134. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

16/2018 FORU LEGEA, ekainaren 27koa, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA AZAROAREN 26KO 33/2013 FORU LEGEA, 1936KO KOLPE MILITARRAREN ONDORIOZ ERAILDAKO ETA ERREPRESIOAREN BIKTIMA IZANDAKO NAFARROAKO HERRITARREI ERREKONOZIMENDUA ETA ORDAIN MORALA EMATEKOA.

HITZAURREA

Gauza jakina eta nabarmena denez, oso zabala da memoria historikoari buruzko araugintza; eta, zehazki, sinbolo frankistei buruzkoa.

Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak argi finkatu zuen zein izan behar duen administrazio publikoen jokabideak, eta prozedura bat ere zehaztu zuen, zeina oinarrituta baitago zentsu baten prestaketan eta zentsu horri 5. artikuluaren bidez sortutako Batzordeak emandako onespenean. Egitate administratibo hori gauzatu egin da jadanik.

Nolanahi ere, toki entitateekin lankidetzan sinbolo frankistak banan-banan zerrendatzeko ekimenak berekin ez dakar sinbolo horiek kentzeko betebeharra. Hori dela eta, aztarna frankistak kentzea, tartean toki entitateak daudenean, udala kudeatzen duten pertsonen borondate onaren esku geratzen da. Gauza bera gertatzen da sinbolo edo aipamena erakunde pribatu baten jabetzaren barruan kokatuta dagoenean.

Beste autonomia erkidego batzuek jada egin duten bezala, lege honek zehapen-araubide bat ezarri nahi du, legearen betetzea ez dadin diskrezionala izan gai garrantzitsu eta sentibera hauetan, horrelakoak baitira lege honetan arautzen direnak.

Anomalia demokratiko bat da estatu-kolpe frankista hasi zenetik 81 urte igaro direnean kale eta eraikin askotan oraindik ere ukiezin gisa irautea diktadurak bere burua hiri-ingurunean ere inposatzeko ezarri zituen sinbolo eta aipamenetako batzuek.

Horri dagokionez, abenduaren 26ko 52/2007 Legeak, gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak aitortu eta zabaldu eta haien aldeko neurriak hartzeari buruzkoak, honako hau zehaztu zuen bere zioen azalpenean: “halaber, zenbait neurri ezartzen dira (15. eta 16. artikuluak) gerra zibileko edo diktadurako sinboloei eta oroigarriei dagokienez, altxamendu militarraren, gerra zibilaren eta diktaduraren errepresioaren gorespen oro ekiditeko printzipioa oinarri, konbentziturik gaudelako herritarrek eskubidea dutela hori horrela izan dadin, sinbolo publikoak elkargunerako aukera izan daitezen, ezen ez liskar, laido edo bidegabekeriarako”.

Horixe dio, halaber, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen zioen azalpenak, sinbologia frankista aipatzen duenean: “Bidezkoa da, halaber, Nafarroako Parlamentuaren 2003ko martxoaren 10eko adierazpenean jaso zen bezala, “Nafarroako erakundeek baliabideak jartzea askatasunaren aurkako elementu sinbolikoak, denok gainditu nahi dugun iragan horren adierazle ere badirenak, desagerrarazteko”. Horri dagokionez, berretsi eta osatu beharra dago Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrak eta Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak aitortu eta zabaldu eta haien aldeko neurriak hartzeari buruzko abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 15. artikuluak ezarritakoa; zeren eta, urteak igaro diren arren, bai baitaude oraindik ere sinbolo batzuk, kendu beharko liratekeenak, biktimentzat eta gizarte demokratikoaren balioentzat laidogarri izateagatik.

Horrenbestez, badago zuzenbidearen eta moralaren arloetako betebehar ukaezin bat, gure hiri eta herrietako kale eta eraikinetako sinbolo frankistak behin betiko kentzeari ekitekoa. Eta jarduketa muntaduna denez, eta batez ere urgente eta eztabaidaezina, garrantzitsutzat jotzen da zehapen-araubide bat ezartzea.

Artikulu bakarra.–Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea aldatzen da, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa. Hona aldaketak:

Bat. 11. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“11. artikulua. Sinbolo, idazkun eta aipamen frankistak kentzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eskudunak eta Nafarroako toki entitateek, beren eskumenez baliatuz, behar diren neurriak hartuko dituzte, ken daitezen altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadura pertsonalki nahiz kolektiboki oroitzeko edo goratzeko armarriak, intsigniak, plakak, banderak eta beste edozein objektu edo aipamen. Hori guztia ez da eragozpen izanen biktimek, haien senitartekoek edo memoriaren alorreko entitateek urratsak egin ahal izan ditzaten ohorerako eta duintasunerako beren eskubidearen defentsan.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, aipatu administrazioek elementu horien jabeei, eskubideen titularrei, edukitzaileei edo paratu izanaren nahiz paratuta jarraitzearen arduradunei eskatuko diete ken ditzaten eraikin eta toki pribatuetatik, baldin eta irismen edo erabilera publikoko espazio ikusgarri batean proiekzioa badute, administrazio publiko batek paraturikoak ez direnean. Kentzearen zailtasun teknikoarekiko proportzionala den epe bat emanen diete horretarako, eta ohartaraziko diete zer hertsapen-neurri hel litekeen agindua bete ezean.

3. Jabeei, eskubideen titularrei, edukitzaileei edo arduradun partikularrei emandako epea iraganik, baldin eta behartuta daudenek ez badute jardun, erretiratzeko agindua eman duen administrazioak bere esku izanen du:

a) Azken lau urteetan memoria historikoaren arloan emandako bere eskumeneko diru-laguntza eta laguntza publikoen erretiratzea xedatzea, eta hurrengo lau urteetan zehar halakorik emateko debekua ezartzea.

b) Hertsapen-isunak ezartzea, ondoz ondo hamabi jarri arte, hilabeteko alditan, 600 eta 6.000 euro bitartekoak. Erretiratu beharreko elementuaren entitatearen arabera justifikatuko da zenbatekoa. Betiere, ezarri den azken hertsapen-isunaren ondoriozko borondatezko betetzearen epea amaiturik, administrazioak modu subsidiarioan exekutatuko du kentzea, behartuta dagoenaren kontura.

4. Baldin eta armarriak, intsigniak, plakak, banderak edo bestelako objektu eta aipamenak administrazio edo entitate publiko batek jarri bazituen bere garaian, edo eraikin publikoetan badaude, administrazio jarduleak kendu beharko ditu, bere aurrekontuen kargura.

5. Aurreko zenbakian xedatutakoa betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eskudunak eta Nafarroako toki entitateek lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahalko dituzte, edo ordenamendu juridikoan jasotako bestelako lankidetza-formulak erabili.

6. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eskudunak eta Nafarroako toki-entitateek, beren eskumenen baitan, aurreikusi eta ekidin eginen dute ekitaldi publikoak egitea, baldin eta haiek beraiekin badakarte biktimen edo haien senitartekoen ospe-galera, gutxiespena edo umiliazioa, kolpe militarraren edo frankismoaren goraipamena, edo omenaldiak egin nahiz sariak ematea kolpe militarra eta diktadura aldeztu zituzten pertsona fisiko edo juridikoei”.

Bi. V. titulua gehitzen da. Hona edukia:

“V. TITULUA

Zehapen araubidea

19. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Foru lege honetan ezarritako betebeharrak urratzen dituzten egiteak edo ez-egiteak titulu honetan xedatutakoaren arabera zehatuko dira, ezertan baztertu gabe egon daitezkeen beste erantzukizun batzuk eta foru lege honen 11. artikuluan aurreikusitakoaren aplikazioa.

2. Foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteei dagokienez, zehapen-ahalmena baliatuko da bertan eta administrazio publikoen araubide juridikoaren eta zehapen-prozedura administratiboaren arloko araudian ezarritakoaren arabera, bai eta gure ordenamendu juridikoaren arau orokorrei jarraituz ere.

20. artikulua. Zehatzeko ahalmena egikaritzea.

1. Foru Komunitateko Administrazioari dagokio zehapen-ahalmenaren egikaritzea, titulu honetan tipifikatutako arau-hauste administratiboak egin dituen edozein pertsona fisiko edo juridikoren gainean.

2. Arau-haustetzat jotzen diren egitateengatiko zehapena ezarriko zaie haien erantzule diren pertsona fisiko edo juridikoei.

21. artikulua. Erantzuleak.

1. Foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteen erantzuleak dira titulu honetan deskribatutako egite eta ez-egiteetan doloz edo erruz jarduten diren pertsona fisiko eta juridikoak, bai eta, kasua bada, nortasun juridikorik gabeko batasunak eta entitateak eta jaraunspen-ondareak ere, independenteak zein autonomoak.

2. Erantzule solidarioak izanen dira foru lege honen aurkako egiteak edo ez-egiteak agindu dituzten pertsonak.

3. Erantzukizuna pertsona bati baino gehiagori batera baldin badagokie, modu solidarioan erantzunen dute, salbu eta posible denean erantzule bakoitzaren partaidetza-maila ebazpen zehapen-jartzailean zehaztea. Erantzukizuna pertsona juridikoena baldin bada, horien administratzaileek edo ordezkariek solidarioki erantzunen dute.

22. artikulua. Arau-hausteak.

1. Foru lege honetan xedatutako arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izan daitezke.

2. Hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Indusketak egitea 1936ko kolpe militarraren ondorioz izandako errepresioaren biktimen gorpuzkiak hobitik ateratzeko asmoz, Hilotzak lurpetik ateratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Protokoloa –zeina Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariaren azaroaren 7ko 772/2011 Foru Aginduaren bidez onetsi baitzen– bete gabe.

b) Baimenik gabeko lur mugimenduak egitea edo eraikitzea, baldin eta lur horretan biktima desagertuen gorpuzkiak daudelako ziurtasuna badago.

c) Foru lege honen 6. artikuluan aipatzen den hilobi-mapan sartutako biktima-hobiak suntsitzea.

d) Nafarroako memoria historikoaren toki batean integratuta dagoen ondasun bat, edo ondasun horren parte bat, suntsitzea edo larriki aldatzea.

e) Foru lege honen 13. artikuluan aipatzen den Nafarroako memoria historikoaren agiriak suntsitzea, bai eta 8. artikuluan ezarritakoari dagokionez DNA probak baimenik gabe suntsitzea ere.

f) Nafarroako memoria historikoaren toki batean edozein obra edo esku-hartze egitea horretarako baimenik gabe, baldin eta biktimen hobiei edo lurperatze klandestinoei eragiten badie.

3. Hauek dira arau-hauste astunak:

a) Justifikaziorik gabe urratzea Gerra Zibileko edo diktadura frankistako errepresioaren biktimenak izan daitezkeela taxuz pentsa litekeen gorpuzkiak aurkitu izana jakinaraztearen betebeharra, foru lege honetan ezarritakoaren arabera.

b) Lurperatze klandestinoetako edo hobietako gorpuzkiak horretarako baimenik gabe lekuz aldatzea.

c) Nafarroako memoria historikoaren toki batean integratuta dagoen ondasun bati, edo ondasun horren parte bati, kalte larriak egitea, arau-hauste oso astuna ez denean.

d) Nafarroako memoria historikoaren toki batean edo foru lege honetan araututako seinalizazioan kontserbatze- eta mantentze-betebeharrak ez betetzea.

e) Biktimen hobiei edo lurperatzeei eragiten dien edozein obra edo esku-hartze egitea horretarako baimenik gabe, baldin eta, horren nolakotasunari erreparatuta, arau-hauste oso astuna ez bada.

f) Elementu, sinbolo, idazkun eta aipamen frankistak kentzeko errekerimendua egiten duen ebazpena ez betetzea, bai eta estatu-kolpe frankista eta geroko diktadura aldezteagatik nabarmendu ziren pertsonen aldeko aipamenei eta omenaldiei buruzko elementuak berrezartzea edo elementu berriak jartzea ere.

g) Foru lege honetan aipatutako biktimen omenaldi edo oroimenezko plakak, monumentuak edo bestelako elementuak baimenik gabe kentzea edo haustea. Horiek pintaketa, ebaki edo bestelako marken bidez aldatzea oroituen edo omenduen memoria iraintzeko edo laidotzeko xedez, biktimak iraintzeko xedez edo 1936ko altxamendu militarreko eta diktadura frankistako parte-hartzaileen, sustatzaileen edo legitimatzaileen apologia edo goraipamena egiteko xedez.

h) Gerra Zibilaren edo diktadura frankistaren biktimei begira iraingarriak edo laidogarriak diren edo haien duintasunari eraso egiten dioten adierazpenak egitea edo erabiltzea edozein hedabidetan, hitzaldi edo mintzaldi publikoetan edo plataforma digitaletan, baldin eta jokabide horiek ez badaude tipifikatuta gorrotora bultzatzearen delitu gisa.

4. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Nafarroako memoria historikoaren tokietako espazioei edo altzariei kalteak egitea, non eta ez diren arau-hauste astunak edo oso astunak.

b) Nafarroako memoria historikoaren toki batean edozein obra edo esku-hartze egitea horretarako baimenik gabe, non eta ez den arau-hauste astuna edo oso astuna.

c) Pintaketa, ebaki edo bestelako marken bidez aldatzea plakak, monumentuak edo oroimenezko edo omenezko bestelako elementuak, baldin eta ez bada biktimak iraintzeko asmoz egiten.

d) Foru lege honetan ezarritako baldintzak, betebeharrak edo debekuak urratzea, baldin eta artikulu honetako arestiko apartatuetan tipifikatuta ez badago.

23. artikulua. Kalifikazioa astunago egitea.

1. Berrerortze kasuan, hasiera batean arintzat kalifikatutako arau-hausteak astun gisa kalifikatuko dira, eta hasiera batean astuntzat kalifikatuak, berriz, oso astuntzat.

2. Berrerortzea zehapen-arloko ordenamendu juridikoko arau orokorren arabera balioetsiko da.

24. artikulua. Zehapenak.

1. Foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteei diruzko zehapenak eta zehapen ez-diruzkoak ezarriko zaizkie.

2. Diruzko zehapenak isunak izanen dira, honako zenbateko hauek izanen dituztenak, arau-haustearen astuntasunaren araberakoak:

a) Arau-hauste oso astunak: 10.001etik 150.000 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 2.001etik 10.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste arinak: 200dik 2.000 eurora bitarteko isuna.

3. Zehapen ez-diruzkoak zehapen osagarriak izanen dira, eta honako hauek izanen dira: memoria historikoaren arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko eskubidea galtzea, gehienez ere bi, hiru eta bost urtez, arau-hauste arin, astun eta oso astunen kasuan, hurrenez hurren; eta memoria historikoaren arloan emandako diru-laguntza guztiz edo partzialki itzultzea.

Betiere, diru-laguntza edo laguntza publikoen deialdi publiko orotan jasoko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dela eta diru-laguntza itzuli beharko dela baldin eta foru lege honetan debekatutako jarduera bat egitera edo betetzera bideratzen bada diru-laguntza hori.

4. Zehapenak graduatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Pertsonei edo ondasunei egindako kalteen izaera eta astuntasuna.

b) Berrerortzea.

c) Sare sozialen edo plataforma digital zehatzen bidez erabili edo zabaltzearen ondorioz gertakariek gizartean izandako oihartzuna.

d) Arau-hausleak, kasua bada, lortutako etekina.

e) Administrazioak aldez aurretik egindako ohartarazpen edo errekerimenduen ez-betetzea.

f) Egindako kalteak borondatez konpontzea edo arau-haustearen gauzatzea ekarri zuten egitateak zuzentzea, baldin eta zehapen-prozeduran behin betiko ebazpena eman aurretik jokatzen bada horrela.

g) Diruzko zehapenaren zenbatekoa ezartzeko, kontuan hartuko da arau-haustea egitea ez dadila izan zehapenaren zenbatekoa baino onuragarriagoa, diru aldetik, arau-hauslearentzat edo arau-hausleentzat.

25. artikulua. Prozedura.

1. Arlo honetako arau-hausteak salatzeko akzioa publikoa izanen da.

2. Foru lege honetan aurreikusitakoaren arabera arau-haustea izan daitezkeen jarduketen berri duten agintariak behartuta daude halakoak jakinaraztera memoria historikoaren arloan eskuduna den departamentuari.

3. Prozedurari ofizioz emanen zaio hasiera, memoria historikoaren arloan eskuduna den organoaren titularrak harturiko erabakiz, dela bere ekimenez, dela goragoko agintari baten aginduz, beste organo batzuen eskari arrazoituz edo herritarren salaketa baten ondorioz.

4. Titulu honetan ezarritako zehapenak ezartzeko, administrazio publikoen araubide juridikoaren eta zehapen-prozedura administratiboaren arloko araudian ezarritako prozedura-xedapenei jarraituko zaie.

5. Arau-hauste oso astunak eta astunak egiteagatik ezarritako zehapen irmoak argitaratuko dira bidezko diren bitarteko ofizialetan eta foru erkidegoan zabalpen handiena duten egunkarietako batean.

26. artikulua. Zehatzeko eskumena.

Honako hauek izanen dira eskudunak foru lege honetan tipifikatzen diren arau-hausteengatiko zehapen-espedienteak irekitzeko eta ebazteko:

a) Arau-hauste oso astunak badira, memoria historikoaren arloan eskuduna den departamentuaren titularra.

b) Arau-hauste astunak eta arinak badira, memoria historikoaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiaren titularra”.

Xedapen gehigarria.

1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru legearen 11. eta 12. artikuluetan ezarritakoa ez betetzeak berekin ekartzen ahalko du kasuko zehapenak jartzea, xedapen gehigarri hau indarrean sartzen denetik urtebete igarotzen denetik aitzina.

Azken xedapena.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko ekainaren 27an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1808540