129. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

164/2018 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez betetzen baita Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 8ko 109E/2015 Foru Agindua, aldatzen baita Barneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 154/2014 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiko II. eranskineko c) atala eta irekitzen baita eskaerak aurkezteko epe berri bat. Aipatutako uztailaren 17ko 154/2014 Ebazpenaren bidez onetsi zen Barañaingo eta Burlatako polizia kidegoetan, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez, kaboen 4 lanpostu betetzeko deialdia.

Barneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 154/2014 Ebazpenaren bidez (2014ko 151. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 4koa) onetsi zen Barañaingo eta Burlatako polizia kidegoetan kabo izateko 4 lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

2014ko abuztuaren 29an gora jotzeko errekurtsoa jarri zen aipatutako deialdiaren kontra, eta partez baietsi egin zen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 8ko 109E/2015 Foru Aginduaren bidez, hau da: kendu egin zen euskararen balorazioa Barañaingo Udaleko lanpostuetarako. Hala, Barneko zuzendari nagusiari agintzen dio deialdia alda dezala horretarako, eta epe berri bat ireki dezala hartan parte hartzeko eskaerak aurkezteko.

Nabarmendu behar da errekurtsoa baietsi dela soilik Barañaingo Udaleko destinoa duten lanpostuetan euskara baloratzeari dagokionez; hortaz, eskaerak aurkezteko epe berria irekitzeak lanpostu horiei bakarrik eraginen die. Horrek berekin dakar, batetik, deialdia gainerakoan bere horretan mantentzen dela; horregatik, baldintzak eta merezimenduen balorazioa egiteko data bere hartan geldituko da, eskaerak aurkezteko epearen hasierako egunean, hots, 2014ko irailaren 3an.

Hori guztia dela eta, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeak aitortzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 8ko 109E/2015 Foru Agindua betez, aldatzea Barneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 154/2014 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiko II. eranskineko c) atala. Aipatutako uztailaren 17ko 154/2014 Ebazpenaren bidez onetsi zen Barañaingo eta Burlatako polizia kidegoetan, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez, kaboen 4 lanpostu betetzeko deialdia. Hau da testu berria:

“c) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei puntu eta berrogeita hamar (26,50).

a) Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5 puntu bakoitzagatik, gehienez ere.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik, aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Halako titulaziorik ez dutenei hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzeko puntu bat emanen zaie.

Euskaraz jakiteagatik, Burlatako Udaleko lanpostuetan: gehienez 11,50 puntu.

Horren ondorioetarako, EGA titulua edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, izanez gero, aurreko ataletan emandako gehieneko balorazioa jasoko da.

Titulu hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 izanez gero, 3/5; eta B2 izanez gero, 4/5. Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzarengatik gehieneko puntuazioaren 1/12 lortuko da.

Lau hizkuntzen jakite-maila frogatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahalko dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio gainditutako maila bakoitzari.”

2. 30 egun naturaleko epe berri bat irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, parte hartzeko eskaerak eta erantsi beharreko agiriak aurkezteko, Barañaingo Udalerako deitutako lanpostuetan sartu ahal izateko.

Ondorio horietarako, eskaera eredua erantsi da ebazpen honen eranskin modura. Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) argitaratutako fitxan lor daiteke, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialeko ebazpen honen argitalpenetik abiatuta.

2014ko irailaren 3rako bete behar dira deialdi honetan eskatutako baldintzak. Bestalde, geroago lortutako merezimenduak ez dira baloratuko.

Horretarako ezarritako epean behar den dokumentazioa aurkeztu zuten izangaiek ez dute parte hartzeko eskaera aurkeztu behar berriz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita Nafarroako Gobernuaren webguneko (www.navarra.es) deialdiaren fitxan ere.

4. Ebazpen hau igortzea Barne Zuzendaritza Nagusira eta udal interesdunetara.

5. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua eta Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean, inola ere galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko ekainaren 22an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

BARAÑAINGO ETA BURLATAKO UDALETARAKO KABO IZATEKO 4 LANPOSTU BETETZEKO DEIALDIA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1808275