134. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

111E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Tuterako udal-mugartean (Valpertuna parajean) 34. poligonoko hainbat lurzatitan lur mugimenduak eta berdinketak egiteko jarduerarako. Sustatzailea Máximo Urbano Francés Cornago da.

2017ko urriaren 23an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean dago sartuta (Aldi baterako instalazioak, obra osagarriak, lurraren edo bestelako hondakin inerteen hondakindegiak, haiek ustiatzeko aldia bi urtetik beherakoa bada, metaketak, beste eranskin batzuetan ageri ez diren erauzketa lanak, baita ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren menpeko proiektu batekin lotuta badaude baina jatorrian hartan ageri ez badira ere, metro bateko altuera gainditzen ez duten laborantza lurren gainean zabaldutako lurrak izan ezik). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Ildo horretan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2018ko maiatzaren 8an eginiko txostenean adierazi zuen jarduera Lurraldearen Antolamenduaren Foru Legearen testu bateginaren 110.2 e) artikuluan arabera baimendutako jardueratzat hartzen dela; hortaz, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik.

Proiektatutako jarduera (2015ean hasi zen) Tuterako Valpertuna parajean eginiko landa lurzati batzuk berdintzean datza; zehazki, lurzati hauek: 34. poligonoko 301., 302., 304., 308., 311., 312., 339., 310., 357., 399. eta 400. lurzatiak. 311. eta 312. lurzatietan, gainera, erabilera aldaketa egin zen: larre izatetik lurzoru goldagarria izatera. Horrenbestez, eskaera jarduera legeztatzeko eskaera bat da.

Berdinketa egin aurretik, lurzatiak taulenetan banatuta zeuden, altuera desberdinetan, eta horiek guztiak goragotik (jardueraren hegoaldean) igarotzen den erreten batetik ureztatzen ziren; erreten horretatik beste erreten txikiago batzuk sortzen dira. Berdinketa traktorearekin eta are-makinarekin egin zen. Berdinketaren emaitza altuera desberdinetan jarritako 4 taulen dira, horien artean ezponda handiak dituztela.

Espediente honen aurrekari gisa, bi ebazpen hauek daude:

–674/2015 Ebazpena, azaroaren 24koa, Mendi Zerbitzuko zuzendariarena. Horren bitartez, baimendu egin zen 311. eta 312. lurzatiak luberritzea eta “larre” izatetik “lur goldagarri” izatera igarotzea. Baldintza gisa ezarri zen 3.955 m² larrerako baso lursail gisa errespetatzea, konpentsazio gisa (311. eta 312. lurzati horietan luberritutako larrerako azalerarengatik).

–389E/2017 Ebazpena, abuztuaren 25ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiarena; horren bitartez, Máximo Urbano Francés Cornago jauna zigortzea ebazten da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin lotutako arau-hauste astun baten erantzuletzat jotzen baitzen. Arau-haustea sortu zuten gertakarien ondorioz aldatutako errealitate fisikoa edo biologikoa lehengoratzeko eskatzen da, eta, helburu horrekin, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan lehengoratze proiektu bat aurkezteko.

Azken ebazpen horri erantzunez, sustatzaileak honako hau aurkeztu zuen 2017ko urriaren 23an: “Tuterako Valpertuna parajean eginiko landa lurzatien berdinketari buruzko txostena (2017ko urria)”, TEIR Ingenieríak idatzia. Txosten horrek lurraren kotak eta hegiak zehazten ditu, jarduera egin aurrekoak eta ondorengoak (egiaztatu da lur mugimenduek metro bateko altuera gainditu dutela eremu batzuetan). Horren arabera, egungo lau taulenen laborantza lurren azalera 99.016,87 m²-koa da guztira, eta larreena 7.603,38 m²-koa; berdinketaren benetako azalera 77.659,75 m²-koa da. Adierazten du, halaber, 400. B lurzatia, jardueraren iparraldean dagoena, landare lurrarekin bete zela (1.500 m³). Lur horiek Ribaforadan eginiko indusketa batekoak dira (aparkaleku bat handitzeagatik sortuak).

Espedientean, Tuterako Udalaren 2018ko apirilaren 25eko txosten bat dago jasota; agiri horretan, besteak beste, larre azalerak errespetatzen diren egiaztatzea gomendatzen da.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi du lurzatiak berdintzeko jarduerak honako ukipen hauek eragin dituela:

–400. lurzatian Fontellas erretena kendu da (lurperatuta), eta horrekin lotutako landaretzaren ukipena (50 metro) eragin du; ez du betetzen dagoeneko faunarako korridore ekologikoaren funtzioa.

–Lehengo lurzatien mugetako erretenen gaineko ukipena dago. Epe laburrera, inpaktu hori zuzentzen ahal da landaketak eginez gero; izan ere, badago horretarako lur nahikoa taulenen arteko ezponda berrietan. Aurkeztutako memorian ez da jasotzen erreten berriak landareztatzea.

–“Larre” erabilerako 2.405 m²-ko azalera ez da konpentsatu Mendi Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 24ko 674/2015 Ebazpenak zehazten zuen moduan.

Hasierako eta bukaerako egoeraren arteko azaleren alderaketa egin ondoren, TEIR Ingenieríaren txostenak ondorioztatzen du larre azalera 1.550 m² handitu dela. Nolanahi ere, ez du kontuan hartzen 34. poligonoko 311. eta 312. lurzatiak larre gisa hartzen zirela (hasierako egoeran, 3.955 m²-ko azalera zuten), eta horien erabilera aldatzeko konpentsazioa egin behar zela azalera berean (arestian aipatutako 674/2015 Ebazpena, azaroaren 24koa, Mendi Zerbitzuko zuzendariarena). Horrenbestez, bazkaleku-sastraka erabilerako 2.405 m²-ko azalera bat konpentsatzea falta da.

–Erretenean, hegoaldean lur jauzia izateko arriskua dago, eginiko lur erauzketagatik. Erreten hori lurrekin babestu behar litzateke (konpentsazio eremua kokatzeko balizko beste leku bat da).

Arestian aipatutakoaren ondorioz, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalaren txostenak zenbait neurri zuzentzaile ezartzen ditu (ebazpen honen baldintzetan sartu dira).

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Tuterako (Valpertuna parajean) 34. poligonoko 301., 302., 304., 308., 311., 312., 339., 310., 357., 399. eta 400. lurzatietan lur mugimenduak eta berdinketak egiteko jarduerarako. Sustatzailea Máximo Urbano Francés Cornago da.

2. Baimen honek ingurumen neurri hauek betetzera behartzen du:

–Erreten zati berri bat diseinatuko da, lurretan eta estali gabeko ibilgu gisa, 400. lurzatiaren ertzean. Jarraipena izanen du uretan gora eta uretan behera, eta bertan zuhaixka landareak sartuko dira (ikusi espezieak aurrerago).

–Taulenen arteko ezponda guztietan, bertako zuhaixka espezieak landatuko dira, lerrokadura mistoetan (4 metroko landare 1). Patxarana, elorri zuria (Crataegus monogyna), ipurua (Juniperus communis), beltxalea (Ligustrum vulgare) eta txapara (Quercus coccifera) erabiltzea gomendatzen da; arbendolondoak eta olibondoak ere tartekatzen ahal dira. Landareek babesgarria izanen dute oinarrian. Landareak behar bezala errotu direla bermatuko da, eta, horretarako, beharrezkoak diren landaketen mantentze jarduerak eginen dira; bereziki, ureztatu eginen dira estres hidrikoko hilabeteetan.

–Mendi Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 24ko 674/2015 Ebazpena betez (larreko baso erabilerako 3.955 m²-rekin konpentsatzera behartzen du), 2.405 m²-ko azalera falta da konpentsatzeko. Azalera hori 400. lurzatiaren ertzean erretenaren zati berria landatzeko zerrendan kokatu behar litzateke, eta/edo jardueraren hegoaldeko mugan dagoen hormigoizko erretenaren ondoan (aurretik, lurrekin babestuko da ezponda). Baso azalera hori lurrean jarritako aldaxkekin zedarrituko da, eta, hori eta ezpondetako landaketa egiaztatzeko, 12. barrutiko (Tutera) basozainari deituko zaio (ogfotude12@cfnavarra.es).

3. Jardueraren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 3.100 euroko fidantza jartzea, baimendutako jardueraren lehengoratzea bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari, Tuterako Udalari, Basozaintzari (12. barrutia-Tutera) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 11n.–Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1806397