141. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko ekainaren 27an hartua, testua aldatzen diona Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Hezkuntzako Elkarlanaren Hitzarmenari, kanpoko praktika akademikoak egitekoari, zeina onetsi baitzen Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 13an hartutako Erabakiaren bidez.

Unibertsitateko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Hezkuntzako Elkarlanaren Hitzarmena, indarrean baitago, nahitaezko tresna da prestakuntza akademikoaren bitartez hartutako ezagutzak osatzeko, erraztasunak emanez gaitasunak hartzeko administrazio publikoen eta horien erakunde autonomoen esparruaren barnean.

Onetsitako testuak jasotzen zuenez, kanpoko praktika bakoitzaren eduki zehatzak, baita dagokien prestakuntza proiektua ere, hezkuntzako elkarlanerako “hitzarmenetan” jaso beharko lirateke, eta esparru hitzarmenari eranskin gisa erantsi beharko litzaizkioke. Baina, egiatan, idazketa horrek beharrik gabe mantsotzen eta zailtzen du praktiken kudeaketa egokia, zeren beharrezkoa baita bigarren banakako agiri bat sinatzea, “hitzarmenaren” kategoriakoa, praktiketako ikasle bakoitza sar dadin departamentu eta erakundeetan. Horrek agerian utzi du departamentuen arabera badirela funtsezko desberdintasunak praktiken kudeaketan eta izapidetzean.

Bestalde, 592/2014 Errege Dekretuak (zeinaren bidez arautzen baitira unibertsitateko ikasleen kanpoko praktikak) 7. artikuluan ezartzen du beharrezkoa dela unibertsitateen eta entitate laguntzaileen arteko hitzarmen bat sinatzea, eta horri “eranskinak” gehituko zaizkiola.

Praktiken kudeaketa optimizatzeko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskatuta, proposatu da Hezkuntzako Elkarlanaren Hitzarmenaren testua aldatzea, halako moduz non ez baita beharrezkoa izanen banakako hitzarmenak sinatzea praktikaren prestakuntza proiektua eta hura garatzeko baldintza zehatzak ezartzeko; horren ordez, Hezkuntzako Elkarlanaren Hitzarmenaren eranskin gisa eginen da sinadura, eta praktiketako ikasleak hartzen dituen unitate administratiboaren arduraduna den zerbitzuko zuzendariak edo horren parekoak sinatuko ditu eranskin horiek.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Hezkuntzako Elkarlanaren Hitzarmenaren bosgarren klausulako bigarren paragrafoa aldatzea; unibertsitateko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko da hitzarmena. Honela geldituko da idatzia:

“Hitzarmen honen eranskinetan jasoko dira kanpoko praktika bakoitzaren eduki zehatzak, baita dagokien prestakuntza proiektua eta hasierako eta bukaerako datak ere, uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezartzen denarekin bat (haren bidez unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautu ziren). Praktiketako ikasleak hartzen dituen unitate administratiboaren arduraduna den zerbitzuko zuzendariak edo horren parekoak sinatuko ditu eranskin horiek.”

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gobernuaren departamentuetako idazkaritza tekniko nagusiei.

4. Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari jakinaraztea.

Iruñean, 2018ko ekainaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1808497