Estrategikorako Atalari hodiak abelbidetik igarotzeko birplanteamenduaren datuak emanen zaizkio informatizatutako eta geoerreferentziatutako formatu grafikoan (ETRS89/UTM Erreferentzia Sistema 30N eremua).

–Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, kultura arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari, Milagroko Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 30ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1807324