144. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

196/2018 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektua onesten duena Iruñeko Azpilagaña auzoan dagoen BAI-10 jabeen elkarterako (IFZ: H31203920).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean bizitegi multzoen berroneratze alorrean egindako esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko eremu, etxadi edo ezkaratz batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela ezkaratz bakar baten esparrua gainditzea. Asmoa da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratua egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak) bai administratibotik ere (espediente bateratua aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta aldi berean eraikuntzako eta arkitekturako irtenbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxadi edo eremuetan.

Aurretik aipatutakoaren arabera, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da, 132 etxebizitzarentzat, 10 ezkaratzetan banatuak, Iruñeko Azpilagaña auzoan. Hauek dira:

José María Beobide kalea, 9. zenbakia.

Altzania ibaia kalea, 4., 6., 8. eta 10. zenbakiak.

Buenaventura Iñíguez kalea, 12., 14., 16., 18. eta 20. zenbakiak.

Etxebizitzen eraikina hiriaren hirurogeita hamarreko hamarkadako hazkuntzaren garaikoa da, eta Zaragoza etorbidearen eta Nafarroa etorbidearen arteko eremuan dago (PA-31). Zehazki, forma nahiko trapezoidala duen orube batean dago, Azpilagaña auzoko bilbearen barrenean.

Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Iruñeko Udalaren txostenak daude, eta horien arabera espedientea aztertu ondoren zuzena dela egiaztatu dute: herritarrek parte hartzeko betebeharra eta Iruñeko Udalaren parte hartzeko betebeharra betetzat jotzen da, eta proposatutako irtenbide teknikoa birgaitzearen alorreko jarduketa babesgarri gisa kalifikatu daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Esku-hartze orokorreko proiektua onestea Iruñeko Azpilagaña auzoan dagoen BAI-10 jabeen elkarterako (IFZ: H31203920). Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da dagozkion proiektuak aurkeztea dagokion Birgaitzeko Bulegoan, eta jabeen elkarteak eskatzea (eta lortzea) horien birgaitze jarduketa babestuaren behin-behineko kalifikazioa.

Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen elkarte onuradunak hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen elkarteari, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Iruñeko Udalari, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1808165