134. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

320E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, iraungitzat jotzen duena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak maiatzaren 2an 166E/2013 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratua, aluminiozko alanbre burdina fabrikatzeko instalaziorako, Uharte Arakilgo udal-mugartean. Titularra UHALROD SL da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak maiatzaren 2an emandako 166E/2013 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eman zitzaion aluminiozko alanbre burdinaren fabrika berri baten proiektuari, eta zegokion ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, aldekoa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluak hau ezartzen du: bi urte iragaten badira ingurumen baimen integratua eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte iragaten badira hura bukatu gabe eta jarduera abian jarri gabe, ulertuko da baimena iraungi dela eta ondoriorik gabekoa dela.

2018ko otsailaren 23an, instalazioa bisitatu zuten Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko teknikariek, eta egiaztatu zuten ezen, fusio dorreari eta ijezketari zegokien instalazioaren zati bat ezarrita bazegoen ere, ez zela martxan jarri eta ez zitzaiola aluminiozko alanbre burdinaren jarduerari ekin.

Aldiz, ezarrita eta martxan zegoen aluminioa trefilatzeko eta kableatzeko prozesu berri bat, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Araua garatzeko araudian ezarritakoaren arabera (araudi hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onartu zuen), prozesu hori jarduera sailkatuaren udal lizentziaren araubidearen menpe dago.

Hala, instalazioan gaur-gaurkoz egiten den jarduera ez da sartzen kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko testu bateratua onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio eremuaren barruan, eta, beraz, ez dago ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe.

Ondorioz, gaur egun martxan dagoen instalazioak ez duenez ingurumen baimen integratua behar, eta aluminiozko alanbre burdina eskuratzeko fusio dorrea eta ijezketa abian jartzeko indarrean dagoen araudiak ezarritako epea gainditu denez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluan ezarritakoa betez, ulertu behar da instalazioaren ingurumen baimen integratua iraungita dagoela eta ondoriorik ez duela.

Ebazpenaren proposamenak instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitea bete du, eta hark ados dagoela adierazi du.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluan aurreikusitakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Iraungitzat ematea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, maiatzaren 2ko 166E/2013 Ebazpenaren bidez, Uharte Arakilgo udal-mugartean aluminiozko alanbre burdina fabrikatzeko instalazio baterako emandako ingurumen baimen integratua. Sustatzailea UHALROD SL da.

Bigarrena.–Eraginik gabe uztea instalazio horretarako ingurumen baimen integratuan sartu ziren baimen eta inskripzioak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau UHALROD SLri, Uharte Arakilgo Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 17an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1806657