129. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2018 FORU AGINDUA, ekainaren 8koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei ondare arkeologiko eta paleontologikoan esku-hartzeak sustatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Onestea Nafarroako toki entitateei ondare arkeologiko eta paleontologikoan esku-hartzeak sustatzeko diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G/A20001/4609/337100: Toki entitateentzako laguntzak, ondarearen arloko esku-hartzeetarako

2018

100.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko ekainaren 8an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

OINARRI ARAUTZAILEAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO TOKI ENTITATEEI ONDARE ARKEOLOGIKO ETA PALEONTOLOGIKOAN ESKU-HARTZEAK SUSTATZEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO 2018KO DEIALDIARENAK

1.–Diru-laguntzen xedea eta araubide juridikoa.

1.1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean esku-hartze arkeologiko eta paleontologikoak egitea sustatzeko, toki entitateentzako 2018ko laguntzak arautzea.

1.2. Diru-laguntza hauek emateko, oinarriotan eta Nafarroako Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

1.3. Diru-laguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, 7. oinarrian azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuz eta 4. oinarrian ezarritako mugekin.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Diru-laguntza hauen onuradunak izanen dira beren lurraldean esku-hartze arkeologikoak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateak.

2.2. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Diru-laguntzen deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unean, esku-hartze arkeologiko-paleontologikorako baimena izatea, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ematen duena Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 58. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitatean indusketak eta prospekzioak egiteko lizentziak arautzen dituen urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

d) Zuzenbidean onartutako edozein bitarteko erabiliz frogatzea esku-hartze arkeologikoa egin gogo den lurraren titularrak baimena emana duela.

e) Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu izana frogatzea.

2.3. Diru-laguntza hauetatik propio baztertzen dira honakoak:

a) Eskaeraren xede den aztarnategian edo lurraldean esku-hartze arkeologikoak egiteko baimenak lehenagoko kanpainetan izan dituzten eskatzaileak, baldin eta ez badituzte bete baimen horiek eragindako betebeharrak (memoriak, materialak eta erregistroko dokumentazioa aurkeztea).

b) Nafarroako Aurrekontu Orokorretan diru-laguntza izenduna duten esku-hartze arkeologikoak.

c) Lursailetan egin beharreko edozein lan mota dela-eta beharrezkoak diren jarduerak, lursail horietan aztarnategi arkeologikoak daudenean edo hondar arkeologikoak daudela susmatzekoa denean.

d) Kasualitatez gertatutako aurkikuntzak direla-eta beharrezkoak diren esku-hartze arkeologikoak.

e) Nafarroako Gobernuaren beste laguntza deialdi batzuetan modu egokiagoan edo espresuagoan jasota dauden esku-hartzeak, eta bereziki gorpuzkiak lurpetik ateratzeari dagozkionak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako herritarrei aintzatespena eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen xede direnak.

3.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak dira honako esku-hartze arkeologiko hauek:

a) Azaleko prospekzio arkeologiko/paleontologikoak, edozein motatakoak.

b) Zundaketa arkeologikoak/paleontologikoak.

c) Indusketa arkeologikoak/paleontologikoak.

d) Labarreko artearen erreprodukzioa eta zuzeneko azterketa.

e) Balio arkeologiko/paleontologikoa duten ondasun higiezinak sendotu, zaharberritu, lehengoratu eta babestea.

Jarduera diruz lagungarriak esku-hartze programatu edo presakotzat hartuko dira, salbu eta oinarri hauetako 2.3.c) puntuan aipatzen direnak.

3.2. Esku-hartzeek 2018an Nafarroako Foru Komunitatean eginak izan beharko dute.

3.3. Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak dira. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

3.4. Honako kontzeptu hauetarakoak izanen dira gastu diruz lagungarriak:

a) Diruz laguntzen den jardueran aritzen diren langileen gastuak; horretan emandako denbora adierazi beharko da. Langile mota eta gaikuntza zehaztu beharko dira, eta horien artean arkeologoak, zaharberritzaileak, topografoak, marrazkilariak, laguntzaileak eta peoiak egon daitezke.

b) Jarduera arkeologiko-paleontologikoa betetzeko zuzeneko gastu arruntak, hala nola, ekipoak alokatzea, materialak, kontsumigarriak eta abar erostea, betiere esku-hartzerako baizik ez badira erabiltzen.

c) Indusketaren xede izan diren aztarnategi edo hondar arkeologiko eta paleontologikoak itxi, babestu eta/edo lehengoratzen egindako gastuak.

Izaera horretatik kanpo daude zabalkunde arkeologikoarekin, modu batean edo bestean, zerikusia duten elementu guztiak (horma-irudiak, seinaleak, argitalpenak, ibilbideetarako materiala eta abar).

d) Esku-hartzean aritzen diren langileen dietak eta joan-etorriak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen dieta eta kilometroetarako kalte-ordainak erregulatzen dituen araudian aurreikusitako kopuru, baldintza eta kasu beretan emanen dira diru-laguntzak.

e) Egiaz egiten diren eta esku-hartzerako beharrezkoak diren zeharkako kostuak, baldin eta aurretik berariaz jaso badira gastuen aurrekontuan. Horien zenbatekoa ez da aurrekontuaren %5etik gorakoa izanen.

3.5. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako esku-hartzea gauzatzeko peritu gastuak eta administrazio gastuak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

d) Kapital ondasunak edo ondasun inbentariagarriak sortu edo eskuratzeko erabili behar diren ondasunetan egindako inbertsioak.

e) Lurrak eskuratzea.

4.–Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

4.1. Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %75 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, deialdi honen 3. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak kenduta.

Diru-laguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere 10.000 eurotik gorakoa izan.

4.2. Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

5.–Aurrekontuetako egozpena.

Deialdi honetarako baimendutako gastua 100.000 eurokoa da, eta 2018ko Gastuen Aurrekontu Orokorreko “Toki entitateentzako laguntzak, ondare arkeologikoaren arloko esku-hartzeetarako” izeneko A20001 A2120 4609 337100 partidari egotziko zaio.

6.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Diru-laguntzetarako eskaerak I. eranskineko eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dira, hurrengo ataletan eskatzen den dokumentazioa erantsita, eskatzaileak berak edo haren lege ordezkariak izenpetuta.

Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.navarra.es). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

6.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

A) Dokumentazio administratiboa.

a) Entitate eskatzailearen adostasuna, Ondare Historikoaren Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzan organo eskudunetan, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateaz, baita deialdia ebazteko beharrezkoa den beste edozein ere.

b) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu eta/edo jaso ote den, horren bitartez ziurtatzeko aurreikusitako diru-laguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.

c) Esku-hartze arkeologikoa egin gogo den lursailaren titularrak baimena emana duela.

d) Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu izana frogatzen duten agiriak.

B) Dokumentazio teknikoa:

a) Diru-laguntza zer esku-hartzerako eskatzen den, horri buruzko azalpen-memoria. Memoriak honako atal hauek jasoko ditu:

–Lursailaren ezaugarriak eta titulartasuna.

–Aztarnategi arkeologikoari buruzko argitalpen zientifikoen zerrenda zehaztua.

–Esku-hartze arkeologikoaren proiektua.

–Babes eta kontserbaziorako aurreikusi diren neurriak, eta esku-hartzearen xede den eremuan egiten duten portzentajea (azalerakoa, lineala edo atalka).

Esku-hartzea hartzen duen proiektu orokorraren barruko faseak adierazi beharko dira.

Teknikari arkeologo-paleontologo bat aipatu behar da, esku-hartzearen zuzendari teknikoa izanen dena; haren curriculum labur bat aurkeztu beharko da, merezimenduak eta argitalpenak azalduz.

b) Esku-hartzearen gastuen aurrekontu zehaztua, BEZa barne, eta gutxienez honakoak jasoko dituena:

–2018an eginen den faseak guztira izanen duen kostua.

–Diru-laguntza zertarako eskatzen den 2018an, horren kostu zehatza, adieraziz zenbateko horrek zer portzentaje egiten duen egin beharreko aurrekontu osoan, guztira eta kontzeptuz kontzeptu.

c) Toki entitate eskatzailearen lege ordezkariak izenpetutako konpromisoa, proiektua gauzatzeko behar den aurrekontuaren zatia, diru-laguntzarik jasoko ez duena, esku-hartzean erabiltzekoa.

d) Eskaera 7. oinarrian xedatutakoari jarraikiz baloratzeko behar den gainerako dokumentazioa.

6.3. Interesdun bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du, eta eskaera bakoitzak ikerketa arkeologiko-paleontologikorako proiektu bakarra izanen du bere baitan.

6.4. Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola enpresa edo profesional eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6.5. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.–Balorazio irizpideak.

7.1. Diru-laguntzak onartu eta haien zenbatekoa zehazteko honako alderdi hauek baloratuko dira, eta gehienez ere 100 puntu emanen dira. 50 puntura iristen ez diren eskaerak ezetsitzat emanen dira.

7.2. Baloratuko diren alderdiak hauek izanen dira:

7.2.1. Aztarnategia-lurraldeari dagokienez. 40 puntu gehienez.

a) Biztanle kopurua. Entitate eskatzaileak 10.000 biztanletik behera izatea, Nafarroako Estatistika Institutuaren indarrean dauden datuen arabera. 10 puntu gehienez.

10 puntu emanen zaizkie 1.000 biztanletik beherako entitateei, 5 puntu 1.000 biztanletik 5.000ra bitarte dituztenei, eta 2 puntu, azkenik, 5.001 biztanletik 9.999ra bitartekoei.

b) Aztarnategiaren puntuazioa Nafarroako Inbentario Arkeologikoan. 10 puntu gehienez.

Indusketa-zundaketak direnean, aztarnategiak Nafarroako Inbentarioan, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean aurreikusitako babes kategorietan sartzeko, aurreikusitako izaera edo puntuazioa duenean, 10 puntu emanen zaizkie interes kulturaleko ondasunaren izaera duten aztarnategiei, 5 puntu inbentarioko ondasunei, eta 2 puntu garrantzi lokaleko ondasunei edo Inbentario Arkeologikoan ez daudenei. Prospekzioen kasuan, eremua Nafarroako Inbentario Arkeologikoa egiteko prospektaturik egotea edo ez. 10 puntu emanen zaizkie prospektatu gabe dauden eremuei eta 5 puntu zati batean edo osorik prospektaturik daudenei.

c) Lursailen titulartasuna. Esku-hartzea egin behar den eremua titulartasun publikokoa izatea edo haren erabilera xede publikoetarako berariaz eta gutxienez 30 urterako lagatzeko agiri bat egotea. Baldintza hau 5 puntuz baloratuko da.

d) Epe ertain-luzerako jarduketa proiektu bat izatea, toki entitateak eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak onartua. Baldintza hau 5 puntuz baloratuko da.

e) Esku-hartzea zer jarduketarako eskatzen den, edo zer eremu geografiko prospektatu behar den, horretan bakarrik egindako esku-hartzeei buruzko argitalpen zientifikoak egotea. 10 puntu gehienez.

2 puntu emanen dira monografiako, 0,5 artikuluko (5 orri baino gehiagoko argitalpena) eta 0,25 albisteko (5 orri baino gutxiagoko argitalpena).

Ez dira baloratuko prentsan argitaratutakoak, ez eta izaera teknikoa ez dutenak ere.

7.2.2. Proiektuaren interesa eta kalitatea. Gehienez ere 30 puntuko balorazioa.

a) Proiektuaren interesa ondare arkeologiko-paleontologikoaren eta bideratu nahi den arazoaren ikuspegitik. Puntuazioa, gehienez ere: 10 puntu.

Puntuazio altuagoa emanen zaie errepikakorrak ez diren esku-hartzeei, Nafarroako Inbentario Arkeologikoan jasotako kategorien arabera induskatutako aztarnategiak edo prospekzioen xede izandako eremuak kontuan hartuta. Horretarako, Nafarroako Indusketa Planean azken 20 urteetan onartutako jarduketak kontatuko dira. Horrenbestez, ponderazio hau ezarri da:

–10 puntu. Interes handia. Esku-hartzerik ez.

–5 puntu. Tarteko interesa. Esku-hartze 1etik 5era.

–3 puntu. Interes txikia. 6 esku-hartzetik 15era.

–0 puntu. Interesik gabea. 15 esku-hartze baino gehiago.

b) Proiektuaren kalitatea. Puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu.

Honako kontzeptu hauek baloratuko dira (bakoitza, gehienez ere, 4 puntu):

–Erabilitako metodologia.

–Gastuen eta diru-sarreren aurrekontuaren antolaketa.

–Beharrezkoak diren bitartekoak eta azpiegiturak izatea.

–Taldekideen aniztasun teknikoa eta proiektura egokitzea.

–Proiektuko zuzendariaren ibilbide zientifikoa.

7.2.3. Finantzabideak. Gehienez ere 10 puntuko balorazioa.

Finantzabide osagarriak izatea baloratuko da.

10 puntu. 2018rako onartutako aurrekontuaren %50 baino gehiago hartzen duten finantzabide osagarriak izatea justifikatzen duten aurrekontuak dituzten proiektuak.

5 puntu. 2018rako onartutako aurrekontuaren %25etik %50era bitarte hartzen duten finantzabide osagarriak izatea justifikatzen duten aurrekontuak dituzten proiektuak.

0 puntu. 2018an finantzabide osagarririk ez duten proiektuak edo finantzabide horiek 2018rako onartutako aurrekontuaren %25etik beherakoak direnean.

7.2.4. Aztarnategiaren kontserbaziorako proposatutako neurriei dagokienez. Gehienez ere 20 puntuz baloratuko da.

a) Aztarnategiari aplikatutako neurriak.

10 puntutik 6 puntura bitarte. Aztarnategian kontserbaziorako neurri iraunkorrak aplikatzea.

5 puntutik 0 puntura bitarte. Aztarnategian kontserbaziorako aldi baterako neurriak aplikatzea.

b) Arkeologiako materialei aplikatutako neurriak.

10 puntu. Arkeologiako material guztiak zaharberritzea.

5 puntu. Arkeologiako materialetako batzuk zaharberritzea.

7.3. Proposamen bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzeko, irizpide honi jarraituko zaio:

a) Eskatutako gutxienekoa, alegia, 50 puntu, lortu duten eskaera guztien puntuak batu, eta eskaera bakoitzari 49 puntu kenduko zaizkio.

b) Baimendutako gastuko 100.000 euroak aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera lortutako puntuen baturaz zatituko dira, puntu/euro ratio bat lortzeko.

c) Aurreko puntuan zehaztutako ratioaren arabera proposamen bakoitzak lortutako puntuen arteko banaketa zuzenean proportzionala eginen da.

7.4. 7.3 puntuan adierazitako kalkulua zein den ere, diru-laguntzaren zenbatekoa, guztira, ez da izanen onartutako aurrekontuaren %75 baino handiagoa. Proposamenetako batek portzentaje hori gainditzen badu, soberakina proportzioan banatuko da gainerako esku-hartze diruz lagungarrien artean, aipatutako portzentajera iristen ez badira ere.

8.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

8.1. Eskaerak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak tramitatuko ditu.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioez.

8.2. Zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ondare Historikoaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako diru-mugak direla kausa deialditik kanpora gelditzen direnekin.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hilabeteko epean.

Epe hori ebazpenik eman gabe iraganez gero, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki-taulan ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39, Iruña).

10.–Diru-laguntzen ordainketa.

10.1. Emandako diru-laguntzak egintza bakar batean ordainduko dira, egin diren lanen frogagiriak aurkeztu eta onetsi ondoren.

10.2. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean aipatu portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordainagiriak badituzte, betiere.

Onartutako aurrekontua osorik justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako diru-laguntzen arteko portzentaje bera.

11.–Diru-laguntzen justifikazioak.

11.1. Diru-laguntzen onuradunek justifikatu beharko dute ezarritako baldintzak bete dituztela eta diru-laguntza emateko ebazpenean aurreikusi diren helburuak lortu dituztela.

11.2. Laguntzak zenbateko bakarrean ordainduko dira, eta, aldez aurretik, azaroaren 30a baino lehen, honako agiri hauek bidali behar dira:

a) Jarduketari buruzko memoria, egindako jarduerak eta onartutako proposamena noraino bete den adierazita.

b) Fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten bestelako agiriak. Faktura horiek Fakturazio Betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritako baldintzei jarraikiz eginak beharko dute.

Fakturak hurrenez hurren zenbakituta egonen dira, eta partiden arabera antolatuta, hartzekoduna, zenbatekoa eta jaulkipen data adierazita.

Fakturak ordaindu direla frogatu behar da, ordainagiriekin.

Langileria gastuak langileen eguneroko parteen kopien bidez frogatuko dira; esku-hartze arkeologikoaren titular teknikoak eta aitortzaileak sinatuko dituzte, eta egiaz lan horretan emandako orduak jasoko dira bertan.

c) Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda.

Zerrendarekin batera, excel taula bat aurkeztuko da, nahitaez. Honako hauek jasoko dira bertan: faktura edo frogagiriaren zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, gastu mota (3.4 oinarriaren arabera), ordainketaren eguna eta zenbateko konputagarria.

11.3. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak txosten bat erantsiko dio gastuaren justifikazioari, diru-laguntza emateko arrazoi izandako xedeak, hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen direla dioena; ondorio horietarako beharrezkoak izan daitezkeen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari.

12.–Onuradunek bete beharrekoak.

12.1. Onuradunak betebehar hauek ditu:

12.1.1. Administratiboak.

a) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko esku-hartzea egin dela eta diru-laguntza eman eta jasotzeko helburua lortu dela, deialdi honen 11. oinarrian aipatzen den moduan.

b) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako besteren diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Diru-laguntza eman dela jakin eta 15 egun naturaleko epean eman beharko da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

d) Emandako diru-laguntzaren ziurtagiriak aurkeztea, 11. oinarrian aipatzen diren datan eta moduan.

e) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izateko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaizkion legeetan agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

12.1.2. Teknikoak.

a) Diru-laguntzak emateko oinarria izan den proiektua onetsitako moduan eta epean gauzatzea.

b) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari idatziz jakinaraztea esku-hartze arkeologikoa hasi eta amaitzeko datak.

c) Proiektuan egin nahi den edozein aldaketaren berri Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, erakunde horren onarpena beharko baita.

d) Esku-hartze arkeologikoa garaiz amaitzea, oinarri hauetako 11.2 puntuan ezarritako diru-laguntza justifikatzeko epea betetzeko.

12.1.3. Bestelakoak.

a) Jarduerei buruzko publizitate guztian adieraztea Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza izan dutela.

b) Diru-laguntza eman dela posta elektronikoaz jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

12.2. Hemen adierazitako edo Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharretako edozein bete ezik, emandako diru-laguntza itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

13.–Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

14.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek beste administrazio publiko batzuek eta beste ente publiko edo pribatu batzuek, naziokoek zein nazioartekoek, emandako beste edozeinekin dira bateragarri; betiere, laguntzek, guztira, ez dute aurkezten den esku-hartzearen proiektuaren guztirako kostua gaindituko. Kostu hori gainditzen bada, zenbat gainditzen den proiektuaren guztirako kostua, zati hori gutxituko da deialdi honen babesean emandako diru-laguntza, eta onuradunek hura itzuliko dute.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da (42. artikulua eta hurrengoak).

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1807991