144. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

127E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona gaur egungo “Agoitz Nagore” 20 kV-eko aireko linea ZB 20/66 kV-eko linea elektrikoa batez ordezteko proiekturako, Orotz-Betelu, Garaioa eta Aribeko udal-mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen, hain zuzen ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena emateari edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren xedea da “Agoitz Nagore” izeneko zirkuitu bakuneko eta 20 kV-eko aireko linea ordeztea, eta haren ordez zirkuitu bikoitzeko 20/66 kV-eko linea bat jartzea trazadura berean, inguru horretako hornidura elektrikoa hobetze aldera. Lehendik dagoen linea elektrikoa oso zaharra da, eta errail metalikoak ere erabiltzen ditu euskarri gisa; horrek matxura ugari izatea dakar, eta, gainera, ez du betetzen hegazti fauna babesteari buruz indarrean dagoen legedia. Beste alde batetik, Ariben etorkizunean eginen den BTA 66 kV-eko sarearekin lotu behar da, eta proiektuan proposatutako zirkuituetako bat horretarako erabiliko da. Proiektuak proposatzen duen zirkuitu bikoitzeko linea gaur egungo Agoitz Nagore izeneko 20 kV-eko aireko linearen trazadura beretik joanen da gehienean, ingurabide batzuetan izan ezik; Olaldean, adibidez, linea elektrikoa hirigunetik aterako da, gaur egun hortik pasatzen baita. Proiektu berria gauzatutakoan, zerbitzuz kanpo gelditzen diren linea guztiak desmuntatu eginen dira.

Linearen abiapuntua “Orotz-Betelu Aribe” ZB 20/66 kV-eko linea berriaren 00.02 euskarria izanen da, Irati ibaiaren ezkerraldean, Orotz-Betelutik hegoaldera. Amaiera, berriz, ibaiaren alde berean dagoen Aribeko BTAn egonen da, Aribetik hegoaldera. Luzera osoa 7 km ingurukoa izanen da. Proiektuan, gainera, “Orkoien San Kristobal 2” 66 kV-eko linea eta Agoitz Nagore linea berria lotzea aurreikusten da. Lotura hori linea horren 22. euskarritik ZB “Orotz-Betelu Aribe” linea berriaren 00.02 euskarrira eginen da, Irati ibaia gurutzatuz, 500 bat metroko luzerarekin. 00.02 euskarritik, 300 bat metroko zatian lotuko da airetik Agoitz Nagore linearen 31.38 euskarriarekin. Gainera, 20 kV-eko linea berria Olaldean dagoen transformazio zentroarekin ere lotuko da (250 metro), lurpetik, 00.20 euskarritik. Zubiri Luzaide linean, aireko linearen tartea berregokituko da 17.74 eta 17.75 euskarrien artean (375 metro), eta azken euskarri horren eta Aribeko BTAren artean, 100 bat metroko lurpeko sare batean.

Proiektuan proposatutako linearen trazaduran, hostozabaleko zenbait baso-espezieren multzoak ikusten dira (hariztiak, pagadiak, masa mistoak eta ezpel sastrakadiak nagusiki). Proiektuko lineak lau lekutan gurutzatzen du Irati ibaia, Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistemaren Kontserbazio Bereziko Eremukoak diren zatietan: gurutzatze bat Orotz-Betelutik ekialdera, beste bat Ariben, eta beste bi Olaldean. Lau gurutzatze horietako hirutan dagoeneko badago linea bat, baina Orotz-Betelukoa eraiki egin beharko da. Egungo zirkuitu bakarreko 20 kV-eko lineak badu zuhaitzik gabeko kale bat, linea elektrikoen araudiak eskatzen duen eran. Kale horren mantentze lanak egiterakoan kontuan hartu dira ezpondak, zuhaitzen garaiera eta abar. Hortaz, kale irregularra da, egungo aireko linearen ardatzaren albo bakoitzean 10 metroko zabalera duena gehienez, eta 5 metrokoa gutxienez. Zirkuitu bikoitzeko linearako, haren eraginpeko tartea 7 eta 15 metro artekoa dela kontua hartuta, zati gehienetan nahikoa izanen da gaur egun dagoen kalea, bi zatitan izan ezik, horietan zuhaitzak ebaki beharko baitira. Zati horiek dira, zehazki, lehen aipatutako Olaldeako ingurabidea, eta “Orkoien San Kristobal 2” linearen eta “Orotz-Betelu Aribe” ZB eta 20/66 kV-eko linea berriaren arteko lotura; zati horietako lanek ibaiertzeko landarediari eta ezpeldi bati eraginen diete. Ibaiertzeko landarediaren artean azpimarratzekoak dira haltz beltzak (Alnus glutinosa), makalak (Populus nigra) eta hurritzak (Corylus avellana).

Proiektuak hartzen duen eremu osoari aplikatzekoa zaio abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituena.

2017ko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 2koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunez. Epe horretan, alegazioak jaso dira Orotz-Beteluko eta Aribeko udalen aldetik, I. eranskinean laburbiltzen direnak. Aribeko Udalak argudiatu du baso guneetan linea elektrikoa lurperatzeko aukerak aztertu beharko liratekeela, eta Orotz-Beteluko Udalak, berriz, bidexka turistikoen eta bideen erabilera publikoarekiko bateragarritasuna kontuan hartu beharko litzatekeela.

Gainera, espedientean jasota dago Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak errekerimenduak egin dizkiola sustatzaileari, informazio gehiago eman dezan proposatutako alternatibei buruz, Natura 2000 Sarean izanen dituen eraginei buruz eta proposatutako zenbait sarbideren justifikazioari buruz. Gainera, sustatzaileari eskatzen dio erantzun diezaiela Aribeko eta Orotz-Beteluko udalek egindako galderei.

Linea elektrikoa lurperatzeari buruz, sustatzaileak adierazi du ez dagoela ados irtenbide horrekin, baldintza teknikoak eta ekonomikoak direla medio. Zailtasun teknikoei dagokienez, azpimarratzen du linea lurperatzeak zailtasun ugari ekarriko lituzkeela matxurak aurkitzeko eta konpontzeko orduan, eta horrek inguru horretako horniduraren kalitatea okertuko lukeela. Baldintza ekonomikoen ikuspegitik, aipatzen du modu nabarmenean garestituko litzatekeela obra, haren prezioa laukoiztu eginen bailitzateke, eta gogorarazten du hori sektore elektrikoaren legedian xedatutakoaren kontrakoa izanen litzatekeela: “energia elektrikoaren hornidura bermatzeko eta kontsumitzaileen premietara egokitzeko, betiere segurtasunarekin, kalitatearekin, eraginkortasunarekin, objektibotasunarekin eta gardentasunarekin loturiko baldintzetan eta kosturik txikienarekin”. Gainera, eta lurperatzeak alde onak dakartzala aitortzen badu ere, hala nola eragin bisual eta fauna eta florarekiko eragin txikiagoa izatea, irizten du egindako azterketaren arabera jarduketa, gaur egun proiektuan jasota dagoen eran, bateragarria dela ingurumenaren ikuspegitik ere. Halaber, sustatzaileak dio linea lurperatzen bada ere, 4 metroko zabalerako zuhaitzik gabeko kale bat beharko dela.

Orotz-Beteluko Udalaren alegazioari buruz, eta bideen erabilera publikoekiko bateragarritasunari buruz, sustatzaileak dio udalak proposatutako pantaila bisualak eraikiko direla 6. eta 7. euskarrien artean eta 19. eta 20. euskarrien artean.

Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoak jakinarazi du proiektuaren xede den inguruak ingurumen balio nabarmenak dituela, flora eta faunari dagokienez eta paisaiari dagokionez. Hautatutako aukera, lehendik dagoen linea elektrikoaren kale bera erabiltzearena alegia, hura zabaldu egin beharko bada ere, aireko aukeren artetik ingurumenean eragin txikiena izanen duena da. Ingurumen hobekuntza bat dakar egungo egoerarekin alderatuta, gaur egun dagoen linea elektrikoa oso arriskutsua baita hegaztientzat, eta linea berriak, aldiz, indarrean dagoen babes araudia beteko duelako. Gainera, gaur egun Olaldea gurutzatzen duen zatia kenduko litzateke, eta horrek hobekuntza nabaria ekarriko dio herriari, eta inguru osoko horniduraren kalitatea hobetuko da. Horregatik guztiagatik, uste dute, aireko aukeren artetik, irtenbide horrek izanen duela eragin txikiena ingurumenean, eta behin aurkeztutako dokumentazioan aipatutako eta ebazpen honetan jasotako neurri zuzentzaileak aplikatu ostean, ingurumenarekiko bateragarria izanen dela baieztatzen dute. Proiektuak ingurumenean izanen dituen eraginak ez dira aski linea elektrikoa lurperatzea eskatzeko, eta, gainera, lehen esan dugun eran, gogoan izan behar dugu sustatzaileak matxurak aurkitzeko eta konpontzeko zailtasunei buruz esandakoa. Horrenbestez, espedienteari buruzko aldeko txostena egin da, zenbait baldintzarekin.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Pirinioaldea Kudeatzeko Atalaren txostena jaso da espedientean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuta ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea gaur egungo “Agoitz Nagore” 20 kV-eko aireko linea ZB 20/66 kV-eko linea elektrikoa batez ordezteko proiekturako, Orotz-Betelu, Garaioa eta Aribeko udal-mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Ahal dela, obrak ekainetik azarora bitartean eginen dira, biak barne, inguru horretako fauna espezieen ugalketa garaiak kontuan hartuta. Obrak denbora tarte horretatik kanpo egitekotan, teknikari aditu batek egindako txostena aurkeztu beharko da, inguruko intereseko espezieetan eraginik ez duela izanen arrazoituko duena. Ibaiak gurutzatzen dituzten tarteei dagokienez, apirilaren 1etik irailaren 1era arteko tartea saihesteko ahaleginak eginen dira. Obra hasi baino lehen, lanen kronograma aurkeztu beharko zaio Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, eta obraren hasierako faseetan egin beharreko lanak ingurumenaren ikuspegitik kalteak jasateko arrisku gutxien duten guneetan eginen dira.

–Proiektuaren xede diren aireko linea elektriko guztiak hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu behar dira; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, eta, horrela, seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen da. Zirkuitu bikoitzeko tarteetan zirkuitu bakar bat seinaleztatuko da.

–Loturako euskarri guztietan, elementu eroalearen eta pausatzeko eremuaren artean metro bateko distantzia errespetatuko duen isolatzaile eredu bat erabili beharko da.

–Deribazio euskarrietan, hala nola planoetan agertzen diren 04.23 eta 00.02 euskarrietan, erabat isolatuko dira deribazioko zubi lasai guztiak, bai eta linea nagusiko zubi lasai guztiak ere. Halaber, kable eroalea eusteko grapak ere isolatu beharko dira aurreformadun grapa estalkiekin. Edonola ere, erabiltzen den materialak zirkuitu bakoitzaren tentsiorako egokia izan beharko du.

–Lurpera jaisteko euskarrietan, hala nola planoetan agertzen diren 00.20 eta 00.44 euskarrietan, elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak, ebakigailuak kasu horretan, eta konexioko botilak lotzen dituzten zubiak. Isolamenduan erabilitako materialak egokia izan beharko du goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira. Edonola ere, erabiltzen den materialak zirkuitu bakoitzaren tentsiorako egokia izan beharko du.

–Euskarrietarako sarbideek, lehendik zeuden bideak egokituta edo sarbide berriak sortuz egindakoek, sustatzaileak 2018ko otsailean aurkeztutako dokumentazioan jasotakoa beteko dute; lehendik dauden pistak, kaleak eta bidezidorrak baliatuko dira. Pasabide horien zabalera bertan lan eginen duten makinek pasatzeko behar duten gutxieneko zabalerara mugatuko da. Zentzu horretan, 5 metroko zabalera gehiegizkotzat jotzen da, eta zabalera txikiagoekin (3 bat metrokoak) lan egiteko ahaleginak eginen dira, toki jakin batzuetan zabalera handiagotuz.

–Aurkeztutako dokumentazioarekin bat, hasiera batean 21. euskarrirako proposatutako bidea ez da eraikiko, eragin nabaria izanen lukeelako oso ongi zainduta dagoen eta haritza (Quercus petraea) nagusi duen masa misto batean. Helikoptero bidez eramanen dira materialak eta eginen da sarbidea euskarri horretara.

–00.02 eta 00.08 euskarrietarako sarbideak inguru harritsuetan eta malkartsuetan daude, eta, gainera, inguruko bidexka turistiko bati eragiten diete; hortaz, eragin hori minimizatzeko, beste bitarteko posible batzuk aztertuko dira. Edonola ere, behin obrak bukatutakoan, sortzen edo egokitzen diren sarbideak leheneratu egin beharko dira, eta arreta berezia jarriko da tokiko bidexken sareari eragiten dietenetan.

–Linea elektrikoa tokiko bidexken eta bideen sarearekin hobeki bateratzeko, pantaila bisualak eraikiko dira 6. eta 7. euskarrien artean, eta 19. eta 20. euskarrien artean. 6 hilabeteko epean, eta edonola ere obrak hasi baino lehen, pantaila horietarako behin betiko irtenbidea aurkeztu beharko da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan, Orotz-Beteluko Udalak aurkeztutako alegazioan aipatutako jarraibideak kontuan hartuko dituena.

–Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko eta Kontrolatzeko Plan bat gauzatu beharko du, teknikari aditu batek prestatutakoa. Plan horrek adierazi beharko du nola aplikatuko diren ebazpen honetan jasotako neurriak, bai eta ingurumen ukipenei buruzko azterlanean jasotakoak ere, eta linea elektrikoak eta haren sarbideek faunan eta floran izan ditzaketen eraginen jarraipena nola eginen den zehaztu beharko du. Arreta berezia jarri beharko da, halaber, tokiko bidexken sarean izan ditzaketen eraginetan. Obrak egiten diren bitartean, hileroko txostenak aurkeztu beharko dira. Halaber, obra bukaerako txostena aurkeztu beharko da; bertan adieraziko dira obrak ingurumenean sortutako ukipenei buruzko gorabehera guztiak, eta obren gauzatze maila, aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honen arabera (landaredian izandako eragina, sarbideak, loturako isolagailuak, zubi lasaien isolamendua eta abar). Behin instalazioa funtzionatzen hasitakoan, ikuskapenak eginen dira hiru hilean behin lehenengo urtean, eta sei hilean behin hurrengo bi urteetan. Ikuskapen bakoitzaren ondoren, bi hilabeteko epean, txosten tekniko bat eginen da eta sustatzaileak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari emanen dio. Bertan azalduko da nolako aplikazioa eta eraginkortasuna izan duten neurri zuzentzaileek, zein izan daitezkeen faunaren eta floraren gaineko eraginak eta zer neurri berri har daitezkeen gelditu diren eragin kaltegarriak gutxiagotzeko.

–Obrak hasi baino lehen, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Pirinioaldea Kudeatzeko Atalaren baimena lortu beharko da (zuhaitzak ebakitzea, erabilera publikoko mendien zortasuna, etab.).

–Zerbitzuz kanpo gelditzen diren edo dagoeneko zerbitzuz kanpo dauden azpiegitura guztiak desmuntatu eginen dira.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Obrak hasi baino 72 ordu lehenago gutxienez, Aezkoa Kintoa barrutiko Basozaintzari jakinarazi beharko zaio (Tlf: 686 502 927; emaila: ogfoaequ2@cfnavarra.es), bai eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ere (seguimiento.ambiental@navarra.es), lanen zuinketa eta obren garapena gainbegiratu ditzaten.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu nahi diren jarduerak sare elektrikora lotzea.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren gainerako azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik.

–Bereziki, sustatzaileak, obrak gauzatu aurretik, Herri Lan Zuzendaritza Nagusian nahitaezko baimena lortzeko eskaera aurkeztu beharko du, linea elektrikoak NA 2040 errepidea gurutzatuko duelako bi aldiz; horretarako, Nafarroako Errepide Sarean eragina izan dezaketen obrak behar bezala deskribatzeko behar den dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du.

–Nahitaezko desjabetzeaz baliatzen badira, ez da beharrezkoa izanen udalek inolako baimenik eskatzea Herrilurren Atalari (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren, Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onetsi zuenaren, 151. artikulua). Horrela ez balitz, obrek ukitutako lursailen okupazioa baimendu beharko litzateke, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluarekin bat.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehala, hala jasota baitago ondare historikoaren arloko indarreko legedian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo abiarazi beharko da beranduenik ere. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira automatikoki, eta ez du eraginik izanen.

–Jarduera utziz gero, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Zentzu horretan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, sustatzaileak, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero gehienez ere bost urteko epean lurzorua lehengoratzeko konpromisoa hartzen duela adierazi beharko du.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 25.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratuko edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzenduta, hilabete bateko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Pirinioaldea Kudeatzeko Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Orotz-Beteluko, Garaioako eta Aribeko udalei, Basozaintzari (Aezkoa Kintoa barrutia) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 29an.– Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

ALEGAZIOAK

Orotz-Beteluko Udala.

Orotz-Beteluko Udalak jarraian azaltzen diren alegazioak egin nahi ditu, proiektuaren gauzatzea eta abiaraztea bateragarriak izan daitezen dagoeneko onartuta dauden Basoak Antolatzeko Proiektuaren Berrikuspenarekin eta Beteluko hariztiko bidexken sarea egokitzeko, balizatzeko eta informazio sistema jartzeko proiektuarekin.

Hasteko, udalak proposatzen du ez daitezela erabili bidexken trazatuak aurreikusitako sarbideak irekitzeko, eta, beste aukerarik ez dagoen tokietan, obrak bukatutakoan bidexka lehengoratzeko eta sarbidea kentzeko betebeharra ezartzea, baita landare lurra gehituta ere, hala behar izanez gero. Aurkeztutako proiektuan jasotakoaren arabera, Orotz Olaldea bidexkaren trazatua erabiliko da ia 3 kilometrotan.

Bigarrenik, proposatzen du jar daitezela babes bisualerako pantailak bidexkak eta linea elektrikoa gurutzatzen diren tokietan, linea elektrikoaren zerrenda lauak paisaia eragin bortitza eta kaltegarria izanen duelako ibiltariengan. Bidexkaren bi ertzetan, eta linea elektrikoarekin gurutzatzen den luzera osoan (20 bat metro), 2,5 metroko garaierako pantaila bat edo landaredia (ezpel hesia edo akazia zurezko hesia) jarri beharko litzateke.

Halaber, adierazten du bide zorua gehitzea erabakiz gero, pista lehengoratu egin beharko dela, ibilgu naturalera itzuliz, bai eta bidexka sarearekin bat egiten duten zatiak ere.

Linea segurua izan dadin, eta Olaldeko zentral elektrikotik gertu dauden zenbait ingurutan malda handiak eta ezegonkorrak daudela kontuan hartuta, egungo landaredia (8 metrotik beherako sahats sasiak eta haritzak) ez kentzea proposatzen dute, eta, aldiz, landare arinak eta ibaiertzeko lurretara egokitutakoak landatzea malda finkatzeko.

Orotz-Beteluko Udalak adierazi du, gainera, bioaniztasuna ez murrizteko, azken berrikuspenean finkatutako balio ekologiko handiko basoetan ez litzatekeela sarbiderik ireki behar, ez eta linea elektrikoa baso horien gainetik trazatu ere.

Erantzuna: alegazio egileak aipatutako alderdiak kontuan hartu dira ingurumen ukipenetarako baimena idazteko orduan, azalpen atalean adierazi den eran.

Aribeko Udala.

Aribeko Udalaren iritziz, jendaurrean jarritako ingurumen ukipenetarako azterlana ez da nahikoa balizko eraginak baloratzen ahal izateko, ez dituelako beste aukera batzuk kontuan hartzen, hala nola basoan linea lurperatzea, ez duelako ekimenaren beharra arrazoitzen, ez dituelako proiektuaren oinarrizko alderdiak zehazten, baliabide naturalei buruzko informazio gutxi ematen duelako eta ez duelako aipatzen LAP 1 Lurraldea Antolatzeko Plana.

Linea elektrikorako proposatutako pasabidea Irati, Urrobi eta Erro Ibaien Sistemaren Kontserbazio Bereziko Eremutik oso gertu dago, eta, gainera, lau gurutzatze eginen dira, horietako bat gutxienez lehentasunezko habitata dagoen gune batean. Gainera, sarbidea, kalea eta euskarrien zimenduak jartzeko eta zelaiguneak egiteko obrek gainazaletatik arrastatutako lurrek ere zeharkako eragina izanen dute.

Udalak dio ez dela ongi kontuan hartu paisaiaren hauskortasuna, ez dela kontuan hartu urteko edozein garaitan turistak egoten direla eta begiratoki eta bidexka ugari daudela, eta horiek gero eta garrantzitsuagoak direla bailararentzat baliabide gisa.

Linea elektrikoak zuhaiztietan izanen duen paisaia eragina larritzat jotzen du, begirale ugari izaten baitira haietan, indarrean dauden erabilerak, ustiapenak eta onurak direla medio, eta aldarrikatzen du horiek guztiak ez direla kontuan hartu ingurumen ukipenetarako azterlanean. Hortaz, 20/66kV-eko linea berria lurperatzeko aukera berraztertu behar dela uste du.

Erantzuna: alegazio egileak aipatutako alderdiak kontuan hartu dira ingurumen ukipenetarako baimena idazteko orduan, azalpen atalean adierazi den eran.

Iragarkiaren kodea: F1807327