125. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

HIRIBERRI DEIERRI

Ordenantza, Allozko urtegiaren bazterren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Hiriberri Deierriko Kontzejuak, 2018ko apirilaren 21ean egin osoko bilkuran erabakita, hasiera batean onetsi zen Allozko urtegiaren bazterren erabilera Hiriberri Deierrin arautzen duen ordenantza. Erabaki hori 2018ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 15ean. Ondoan ematen testua zehatz-mehatz:

Jendaurrean egoteko epea iraganda inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta ordenantzaren testu osoa ondotik argitaratzen da, ondorio juridiko osoak izan ditzan.

Hiriberri Deierrin, 2018ko apirilaren 21ean.–Kontzejuko burua, Mª Begoña Cañada Zorrilla.

ALLOZKO URTEGIAREN BAZTERREN ERABILERA HIRIBERRI DEIERRIN ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea ibilgailuen aparkalekuak eta bainurako eremuak erabiltzeko udan, ekainetik urrira, biak barne.

2. artikulua. Bainurako eremuaren eta aparkatzeko eremuaren lurzati horiek zaindu eta mantentzea Kontzejuari dagokionez, beharrezkoa da nola erabili arautzea.

3. artikulua. Betebeharrak.

Allozko urtegiaren bazterretan bainurako eremua Hiriberri Deierrin erabiltzen dutenek honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan.

b) Espresuki debekaturik dago laborantzako lursailak eta bideak hartzea, baimendun ibilgailuak izan ezik.

c) Landatutako zuhaitzak errespetatu behar dira.

d) Debekaturik dago kanpatzea, gaua ematea eta ibilgailuak 12 ordu baino luzaroagoan aparkatzea.

e) Ingurua errespetatu behar dute eta zaborrak herriaren sarreran dauden edukiontzietara bota behar dituzte.

f) Zakurrak ezin dira aske ibili, beti uhalarekin eta adinez nagusia den batekin egon behar dute. Gainera, arraza arriskutsukoak badira, muturrekoa paratua izan behar dute. Zakurren arduradunek haien gorotzak bildu beharko dituzte.

g) Debekaturik dago sua, sutzarrak edo barbakoak piztea, uztondoak eta zuhaitzak hurbil baitaude.

h) Urtegiaren uretan debekaturik daude ibilgailu motordunak.

i) Hiriberri Deierriko Kontzejuak agintzen dituen jarraibide guztiak errespetatu behar dituzte.

4. artikulua. Seinaleztapena.

Hiriberriko Kontzejuko batzarrak aginduko du kasu bakoitzean beharrezkoak diren trafikoko seinaleak eta bestelakoak ezartzea, kentzea eta ordeztea.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izango da.

Kontzejuak ematen dituen beste jarraibide batzuk ez betetzeak ere arau-haustea ekarriko du.

Arau-hausteak isunarekin zehatuko dira, baina hura ez da izango Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezartzen dena (150 euro) baino handiagoa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko egingo zaio alegaziorik aurkezteari eta ebazpen espresa eman beharrik gabe buka daiteke prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

6. artikulua. Kalte-ordainak.

Bainu eta aparkaleku eremuetan eragindako kalteak jarduketak egin dituenaren kontura konponduko dira. Kalteen balorazioa administrazio bidez egingo da.

7. artikulua. Isunak ordaintzea.

Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Hiriberri Deierriko Kontzejuak ez du izango erantzukizunik aparkatzeko eremuan uzten diren ibilgailuetan gerta daitezkeen lapurreta, basakeria edo hondaketengatik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Iragarkiaren kodea: L1807979