141. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

315/2018 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez egiten da “Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken” 2018-2019ko deialdia.

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken deialdia Nafarroako 2017-2020 Nazioarteko Planaren barnean kokatzen da; izan ere, plan horrek bilatzen du Nafarroako herritarrak gai izan daitezela ingurune global batean arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko dauden aukerak aprobetxatzeko. Gainera, Nafarroako Foru Komunitatea nazioartekotzen laguntzeko funtsezko tresna da, eta zuzenean bat egiten du Nafarroaren espezializazio adimentsuaren estrategiarekin (S3).

Beken xedea da Nafarroako tituludunek prestakuntza eta esperientzia profesionala lortzea, Europar Batasunetik kanpoko entitateetan praktikak eginez, hori lagungarri izan dadin lan bizitzara sartzeko eta etorkizunean Nafarroako enpresak nazioartekotzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken” 2018-2019ko deialdia onestea.

2. Beka horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 150.000 euroko gastua baimentzea; horietatik 45.000 euro 2018ko Gastuen Aurrekontuetako “Nazioarteko praktikak” izeneko 810003-81430-4809-146100 partidaren kargura, eta 105.000 euro 2019ko Gastuen Aurrekontuetan gaituko den partida baliokidearen kargura.

4. Ebazpen hau igortzea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura eta Kontabilitateren Kudeaketarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 27an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

I. ERANSKINA

1. oinarria.–Xedea.

Beken helburua da tituludun berriek Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako entitateetan (enpresak, ikerketa zentroak, GKEak, enbaxadak, kontsuletxeak, eta Espainiako Turismo Institutuko eta Merkataritza Ganberetako bulegoak) prestakuntza praktikak egitea, diziplina anitzeko nazioarteko taldeetan beren lanbide eta lan gaitasunak hobetzeko asmoz, hezkuntza sistematik lan bizitzara errazago pasa daitezen.

2. oinarria.–Bekak entitate laguntzaileen bidez kudeatzea.

Entitate laguntzaileen bidez kudeatuko dira beka hauek; izan ere, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatu du haiekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hona hemen entitate horiek: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitatearen Career Services. Entitateek zerbitzua emanen diete interesdun guztiei, ikasketak non egin dituzten kontuan hartu gabe.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Beka eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten pertsonek jasotzen ahalko dute beka:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa.

b) Nafarroarekin lotura izatea, Nafarroan jaioa izateagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroan erroldatua egoteagatik deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean gutxienez. Hori frogatzeko erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

c) Unibertsitateko titulu bat izatea.

d) Unibertsitate ikasketak amaitu ondoren, unibertsitateko tituludunek atzerrian praktikak egiteko beka bat jaso ez izana.

e) Deialdia argitaratzen den unera arte 183 egunetan baino gehiagotan kotizatu ez izana Gizarte Segurantzako 1. eta 2. kotizazio taldeetan.

f) Nafarroako Gobernuak aurreko deialdietan emandako nazioarteko praktiketarako beka bati uko egin ez izana, ezinbestean izan ezean.

g) Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten online prestakuntza planean aurrez izena ematea, titulua non eskuratu den kontuan hartu gabe.

h) Europar Batasunetik kanpoko herrialde bateko entitate batek bere egoitzan praktikak egiteko hautatu izana. Hori lortzen ahalko da bai baliabide propioen bidez bai entitate laguntzaileek egiten dituzten eskaintzen bidez; entitate horiek beren webguneetan ezarriko dituzte praktika horiek eskatzeko dauden epeak.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.

Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Zerga arloko betebeharrak egunean dituztela frogatzeko, beka eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, bekak emateko ebazpen proposamena egiten denean.

2. Oinarri honen 1. atalean eskatzen diren beharkizunak betetzen direla frogatuko da 6. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuz.

4. oinarria.–Beken baldintzak: zenbatekoa, iraupena eta lan harremanik eza.

1. Prestakuntza bekak zenbateko bat izanen du gastu hauek estaltzeko: egonaldia, bidaia, bisak eta istripuetarako, bidaiarako, laguntza medikorako eta erantzukizun zibilerako asegurua, derrigor kontratatu beharko dena. Beka bakoitzaren zenbatekoa deialdiaren II. eranskinean destinoko herrialdearen arabera adierazitakoa da.

Jasotzen den zenbatekoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZa) lotuta dago.

2. Praktiken iraupena 6 hilabetekoa izanen da gutxienez, eta bekek hartutako gehieneko aldia ere 6 hilabetekoa izanen da.

3. Beka jasotzeak ez du lan harremanik sortuko destinoko entitateekin, eta ez du inolako konpromisorik ekarriko aurrerantzean onuraduna langileen plantillan sartzeko.

Prestakuntza atzerrian garatzen denez, onuradunak ez dira sartu behar Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, Prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren arabera.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2018ko irailaren 14an bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak aurkeztu baino lehen, entitate laguntzaileetako batek (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa edo Nafarroako Unibertsitatearen Career Services) horiek berrikusi beharko ditu, deialdian eskatzen diren beharkizunak betetzen dituztela bermatze aldera.

3. Kandidatura bakarra aurkezten ahalko da parte-hartzaileko.

4. Garapen Ekonomikorako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura zuzenduko dira eskaerak, eta, ahal dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki beharko da, edo NANa+PINa.

Hala egiterik ez badago, eskabideak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan aurkezten ahalko dira, 6.2 oinarrian adierazi bezala.

6. oinarria.–Bekak eskatzeko agiriak.

1. Bekak eskatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin:

1.–Eskabidea, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa) eta entitate laguntzaileen webguneetan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

2.–Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen fotokopia.

3.–Foru Komunitatean jaio ez bada, Nafarroan erroldatua izatearen ziurtagiria edo foru izaera zibila izatearena.

4.–Unibertsitate titulua.

5.–Unibertsitateko ikasketa-espediente ofiziala, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

6.–Lan bizitzari buruzko txostena.

7.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten prestakuntza planean aurrez izena eman duela frogatzen duen agiria.

8.–Prestakuntza praktikak eginen diren Europar Batasunetik kanpoko herrialdeko entitateak hura onartzen duela egiaztatzen duen agiria.

9.–Egin beharreko praktikei buruzko txostena: entitatea, kokalekua, hasteko eta bukatzeko egunak, egin beharreko zereginen deskripzio zehatza, laguntza poltsa (hala badagokio), tutorea eta gainerako alderdi garrantzitsuak.

2. Eskabidea Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu ezean, oinarri honen 1. atalean adierazitako dokumentazioa paperean eta euskarri elektronikoan (CDa edo USB memoria) aurkeztu beharko da.

3. Eskaerak eskatzen diren betebehar horiek betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.

1. Bekak emateko irizpideak honako hauek izanen dira, eta gehienez ere 100 puntu lortzea eraginen dute:

a) Hautagaiaren ikasketa-espedientea (gehienez ere 30 puntu, lortutako notarekiko proportzioan esleituak). Horren ondorioetarako, titulu bat baino gehiago izanez gero, praktikarekin zerikusia dutenen artetik batez besteko notarik handiena duena hartuko da aintzat.

b) Zer neurritan egokitzen zaizkion eginen diren praktikak hautagaiaren profil profesionalari (gehienez ere 70 puntu).

Baloratuko da destinoko entitatean egin beharreko lanak, horren onarpen agirian zehazten direnak, bat etortzea hautagaien titulazioarekin. Gauzak horrela:

–0 puntu emanen da, praktika ez badator bat titulazioaren profil profesionalarekin (egin beharreko lanen %25 baino gutxiago).

–30 puntu, nolabait horrekin bat badator (egin beharreko lanen %25 eta %75 artean).

–Eta 70 puntu, neurri handian horrekin bat badator (egin beharreko lanen %75 baino gehiago).

2. Berdinketa egonez gero, lehentasuna emanen zaio eskatzaile guztien artean ordezkaritza txikiena duen sexuko pertsonari.

Berdinketak jarraitzen badu, hori zozketa bidez ebatziko da.

8. oinarria.–Bekak ematea.

1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek beka lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da prestakuntza bekak ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Bekok deialdi honetarako baimendutako gastua agortu arte emanen dira.

Beka emateko ebazpenean hauek azalduko dira:

a) Onuradunaren datuak, destinoko herrialdea eta praktikak egiteko entitatea.

b) Bekaren zenbatekoa.

3. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik eman ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. oinarria.–Ebazpena aldatzea ekar dezaketen inguruabarrak.

Enpresaren beharrak direla-eta praktika egiteko lekua aldatzea proposatzen bada, praktikaren edukia aldatu gabe, eta onuradunak aldaketa hori onartzen badu, beka emateko ebazpena aldatuko da destino berriari dagokion poltsaren zenbatekora egokitzeko, betiere aurrekontuan dirua badago.

10. oinarria.–Justifikazioa eta bekaren zenbatekoaren ordainketa.

Bekaren zenbatekoa honela ordainduko da:

1. Ordainketaren %30 beka ematen den unean eginen da, bidaiako eta destinoan ostatu hartzeko hasierako gastuen konturako ordainketa gisa.

2. 2019ko lehenbiziko 5 hilabeteetako bakoitzaren amaieran, esleitutako zenbateko osoaren %10eko ordainketak eginen dira.

3. Zenbatekoaren gainerako %20a beka duen praktikaldia amaitutakoan (6 hilabete) eta honako frogagiri hauek aurkeztu eta gero ordainduko da:

a) Harrera entitatean garatutako lanei buruzko memoria.

b) Atzerrian praktikak egiteko online prestakuntza planaren matrikularen ordainagiria.

c) Harrera entitatearen ziurtagiria, frogatzen duena prestakuntza praktikak ongi bete direla, hasierako eta bukaerako datak adierazita.

d) Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, laguntzen fitxan agertzen dena.

Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2019ko abuztuaren 14a izanen da. Eta aurkezteko tokia eta modua 5.4 oinarrian adierazten direnak izanen dira.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Prestakuntza beken onuradunen betebeharrak honako hauek izanen dira:

a) Destinoko herrialdera joan baino lehen, istripuetarako, bidaiarako, laguntza medikorako eta erantzukizun zibilerako asegurua sinatzea. Asegurua onuradunek ordainduko dute, nahiz eta bekaren zenbatekoaren barnean dagoen.

b) Bi unibertsitateek ematen duten atzerrian praktikak egiteko online prestakuntza programa egitea.

c) Destinoko entitatean laneratzea 2018ko abenduaren 1etik 2019ko urtarrilaren 31ra bitartean, eta prestakuntza praktikak garatzea sei hilabeteko gutxieneko epean.

d) Jabetza intelektual edo industrialari buruzko araudiarekin bat babestu beharreko edozein emaitza jakinaraztea praktikak egiten diren entitateari.

e) Prestakuntza beka zein entitatetan egiten den, hango ordutegia, arauak eta diziplina betetzea.

f) 9.3 oinarrian bekaren azken zenbatekoa ordaintzeko adierazten diren frogagiriak aurkeztea 2019ko abuztuaren 14an, beranduenez.

g) Laguntzen fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia aurkeztuko da praktikak amaitutakoan (frogagiriekin batera) eta 2. galdetegia, berriz, praktikak amaitu eta sei hilabete igaro ondoren.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, beka behar bezala aprobetxatu ezik edo jardueraren ardura duen zentroak kontrako txostena emanez gero, onartutako beka kobratzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako bekaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Bidezko arrazoiak izanik prestakuntza programa utziz gero, bukatu gabe utzitako prestakuntzaldiari dagokion zenbatekoaren zati proportzionala itzuli beharko da eta/edo hori kobratzeko eskubidea galduko da.

12. oinarria.–Beken bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateragarriak dira harrera entitateek praktikak egiteagatik ematen ahal dituzten laguntzekin.

13. oinarria.–Emandako beken publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Beken onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoaren fitxan ere argitaratuko da.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Prestakuntza beken zenbatekoa, Europar Batasunetik
kanpoko herrialdearen araberakoa

HERRIALDEAK

BEKAREN ZENBATEKOA

Angola

7.872 euro

Saudi Arabia

7.072 euro

Aljeria

4.983 euro

Argentina

6.233 euro

Australia

7.569 euro

Bolivia

5.880 euro

Brasil

6.585 euro

Kamerun

6.050 euro

Kanada

6.294 euro

Txile

6.326 euro

Txina

6.627 euro

Kolonbia

5.824 euro

Hego Korea

6.560 euro

Costa Rica

6.169 euro

Kuba

6.029 euro

Ekuador

5.440 euro

Estatu Batuak (ekialdeko kosta)

7.661 euro

Estatu Batuak (mendebaldeko kosta)

7.864 euro

Estatu Batuak (erdialdea)

7.285 euro

Egipto

4.893 euro

El Salvador

5.440 euro

Filipinak

5.840 euro

Ghana

6.720 euro

Guatemala

5.566 euro

India

6.204 euro

Indonesia

5.073 euro

Israel

5.405 euro

Japonia

9.840 euro

Jordania

5.120 euro

Kazakhstan

6.449 euro

Kenya

6.429 euro

Libano

5.053 euro

Malaysia

5.320 euro

Maroko

3.920 euro

Mexiko

5.393 euro

Nigeria

5.024 euro

Norvegia

5.954 euro

Paraguai

6.046 euro

Peru

5.920 euro

Dominikar Errepublika

4.669 euro

Panama

5.566 euro

Paraguai

6.046 euro

Errusia

6.260 euro

Senegal

5.053 euro

Serbia-Montenegro

4.426 euro

Singapur

7.427 euro

Hegoafrika

5.978 euro

Suitza

5.647 euro

Thailandia

5.680 euro

Taiwan

6.843 euro

Tunisia

4.146 euro

Turkia

4.944 euro

Ukraina

4.406 euro

Uruguai

6.206 euro

Vietnam

6.580 euro

Zerrendan agertzen ez diren herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.

Iragarkiaren kodea: F1808502