1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
DEIALDIA, Ameriketako Estatu Batuetako berrikuntza eta ekintzailetza ekosisteman murgiltzeko programan parte hartzeko.
Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak (Nafarroako Ganbera) eta Nafarroako Gobernuak iragartzen dute deialdi bat egiten dela Europar Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) %50eko kofinantzaketa duen Nazioarteko Sustapen Planaren barnean; deialdiaren xedea Ameriketako Estatu Batuetako berrikuntza eta ekintzailetza ekosisteman murgiltzeko programan parte hartzea sustatzea da.
Lehena.–Onuradunak.
Deialdian parte hartzen duten enpresak (ETEak, mikro ETEak edo langile autonomoak) oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak izanen dira, Nafarroan ekoizpena edo I+B dutenak eta, ahal dela, honako sektore hauetako baten barnean daudenak:
–Oinarri teknologikoko enpresak.
–Bioteknologia.
–Energia berriztagarriak.
Deialdian parte hartzen duten enpresek www.camaranavarra.com webgunean argitaratutako deialdiaren oinarrietan eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.
Gehienez 15 enpresa onuradun egonen dira.
Nafarroako Ganberak eta Nafarroako Gobernuak beretzat gordetzen dute ekintza bertan behera uzteko eskubidea bost enpresak baino gutxiagok parte hartzen badute.
Bigarrena.–Xedea.
Deialdiaren xedea ETEen nazioartekotzea sustatzea eta lehiakortasuna hobetzea da, Nafarroako ekonomiaren esportatzeko joera eta oinarri esportatzailea hobetzeko, esportazioaren destinoko merkatuak dibertsifikatzeko eta haien lehiakortasuna areagotzeko asmoz.
Zehatz-mehatz, ekintza honen xedea Ameriketako Estatu Batuetako berrikuntza eta ekintzailetza ekosistemaren (New York) gakoak eta eragileak ezagutaraztea da eta, bereziki, honako hauek egitea:
–Ameriketako Estatu Batuetako merkatua baloratzea eta merkataritza ezarpen edo hedapenerako aukerak aztertzea.
–AEBetan harremanen sarea ezartzea maila gorenean.
–Ameriketako Estatu Batuetako ekintzailetza ekosistemako egile nagusiengana heltzea.
–Ekintzaile arrakastatsuek erabiltzen dituzten estrategiak eta tresnak ezagutzea.
–Inbertsio-egileekin zuzeneko harremana izatea.
–Erabilgarri dauden plataformei eta finantzatzeko bideei buruzko jakintza handitzea.
Ekintzak bileretara joan eta horietan parte hartzea ekarriko du berekin; bilerok 4 egunetan eginen dira urriaren 15eko astean New Yorken, eta honako hauek hartuko dute parte:
–Ekintzaile arrakastatsuak.
–Inbertsio-egileak:
- Venture Capitalists.
- Business Angels.
- Crowdfunding plataformak.
–Inkubagailuak eta azeleragailuak.
–New Yorkeko estatuko bulego ekonomikoak.
–Enpresa horien taldean ordezkatuta dauden berariazko sektoreetarako garrantzitsuak diren beste erakunde batzuk.
–Ekintzailetzari laguntzeko programak.
Hirugarrena.–Deialdia.
Deialdiaren testu osoa enpresen eskura dago Nafarroako Merkataritza Ganberaren egoitzan. Gainera, www.camaranavarra.com webgunearen bidez kontsultatu daiteke.
Laugarrena.–Zenbatekoa.
Deialdi honen esparruan, Ameriketako Estatu Batuetako berrikuntza eta ekintzailetza ekosisteman murgiltzeko programa gauzatzeko gehieneko aurrekontua 47.671,56 eurokoa da 2018ko aldirako, Espainiako eskualde askotako 2014-2020 PO EGEF programa operatiboaren barnean.
Nafarroako Merkataritza Ganberak emandako zerbitzu osagarrietarako kalkulatzen diren baliabideak 9.218,16 eurokoak izanen dira, eta Europar Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) eta Nafarroako Gobernuak ordainduko dituzte.
Deialdi honen kargura, Ameriketako Estatu Batuetako berrikuntza eta ekintzailetza ekosisteman murgiltzeko programan parte hartzen duten enpresei eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoa 19.201,68 eurokoa da, eta diru-laguntza gisa emanen da.
Laguntzaren gastu hautagarriak bidaiei eta ostatuari zein lan agendari dagozkienak dira.
EGEFek finantzatutako laguntzaren zenbateko osoa aipatutako gastuen zenbateko hautagarriaren %50 da, eta enpresa onuradun bakoitzeko gehieneko diru-laguntza 1.180 eurokoa izanen da (750 euro bidaia eta ostaturako eta 430 euro gehiago lan agendarako).
Eskabide kopuruaren eta aurrekontu erabilgarriaren arabera, bigarren bidaia-poltsa finantzatzen ahalko da enpresa bakoitzeko.
Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2018ko abuztuaren 20an bukatuko da. Parte hartzeko eskabide eredua www.camaranavarra.com webgunean eskuratzen ahalko da.
Seigarrena.–Onuradunen betebeharrak.
1. Ekintzari lotutako gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkeztea, www.camaranavarra.com webgunean agertzen diren oinarrietan erabilgarri dauden Nafarroako Merkataritza Ganberaren laguntzen deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera.
2. Ekintza gauzatzen denetik hilabeteko epean, deialdian parte hartzen duten enpresek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Gobernuaren laguntzen fitxan erabilgarri egonen den balorazio inkesta betetzeko (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7515/Participacion-en-la-mision-estudio-startups-navarras-en-Nueva-York), eduki honekin:
–Garatutako jardueraren deskribapena, izandako elkarrizketak eta horietako gogobetetasun-maila zehaztuta.
–Topaketaren gaineko balorazioa eta lortu nahi diren helburuen betetze-maila.
–Etorkizuneko ekintzetarako hobekuntza proposamenak.
Iruñean, 2018ko uztailaren 6an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.
Iragarkiaren kodea: F1809052