Iragarkia
137. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 17a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
RIBAFORADA
Zerbitzu anitzetako enplegatuaren deialdia
Ribaforadako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2018ko ekainaren 29ko bilkuran, deialdi baten oinarriak onetsi zituen, Ribaforadako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat betetzeko, aldi baterako eta administrazio araubidean. Honako hauek dira oinarriak:
DEIALDIAREN OINARRIAK, RIBAFORADAKO UDALAREN ZERBITZUKO ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATU LANPOSTU BAT ALDI BATERAKO ETA ADMINISTRAZIO ARAUBIDEAN BETETZEKO
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Ribaforadako Udalaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat betetzea, aldi baterako eta administrazio araubidean, oposizio bidez. Hori guztia, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, eta irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuari jarraikiz (dekretu horrek ematen ditu arauak langileak administrazio araubidean kontratatzeko). Lanpostu huts bat aldi baterako betetzeko izanen da, legez ezin baita izaera finkoz edo behin betiko bete.
Hautaketa honetan sortzen den onartuen zerrenda geroko aldi baterako kontratazioetarako erabiltzen ahalko da, behar izanez gero, deialdi honen 10. oinarrian xedatutakoaren arabera.
1.2. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, maila horretako eginkizunak baititu, eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere izanen ditu.
1.3. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia Ribaforadako Udalak lanpostu horretarako ezarritakoak izanen dira, zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak edozein unetan aldatzen ahalko ditu.
1.4. Kontratua formalizatzen den egunean hasiko da, hautapen prozesua burutu ondoren, eta bukatuko da probaldia gainditu ondoren lanpostu hutsa funtzionario izaerarekin betetzen denean (legez ezarritako prozeduraren bidez), edo lanpostua amortizatzen denean edo plantilla organikoa aldatzen denean; betiere, kontratazioa justifikatzen duen beharra dagoen bitartean iraunen du kontratuak. Kontratatzen den pertsonak lanpostua utzi beharko du hautatuak lanpostu hutsaren jabetza hartzen duenean.
1.5. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da.
1.6. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, arau hauei jarraituko zaie: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, ekainaren 5eko 113/85 Foru Dekretuaren bidez onetsia, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ematen dituena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak.
2. oinarria.–Eginkizunak.Bete beharreko eginkizunak jarraian aipatzen dira, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Udalaren instalazio eta eraikinen egoera egiaztatzea eta haien mantentze-lanak gainbegiratzea.
–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak kontrolatzea eta horiez arduratzea.
–Bide, kamio eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.
–Udal zerbitzuei laguntzeko lanak: iragarkiak, bandoak eta udalaren publizitatea banatu eta paratzea, agiriak prestatu eta postetxera edo bankuetara eramatea zein toki horietatik jasotzea, jakinarazpen, agiri eta deiak ematea eta/edo helaraztea.
–Herritarrei arreta ematea.
–Herri barruko bideetan trafikoa antolatzea.
–Asteroko azokaz arduratzea (arautzea, okupazio tasak kobratzea, etab.), ibien gaineko txostenak idaztea eta, orobat, bideen eta/edo eremu publikoen okupazioarekin zerikusia duen beste edozein aferaren gainean.
–Bere mailarako egokiak diren idazkiak eta exekuzio zereginak egitea eta, halaber, bere lanpostuarekin loturik dagozkion txostenak idaztea.
–Materialen edo tresnen aurreikuspena egin eta haiek erostea, jakinarazten zaizkion beharren arabera.
–Ribaforadako Udalak sustatzen dituen kultura, kirol edo festa jarduerak egiten laguntzea.
–Ibilgailuak gidatzea eta obretako makineria arina eta ertaina erabiltzea, zeinetarako beharrezkoa baita deialdi honetan eskatzen den gidabaimena.
–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri ematea aldiro eta garaiz, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.
–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konponketa lanak egitea.
–Deialdian ezarritako mailako zerbitzu anitzetako enplegatu bati egokitzen ahal zaizkion eginkizun oro, bere lanpostuarekin zerikusia dutenak, Ribaforadako Udalak agintzen badizkio.
3. oinarria.–Izangaien betebeharrak.
Lanpostu horretara lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 252/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.
d) Zerbitzu anitzetako enplegatu baten lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean B mailako gidabaimenaren jabe izatea.
g) Azterketarako eskubideak izateko, Udalaren Diruzaintzan 5,00 euro ordaintzea.
4. oinarria.–Eskabideak.
4.1. Eskabideak Ribaforadako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, bulegoak irekita dauden orduetan, 11:00etatik 14:00ak arte, astelehenetik ostiralera (larunbat eta jaiegunetan bulegoak itxita izaten dira), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako zeinahi modutan aurkezten ahalko dira. Eskabideak ez badira Udaleko Erregistrora bertaratuta aurkezten, posta elektronikoz jakinarazi beharko da (ayuntamiento@ribaforada.es) zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu diren postetxean edota aipatutako artikuluaren arabera onargarria den beste modu batean.
4.2. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).
4.3. Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia konpultsatua.
b) Udalaren Diruzaintzan 5 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko. Azterketa eskubideengatik zenbateko hori ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Prozedura hauetakoren bat erabiliz ordaindu ahalko da zenbateko hori:
–Ribaforadako Udalaren bulegoan eskudiruz ordainduta.
–Kontu hauetako edozeinetan diru-sarrera eginez, eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez: Nafarroako Rural Kutxako ES96 3008 0017 6807 0106 2325; La Caixako ES74 2100 5082 2122 0004 4295. Kasu horretan, ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:
- Izangaiaren izen-deiturak.
- Kontzeptua: zerbitzu anitzetako enplegatuaren oposizioko azterketa eskubideak.
4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.
4.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaituak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Ribaforadako Udaleko alkateak, hamar egun balioduneko epearen barrenean, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du. Zerrenda Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da.
5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Ribaforadako Udaleko Erregistro Orokorrean.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioen gaineko ebazpena emandakoan, Ribaforadako alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da. Argitalpen horretan zehaztuko da oposizioko lehenengo proba non, noiz eta zein ordutan hasiko den.
5.4. Premiazkoa denez lanpostu hutsa lehenbailehen betetzea, oposizioa hasiko da izangaien behin betiko zerrenda argitaratzen denetik gehienez ere hamar egun naturaleko epean.
6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia: eraketa eta jarduketak.
6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:
–Mahaiburua: Jesús M.ª Rodríguez Gómez, Ribaforadako Udaleko alkatea.
Mahaiburuaren ordezkoa: Tirso Calvo Zardoya, Ribaforadako Udaleko lehen alkateordea.
–Lehen mahaikidea: Ana María Zardoya Gómez, Ribaforadako Udaleko langileen ordezkaria.
–Bigarren mahaikidea: Ana Carmen Jiménez Miranda, Ribaforadako Udaleko administrari-ofiziala.
–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Natividad Aldaz Calvo, Ribaforadako Udaleko administrari-ofiziala.
–Hirugarren mahaikidea: Francisco Javier Blasco Recasens, aparejadorea.
–Laugarren mahaikidea: Ana José Aicua Adrián, Ribaforadako Udaleko kontu-hartzailea.
–Laugarren mahaikidearen ordezkoa: Juan Andrés Ramírez Erro, Cortesko Udaleko kontu-hartzailea.
–Mahaikide-idazkaria: Andrea Lafuente Bozal, Ribaforadako Udaleko idazkaria.
–Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: Jesús Litago Zardoya, Cortesko Udaleko idazkaria.
6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Halaber, izangaiek kalifikazio epaimahaiko kideak errefusatzen ahalko dituzte, aipatutako 40/2015 Legean ezarritako egoeraren bat gertatzen bada.
6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.
7. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.
7.1. Onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda onesten duen alkatetzaren ebazpena Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratutakoan hasiko da oposizioa. Hartan esanen da non, zer egunetan eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenengo proba.
Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean emanen dira argitara eta, hala egokituz gero, aurreko probak egin diren tokian.
7.2. Oposizioak bi ariketa izanen ditu, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.
7.2.1. Lehenengo ariketa: galdera sorta bati idatziz erantzun beharko zaio; erantzuteko zenbait aukera emanen dira baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira. Proba honetan epaimahaiak 60 puntu eman ditzake gehienez, eta bazterturik geldituko dira 30 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Erantzun okerrei puntuak kenduko zaizkie, proba egin aurretik epaimahaiak esanen duen moduan.
Ariketa hau egiteko ez da inongo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo telefono mugikorrik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina ez bada.
Plika itxien sistemaren bidez eginen da ariketa. Baztertuta geldituko dira ariketan bere burua identifikatzen duten izangaiak.
Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, ariketa horren gehieneko iraupena finkatuko du.
Ariketa bukatutakoan, kalifikazio epaimahaiak, plikak zenbakitu ondoren, zuzendu eginen ditu eta jarraian emaitzak Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko ditu. Emaitzak argitaratzearekin batera, pliken jendaurreko irekiera zer egunetan izanen den adieraziko da.
7.2.2. Bigarren ariketa: proba psikoteknikoak egin beharko dira, lanposturako zehazturiko ezaugarri profesiografikoaren eskakizunei izangaiak noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hauek eginen dituzte Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileak, ezen gai honetako aholkulari espezialista izaera izanen duen, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat. Bigarren ariketan, gehienez ere, 40 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 20 puntura iristen ez diren izangaiak.
7.2.3. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak edo beren nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.
Minusbaliotasun frogatua dutenentzat (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.
7.2.4. Lehenengo ariketa kalifikatutakoan, kalifikazio epaimahaiak Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratu du lortutako kalifikazioen zerrenda. Emaitzak argitaratzen diren egunean berean iragarriko dira, Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.
Horren ondoren, oposizioko bigarren ariketa (proba psikoteknikoak) egiteko tokia, eguna eta ordua jarriko dira iragarki-taulan, ariketa hori egin baino 48 ordu lehenago gutxienez.
Bigarren ariketa egin ondoren, emaitzak Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko dira.
8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.
8.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean. Gero, zerrenda hori Ribaforadako Udaleko alkateari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia kontratatzeko proposamenarekin batera.
Kalifikazioan berdinketarik izanez gero, zozketa publikoaren bidez ebatziko da, plikak jendaurrean irekitzeko ekitaldian bertan, haiek ireki ondoren.
Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Ribaforadako Udalean maila horretako kontratazioak egin behar direnerako gordeko da, harik eta lanpostu horren jabetza hartzen den arte, deialdi honen 10. oinarrian xedatutakoaren arabera.
Kontrataziorako proposamena zein etorkizunean aldi baterako kontratazioak egiteko balioko duen gaindituen zerrenda Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko dira.
8.2. Proposatutako izangaiak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu Ribaforadako Udaleko Erregistro Orokorrean, kontratazio proposamena iragarki-taulan argitaratu eta hamar egun naturaleko epean:
a) NANaren kopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua edo titulua lortzeko azterketa eskubideak ordaindu izanaren agiriarena (deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen).
c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.
d) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik exekuzio zereginak dituen zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.
e) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.
f) Zinpeko aitorpena, bere erantzukizunpean, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren gainekoa.
g) Proposatutako izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, bere estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.
h) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.
i) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bizitzeko eta lan egiteko baimena.
j) Familia liburua, 3.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.
k) Ribaforadako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.
8.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra.
Halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengo izangaiaren aldeko kontratazio proposamena eginen da eta, horrela, hurrenez hurren; oinarri honetan ezarritako moduan jokatuko da horiekin.
9. oinarria.–Kontratazioa eta kontratuaren hasiera.
9.1. Ribaforadako Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna, proposatzen den eta oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiaren aldi baterako kontratazioa, administrazio araubidekoa, sinatzeko, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat.
9.2. Kontratatutako izangaiak lanpostuan hasi beharko du kontrataziorako proposamena Udalaren iragarki-taulan argitaratzen denetik, gehienez ere, astebeteko epean.
9.3. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, kontratazio egunetik hasita.
10. oinarria.–Gaindituen zerrendako pertsonei aldi baterako kontrataziorako deitzea.
10.1. Gaindituen zerrendan agertzen diren izangaiei Ribaforadako Udalean sortzen diren beharren arabera deitzen ahalko diete, deialdi honetako maila bereko lanpostuen bajak edo oporrak betetzeko nahiz beste edozein egoeratan.
10.2. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.
10.3. Deialdi honetakoaren ezaugarri berak dituen lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan gaindituen zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangaiarekin telefonoz harremanetan jartzeko bi saiakera eginen dira, ondoz ondoko bi lanegunetan, eta dei bakoitzaren frogak utziko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora.
Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Izangai batekin harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 10.4 atalean xedatutakoarekin bat.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izendapen hau egindakoan, dagokion aldi baterako kontratua izenpetuko da, izangaiak deiladi honetako 8.2 oinarrian eskatzen diren agiriak aurkeztu ondoren.
10.4. Honako hauek onartuko dira eskainitako aldi baterako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko deialdi honetako gaindituen zerrendan:
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.
e) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.
Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
10.5. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:
a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizazioaren ondoko 5 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
c) Lanpostua bertan behera uztea.
d) Ez gainditzea deialdi honetan ezarritako bi hilabeteko probaldia.
e) Sei hilabeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
10.6. Deia jasotzen dutenek deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
10.7. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, alkate udalburuaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, baita haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik hasita.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Gai-zerrenda
1.–Hizkuntza eta ortografia, eskatzen den titulazioaren mailakoa.
2.–Matematika eta kalkulua, eskatzen den titulazioaren mailakoak.
3.–Informatika, Word eta Excel erabiltzaile mailan.
4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua: Prozeduretako interesdunak.
5.–39/2015 Legea, urriaren 7koa, APAPEari buruzkoa: II. titulua, II. kapitulua: Baldintzak eta epeak.
6.–39/2015 Legea, urriaren 7koa, APAPEari buruzkoa: III. titulua: Administrazio egintzak betetzea.
7.–39/2015 Legea, urriaren 7koa, APAPEari buruzkoa: IV. titulua, VII. kapitulua: Egintza administratiboen exekuzioa eta nahitaez betearazteko bideak.
8.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua: III. kapitulua: zehatzeko ahalmenaren printzipioak. IV. kapitulua: Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna.
9.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Udalerria: Biztanleria. Biztanleen udal errolda.
10.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua, II. kapitulua: Udalerria: udal antolaketa.
11–Ribaforadako udalerria: kaleen eta auzoen izenak, bai eta alderdienak, ibaienak, bideenak, eta abarrenak.
12–Udal eskumenak trafikoari eta bide segurtasunari dagokienez.
13–Eraikinetako, eta bereziki eraikin publikoetako, instalazio elektrikoen mantentze-lanei buruzko kontzeptuak eta kasuak.
14.–Iturgintzako instalazioen mantentze-lanei buruzko kontzeptuak eta kasuak: komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak etab.
15.–Berokuntzako eta girotzeko zirkuituen mantentze-lanei buruzko kontzeptuak eta kasuak.
16.–Arotzeria instalazioen mantentze-lanei buruzko kontzeptuak eta kasuak.
17.–Soldadurari buruzko kontzeptuak eta kasuak.
18.–Laneko arriskuen prebentzioko arauen oinarrizko ezagutza. Segurtasun neurriak. Norbera babesteko ekipoak.
19.–Lehen osasun laguntzak edo sendaketak. Suteak atzemateko eta itzaltzeko ekipoak.
Ribaforadan, 2018ko ekainaren 29an.–Alkatea, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.
Iragarkiaren kodea: L1808618
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
