140. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza fiskala, Pasabideen lizentziaren tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2018ko maiatzaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Garesko Udaleko pasabideen lizentziaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala. Hura 2018ko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 28an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2018ko uztailaren 10ean.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

ORDENANTZA FISKALA, GARESKO UDALEKO
PASABIDEEN LIZENTZIAREN TASA ARAUTZEN DUENA

Kudeatzeko arauak

1. artikulua.–Lizentziak emateko onesten den ordenantzan xedatzen denak arautuko du lizentzietarako baimena.

Erkidegoko sarbidea duten familia bakarreko etxebizitza bakoitzekoek araudia betetzen dutela dioen espedientea tramitatu beharko dute, erkidegoko sarbideko tasa soilik igorriko zaien arren.

2. artikulua.–Ibilgailuak espaloietan barna aiseago iragan ahal izateko zoladuran mugimenduren bat egin behar baldin bada, aldi berean eskatu beharko da pasabidea egiteko behar den lizentzia eta ezarritako prezio publikoak eta fidantzak ordainduko dira.

Etxebizitzetako edo lurpeko garajeen sarbideen kasuan, administrazio emakidak eta planeamenduan garajeetarako aurreikusitako lurzatiak direnean, ez da beharrezkoa izango fidantzarik zintarriak birjartzeko, kasu horietan zintarriak apaldua egon behar baitu eraikuntza zutik dagoen bitartean.

Pasabidea egiteko lizentzia eman ahal izateko, eta lizentziak ondorioak eta eraginkortasuna izateko, pasabide horrek baimena izan beharko du eta tasak ordaindu eta gordailua egin beharko dira.

Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Fidantza berreskuratu ahal izateko, trafiko arauak zorrotz betetzen direla dioen txostena beharko da, segurtasun eta trafiko arauak eta lizentzia hartzeko baldintzak zorrotz bete eta zoladura behar bezala moldatu duela egiaztatzen duena.

3. artikulua.–Espaloietan barna ibilgailuak sartzeko lizentziak emanik, behar den zentsuan sartuko dira.

4. artikulua.–Tasaren bilketa epe bakarrean egingo da.

Plaken fidantza: diskoa Udalak emango du, zehazten den kopurua ordainduta.

Lehengoratzeko fidantza: pasabidea egiteko lizentzia eraginkorra izan dadin, fidantza edo eskudirutan ordaintzea eskatuko da, Udalaren Diruzaintzan jartzeko, lehengoratzea bermatu beharrez.

5. artikulua.–Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero zentsuan baja ematera beharturik daude eta, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzultzera eta espaloia eta espaloi-zintarria zeuden bezala uzteko ordaintzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da, harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

Iragarkiaren kodea: L1809082