139. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

589/2018 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2018ko maiatzaren 30erako deitutako greba dela eta erakunde autonomo honen gutxieneko zerbitzu funtsezkoen funtzionamendua bermatu eta horiek betetzeko zein eta zenbat langile behar diren zehazten duena.

LAB sindikatuak greba orokorrerako deia egin du lanuzte partzialak egiteko, Nafarroako Foru Komunitatearen eremu geografikoan, 2018ko maiatzaren 30erako. Deialdiak 10:00etatik 16:00ak arteko ordu tartea hartzen du; erreferentziazko ordutegia 12:00etan hasi eta 14:00ak artekoa da. Gaueko txandetarako, deitutako lanuztearen ordutegia 4:00etatik 6:00ak artekoa da.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, herritarren ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideak direlako, hau da, herritarren bizitzeko eta integritate fisikorako eskubideak.

Gobernuko agintaritzarenak dira funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xedea: maiatzaren 30erako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira eta, hortaz, beharrezkoa da deitutako grebak dirauen bitartean zerbitzu horiek betetzea.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko organo eskudunek greba batzordean dagozkien jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak ezartzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2018ko maiatzaren 30erako deitu den greba, lanuzte partzialak egiteko 10:00etatik 16:00ak arteko ordu tartean, erreferentziazko ordutegia 12:00etan hasi eta 14:00ak artekoa izanik, eta gaueko txandetarako 4:00etatik 6:00ak artekoa, ondotik ezartzen diren gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek betez eginen da:

I.–Ospitaleak.

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritakoa izanen da.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitalizazioa: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Araututako jarduera duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Eguneko Ospitalean tratamendu onkologikoak.

–Eguneko Ospitalean tratamendu hematologikoak.

–Minaren Unitatean tratamendu jarraitua duten eriendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa: Ospitalean dauden erientzako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko gaixoentzakoa ere.

–Osasun Mentalaren sareko eguneko ospitaleak.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako Unitatearen, Konorteratzeko eta Zainketa Berezien Unitatearen, Zainketa Koronarioen Unitatearen, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta parekagarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ingresatutako eriendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu Zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta arautuak dituzten eriendako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: hemoderibatuen erauzketak bermatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleak hornitzeko, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz.

II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan, hauxe izanen da lanaren araubidea:

Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan:

a) Ohiko lanaldian.

Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi osorako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), familia mediku bat, pediatra bat, OLT/EUD bat eta harrera arloko profesional bat izendatuko dira 5 lanpostu baino gutxiago direnean edo 5eko zatiki bakoitzeko.

Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste familia mediku eta OLT/EUD, gutxienez ere.

b) Etengabeko arretarako ordutegian.

Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, lan araubidea oro har ezarritako zerbitzuen %100ekoa izanen da.

Ospitalez kanpoko Larrialdietako Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:

Oro har, ezarritako zerbitzuen %100ekoa izanen da lan araubidea.

“San Francisco Javier” zentroko laguntza medikoa:

Mediku bat.

Aho-hortzetako osasuna:

Odontologo bat laguntza orokorrerako, HGHZPko odontologo bat, erizaintzako 2 laguntzaile, administrazioaren arloko profesional bat.

III.–Osasuneko Informazio Sistemen Zerbitzua (Zerbitzu zentralak):

1. Sistema informatikoetako teknikari bat txanda bakoitzeko, osasun zentroetako gorabeherei aurre egiteko.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzailetzek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honakooi igortzea, bere ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren Lan Harremanen Atalari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.c) artikuluarekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduaren bidez egindako eskuordetza erabiliz.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 28an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

Iragarkiaren kodea: F1806954