140. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1365/2018 EBAZPENA, 2018ko uztailaren 2koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, ikerketa proiektu hau garatzeko: “AGL2016-76463-P” (AEI/FEDER;UE).

2018ko ekainaren 28an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu zuen, proiektuko 1. motako lankide doktore gisa “AGL2016-76463-P” (AEI/FEDER;UE) ikerketa proiektua egiteko. Ikerketa proiektuaren ikertzaile nagusia Juan Bosco Imbert Rodríguez da, kontratupeko irakasle doktorea eta Zientzien Sailari atxikia.

Langileen Kudeaketarako Ataleko buruaren proposamenez, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.– Hautaprobetarako deia egitea “AGL2016-76463-P” (AEI/FEDER;UE) ikerketa proiektua egiteko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.

Bigarrena.– Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa onestea.

Hirugarrena.– Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzura ebazpen hau helaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2018ko uztailaren 2an.–Ikerketako errektoreordea, Ramón Gonzalo García.

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “AGL2016-76463-P” (AEI/FEDER;UE).

–Maila profesionala: proiektuko 1. motako lankide doktorea, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: Ekologia eta Ingurumena taldean ariko da, eta AGL2016-76463-P proiektuaren barruan baso mistoen dinamika ekologikoaren ikerketarekin lotuta dauden lanak gauzatuko ditu, dendrokronologiako metodo aurreratuak aplikatuz (hain zuzen, ITRAX multieskanerra erabiltzea) Pirinioetako baso mistoetako egurraren propietate kimiko eta fisikoen bariazioa aztertzeko. Horrez gain, baso horiek hazteko guneak kalibratu, ebaluatu eta simulatuko ditu FORECAST eredu ekologikoaren bitartez.

–Kontratu mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.

–Iraupena: 2020ko abenduaren 29ra arte, kontratua sinatzen denetik.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 15. artikulua garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funts falta kontratua iraungitzeko zioa izango da.

–Lanaldi mota: lanaldi partziala.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak.

Diru gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: Ikerketarako Estatuko Agentzia eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF).

–Argitaratzeko tokia: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izango dute.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Doktorearen titulazio akademiko ofiziala izatea.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf.

Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, egoki jotzen dituen merezimendu egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea, edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izango dira eta ez dute probarik egingo.

4.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak, edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

7.–Hautapen batzordea.

Batzordeburua: Federico J. Castillo Martínez dk., unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordearen eskuordetzaz.

Idazkaria: Juan Bosco Imbert Rodríguez dk., kontratupeko irakasle doktorea, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Francisco Javier Arricibita Videgáin dk., unibertsitateko irakasle titularra, Zientzien Sailari atxikia.

–Hautapen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: Florencio marzo Pérez dk., unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Idazkaria: Francisco Javier Peralta de Andrés dk., irakasle elkartua, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Rosa María Canals Treserras dk., unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari edo kontratupekoak jasotzen duen beste edozein ordainsariri buruzko datuak lagako zaizkio erakunde horri. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta errektoreak harturiko izendapen erabakiaren aurka zilegi da errekurtso hauetako bat:

a) Aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautapen Batzordeak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituen gainerako egintzen aurka, zilegi da gorako errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

ERABILIKO DEN ETA/EDO EGINGO DIREN PROBAK

1. atala: Ikasketa espedientea

10

puntu

Izangaiaren ikasketa espedientea espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da, gehienez ere 10 punturekin. Ateratzen den puntuazioa 1 faktorearekin biderkatuko da izangaiaren titulazioa Mendi Ingeniaritza edo Nekazaritza Ingeniaritza bada edo nekazaritzaren edo basogintzaren eremuetako titulazio baliokideak badira, eta 0,5 faktorearekin bestelako titulazioak badira.

2. atala: Ikerketa esperientzia

50

puntu

–Deialdi honekin lotutako gaiei buruzko argitalpen zientifikoak (baso ekologia, dendrokronologia eta modelizazio ekologikoa), gehienez ere 45 puntu (4 puntu, nazioarteko argitaletxe batean kaleratutako liburu oso bakoitzeko; 2 puntu, JCRn jasotako nazioarteko aldizkarietako artikulu bakoitzeko; 1 puntu, nazioarteko argitaletxe baten liburu bateko kapitulu bakoitzeko).

–Deialdi honekin lotutako gaiei (baso ekologia eta modelizazio ekologikoa) buruzkoak diren eta aitortutako ospea daukaten biltzar zientifikoetako komunikazioak, gehienez ere 5 puntu (0,5 puntu, komunikazio bakoitzeko).

3. atala: Lan esperientzia

40

puntu

–Egurra analizatzeko ITRAX multieskanerra erabiltzeari dagokionez egiaztatutako esperientzia, gehienez ere 15 puntu.

–FORECAST eredu ekologikoa erabiltzeari dagokionez egiaztatutako esperientzia, gehienez ere 15 puntu.

–Doktoretza ondoko ikerketarako jasotako bekak edo kontratuak, deialdiarekin lotutako gaien inguruan lan egiteko, gehienez ere 10 puntu (3 puntu, urte bakoitzeko, eta dagokion zati proportzionala urtebetetik beherako iraupenagatik).

4. atala: Bestelako heziketa

10

puntu

Modelizazio ekologikoko teknikei, dendrokronologiari edo datu ekologikoen analisiari buruzko espezializazio ikastaroak, gehienez ere 10 puntu (2 puntu, hamar ordu edo gehiago iraun duen ikastaro bakoitzeko).

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.

Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 3. atalean puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 2. atalean puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F1808920