139. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1407/2018 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez agintzen baita argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen prestakuntza eta hobekuntza profesionala arautzen dituen erabakia aldatzen duena”, Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 5ean hartu zuen erabaki baten bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2018ko uztailaren 5eko Gobernu Kontseiluak hartutako “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako langileen prestakuntza eta hobekuntza profesionala arautzen dituen erabakia aldatzen duena”.

Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta hobekuntza profesionala arautzen dituen erabakia aldatzen duena.

Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean onetsitako erabakiaren bidez arautu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta hobekuntza profesionala.

Erabaki hori onetsi zenetik igarotako denborak agerian jarri du aldaketak egin beharra, betiere aldaketak Unibertsitateko Langileen Batzordean ordezkatutako erakunde sindikalekin negoziatu ondoren.

Horren emaitza gisa, UGT eta LAB sindikatuekin hitzartu da egungo arauketa aldatzea alderdi hauetan:

a) Lehenik eta behin zerbitzu berezietako egoerara sartzeko betekizuna aldatu da. Unibertsitatean osotara zerbitzuan 3 urte eman dituzten funtzionario guztiek aukera izango dute parte hartzeko, orain arte bezala beren lanpostuan zerbitzuan 3 urte eman beharrean.

b) Bigarrenik, lanpostu bat betetzeko eskaintzari zerrendatik kanporatua izan gabe uko egiteko aukera sartzen da, eskainitako lanpostuak lanaldi aldaketa dakarrenean.

c) Azkenik, eskubidea ematen zaie, aldi baterako, prestakuntza eta hobekuntza profesionalerako zerbitzu berezietan daudela deklaratzeko izangaien zerrendak prestatzeko deialdietan parte hartzeko gaur egun, kontratazio administratiboko eraentzan, unibertsitatean edo beste edozein administrazio publikotan beste lanpostu batean aritzeko borondatezko eszedentzian dauden eta aurretik parte hartzeko aukerarik izan ez duten funtzionarioei.

Beraz, erabaki bat onetsi behar da aldaketa horiek arau indardunetan sartzeko.

Azaldutakoari jarraikiz, kudeatzaileak proposatuta, hau da Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2018ko uztailaren 5ean egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehenengoa.–2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakia aldatzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta hobekuntza profesionala arautzen dituena, honela:

a) 3. artikuluaren lehen paragrafoa aldatu, eta honela geratuko da:

“Aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bete nahi dituen lanpostuetan aritzeko aukera eskainiko die bere langile funtzionarioei, betiere langile horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzua ematen hiru urtez aritu badira gutxienez ere.”

b) 4.1. b) artikulua aldatu da, eta honela idatzita geratuko da:

“Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzua ematen hiru urteko antzinatasuna izatea gutxienez.”

c) 7. artikulua aldatu da, eta honela idatzita geratuko da:

“Dei egiteko bidea eman duen zerrendako norbaitek uko egiten badio eskainitako lanpostua prestakuntza erregimenean betetzeari, zerrendatik kanpo utziko dute, eta bere eskubideak galduko ditu, arrazoia ez bada ez bada eskainitako lanpostua jatorrizko lanpostuaren hiria ez den beste batean izatea edo jatorrizko lanpostuaren lanaldia ez den beste bat izatea.”

d) Xedapen iragankor bat gehitu da, eta honela dago idatzita:

“Xedapen iragankorra.–Unibertsitatean edo beste edozein administrazio publikotan kontratazio administratiboko araubidean zerbitzu ematen ari direlako lanpostuaren erreserbarik gabe xedapen iragankor honek indarra hartu baino lehen deklaratutako eszedentzia boluntarioko egoeran dauden langile funtzionarioek aukera izango dute prestakuntzako izangaien zerrendak eratzeko deialdietan parte hartzeko, betiere eskatzen zaizkien gainerako betekizunak betetzen badituzte, aurretiaz ez bada haientzat zilegi izan parte hartzea deialdiaren xede den lanpostuko prestakuntza eta hobekuntza profesionalerako deialdietan, deialdirik egin ez delako edo eszedentzia boluntarioko egoeran egoteagatik.

Langile horiek behar den hautaketa prozesua gainditzen badute, dei egingo zaie gainditu duten gainerako izangaiekin aukera berdintasunean. Dei hori onartzeko eszedentzia boluntarioko egoerari uko egin behar zaio aldez aurretik, eta ukoak amaiera emango dio egoera horri.”

Bigarrena.–Eranskin gisa atxikitzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta hobekuntza profesionala arautzen dituen erabakiaren testua, erabaki honetan onesten diren aldaketekin.

Hirugarrena.–Gobernu Kontseiluak onetsi eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.

Laugarrena.–Erabaki hau Kudeatzailetzari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari helaraztea.

Bosgarrena.–Erabaki hau eta bere eranskina Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzi Eskumenari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2018ko uztailaren 5ean.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

ERANSKINA

Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta hobekuntza profesionala arautzen dituena

1. artikulua. Xedea.

Erabaki honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langile (AZL) funtzionarioen garapen profesionala sustatzea, prestakuntzaren eta hobekuntza profesionalaren bidez.

2. artikulua. Prestakuntza erregimenean dauden langileak.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratuko da, hurrengo artikuluetan ezarritako betekizun eta erregimenarekin, bere prestakuntzarako eta hobekuntzarako jarduerak egiteko agindua jasotzen duen langilea. Langile horrek goragoko maila edo talde batean zerbitzu aktiboan egoteko modua ematen dioten titulazioak ez diren beste titulazioetako jardun profesionalen bidez egingo ditu jardun horiek.

Aldi berean egingo dira, hala egin behar bada, prestakuntzarako izangaien zerrendak osatzeko hautaprobak eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak osatzeko deialdietan ezarritakoak.

Hala egiten bada, bi zerrenda desberdin osatuko dira hautaprobak gainditzen dituztenekin, eta prestakuntzarako izangaien zerrendak lehentasuna izango du aldi baterako kontrataziorako zerrendaren aldean.

3. artikulua. Ezaugarriak.

Aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bete nahi dituen lanpostuetan aritzeko aukera eskainiko die bere langile funtzionarioei, betiere langile horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzua ematen hiru urtez aritu badira gutxienez ere.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, lege edo erregelamendu batek hala aginduta, lanpostu batzuk, modu iraunkorrean betetzeko, aldi berean lanpostu jakin batzuetan ari den langileentzat erreserbatuta daude, eta, hortaz, lanpostu horiek langile horiei eskainiko zaizkie era murriztuan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak onetsitako deialdi publikoen bidez, deialdi horietan ezarritako hautaprobak gaindituta sartuko dira langile funtzionarioak prestakuntza izangaien zerrendetan.

4. artikulua. Baldintzak.

1. Prestakuntzarako izangaien zerrendak osatzeko deialdietan onartua izateko, langile bakoitzak betekizun hauek bete behar ditu:

a) Deialdiaren xede diren lanpostuena baino maila edo talde baxuago bati atxikia egotea.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiaz zerbitzua ematen hiru urteko antzinatasuna izatea gutxienez.

c) Ez egotea eszedentzian, ez bada eszedentziak lanpostua erreserbatzeko eskubidea ezartzen duela.

d) Dagokion deialdian eskatutako titulazioa izatea, zerbitzu aktiboan egoteko modua ematen dion titulazioa ez den beste bat betiere.

2. Deialdietan ezarritako eskaerak aurkezteko epearen amaiera-egunerako bete beharko dira aurreko betekizunak, eta izangaiari deitzen zaion unean eta prestakuntza aldian ere bete beharko dira.

3. Euskara edo beste hizkuntzaren bat jakitea nahitaezkoa den lanpostuetara aurkezteko, eskatutako hizkuntza maila badaukala egiaztatu beharko du izangaiak, plantilla organikoan ezarritako ezagutza mailekin bat etorriz.

5. artikulua. Prestakuntzako izangaien zerrenden lehentasuna.

1. Prestakuntzarako izangaien zerrenden lehentasuna dagozkion hautaprobak egiteko ordena kronologikoak ezarriko du (zerrenda zaharrenak lehentasuna izango du zerrenda berrienaren aldean), eta, horren barruan, probetan lortutako puntuazio handienaren arabera antolatuko dira.

2. Puntuazioan berdinketarik badago, antzinatasun handiena duenaren alde egingo da, eta antzinatasun hori deialdi bakoitzean eskaerak aurkezteko epearen amaieran bakoitzak aitortuta daukana izango da.

6. artikulua. Izangaiei deitzea.

Prestakuntzarako izangaien zerrendak erabaki honetan ezarritako irizpide hauei jarraikiz ordenatu eta gero, izangaiei dei egiterakoan administrazio zerbitzu edo unitateetan gertatzen diren beharrak hartuko dira kontuan, irizpide hauei jarraikiz:

a) Orokorrean banaka dei egingo zaie izangaiei, zerbitzuko beharren arabera betiere.

Izangaiak errazago aurkitzeko, AZL izangaiak harremanetarako telefonoak eta posta elektronikoko helbideak jakinarazi beharko ditu, eta uneoro eguneratuak eduki beharko ditu.

Justifikatutako arrazoiengatik lanpostuan ez badago, eta ezin bada aurkitu zerrendako izangai bat, hurrengo izangaiari edo izangaiei deituko zaie eskaintzen den lanpostua betetzen den arte.

Izangaiek beren lekuan jarraituko dute zerrendan, baldin eta beraiekin harremanetan jartzerik lortzen ez bada.

b) Aurrez ikusten bada lanpostu bat hiru hilabeterako edo gehiagorako izango dela, orduan bakarrik eskainiko da prestakuntzarako zerrendetarako.

c) AZL funtzionario bat zerbitzu berezien egoerara igarotzen bada, prestakuntzako beste AZL funtzionario bat izendatuko da, beharrezkoa bada.

d) Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoerako lanpostu bat betetzen ari direnei, ez zaie deituko izangai gisa agertzen diren beste ezein zerrendatatik, dei berria beste zerrenda batetik egindakoa ez bada, eta, gainera, goragoko maila bateko lanpostu bati dagokiona.

e) Aurreko apartatuan ezarritakoa galarazi gabe, lanpostua erreserbatzeko eskubidea eskaintzen duten administrazio egoeretan daudenei bakarrik dei egingo zaie, baldin eta dei egindako unean zerbitzu aktiboan badaude. Nolanahi ere, deia onartzeko administrazio-egoera horri uko egin behar zaio aurretiaz.

Deia egiten den unean eginkizunik gabeko egoeran daudenei ez zaie deituko, baina dena delako zerrendan beren tokia izaten jarraituko dute, egoera horiek amaitzen direnean berriro dei egiteko.

f) Deia egiten den unean lanean aritzeko ezintasun egoeran edo norberaren kontuengatik ordaindu gabeko baimen egoeran daudenei ez zaie eskainiko prestakuntzako lanposturik, baina dagokion zerrendan beren lekua izaten jarraituko dute, egoera horiek amaitzen diren unean deitu ahal izateko.

Aurreko paragrafoan adierazitako egoeretako batean daudenek zerbitzu emateko prest daudela jakinarazi beharko dute behar den dokumentazioaren bidez. Dokumentazio horretan jasoko da noiz amaitu diren egoera horiek, eta izangaiei ez zaie deituko jakinarazpen hori egiten ez duten bitartean.

Deia egiten den unean haurdunaldiaren, amatasunaren edo adopzioaren ondorio den edozein gorabehera dutenei prestakuntzako lanpostua erreserbatuko zaie egoera amaitzen den arte, gehienez ere 6 hilabetez.

7. artikulua. Deiari uko egitea.

Dei egiteko bidea eman duen zerrendako norbaitek uko egiten badio eskainitako lanpostua prestakuntza erregimenean betetzeari, zerrendatik kanpo utziko dute, eta bere eskubideak galduko ditu, arrazoia ez bada ez bada eskainitako lanpostua jatorrizko lanpostuaren hiria ez den beste batean izatea edo jatorrizko lanpostuaren lanaldia ez den beste bat izatea.

8. artikulua. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran deklaratzea

Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horregatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, hasiera batean gehienez ere urte bateko aldirako, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izango da, gehienez ere sei urte bete arte.

Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki itzuli beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostura, eta ezin izango dira berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik.

Izendapen librearen edo behin-behineko izendapenaren bidez izendatutako lanpostu batetik badatoz, egoera amaitutzat joko da.

Hainbat prestakuntza zerrendatan daudenak gehienez ere eta guztira sei urte egongo dira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.

Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, aldi horren amaieran, zerrendan dagokion lekua izango du berriz ere izangaiak, erabaki honen 5. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran deklaratzeko berariazko administrazio ebazpen bat emango da aldi jakin baterako.

Egoera horretan dagoen bitartean, langile funtzionarioa ez da izango ezein unitate organikotako buru edo zuzendaria.

Langile funtzionarioak lortzen duen lanpostua nolakoa den alde batera utzita, zerbitzu berezien egoeran deklaratzeak ez du aldatuko, inola ere, izendapena baino lehenago zuen araubide juridikoa.

Halaber, bere gizarte segurantzaren erregimena ere ez da aldatuko, eta bere jatorrizko lanpostuan zeukan erregimen bera izango du.

9. artikulua. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeraren amaiera.

Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera automatikoki amaituko da arrazoi hauetako bat gertatzen denean:

a) Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran sei urteko gehienezko aldia betetzeagatik.

b) Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeraren hasierako deklarazioan edo luzapenetan ezarritako aldia betetzeagatik.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko organo eskudunak erabakita, izangaiaren izendatzeko premia arrazoiak ez daudela justifikatzen badu, edo erabaki hori hartzea aholkatzen duten zerbitzu edo antolaketa arrazoiak daudela justifikatzen badu.

d) Interesdunak uko egin diolako edo prestakuntzan onartutako lanpostuan lanean hasi ez delako.

e) Lanpostua bete delako, dela behin-behinean, aldi baterako edo behin betiko, bere lanpostua betetzeko egokitua edo gaitua ez dagoen langile funtzionario bati beste lanpostu bat eman zaiolako.

f) AZL funtzionarioa prestakuntzan betetzen ari den lanpostuaren maila edo talde bereko edo goragoko lanpostu batean hasi delako modu iraunkorrean.

Aurreko apartatuan ezarritako arrazoiak ukatu gabe, lanpostua erreserbatzeko eskubidea duen AZL funtzionarioa ordeztu behar denean, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera iraungi egingo da, horrez gainera, ordeztutako pertsona berriz lanean hasten denean, legearen edo erregelamenduaren bidez ezarritako epearen mugaeguna iristen denean, edo, arrazoia zeinahi dela ere, lanpostua erreserbatzeko eskubidea iraungitzen denean.

Halaber, lanpostu hutsak aldi baterako betetzen diren kasuetan, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera iraungi egingo da, horrez gainera, erregelamenduaren bidez ezarritako prozeduretako baten bidez lanpostua betetzen denean, edo lanpostua amortizatzen denean.

10. artikulua. Zerrendatik kanpo uztea.

Egoera hauetako batean daudenak deia egiteko bidea eman duen zerrendatik kanpo utziko dira eta beren eskubideak galduko dituzte:

a) Inolako arrazoirik eman gabe deia egin den unean eskainitako lanpostua betetzeari uko egiten dutenak.

b) Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoerari uko egiten diotenak, uko egiteko arrazoia ez bada prestakuntzako langile funtzionarioa eszedentzia bereziko egoeran deklaratu izana.

c) Prestakuntzako langile funtzionarioa ez hastea lanean lortu duen lanpostuan.

Maila edo talde desberdineko lanpostu batean modu iraunkorrean hasten den funtzionarioa prestakuntzako izangaien zerrendetatik kanpo geratuko da eta bere eskubideak galduko ditu, baldin eta zerrenda horietako lanpostuek maila bera edo baxuagoa badute betetzen hasi den lanpostuak baino.

Agertzen diren prestakuntzako izangaien zerrenda guztietatik kanpo utziko dituzte eta beren eskubideak galduko dituzte erabaki honen aplikazio eremutik kanpo geratzen diren langile funtzionarioek, bai eta borondatezko eszedentziaren egoerara igarotzen direnek (lanpostu erreserbak irauten duen lehenengo 18 hilabeteak salbu).

Halaber, agertzen diren zerrenda guztietatik kanpo utziko dituzte prestakuntzako 6 urteko gehieneko aldia betetzen duten langile funtzionarioak.

Prestakuntzako izangaien zerrendetatik kanpo utzitako langile funtzionarioek zerrenda horietan berriz onartuak izatea eskatzeko aukera izango dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoak berariaz onartzen dituen deialdietan parte hartu, eta dagozkien hautaprobak gainditzen badituzte.

Nolanahi ere, prestakuntzako izangaien zerrendetan berriz sartuko da, bakar-bakarrik, prestakuntzako sei urteko gehienezko epea bete arte.

11. artikulua. Lansariak.

1. Egoera honetan deklaratutako langile funtzionarioak lehenago zituen lansariak jasotzen jarraituko du, eta, horretaz gainera, titularra den lanpostuari dagokion lansaria, zerbitzu berezietan betetzen ari den lanpostuaren lansariekin parekatzeko beharrezkoa den kopurua, graduari eta antzinatasunari dagozkionak kanpo utzita, horiek ez baitira aldatuko.

2. Aurreko apartatuan aipatutako aldea lansarietan langile funtzionarioari aldi baterako emandako eginkizunak betetzeagatik ordaintzen zaiona da, eta, hortaz, jasotzeari utziko dio automatikoki lanpostua uzten duenean, eta inolaz ere ez da izango eskuratutako eskubidea, ez du eskubide pasiborik sortuko edo behin betiko hartzeko eskubiderik emango.

12. artikulua. Ebaluazioa eta jarraipena.

1. Giza Baliabideen Zerbitzuari ematen zaio langile funtzionarioen prestakuntza ebaluatu, haren jarraipena egin eta ikuskatzeko ardura, zerbitzua ematen duten atalarekin edo zerbitzuarekin lankidetzan.

Ebaluazioa lanpostuaren betetzeari eta eraginkortasunari buruzko balioespen bat izango da, zerbitzua ematen den administrazio unitateko arduradunak, Langileen Kudeaketa Ataleko buruak eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak osatutako batzorde batek egina.

Kudeatzaileak zilegi du prestakuntza aldia bukatutzat jotzea, gehieneko epea bete baino lehen, aurreko paragrafoan aipatzen den ebaluazioa negatiboa bada.

2. Egoera honetan deklaratutako langile funtzionarioak lehentasuna izango du prestakuntza-ikastaroak egiteko, betiere NUPek antolatzen baditu eta langile funtzionario horrek betetzen duen lanpostuarekin lotuta badaude.

13. artikulua. Kudeaketaren eskumena.

Erabaki honetan aipatutako zerbitzu berezien egoeran deklaratzeko eskumena errektoreari edo berak eskuordetzen duenari dagokio. Eskaintza egiteko eskumena Langileen Kudeaketako Atalari dagokio.

Xedapen gehigarria.–Akordio honetan, gaztelaniaz, genero maskulinoan emandako izendapenak genero femeninoan emanda daudela ulertuko da, baldin eta emakumeak badira izendatuak.

Xedapen iragankorra.–Unibertsitatean edo beste edozein administrazio publikotan kontratazio administratiboko araubidean zerbitzu ematen ari direlako lanpostuaren erreserbarik gabe xedapen iragankor honek indarra hartu baino lehen deklaratutako eszedentzia boluntarioko egoeran dauden langile funtzionarioek aukera izango dute prestakuntzako izangaien zerrendak eratzeko deialdietan parte hartzeko, betiere eskatzen zaizkien gainerako betekizunak betetzen badituzte, aurretiaz ez bada haientzat zilegi izan parte hartzea deialdiaren xede den lanpostuko prestakuntza eta hobekuntza profesionalerako deialdietan, deialdirik egin ez delako edo eszedentzia boluntarioko egoeran egoteagatik.

Langile horiek behar den hautaketa prozesua gainditzen badute, dei egingo zaie gainditu duten gainerako izangaiekin aukera berdintasunean. Dei hori onartzeko eszedentzia boluntarioko egoerari uko egin behar zaio aldez aurretik, eta ukoak amaiera emango dio egoera horri.

Xedapen indargabetzailea.–Arau honetan ezarritakoa urratzen duten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak indargabetu dira.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.

Iragarkiaren kodea: F1808859