13. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

623/2017 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2018-2019 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzen duena.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duenak, 12. artikuluaren 1. apartatuan ezartzen du Hezkuntza Departamentuak arautuko duela ikasleak nola onartu funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan, baldintza beretan sartzeko aukera izan dezaten.

Araudi indarduna aplikatzeko, eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eskolatzearen arloan ezarritako esparruaren barnean, komenigarritzat jo da funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztietan ikasleak onartzeko irizpideak eta prozedurak arautzea.

0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Ataleko buruak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariaren oniritziarekin, txosten bat aurkeztu du, non haurrak onartzeko prozedura proposatzen baita 2018-2019 ikasturterako, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 21.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen xedea da funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2018-2019 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzea, zehaztapen hauekin bat:

1. Ikaspostuen hartzaileak.

2016an edo 2017an jaiotako haurren aitek, amek edo tutoreek eska dezakete ikaspostua, baita 2018an jaiotako haurrenek ere, baldin eta 2018-2019 ikasturtea hasi baino 16 aste lehenago jaiotzen badira. Urtebetetik beherakoentzako instalaziorik ez duten haur eskoletan, ikasturte hasieran urtebete egina duten haurrentzat bakarrik eskatzen ahalko da ikaspostua.

Ikastetxeetan hasteko, haurrak 16 aste beteak izan beharko ditu, edo urtebete, ikasturtea hasi baino lehen egina, baldin eta ikastetxeak urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez badu.

Ebazpen honetan aurreikusitako prozedura 2017-2018 ikasturtean ikastetxean matrikulatuta ez dauden haurrei aplikatuko zaie, salbu 4.1 oinarrian ordainketa egiteko konpromisoari buruz xedatutakoa, hori beren gain hartu beharko baitute ikaspostua erreserbatzen duten eta haurren ikastetxeko udalerrian ez beste batean bizi direnek.

2. Haurrak onartzeko prozeduran eskumena duten organoak.

Entitate titular bakoitzak hautapen batzorde bat izendatuko du, gutxienez ere entitate titularraren eta ikastetxeen ordezkari batek edo batzuek osatua. Entitate titularraren ordezkari bat izanen da batzordeburua.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikaspostuak erreserbatzeko prozedura zehaztu eta aurrera eramatea.

b) Tramitaziorako baremoa eta epeak argitaratzea.

c) Eskatzaile bakoitzari dagokion puntuazioa esleitzea, haurrak onartzeko araudian ezarritako irizpideekin bat.

d) Haurrak onartzeko prozesua ebaztea, onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, lortutako puntuazioa adierazita, eta erreklamazioak ebaztea.

e) Plangintza egitea, haurrak unitateka banatuta, ikasturte hasieran duten adina erreferentzia gisa hartuta.

f) Behin-behineko plangintzaren lehenbiziko plantilla Hezkuntza Departamentura igortzea 2018ko apirilaren 18a baino lehen, aurreinsripzioko datuekin batera; behin-behineko plangintzaren bigarren plantilla, matrikulako datuekin, 2018ko ekainaren 13a baino lehen; eta behin betiko plantilla, ikasturteko lehen astean beteta dauden ikaspostuen kopuruari buruzko datuekin, haur eskolak hezkuntza ikuskatzailetzara onesteko bidaltzen duen egutegiaren arabera.

Haurrak onartzeko epeak egokitu dituzten entitateen kasuan, onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu baino lehen igorri beharko dute behin-behineko plangintza, aurreinskripzioko datuekin.

3. Haurrak onartzeko prozeduraren barruko jarduketak.

Funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozeduraren barruan jarduketa hauek eginen dira:

a) 2017-2018 ikasturtean ikastetxe horietan matrikulatu diren haurrentzat ikaspostuak erreserbatzeko prozedura.

b) Eskaerak aurkeztu eta jasotzea, baremazioa egitea eta behin-behineko zerrendak argitaratzea.

c) Erreklamazioak ebaztea eta behin betiko zerrendak argitaratzea.

d) Matrikula egitea.

Iruñearen kasuan, aldi berean eginen dira Eskubide Sozialetako Departamentuaren ikastetxeetako aurreinskripzioa eta Iruñeko Udalaren ikastetxeetakoa.

4. Haurrak onartzeko prozeduraren garapena.

4.1. Ikaspostuak erreserbatzea.

Hautapen Batzordeak jarraibide batzuk ezarriko ditu 2017-2018 ikasturtean ikastetxean ibili diren haurrei ikaspostua erreserbatzeko. Erreserba 2018ko otsailaren 19tik 23ra bitarte eginen da. Nolanahi ere, ikastetxe bakoitzeko elkartzeko modalitatea desberdina izan daiteke Hezkuntza Departamentuak berrikusitako plangintzaren arabera.

Haur Hezkuntzako ikastetxeko udalerrian ez beste batean bizi diren haurren familiek, ikaspostuaren erreserba egitean, idatzita aurkeztu beharko dute udal titularrari dagokion moduluaren portzentajea bizilekuko udalak edo familiak berak ordaintzeko konpromisoa.

Erreserba formalizatzeko unean aurreko paragrafoan adierazitako baldintza betetzen ez duten edo kuotaren bat ordaindu gabe duten familiek ezin izanen dute erreserba eskatu.

4.2. Eskaerak.

Eskaerak ikastetxean edo entitate titularrean jaso eta aurkezten ahalko dira, 2018ko martxoaren 1etik 15era arte. Entitate titularraren ikastetxe bat baino gehiago egonez gero, edo ordutegi edo hizkuntza eredu bat baino gehiago izanez gero, eskatzaileek horietatik zein lehenesten duten adierazi beharko dute.

4.3. Dokumentazioa.

4.3.1. Sartzeko eskabideak eredu ofizialaren araberakoak izanen dira, eta dokumentazio hau izanen dute erantsita:

a) Haurraren jaioteguna eta eskatzailearen bizilekua egiaztatzen dituen dokumentua. Oraindik ere jaio ez den haur baten eskaera egiteko, noiz jaioko den aurreikusten duen txosten medikoa erantsiko da, eta, adoptatutako edo harreran hartutako haurren kasuan, kasuan kasuko frogagiria.

b) NANaren, pasaportearen, atzerritarrentzako bizileku-txartelaren edo balio bera duen aitaren eta amaren edo legezko tutoreen nortasun agiriaren fotokopia.

c) Familiaren osaera frogatzen duen dokumentazioa.

–Familia-liburuaren fotokopia (aita, ama eta seme-alabak) edo, halakorik ez badago, antzeko agiri ofiziala osorik.

–Haurra harrera-egoeran dagoela edo adoptatua dela frogatzen duen agiria.

–Banantzearen edo dibortzioaren kasuan, hura ezartzen duen epai judiziala edo legez frogatzen duen dokumentua aurkeztu beharko da.

–Familia unitateko edozein kideren minusbalioaren maila frogatzen duen agiria, edo familia unitateko kideren bat Gizarte Segurantzako pentsioduna dela frogatzen duen agiria, baldin ezintasun iraunkor osoko, absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioa aitorturik badu.

–Familia ugariaren titulua.

–Guraso bakarreko familiaren frogagiria.

d) Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen lan egoeraren eta/edo egoera akademikoaren frogagiriak:

–Besteren konturako langileen kasuan, aurreinskripzioaren epea bukatzeko egunaren aurreko 30 egunean Gizarte Segurantzan edo dagokion mutualitatean alta emanda zegoela frogatzen duen agiria, eta enplegatzailearen zinpeko deklarazioa edo ziurtagiria.

–Norberaren konturako langileen lan egoerak frogatzeko, aurreinskripzioa bukatzeko egunaren aurreko 30 egunean mutualitate orokorrean edo Gizarte Segurantzaren dagokion araubidean eta jarduera ekonomikoen zergan altan zegoela frogatzen duten agiriak beharko dira.

–Langabeziaren kasuan, enplegu eskariaren txartelaren fotokopia.

–Hiru urtetik beherako haurrak zaintzeko eszedentzian egonez gero, eszedentziaren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasi ondoko hilabete eta erdian beranduenez, jarduneko langiletzat har dadin.

–Eskaerak aurkezteko unean ikasten arituz gero, matrikularen, ikasturteko egutegiaren eta ordutegiaren frogagiriak aurkeztuko dira.

e) Errenta mailak frogatzeko agiriak.

–Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen azken errenta aitorpenaren fotokopia. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharrik ez badute, ebazpen honen eranskinaren C.2 ataleko errenten edo diru-sarreren gaineko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta/edo ikastetxearen titularra den toki entitateak beharrezkotzat jotzen dituen agiriak, familiaren 2016ko diru-sarrerak zein diren zehazteko, edo 2017koak, baldin ikasleak hartzeko prozesua 2018ko ekainaren 30etik aurrerakoa bada.

–Interesdunak bi aukera izanen ditu: dokumentazioa berak aurkeztea, edo entitate titularrari baimena ematea behar den dokumentazioa eska diezaion Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barrenean eskumena duen unitate organikoari edo departamentuari. Baimen hori eskabide bitartez eman beharko da, deialdian dokumentazioa aurkezteko ezartzen den epearen barrenean, eta agiria noiz eta zein organotan aurkeztu zen adierazi beharko da.

f) Aitaren, amaren edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia eraginpeko eremu geografikoan dagoela frogatzen duen dokumentua:

–Erroldaren ziurtagiria, udalak emana, haurra eta aita edo/eta ama edo haurraren legezko tutoreak 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen udalerrian erroldatuta daudela jasotzen duena, edo, lanagatik edo haurrarekin bizi den gurasoari dagozkion beste arrazoi justifikatu batzuk direla eta, udalerri horretara bizitzera aldatu diren egunekoa.

–Jaio gabeko haurren kasuan, haurraren aitaren eta/edo amaren edo legezko tutoreen erroldaren ziurtagiria.

–Zaintza eta jagoletza dituen aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia zein den frogatzen duen agiria.

–Bizilekuz aldatzea aurreikusi bada, etxebizitza ikasturtea hasi baino lehen emanen dietela frogatzen duen agiria aurkeztea baloratuko da. Kasu horretan, gaur egungo bizilekua zein den adieraziko da jakinarazpenetarako, eta bizileku berria, berriz, baremazioa egiteko.

–Haur eskolaren udal titularrak beste udalerri batzuetako haurrak ez onartzeko ahalmena izanen du, aurkezten ez bada udal titularrari dagokion moduluaren portzentajea ordaintzeko idatzizko konpromisoa (bizilekuko udalarena edo familiarena berarena).

g) Sarbide zuzenerako baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen agiria:

–Haurraren minusbalioa kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo haurraren mendekotasun handia (III. gradua) aitortzen duen egiaztagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.

h) Beste edozein egoera berezi baloratzeko frogagiriak. Egoera hori egiaztatzeko, txosten bat aurkeztu beharko da, mediku edo psikologo batek, gizarte zerbitzuek edo zerbitzu espezializatu ofizialek egina.

4.3.2. Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, zero puntuazioa emanen da onarpen baremoan dagokion atalean.

4.3.3. Egiaztatzen bada eskabidean edo erantsitako agirietan adierazitako datuak okerrak edo faltsuak direla, dagokion puntuazioa aldatuko da, eta, kasua bada, emandako ikaspostua kenduko zaio.

4.3.4. Hautapen Batzordeak zilegi izanen du edozein unetan eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten inguruabarrei buruzko frogagiriak zuzentzeko.

4.4. Ebazpenaren faseak.

4.4.1. Eskabideak baloratzeko, Hautapen Batzordeak ebazpen honen eranskinean ageri den baremoa aplikatuko du, haurren gurasoek edo legezko tutoreek aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

4.4.2. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin-behineko itxaron-zerrenda ikastetxearen eta entitate titularraren iragarki oholean jarriko dira 2018ko maiatzaren 4an, ebazpen honetan ezarritako baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren hurrenkerari zorrotz jarraikiz.

4.4.3. Erreklamazioak ikastetxearen entitate titularrean aurkeztuko dira, Hautapen Batzordeari zuzenduta, eta azalduko da zergatik eskatzen den behin-behineko zerrendan agertutako puntuazioa berrikusteko. Aurkezteko epea 2018ko maiatzaren 4an hasiko da, eta maiatzaren 11n bukatuko, biak barne. Hautapen baremoan puntuazioa ematen duten agirietako akatsak ez dira inola ere zuzenduko.

4.4.4. Onartuen behin betiko zerrenda eta behin betiko itxaron-zerrenda 2018ko maiatzaren 21ean argitaratuko dira ikastetxearen eta entitate titularraren iragarki oholetan, lortutako puntuazioaren hurrenkerari zorrotz jarraikiz.

4.5. Matrikula egitea.

4.5.1. Matrikulak entitate titularrak finkatzen duen tokian eginen dira 2018ko maiatzaren 21etik 25era bitarte, biak barne.

4.5.2. Matrikula egiteko, beharrezkoa da haurrak 16 aste beteak izatea ikasturtea hasten denean, edo 12 hilabete, urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

4.5.3. Ezarritako epean matrikularik egiten ez bada, ikaspostuari uko egin zaiola ulertuko da, eta beste bati esleituko zaio itxaron-zerrendako hurrenkerari jarraikiz.

4.5.4. Eskatutako aukeretako batean matrikula egiteak ikastetxe bereko beste aukera guztiei uko egitea ekarriko du, edo herri bereko beste edozein ikastetxetakoei, ikastetxearen entitate titularrak hala ezartzen duen udalerrietan.

4.5.5. Matrikula egiteko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Gizarte Segurantzako kartillaren edo txartelaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.

–Matrikulari dagokion kuota ordaindu izanaren egiaztagiria.

–Beste udalerri batean bizi diren haurren kasuan, modulutik udalari dagokion portzentajea finantzatu izanaren egiaztagiria. Finantzaketa hori bizilekuko udalak edo familiak berak hartzen ahalko du bere gain.

–Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen 2017ko pertsona fisikoen errentaren gaineko aitorpenaren fotokopia. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharrik ez bada, 2017. urteari dagozkion errenta edo diru-sarreren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, eta/edo ikastetxearen titularra den toki entitateak familiaren urte horretako diru-sarrerak kalkulatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.

Agiri hori aurkezteko epea 2018ko ekainaren 29ra arte luzatzen ahalko da.

–Ordainagiriak helbideratzeko banku entitateko kontu-zenbakiaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertzen dituena.

–Kasua bada, haurrari behar bezalako arreta emateko beharden osasuna informazioa.

–Beste seme-alaba batzuengatiko kuotak ordaindu gabe dituzten familiek ezin izanen dute haurren lehen aldiko matrikula egin.

4.5.6. Itxaron-zerrendan sartutako haurrak ikaspostu hutsak sortzen direnean matrikulatzen ahalko dira ikastetxean, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, harik eta 2019-2020 ikasturteko ikaspostuen erreserba egiteko epea ireki arte.

4.5.7. Matrikula epea bukaturik, haurrak onartzeko eskaera gehiago aurkezten ahalko dira ezarritako ohiko epetik kanpo, harik eta 2019-2020 ikasturteko ikaspostuen erreserba egiteko epea ireki arte; betiere, aurkezteko unean, haurrak 16 aste beteak izan beharko ditu, edo urtebete ikasturte hasieran, adin horretatik beherako haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

Eskaera horiek kontuan hartuko dira baldin eta ikaspostu hutsik badago onarpen prozesu arruntean sortutako itxaron-zerrenda agortu ondoren. Ikaspostuak esleitzeko, eskabidea aurkezteko egunari jarraikiko zaio; betiere, eskaera egiteko unean, haurrak 16 aste beteak baditu, edo urtebete ikasturte hasieran, urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

4.5.8. Oro har, ez da haurrik onartuko ikaspostuen erreserbaren ondoren. Salbuespenez, entitate titularrak hala erabakitzen duenean, epe horretatik kanpo ere matrikulatzen ahalko dira haurrak, Hezkuntza Departamentuak ontzat emanez gero. Matrikulazio horiek ez dute eskubiderik ematen hurrengo ikasturtean ikaspostua erreserbatzeko.

5. Hezkuntza laguntzako askotariko premiak dituzten ikasleak.

Hezkuntza laguntzako askotariko premiak dituzten haurrek sarbide zuzena izanen dute Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan. Hezkuntza Departamentuak antolatuko du nola banatu eta kokatu haur horiek.

Sarbide zuzena emateko beharrezkoa izanen da Hezkuntza Departamentuak (Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak) aldeko txostena ematea, alde batera utzita eskaerekin batera aurkezten diren txostenak.

6. Epeak egokitzea.

Aldez aurretik Hezkuntza Departamentuari jakinarazita, entitate titularrek ebazpen honen 4.2, 4.4.2., 4.4.3. eta 4.4.4. ataletan aipatutako epeak egokitzen ahalko dituzte, baina 2018-2019 ikasturterako ikaspostuen erreserba egiteko azkeneko eguna apirilaren 8a izanen da.

7. Ikasleak onartzeko prozedura berezia.

Haurrak 2018-2019 ikasturtean onartzeko prozedura bereziak ezartzen ahalko dira ikastetxe berrietarako edo unitateak handitzen dituzten ikastetxeetarako. Halakoetan, horretarako eratutako Hautapen Batzordeak ebazpen honen 4.2, 4.4.2., 4.4.3., 4.4.4., 4.5.1. eta 4.5.6. ataletan adierazitako epeak zehaztuko ditu, aldez aurretik Hezkuntza Departamentuari jakinarazita.

8. Tarifak.

Hezkuntza Departamentuak, 2018-2019 ikasturterako, familien tarifei buruz onetsi duen araudian ezarritakoarekin bat aplikatuko dira tarifak.

9. Bajak.

Hauek dira baja emateko arrazoiak:

–Aitak, amak edo legezko tutoreek baja eskatzea.

–Haurra ikastetxean ez hastea ikasturtea hasi eta 15 egun natural iraganik, non ez dagoen horretarako arrazoi justifikaturik.

–Ikastetxean hasita ere, 15 egun naturalean ez agertzea bidezko arrazoirik gabe.

–Hileko bi kuota ez ordaintzea, jarraian edo ez.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Hautatzeko baremoa

A) Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen egoera soziolaborala edo akademikoa:

A.1) Haurren aita, ama edo legezko tutoreak jarraian adierazten diren egoeretako batean daudenean: 20 puntu gehienez.

–Aita, ama edo legezko tutoreak lanean ari direnean, biak ala biak, lanaldi osoan edo partzialean.

–Aita, ama edo legezko tutoreak dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari direnean, biak ala biak, behar bezala frogaturik.

–Aita, ama edo legezko tutoreetako bat lanean ari denean lanaldi osoan edo partzialean, eta bestea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten, behar bezala frogaturik.

–Guraso bakarreko familiak, lanean daudenak edo dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari direnak.

A.2) Gurasoetako edo legezko tutoreetako bat lanean ari denean, lanaldi osoan nahiz partzialean, edo dedikazio handia behar duten ikasketak egiten, eta bestea lan bila: 15 puntu.

A.3) Aita eta ama lan bila: 10 puntu.

–Heldu batek eta bere seme-alabek osatutako familien kasuan, seme-alaben zaintza eta jagoletza modu esklusiboan badute, behar bezala egiaztatuta, eta lan bila ari badira (familia gurasobakarrak): 15 puntu.

A.4) Lan egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1. Gizarte Segurantzan edo, zein den kasua, jarduera ekonomikoen zergan alta eman gabe egindako lana ez da kontuan hartuko.

2. Seme-alaba baten jaiotzagatik lanean ez egotea, lanpostu finkorik izan gabe, hau da, ordezkoen zerrenden eta antzekoen kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.

3. Baremazioaren ondorioetarako, behar bezala aitortutako ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia lanaldi osoko edo partzialeko lan gisa kontatuko da.

4. Ikasketak baloratzeko, ikasketa araututzat hartzen dira titulu akademiko ofizialak eskuratzeari begira egiten direnak: DBHa, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitateko titulazioak, eta abar.

Orobat, dedikazio handia behar duen ikasketatzat joko da interesduna, ikasketa planaren arabera, ikasturte oso bateko kreditu edo irakasgaien %80an, gutxienez ere, matrikulatua dagoenean.

A.5) Lan bila egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

Pertsona bat lan bila dabilela joko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuko edozein agentziatan edo enplegu agentzia baimendutan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoenean.

B) Familiaren osaera, gehienez metatzen ahal den puntuazioa: 15 puntu.

B.1) Modalitateak:

–Deialdi eta ikastetxe beretan bi seme-alabarentzat edo gehiagorentzat ikaspostua eskatzen duten familiak (ikaspostuaren erreserba sartzen da, baita jaiogabearentzako eskaera ere): 15 puntu.

–6 urtetik beherako bi seme-alaba edo gehiago dituzten familien kasuan: puntu bat seme/alaba bakoitzeko. Ondorio horietarako, bakarrik kontuan hartuko dira aurreinskripziorako epea bukatu arte jaiotako seme-alabak.

–Guraso bakarreko familiak: 5 puntu. Guraso bakarreko familiatzat hartuko da heldu batek eta 25 urtetik beherako bere seme-alabek osatutakoa, denak herri berean erroldaturik badaude eta etxe berean bizi badira, bai eta beren seme-alabekin etxe berean bizi diren alargunek osatutakoa ere, ondorio horietarako kontuan hartu gabe jasotzen diren alargun eta umezurtz pentsioak.

Bi egoera horietan, adingabeak ekonomikoki helduaren menpe egotea eskatuko da, eta heldu horrek bere gain izatea etxean bizi diren adingabeen zaintza eta jagoletza osoa.

Guraso bakarreko familiatzat hartzeko, baldintza hauetako bat bete beharko da:

a) Seme-alabak aitak edo amak bakarrik hartu izana halakotzat.

b) Adingabe bat edo batzuk heldu batek harreran hartu izana, ebazpen administratibo edo judizial bidez, urtebeterako edo epe luzeagorako.

c) Seme-alabak bere ardurapean dituen gurasoa beste pertsona batekin bizitzea baina harekin ezkontza bidezko loturarik izan gabe eta bikote egonkorra osatu gabe.

d) Gurasoak indarkeria jasan izana beste gurasoaren edo berarekin bizi denaren aldetik.

e) Gurasoa beste pertsonak abandonatu izana.

f) Seme-alabak bere ardurapean dituen gurasoetako bat askatasun-gabetzean egotea.

–Familia ugariak. Ondorio horietarako, familia ugaritzat joko da Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 2. artikuluan eta hurrengoetan halakotzat definitzen dena: 5 puntu.

–Familia unitateko edozein kidek %33ko edo gehiagoko minusbaliotasun fisiko, psikiko edo zentzumenekoa badu, behar bezala aitortua: 4 puntu.

B.2) Familiaren osaeraren kontzeptua:

1. Familia unitatea honako kide hauek osatzen dute: adingabearen zaintza eta jagoletza dituzten aita eta ama edo tutoreak, seme eta alaba adingabeak –salbu eta, gurasoen baimena izanda, haiekin bizi ez direnak– eta epai bidez ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak. Familia harreran dauden haurrak familia unitateko kidetzat joko dira ondorio guztietarako.

2. Banantze edo dibortzio kasuetan, ez da kidetzat joko adingabekoaren zaintza eta jagoletza ez dituen aita edo ama.

B.3) Zehaztapenak.

–”6 urtetik beherako seme-alabak” kontatzeko, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako seme-alabak hartuko dira kontuan.

–”Bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat ikaspostua eskatzea deialdi berean” kontzeptuagatik emandako puntuazioa galdu eginen da eskatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik matrikula egiten ez bada.

–Familia harreran dauden haurrek, betiere egoera hori behar bezala frogatuta, ikastetxean anai-arrebak izateagatik ematen den puntuazioa lortzen ahalko dute, familia-hartzaileak beste seme edo alaba bat badu eskolatuta eskatutako ikastetxean.

C) Familia unitatearen urteko errenta mailak: 15 puntu gehienez, metatu ezin dena:

C.1) Per capita errenta tarteak eta puntuazioa:

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK

PUNTUAZIOA

ZENBATEKO HONETATIK

HONETARA

15.000 eurotik gora

1,5

12.400,01

15.000

3,0

10.700,01

12.400

4,5

9.300,01

10.700

6,0

7.980,01

9.300

7,5

6.650,01

7.980

9,0

5.500,01

6.650

10,5

4.500,01

5.500

12,0

3.350,01

4.500

13,5

3.350

edo gutxiago

15,0

Familia unitatearen urteko errenta baloratzeko, per capita errenta hartuko da kontuan, hau da, familia unitatearen errenta osoa zati familiako kide guztien kopurua.

C.2) Errenta mailen kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1. Familia unitatearen urteko errenta izanen da aitaren eta amaren edo legezko tutoreen 2016ko diru-sarrera edo errenta indibidual justifikatuen batura.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko 2016ko zergaren aitorpena aurkeztuta justifikatuko da familia unitatearen urteko errenta.

2. Errenta indibiduala izanen da zerga-oinarriaren zati orokorrari kapital higigarriaren etekinen saldo positiboa eta ondare-eskualdaketen saldo positiboa batzearen emaitza, etxebizitza birgaitzeko edo eskuratzeko jasotako diru-laguntzak kenduta.

Ondorio praktikoetarako, errenta kalkulatzeko laukitxo hauek batuko dira: Nafarroako Foru Komunitatean, 2016. ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko 507, 8810, 8808 laukitxoak ken 708 laukitxoa, edo horien baliokide direnak Estatuko gainerako aitorpenetan.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharrik ez badute, 1. eta 2. azpiataletan adierazitako errenten edo diru-sarreren gaineko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, eta/edo ikastetxearen titularra den toki entitateak beharrezkotzat jotzen dituen agiriak, familiaren 2016ko diru-sarrerak zein diren zehazteko, edo 2017koak, baldin ikasleak hartzeko prozesua 2018ko ekainaren 30etik aurrerakoa bada.

4. Banantze edo dibortzio kasuan:

–Haurraren zaintza eta jagoletza dituen aitaren edo amaren errenta aitorpena edo diru-sarrerak hartuko dira kontuan.

–Oinarri honen 2. atalean xedatutakoaren arabera kalkulatutako diru-sarreretatik, zaintza eta jagoletza ez dituen aitak edo amak seme-alaben mantenurako urtean ordaindutakoa kenduko da, betiere itun erregulatzaile edo erabaki judizial baten arabera ordaindutakoa baldin bada.

D) Eraginpeko eremu geografikoa; puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu.

D.1) Haurra eta aita eta/edo ama eta/edo legezko tutoreak 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen eskaeraren xedeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea dagoen udalerrian edo eraginpeko eremu geografikoan den udalerri batean erroldatua egoteagatik (horretarako akordioa ezarria duten udalerrietan): 20 puntu.

D.2) Aita, ama edo legezko tutorea eskaeraren xedeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea dagoen udalerrian edo eraginpeko eremu geografikoan lanean aritzeagatik: 8 puntu.

E) Beste irizpide batzuk.

Hautapen Batzordeak premiazko beste egoera larri batzuk –pertsonalak, familiakoak edo sozialak– hartzen ahal ditu kontuan, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu ez direnak: 10 puntu gehienez.

F) Puntu-berdinketak ebaztea.

Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzerako eskaintzen den azken ikaspostuan puntu-berdinketa gertatuz gero, egoera ebazteko irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen ondoren:

–Ikastetxean anai-arrebak dituzten haurrak.

–Familia-errenta txikiena dutenak.

–Berdinketak jarraituz gero, Hautapen Batzordeak ebatziko du zozketa baten bitartez.

G) Beste herrietako bizilagunak onartzea.

Haur eskolaren udal titularrak beste udalerrietako haurrak ez onartzeko ahalmena izanen du, aurkezten ez bada titularrari dagokion portzentajea ordaintzeko idatzizko konpromisoa (bizilekuko udalarena edo familiarena berarena).

Iragarkiaren kodea: F1715062