140. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

312/2018 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Mutiloako (Aranguren) “Luis Amigó” Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuak duen baimena aldatzen da, haren instalazioak aldatuko baitira, espazioei beste erabilera edo xede bat emanen zaielako, eta, horrenbestez, ikastetxearen ikaspostuen kopurua ere aldatuko delako.

Ikusita José Manuel Durá Cervera jaunak eskatuta tramitatu den espedientea, aldaketa baimendu dadin. José Manuel Durá Cervera jaunak erlijioso hirugarrendar kaputxinoen kongregazioa ordezkatuz egin du eskaera, entitate hori baita Mutiloako “Luis Amigó” Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren titularra.

Ikusita Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak eman duen aldeko txostena, non azaltzen baita instalazioek indarreko legedia betetzen dutela.

Aintzat hartuta uztailaren 6ko 251/1992 Foru Dekretuak ezartzen duen prozedura, Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatez kanpoko araubide orokorreko ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatuak baimentzeko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak hala proposaturik,

EBATZI DUT:

1. 2018-2019 ikasturtearen hasieratik aurrerako ondorioekin, Mutiloako (Aranguren) “Luis Amigó” Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuak (ikastetxearen kodea: 31000580) daukan baimena aldatzea, haren instalazioak aldatuko baitira, espazioei beste erabilera edo xede bat emanen zaielako. Horren eraginez, ikaspostu gehiago izan ditzake ikastetxeak, lehen baino 6 unitate gehiago (linea bat) izan baititzake Lehen Hezkuntzan, eta 4 unitate gehiago izan baititzake (linea bat) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Hortaz, ikastetxeak 24 unitate baimendu izanen ditu, osotara, Lehen Hezkuntzan, eta 12 unitate Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

2. 2018-2019 ikasturtearen hasieratik aurrera, indarrik gabe uztea ikastetxeari, eskolatze beharrak tarteko zirela, Lehen Hezkuntzako unitateetarako aldi baterako eman zitzaizkion baimen guztiak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako unitateetarako eman zitzaizkion baimenetako 4. Hortaz, ikastetxeak aldi baterako baimena izanen du, aurrerantzean ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bi unitatetarako.

3. Adieraztea ikastetxearen behin betiko osaera juridikoa honako hau izanen dela:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa: 12 unitate, gehienez ere 300 ikaspostu.

b) Lehen Hezkuntza: 24 unitate, gehienez ere 600 ikaspostu.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 12 unitate, gehienez ere 360 ikaspostu.

d) “Zientziak eta Teknologia” eta “Giza eta Gizarte Zientzien” modalitateetako Batxilergoa: 4 unitate, gehienez ere 140 ikaspostu.

4. Gogoraraztea ikastetxea itundua dela, eta, horrenbestez, itunen arloko legedian xedatutakoa bete beharko dela ebazpen honen bidez baimendutako unitateak martxan jarri ahal izateko.

5. Ebazpen hau ikastetxearen titularrari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari eta Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 16an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

Iragarkiaren kodea: F1806680