1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
48/2018 FORU DEKRETUA, ekainaren 27koa, zeinaren bidez aldatzen baita abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretua, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuak (abuztuaren 10eko 23/2015 eta irailaren 7ko 33/2016 foru dekretuek aldatua) ezarri zituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua.
Abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa.
Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiak proposatu du aldaketa bat egin dadila Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egituran, bertan sortzeko Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari laguntzeko unitate bat, ikusirik zer ezarri den apirilaren 13ko 2/2018 Foru Lege berrian. Orobat, berrikusi dira Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Atalaren eginkizunak; atal hori Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Zerbitzuari atxikia dago.
Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko ekainaren 27ko bileran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.–Aldatzen da abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretua, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:
Bat. 3. artikulua aldatzen da, eta testua honela geldituko da:
“3. artikulua. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura orokorra.
1. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere egituran:
a) Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusia.
b) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.
c) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.
2. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrari atxiki zaio Nafarroako Estatistika Institutua.
3. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegia, independentzia funtzionala duen organoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari atxiki zaio.
Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko Idazkaritza, atalaren mailarekin, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrari atxiki zaio.
4. Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoa Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari atxiki zaio eta bere estatutuek arautuko dute.”
Bi. 30. artikulua aldatzen da, eta testua honela geldituko da:
“30. artikulua. Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Atalaren eginkizunak.
Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:
–Eraikin administratiboak optimizatzeko planak prestatu eta haien segimendua egitea, eta, behar denean, horien ondoriozko obren proiektuak idaztea eta egitea.
–Foru Komunitateko ondasun higiezinen ondarea handitu, zaharberritu eta kontserbatzea, bereziki eraikin administratiboak, kasuan kasuko proiektuak gauzatuz, eta beharrezkoak diren lanen ikuskapen eta jarraipena egitea, edo lan horiek gauzatzea baldin beharrezkoa bada garrantziarengatik, edo zailtasun teknikoarengatik, edo hainbat departamentutako unitate organikoak ukitzeagatik, edo beste inguruabar batzuengatik.
–Proiektuen ikuskapen bulego bati dagozkion eginkizunak eta, oro har, gai horiekin lotuta indarreko xedapenek agindutako eginkizunak.
–Foru Komunitatearen ondasun eta eskubideei eragiten dien hirigintza planeamenduaren segimendua eta haren ordezkaritza Konpentsazio Batzordeetan.
–Aholkularitza teknikoa, Foru Komunitateko Administrazioaren ondasun higiezinen ondarea kudeatzeko eta higiezinen merkatuaren prospekziorako, higiezinen erosketa eta errentamendu eskaerei erantzuteko.
–Indarra duten xedapenek esleitutako gainerako eginkizunak.”
VI. kapitulua erantsi da, testu hau duena:
“VI. KAPITULUA
Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkaria
41. artikulua. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkariaren eginkizunak.
Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkariak honako eginkizun hauek beteko ditu:
–Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren bilkuretara joatea, ahotsarekin baina botorik gabe.
–Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren bileren deia egitea, haren lehendakariak aginduta.
–Berak ezagutu beharreko jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo bestelako idazkiak jasotzea, prozeduren izapidetzearen egoeraren berri ematea interesdunei eta jendearentzako arreta lanak egitea.
–Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren bileren aktak idaztea eta horien fede ematea.
–Aurkeztutako errekurtsoen izapidetzea koordinatzea, kontrolatzea eta jarraipena egitea.
–Aurkeztutako errekurtsoen izapide-egintzak ematea.
–Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak onetsitako erabakiak jakinaraztea, eta, behar denean, horien ziurtagiriak ematea.
–Urtero idaztea Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren jardueren memoria, lehendakariak emandako jarraibideei segituz.
–Oro har, prozeduren legezkotasun materiala eta formala zaintzea.
–Idazkaritzak berezkoak dituen gainerako eginkizunak, eta lehendakariak agintzen dizkionak.”
Xedapen gehigarri bakarra.–Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko Idazkaritzan jarduteko baldintzak.
Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegi Aurrekontuaren Idazkaritzak, atalaren maila baitu, departamentuko gainerako atalburutzek duten dedikazio araubide berbera izanen du.
Iruñean, 2018ko ekainaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1808495