141. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ

Herriko eraikuntzen zaharberritze eta apainketa eta bestelako obretarako laguntzak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Udalak, 2018ko apirilaren 11n, osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Herriko eraikuntzen zaharberritze eta apainketa eta bestelako obretarako laguntzak arautzen dituen ordenantza”.

Erabaki hori 2018ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 13an, eta handik aurrera jendaurrean egoteko hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik haren kontra. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta hortaz Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen da “Herriko eraikuntzen zaharberritze eta apainketa eta bestelako obretarako laguntzak arautzen dituen ordenantza”.

Etxarri Aranatzen, 2018ko maiatzaren 29an.–Alkatea, Eneka Maiz Ulaiar.

ETXARRI ARANAZKO HERRIKO ERAIKUNTZEN ZAHARBERRITZE ETA APAINKETA ETA BESTELAKO OBRETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Interes orokorreko arrazoi sozialak direla-eta, Etxarri Aranazko herria dinamizatzea ordenantza honen helburuetako bat da. Horretarako, eraikinak zaharberritzeko jarduerak lagundu eta bultzatuko dira, jarduera horietarako Udalaren laguntzak emanez eta arautuz.

Aipatutako laguntzak arautzeko udalerrian kokaturik dauden eraikuntzen eta etorkizunean egin litezkeen eraikuntza eta lanak arautuko dituen zaharberritze, edertze eta apainketari buruzko ordenantza onestea nahitaezkoa da. Beraz:

1. artikulua. Egikaritze Materialerako Kostearen (EMK) ehuneko jakin bati dagokion laguntza jasoko dute eraikuntza, lan eta instalazioetan eginen diren honako jarduera hauek:

a) EMKaren %2,5eko laguntza, inguruabar sozial, kultural edota arrazoi historiko-artistikoengatik interes bereziko edo udal erabilerako izendapena jasotzen dutenentzat. Udalbatzari dagokio izendapen hori egitea, eta bere kideen gehiengo soilaren aldeko botoez erabakiko da, subjektu pasiboaren eskaeraren ondoren.

b) EMKaren %2,55eko laguntza, autokontsumorako energia berriztagarrien aprobetxamendurako sistemak (eguzkia, haizea, etab.) sartzen dituztenentzat. Onura honen aplikazioa baldintzatuta dago beroa sortzen duten instalazioek dagokion administrazioak homologatutako kolektorea edukitzera. Halaber, laguntza hau jasoko dute ingurumenaren aldetik hobekuntzak lortzeko egiten direnek, hala nola putzu septikoek, etab.

c) EMKaren %1,5eko laguntza alokairura bideratutako etxebizitzetan, eraikitze obrei zein konponketa edo berrikuntza obrei dagokien EIOZaren gainean.

d) EMKaren %4,5eko laguntza ezgaitasuna dutenei, sarrera zein bizigarritasun baldintzak hobetzeko.

e) EMKaren %2,55eko laguntza, eguzkitik datorren energiaren aprobetxamendu termiko zein elektrikoaren sistemak sartzen dituzten eraikuntza, instalakuntza eta obrei. Laguntza honen aplikazioa baldintzatuta dago beroa sortzen duten instalazioek dagokion administrazioak homologatutako kolektorea edukitzera.

f) EMKaren %4,5eko laguntza, etxebizitzetako teilatuen isolamendu eta birteilatzeari, eraikinak 20 urte baino gehiago dituen kasuetan. Obra horiek etxebizitza kopuruan aldaketa ekartzen badute, edota eraikigarritasuna handitzea, laguntza ez da aplikatuko. Halaber, Udalaren baimenean ageri ez diren obrak egiten direnean diru-laguntza ez da aplikatuko.

g) EMKaren %4,5eko laguntza, etxebizitzen fatxadak zein leihoak konpondu eta margotzeko, eraikinak 20 urte baino gehiago badauzka. Obra horiek etxebizitza kopuruan aldaketa ekartzen badute, edota eraikigarritasuna handitzea, laguntza ez da aplikatuko.

h) EMKaren %4,5eko laguntza, partikularrek herri pista eta herri bideak hobetu eta konpontzeko egindako obrei.

i) EMKaren %2,5eko laguntza abeltzaintzara bideratutako jardueretan, betiere eskatzailearen jarduera profesionala dela justifikatzen bada.

j) EMKaren %4,5eko laguntza, irabazi-asmorik gabeko erakundeek egindako obrei.

k) EMKaren %4,5eko laguntza, irabazi-asmorik gabeko erakundeek egindako obrei, beraien jabetzako eraikuntzetan.

l) EMKaren %4,5eko laguntza, sute baten ondorioz erreta gelditzen den etxebizitzari. Obra horiek etxebizitza kopuruan aldaketa ekartzen badute, edota eraikigarritasuna handitzea, laguntza ez da aplikatuko.

m) EMKaren %4,5eko laguntza, eraikuntzetatik amiantoa kentzeko obrei.

Hauetako bi kasu edo gehiago izaten badira, portzentajerik altuena duen kontzeptuaren laguntza baino ez da aplikatuko.

2. artikulua. Laguntza hauek jasotzeko, obra baimenaren eskatzaileak Udalean obra bukatu eta gero diru laguntza eskaera egin behar du eta Udalak eskatzen dion dokumentazio guztia aurkeztu beharko du, beste batzuen artean, egindako obraren kostu errealaren fakturak eta zertifikazioak. Udalak EIOZaren behin betiko likidazioa egingo eta diru-laguntza aplikatuko du likidazio horretan.

Betiere, diru-laguntza jaso ahal izateko, nahitaezkoa da eskatzaileak Etxarri Aranazko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta edukitzea. Udalak emandako baimenetik kanpo obraren bat egin bada edo Udalak ezarritako baldintzak betetzetzen ez badira, laguntza ez da onartuko.

3. artikulua. Ordenantza honen edukiaren aurka doan ordenantza eta arau oro baliorik gabe geldituko da.

4. artikulua. Iraungita gelditu da gai hau arautzen duen edozein ordenantza, edo zuzenki zein zeharka ordenantza honen xedapenen aurka doan edozein arau.

Iragarkiaren kodea: L1809014