125. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SARTAGUDA

Ordenantza, Ortutxoren eta Udalaren baratze ekologikoen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Sartagudako Udalak, 2018ko apirilaren 27an egindako osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen Ortutxoren eta Udalaren baratze ekologikoen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Sartagudan, 2018ko maiatzaren 15ean.–Alkatea, Paolo Albanese Weiss.

ORDENANTZA, ORTUTXOREN ETA UDALAREN BARATZE EKOLOGIKOEN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA
ARAUTZEN DITUENA

AURKIBIDEA

ZIOEN AZALPENA.–Proiektuaren deskribapena eta xedeak.

XEDAPEN OROKORRAK.

I.–ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK.

1. artikulua. Udalaren konpromisoak.

2. artikulua. Pertsona eta talde lagapen-hartzaileen eskubideak.

3. artikulua. Pertsona eta talde lagapen-hartzaileen betebeharrak.

II.–KUDEAKETA.

4. artikulua. Jabetza eta kudeaketa: pertsona lagapen-hartzaileen erkidegoa.

5. artikulua. Baratzeen banaketa.

III.–KONTRATUA.

6. artikulua. Pertsona eta talde lagapen-hartzaileen betekizunak.

7. artikulua. Ebazpenak eta gorabeherak.

8. artikulua. Fidantza eta prezioa.

9. artikulua. Prozedura.

IV.–BARATZEEN ERABILERA.

10. artikulua. Arau orokorrak.

11. artikulua. Berariazko debekuak.

12. artikulua. Baratzeak erabiltzeko baimena.

13. artikulua. Arau-hausteak.

14. artikulua. Zehapenak.

ZIOEN AZALPENA

Sartagudako Udalarentzat, udalerrian bertan gauzatzeko zeharkako proiektua da. Erakunde publiko garen aldetik, badakigu gure erantzukizun eta betebehar nagusietako bat dela herriko biztanleen bizi-kalitatea hobetzea; hala, bertako gazteek eskatzen duten aisialdi osasungarriari erantzun nahi diogu, betiere ingurumena errespetatuz eta gure ingurunea zainduz.

Halaber, proiektuak Agenda 21eko helburu jakin batzuk betetzen ditu.

Gizarte-ongizateko, Nekazaritzako, Hirigintzako, Hezkuntza eta Kulturako, eta Landa-garapen eta Ingurumeneko Batzordeen bidez, erreferentziako elementu berria eratu nahi da Sartagudako udalerriarentzat, eta, horretarako, aisialdi osasungarrirako eremu bat berreskuratuko da, bertan baratze ekologikoak nahiz irizpide bioklimatikoen araberako eraikin txikia egiteko, ezinbestekoa izanen dena proiektua garatzeko, bai eta errazteko ere Memoriaren Parkeko lorategiaren mantentze-lanak ere.

Bitarteko bat sortu nahi da, batetik, ingurumen-hezkuntza eta aisialdi osasungarria gizarte-sektore guztietara zabaltzen laguntzeko, biztanleen artean jarrera eta balio aldaketa sustatuz eta jokabide parte-hartzaile eta arduratsuak sortuz, eta bestetik, nerabe eta gazteen eskura ingurune egokia jartzeko, beren barazkiak, ortuariak, sendabelarrak, usain-belarrak, landare apaingarriak, etab. hazteko aukera izan dezaten eta beren proiektuaren eragile aktiboak izan daitezen, bai eta belaunaldi zaharragoekin informazioa eta bizipenak partekatzeko aukera izan dezaten ere.

Kudeaketa berritzailearen erreferente izanen da, garaiarekin bat etorriko dena, entretenitzeko eta olgetarako eduki beharreko eginkizun soziala bermatuko duena eta ingurumenaren orekari lagunduko diona.

Xedea da jolasgune nabarmena izatea, eta bertako biztanleak sentsibilizatzea ohitura osasungarriak eta bizimodu nahiz bizikidetza jasangarriagoak har ditzaten, betiere, aisialdi osasungarrirako eskaintza bermatzen saiatuz, eta gogoan izanda aldaketa handiak helburu txiki askoren ondorio direla.

Baratzeak sintonian eta sinbiosian daude ingurunearekin, eta Sartagudako labore tradizionalen ekoizpena sustatu, nekazaritza ekologikoaren laborantza teknikak ezagutarazi eta haien balioa nabarmentzen dute.

Asmoa da biztanleek proiektuaren planteamenduan, gauzatzean eta kudeaketan parte-hartze aktiboa izatea, eta Sartagudako iragana, oraina eta etorkizuna biltzen eta batzen saiatzea.

Iragana, Memoriaren Parkeak irudikatzen duen memoria historikoko gunea osatzeko, aisialdi osasungarrirako eta atsedenerako gune bat eskainiz, eta Memoriaren Parkea bisitatzen duten sartagudatarrek eta kanpotarrek ere erabiltzeko aukera izan dezaten.

Iragana, udalerriko nekazaritza tradizionalari dagokionez ere, gure adinekoek baratze sozial eta ekologikoen bidez praktikara eraman ditzaketen nekazaritza teknikak, laborantza eta ekoizpen tradizionalak gogoan izanda eta horiek berreskuratzen saiatuz.

Oraina, ohitura jasangarriak eta aisialdi osasungarria bultzatuz, eta proiektuaren azken erabiltzaile diren parte-hartzaileek proiektuaren diseinutik hura burutu arte udalerriko jardueretan esku-hartzea sustatuz.

Azkenik, etorkizuna, etorkizuneko belaunaldientzako oinarriak finkatzen saiatuz, informazioa emanez, eta nekazaritza ekologikoan eta alternatiboan elkarren arteko talde formakuntza eskainiz; eta horretarako sortuz ere sinergiak, askotariko eta belaunaldien arteko lantaldeak, eta elkartrukerako nahiz bizikidetzarako guneak. Horretaz gainera, gaztetxoenekin lan eginen da, gazteria jakinzalea, motibatua eta informatua izan dadin, gainerakoak nahiz ingurunea errespetatuko dituena, eta jarrera aktiboa eta goreneko gaitasunak izanen dituena. Irizpide bioklimatikoei jarraikiz diseinatutako ideia horretatik abiatuta planteatzen dira Baratze Sozial Ekologikoa eta Ortutxo eremua.

Deskribapena

Aisialdi osasungarrirako proiektua Udalaren lursail honetan eginen da: 2. poligonoko 2189. lurzatian (Katastroko erreferentzia: 310000000001493190XY). Lurzatia Alto de Moleron dago, Iparraldeko industrialdeko CP-05 sektorean, udalerriaren iparraldeko sarreran, eta 2.961 m²-ko azalera du, guztira.

Eremu horretan, Ortutxo eraikin txikia eta 100 m² inguruko 12 baratze zedarriztatu sartzen dira. Eskaerak gehiago badira, baratze kopurua handitzen ahalko da. Baratzeak bi zerrendatan banatzen dira, eta 6 baratze daude bakoitzean, landaresi komunitarioz bereizita, binaka. Ongi bereizita daude, zurezko hesola zenbakituen bidez.

Eremu horretan kokatzen dira konposta egiteko gunea eta konpostagailu komunitarioa, eta Sartagudako familiek parte hartzen ahal dute bertan, beren hondakin organikoak eramanez. Lortzen den konposta beren baratzeetan erabiltzeko izanen da. Eremu gehiago ere gaitzen ahalko dira etorkizunean honako hauek jartzeko: hazitegi komunitarioa, hegazti-konpostagailua, etab.

Halaber, Ortutxo erabiltzea aurreikusi da, erabiltzaileek beren baratzeak lantzeko beharrezko tresna eta lanabes txikiak gorde ahal izateko.

Instalazioa Memoriaren Parkearen ondoan dago, kokaleku paregabean, natur-ingurunean, udalerriko sarrera nagusian (iparraldekoan), eta ikusgaitasun hori dela eta, ingurunearekin harmonian diseinatu da. Material naturalak erabili dira eta lorategi bihurtutako eraikuntzarako soluzio estalia, instalazioa bertako ingurunearekin bateratze aldera.

Baratzeek banakako ur-hornidura zerbitzua izanen dute. Barrutiaren inguruko eremua hesitzeko aukera aurreikusi da.

Ortutxon, Udalak, kolektiboek edo partikularrek gizartearen intereseko hainbat jarduera egiten ahalko dituzte, hala nola tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, jardunaldiak, etab. Ortutxon jarduera horietakoren bat egin nahi bada, udal bulegoetan egin beharko da eskaera.

Helburuak

Proiektuak barnean hartzen ditu ingurumen jasangarritasuneko eta aisialdi osasungarriko iragazkia pasa duten askotariko sailak, eta motorra izateko konpromisoa hartu duten herritarren partaidetzaren aldeko apustua egiten du, eta erantzukizun kolektiboa baliatu, gure udalerriaren garapen osasungarrian.

Hainbat aldaketa dakartzan prozesu honetan, hau da, ohitura osasungarriagoak eta jasangarriagoak izateko, eta bizikidetza arduratsuagoa, bidezkoagoa eta begirunetsuagoa lortzeko jarrera indibidual eta kolektiboak eta bizilagunen harremanak aldatzeko, funtsezkoa da partaidetza aktibo eta konprometitua izatea erabiltzaile gisa, bai eta sustatzaile gisa ere.

Ortutxon, esku-hartzea zenbait dinamikatan zatitu da, eta erabiltzaileek haietan parte hartu dute hasiera-hasieratik.

Proiektuak eragiten dituen proposamen eta jarduerek hura osatu eta aberasten dute. Horregatik, horiek esku-hartze bakoitzean garatu eta gauzatzeko beharrezko bitarteko, ezagutza eta tresnak jarri behar dira parte-hartzaileen eskura.

Ortutxoren eraikuntzaren eta baratze sozial ekologikoen kokalekuaren gaineko lehendabiziko helburuak betetzea lagungarria izanen da honako hauetarako:

Gutxi erabilitako ingurune bat biziberritzea, eta bertako landareak lehengoratzea, baratzeen ingurumen-hirigintza funtzioa aprobetxatuz; izan ere, eremu libreen balio eta funtzio ekologikoak, kulturalak eta paisaiari loturikoak kontserbatzeko ahalmen handia dute.

Tokiko fruta-arbolak berreskuratzea eta sartzea.

Sartagudako herri kulturaren, bizimoduaren eta izaeraren zati diren baratzezaintzako tradizioak partekatu eta berreskuratzea.

Azpiegitura eta baliabide zehatzak edukitzea, kolektibo ezberdinei eta, oro har, ingurumen hezkuntzan eta parte-hartzean eta aisialdi osasungarrian interesa duten eta horretan lan egiten duten bizilagunei zuzenduriko edozein motatako programa, tailer, ikastaro, hitzaldi, erakusketa, etab. egiteko aukera ematen dutenak.

Egoera ahulean edo bazterkeria egoeran dauden kolektiboei araututako espazio bat ematea, beren kontsumorako elikagaiak haz ditzaten.

Biodibertsitatea kontserbatzera, baratze-espezie tradizional autoktonoak berreskuratzera, osasuna zaintzera eta ingurumena errespetatzera bideraturiko sentimendu positiboak pizteko balio motibatzaileak sustatzea, baratzeek gizartearen kohesiorako duten ahalmena aprobetxatuz, jarduera hezitzaile, ludiko, terapeutiko eta abarren bidez.

Irizpide bioklimatikoekin eraikitzearen abantailak bultzatzea, zabaltzea eta ezagutzera ematea.

Sartagudako biztanleen artean sustatzea bizimodu jasangarriak, hala nola nekazaritza ekologikoa, eko-mugikortasuna, eraikuntza bioklimatikoa edo energien optimizatzea.

Ingurumen hezkuntzari ematea betidanik izan duen benetako zentzua, hots, balioetan oinarrituriko hezkuntzakoa, herritar arduratsuak hezten lagun dezan, gizalegezko jarrera susta dezan, belaunaldi, elkarte eta talde ezberdinetako pertsonen arteko parte-hartze kolektiborako eremuak sor ditzan, aisialdi osasungarria lortzeko bizimoduak bultza ditzan, droga kontsumoaren alternatiba eta babes-faktore gisa erabiltzeko, eta gure hurbileneko ingurunearen eta, ondorioz, Lurraren beraren egoera zaindu dezan.

XEDAPEN OROKORRAK

I.–ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

1. artikulua. Udalaren konpromisoak.

Bestalde, Sartagudako Udalak konpromisoa hartzen du Aisialdi Osasungarrirako Baratze Ekologikoak lagapen-hartzaileen eskura jartzeko; horiek behar bezala prestatuak egonen dira eta banakako ur-irteera izanen dute, ureztaketa sistema instalatzeko, eta lanabesak eta bestelako tresnak gordetzeko lekua izateko. Halaber, perimetroa ixteen ahalko du, beharrik ikusiz gero.

Udaleko arduradunek uneoro ikuskatzen ahalko dituzte instalazioak, egiaztatze aldera agiri honetan ezartzen diren arauak betetzen direla.

Udalak lagapen-hartzaileei Aisialdi Osasungarrirako Baratze Ekologikoak behar bezala erabiltzeko aholkuak emanen dizkie. Horretarako, nekazaritza ekologikoari buruzko ezagutzak eskuratzeko formakuntza ikastaroa jasoko dute; besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: haziak aukeratzea, baratzea prestatzea, laborantza, tratamendu prebentiboak, izurri eta gaixotasunen aurkako tratamendu naturalak, lurzatia ureztatzeko sistema instalatzeko aholkularitza, etab.

Beste erakundeekin elkarlanean eta teknika espezializatuak erabiliz, etengabeko formakuntza tailerrak emanen dira urtean zehar. Entitate laguntzaileetako profesionalek baratzeen jarraipen periodikoa eginen dute.

Nahitaezkoa izanen da ikastaroetan parte-hartzea, bai norbanakoentzat bai taldeentzat, salbu eta eskarmentu nahikoa duen monitore batekin lan egiten badute.

Ordenantza honen 2. artikuluan jasotako helburuei loturiko jarduera programa bat ezarriko da, eta urtean zehar garatuko da.

Udalak eremu bat gordeko du lurzatian, uharte ekologiko bat jartzeko, hartara baratzeek sortutako hondakin organikoak botatzeko, bai eta konpostagailu komunitario bat instalatzeko ere, Sartagudako familiek parte hartu ahal izateko beren hondakin organikoak eramanez. Baratzeek eta konpostagailu komunitarioak sortutako hondakinetatik ateratako konposta egin eta banatzeko egutegia finkatuko da.

Inguruan, plastikoak eta ontziak biltzeko edukiontzi egokia eta euri-ura biltzeko sistema jarriko dira.

2. artikulua. Pertsona eta talde lagapen-hartzaileen eskubideak.

Aisialdi Osasungarrirako Baratze Ekologikoen Proiektuan parte hartzen dutela egiaztatzen duen txartela jasotzea; hartan, datu pertsonalak eta esleitu zaion lurzatiaren zenbakia agertuko dira.

Delako lurzatia lantzea eta ematen dituen produktuez gozatzea.

2 esku-tresna txiki gordetzeko eremu estali bat edukitzea.

Proiektuari lotutako jarduera guztietan parte hartzea.

3. artikulua. Pertsona eta talde lagapen-hartzaileen betebeharrak.

Baratze ekologikoak erabiltzeko erregelamendua betetzea; haren kopia garaiz jasoko dute pertsona eta talde lagapen-hartzaileek.

Instalazioak behar bezala erabiltzea eta lurzatia txukun eta garbi edukitzea une oro.

Harreman ona eta errespetuzko bizikidetza izatea gainerako lagapen-hartzaileekin.

Lurzatian tantakako ureztatze sistema edo exudatze hodia instalatzea. Ureztatzeko ezinbesteko ura baino ez erabiltzea eta baimendutako orduen barruan egitea.

Lurzatia lantzearen ondoriozko hondakin organikoak birziklatzea, eta Jurramendiko Mankomunitateak emandako edukiontzietan botatzea, eta gaienerako hondakinak konposta egiteko erabiltzea edo zuzenean lurzatian botatzea helburu horretarako.

Ikusten den edozein anomalia funtzionalen berri ematea proiektuko udal arduradunei, irtenbidea ahalik eta lasterren aurkitze aldera.

Instalazioan hondatzen zaizkion elementuak konpontzea edo berriz jartzea.

Ez altxatzea tarte artifizialik, ezta hesirik ere, ez baratzeen artean ez eremu komunetara ematen duten eremuetan, ez eta gainerako lurzatiei itzal egiten ahal dien elementurik ere.

Lagapen-hartzaileak ezin izanen du inbertsiorik egin bere ekimenez.

Ez sartzea instalazioetatik kanpoko ezein elementurik (bidoiak, bainuontziak, bankuak, kutxak eta berotegiak).

Ekipamendua erabilera komunerako da; hortaz, txukun eta egoera onean mantendu beharko da.

Aldean eramatea emandako txartela, baratzeetan daudela; izan ere, hura uneoro eskatzen ahalko diote udal arduradunek.

Baratzeak erabiltzeko ezartzen diren kuotak pagatzea, adierazi modu eta epeetan. Bildutako zenbatekoa baratzeen eremuko mantentze-lan arrunten gastuak ordaintzeko erabiliko da.

Gaizki erabiltzeagatik kaltetu, hondatu edo galdutako ondasun edo tresnak konpondu edo berriz jartzea. Konpontzen ez bada, zenbatekoa hasierako fidantzatik deskontatuko da. Diru aski ez bada, aldea ordaindu beharko da. Horretaz gainera, lagapenarekin jarraitzeko, beste fidantza bat ordaindu beharko da.

Lurzoruaren korridore mugakideak garbi edukitzea, harririk, egurrik, landarerik, hondakinik edo lurrik gabe.

Saihestea baratzearen mugetan dauden heskai edo laboreen aireko zatia haien kanpoaldera irtetea, eremu komunak, ondoko baratzeak edo bideak har ez ditzaten. Gutxienez ere, 30 cm-ra egon beharko dute mugatik sailean.

Lurzatia baratzeko laboreak edo loreak izateko soilik izanen da, modu ekologikoan landuz, eta berariaz debekatuta egonen da nekazaritza ekologikoaren arloan indarra duen legediak baimendu gabeko belar-hiltzaileak, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzea.

Pertsona edo talde lagapen-hartzaileak bere haziak erabiltzeko konpromisoa hartuko du, edo bestela, jatorri ekologikoko landare edo haziak; guztiz debekatuta dago hazi transgenikoak erabiltzea.

Baratzea egoera onean uztea hura erabiltzeko epea amaitzean, giltzak eta jasotako lanabesak itzuli aurretik.

II.–KUDEAKETA

4. artikulua. Jabetza eta kudeaketa: pertsona lagapen-hartzaileen erkidegoa.

Lursailak Udalarenak direnez, haren eskumena izanen da haien administrazioa eta zuzendaritza. Ildo horretan, Udalak beretzat gordetzen du lurzatien berrantolaketan eta banaketan aldaketak egiteko eskubidea, bai eta azalerak aldatzekoa ere, gerta daitezkeen halabehar edo ustekabeen aurrean.

Ortutxo edo Aisialdi Osasungarrirako Baratze Ekologikoak erabiltzeko lagapenak ez dakar inola ere lursailaren jabetza eskualdatzea, titularra Udala izanen baita beti.

Erabiltzeko lagapena urtebeterako izanen da, eta gehienez ere 4 urterako luzatzeko aukera egonen da, salbu eta lagapen kontratua iraungi aurretik Udalak edo lagapen-hartzaileak lagapena ez luzatzeko asmoa adierazten badute edo hura iraungi bada ordenantza honetan kontratua bertan behera uzteko ezarritako arrazoietakoren bat gertatu izanagatik.

Denbora hori igarota, deialdi berria eginen da, eta ezin izanen zaie baratzerik esleitu aurretik erabiltzaile izandakoei, salbu eta eskaera nahikorik egin ez bada.

Jarraitzeko asmoa duten adingabeen kasuan, edota gizarte intereseko proiektu bat duten kolektibo edo taldeen kasuan, inguruabar horiek dirauteino, erabiltzaile diren baratzeen erabilera luzatuko da, deialdi berri batean parte hartzeko beharrik izan gabe.

Eskaera zein den, Udalak beretzat gordetzen du epe hori aldatzeko eskubidea.

Baratzea pertsona bati baino ez zaio esleituko, eta hura izanen da titularra; elkarte eta kolektiboen kasuan, haiek izendatutako ordezkari bati esleituko zaio, eta ezin izanen du baratzea laga edo eskualdatu, eta hura izanen da baratzearen, haren erabileraren eta hartan erabiltzen diren produktuen erantzulea ondorio guztietarako.

Erabiltzeko baimena pertsonala eta besterenezina izanen da beti, eta erregelamendu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen diren bitartean baizik ez du ondoriorik izanen. Dena dela, lagapen-hartzailearen ordez aritzeko pertsona bat izendatzen ahalko da, lagapen-hartzailea ez dagoenerako, edo aski justifikatutako arrazoirik denerako, betiere hark eskatuta.

Azkenik, lagapen-hartzailea hiltzen bada, edo jarduerari lotutako zereginetan parte hartzea galarazten dion ezintasun fisiko edo psikikoren bat badu, baratzea erabiltzeko lagapena deuseztatuko da.

Aisialdi Osasungarrirako Baratze Ekologiko baten lagapen-hartzaile diren elkarte edo entitateek beren lurzatietan batera lan egitea erabakitzen ahalko dute, baldin eta mugakideak badira; gehienez ere bi lurzati lantzen ahalko dira modu horretan.

Udalak beretzat gordetzen du Ortutxon urte osoan zehar jarduera programa bat gauzatzeko eskubidea, bai eta lurzati kopuru zehatza gordetzekoa ere, zenbait jarduera egiteko (formakuntzakoak, hezitzaileak, esperimentalak, etab.); halaber, kolektibo bakoitzarentzako ehunekoak aldatzen ahalko ditu, eskaera betetzen ez bada.

Baratzeen zeregin dibulgatzailea eta hezitzailea faboratzeko, erabiltzaileek Udalak antolatu banakako zein taldekako bisitak onartu beharko dituzte.

Lagapen-hartzaileen Erkidegoa eratu beharko dute baratzeen lagapen-hartzaileek. Erkidego horrek harremanak ezarriko ditu Udalarekin, haren ordezkarien bidez.

Lagapen-hartzaileak eremu komunak garbitzeaz eta barrutiaren mantentze orokorraz arduratuko dira, Ortutxoren fatxada nagusian dagoen aisialdiko eremua kanpo, eta Udalari elementu komunetan izan daitezkeen gorabeheren berri emanen diete, konpon daitezen.

Lagapen-hartzaileak arduratuko dira esklusiboki baratzea zaintzeaz eta hura egoera onean mantentzeaz, bai eta barrutia ireki eta ixteaz ere, halakorik egin behar bada.

Erkidegoa arduratuko da konposta hondakin orokorrak erabiliz ekoizteko eremuaz, bai eta izan daitezkeen ohiko mantentze-lanen banaketaz ere.

Erkidegoak urtero helaraziko dizkio baratzeen kudeaketaren gaineko ardura duen alorrari ekitaldi horretarako solaskideen izenak, telefonoak eta helbide elektronikoak, bai eta barrutia ireki eta ixteaz arduratuko diren pertsonenak ere, halakorik eginez gero.

Baratzeen ureztatze mota tantakakoa edo exudatze hodi bidezkoa izanen da; dena dela, ureztagailua ere erabiltzen ahalko da.

5. artikulua. Baratzeen banaketa.

Baratzeen banaketari dagokionez, honako hauei jarraikiz lagako dira:

Bi baratze elkarte edo kolektiboentzat izanen dira.

Baratze bat ikastetxe publikoarentzat.

Baratze bat erretirodunen elkartearentzat.

Baratze bat irizpide sozialei jarraikiz lagako da, eta lehentasuna izanen dute drogak kontsumitzeagatik gizarteratze programetan daudenek, frogabideen bidez egiaztatzen dutenek; gainerako kasuetan, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eskumena izanen dira, eta herriko sektorerik ahulenak hartu beharko dituzte aintzat.

Baratzeak zozketa bidez esleituko dira, erregelamendu honen 11. artikuluan azaltzen den bezala.

III.–KONTRATUA

6. artikulua. Pertsona eta talde lagapen-hartzaileen betekizunak.

Baratze ekologiko baten lagatzean parte hartzeko, nahitaezko betekizuna izanen da adinez nagusia izatea, eta Sartagudako biztanlea, Udalaren erroldan inskribatuta egonda deialdiaren data baino urtebete lehenago gutxienez.

Adingabeek lurzatia edukitzeko aukera izanen dute, beren gurasoen edo legezko tutoreen bidez, eta lehentasuna izanen dute Ortutxoren eraikuntza prozesuan parte hartzen duten adingabeen gurasoek edo tutoreek.

Udalarekiko zerga arloko betebeharrak eguneratuak edukitzea.

Baratze bat baizik ezin izan da esleitu bizikidetza unitateko eta etxebizitzako, edozein delarik ere partekatzen dutenen arteko ahaidetasun harremana.

Interesdunek eremu bat eskatzen ahalko dute, eskabidean adierazita zein den familia unitatea osatzen duten kideen kopurua.

Ezin izanen dira lagapen-hartzaile izan lurzatiaren erabileraz gabetutako pertsonak, haren erabilera okerra dela-eta.

Erabilera kolektiboko lurzatiak eskatzen ahalko dituzte gizarte edo kultur arloko jarduerak gauzatzen dituzten Sartagudako irabazi-asmorik gabeko elkarteek.

Kolektiboek beren eskabidean adieraziko dute zenbat pertsonek lan eginen duten baratzean, sartzeko eta erabiltzeko beharrezko baimenak formalizatzeko. Lurzatiak zozketa bidez esleituko dira.

Udalak txartel pertsonal bana emanen die lagapen-hartzaileei. Txartela besterenezina izanen da, eta haren erabilera hautazkoa.

7. artikulua. Ebazpenak eta gorabeherak.

Lagapen-hartzaile izaera automatikoki galduko da, honako kasu hauetan:

Bere borondatez uko egitea edo baja hartzea, Udalean aurkeztu idazki bidez.

Bizilekua beste udalerri batera aldatzea.

Lurzatia ez ureztatzea hiru hilabetean baino gehiagoan.

Jarduera bertan behera uztea, horrek urtean 6 hilabetetako bi epealdi egiten dituenean.

Lurzatia erabiltzeko baimena emateko baldintzak desagertzen direnean.

Baratzea erregelamendu honetan zehazten ez diren erabilera eta helburuetarako erabiltzea.

Bizikidetzarako oinarrizko arauak ez betetzea, solidarioak ez diren portaerak, ur gehiegi kontsumitzea, edo produktu toxikoak edo toxikoak izan daitezkeenak erabiltzea arauak baimentzen ez dituen dosietan.

Baratzea lantzetik lortutako produktuak salmentan jartzea, salbu eta 12. artikuluan jasotako kasuetan.

Lagapen-hartzailearen heriotza, gaixotasun kronikoa edo baratzea lantzeko ezintasuna. Kasuotan, esleitutako jaraunsleek edo ahaideek baimena izanen dute instalazioetan dituzten baratze produktuak eta norberaren gauzak hartzeko.

Udalak hirigintza-garapenerako jarduketaren bat egin behar badu baratzeak dauden lursailetan.

Baimena deuseztatzeak, arrazoia edozein delarik ere, ez du inolako kalte-ordainik edo konpentsaziorik jasotzeko eskubidea sortuko.

8. artikulua. Fidantza eta prezioa.

Lagapen-hartzaileak, udal ikastetxeak salbu, hasierako fidantza (25 euro) ordaindu beharko du. Fidantza horrek adierazten du lagapen-hartzaileak betebeharrak eta obligazioak betetzeko hartu konpromisoa. Fidantza itzuliko zaio baratzearen lagatze-aldia amaitzen den unean.

Lehendabiziko bi urteetan, lagapen-hartzaileak kuotak pagatzetik salbuetsirik geratuko dira. Lehendabiziko bi urte horiek igarota, Udalak ur kontsumoari buruzko benetako datuak izanen ditu nagusiki, eta gastuaren gutxi gorabeherako kalkulua egiten ahalko du. Banakako baratzeen kasuan, hiruhilekoko kuota ez da ezein kasutan 6 eurotik gorakoa izanen, ez eta 10 eurotik gorakoa ere, kolektiboen kasuan. Kuota hori proiektuko instalazioak mantentzeko ekarpen solidarioa izanen da, eta zenbatekoa urtero ezarriko da ordenantza fiskaletan.

Ikastetxe publikoari eta erretirodunen elkarteari lagatako baratzeak, eta gizarte irizpideak zorrozki betez, doakoak izanen dira.

Gizarte Zerbitzuek izendatutako lagapen-hartzaileen kasuan, fidantza Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ordainduko du, eta ez dira araudi honetara bilduko kuotei dagokienez; bai, aldiz, ur kontsumoari eta erabilera araudi honetan aplikatu gainerako baldintzei dagokienez (arau-hauste eta zehapenei buruzko atala barne).

Udalak beretzat gordetzen du ureztaketa denborak eta aplikatu beharreko tarifak doitzeko ahala, bai eta ureztaketa guztiz bertan behera uztekoa ere, urteko baldintza meteorologikoek giza kontsumoa arriskuan jartzen badute.

9. artikulua. Prozedura.

Baratze Ekologikoa eskatzeko prozedura deialdi publiko bidez eginen da.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko da, eta bertan adieraziko eskaerak aurkezteko epea, 15 naturalekoa izanen dena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Interesdunen eskura jarriko dira eskabide eredu normalizatuak.

Eskaera bakarra baino ezin izanen da aurkeztu bizikidetza unitateko eta etxebizitzako, edozein delarik ere partekatzen dutenen arteko ahaidetasun harremana.

Eskaerak Sartagudako Udalaren bulegoetan aurkeztuko dira, deialdian bertan adierazitako epearen barruan, eredu normalizatuaren arabera eta agiri hauekin batera:

Banakako erabiltzaileen eskaerak:

Familia erroldaren ziurtagiria.

NANaren fotokopia.

Entitateen edo elkarteen eskaerak:

Estatutuen kopia.

Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria.

Parte hartuko duten pertsonen zerrenda.

Kolektiboak edo elkarteak justifikazio memoria aurkeztu beharko du, baratzea hezkuntza helburuetarako edo biztanleria oro har sentsibilizatzeko erabiliko dela dioena.

Udalak onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, zabalkunde bitartekoetan argitaratuko du eta interesdunei jakinaraziko die; halaber, erreklamazioetarako 10 eguneko epea zabalduko du. Erreklamazioetarako epean halakorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Erreklamazioak aurkezten badira, Udalak horiek ebatziko ditu, eta behin betiko zerrendak onetsiko eta argitaratuko ditu.

Baratze bakoitzari batetik hamabira bitarteko zenbaki bat emanen zaio, planoan adieraziko dena, eta jendaurrean paratuko.

Gizarte irizpideei jarraikiz lagatzen diren baratzeak Sartagudako Udalak eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak tratatu eta zuzenean lagako dituzte (ikastetxe publikoa, erretirodunen elkartea, elkarte edo kolektiboak).

Aurkeztu eskaerek deialdiko baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuta, libre geratzen diren baratzeen adjudikazioa (zuzeneko adjudikazioak egin eta gero) zozketa bidez eginen da, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta:

–50 puntu, Ortutxoko proiektuko parte-hartzaileentzat.

–25 puntu, 18 urtetik beherakoentzat.

–15 puntu, 18-35 urte bitarteko pertsonentzat, eta erretirodun edo pentsiodunentzat.

–10 puntu, 35-65 urte bitarteko pertsonentzat.

Eskaera kolektiborik ez badago, baratze guztiak banakako eskaerei erantzuteko zozkatuko dira.

Adjudikaziodun suertatu ez diren parte-hartzaileekin itxarote zerrenda bat eratuko da, banakako baratzeetarako eta baratze kolektiboetarako zozketan lortutako zenbakiaren arabera ordenatua, urtean gerta daitezkeen bajak betetzeko.

Ordezkoaren adjudikazioa hurrengo banaketa edo adjudikazioa egin arte geratzen den eperako izanen da. Baratzea lau urteko epearen bi herenean baino gutxiagoan erabili duten ordezkoek baratzea eskuratzeko aukera izanen dute hurrengo adjudikazio edo zozketan.

Lehendabiziko urtearen ondotik, berritu ez direnak baino ez dira zozkatuko.

Baratze kolektiboen erabilera ez da, ezein kasutan, hura ustiatzeaz arduratzen diren pertsonena soilik izanen; izan ere, bazkideak onuradun bakartzat ez dituen ingurumen partaidetzako, sentsibilizazioko eta/edo hezkuntzako proiekturen batekin lotura garbia eduki behar dute, araudi honen 12. artikuluan adierazi bezala.

IV.–BARATZEEN ERABILERA

10. artikulua. Arau orokorrak.

Baratzeen erabilera ortuari, lore, landare apaingarri, sendabelar, usain-belar eta frutak hazteko izanen da soilik, eta guztiz debekatuta egonen da beste edozein jarduera egitea, nekazaritzakoa izan zein ez, bai eta edozein motatako biltegiratze edo fabrikako obra eraikitzea ere. Betebehar hori betetzen ez bada, lagatzea automatikoki baliogabetuko da.

Laborantza ekologikoa izanen da, eta gehienez ere 175 zentimetroko altuera ezarriko da.

Kanpo geratzen da zuhaixken edo arbolen landatzea, bai eta autoktonoak ez diren espezie guztiena nahiz landare psikotropiko edo legez debekatuena ere.

Ezin izanen da aldatu, inola ere, lurzatien jatorrizko trazadura. Ezin dira lurzatiak itxi heskai, hesi, harresi, adreilu, bloke edo inolako eraikuntza-elementurekin.

Baratzeetatik lortutako produktuak ezin izanen dira saldu, erregelamendu honetan ezartzen baita familia kontsumorako erabiliko direla. Salbu eta nekazaritzako ekoizpen ekologikoan oinarritutako ekonomia txertatzea edo sustatzea eragiten eta motibatzen duten gazte edo nerabeentzako formakuntza proiektuak badira.

Honako azpiegitura hauek baino ez dira baimenduko:

–Hazitegi bat.

–Plastikozko mikro-tunel edo berotegi bat.

Azpiegitura horien gehienezko neurriak formakuntza ikastaroan hitzartutakoak izanen dira.

Hondakinak inguruan kokatuko den birziklatzeko uharte ekologiko batera botako dira, lurzatiak hondakinik gabe gera daitezen. Lagapen-hartzailearen betebeharra izanen da erabilera komunerako konposta egiteko ezarriko den egutegia egiten zein hura banatzen laguntzea. Entitate laguntzaileen teknikariak izanen dira konpostaren elaborazioari buruzko aholkuak eman eta horren jarraipena eginen dutenak.

Guztiz debekatuta dago produktu kimikoak erabiltzea, hala nola ongarriak, herbizidak, fungizidak, intsektizidak, akarizidak, nematizidak, helizidak, arratizidak, bakterizidak, hegazti uxagarriak, etab. Nekazaritza ekologikoko tekniketan oinarritutako estrategiak baino ezin dira erabili; besteak beste, honako hauek:

Laborantzak txandakatzea.

Izurrien harrapakari naturalak.

Aldarazle naturalak erabiltzea.

Intsektuak erakartzekoak erabiltzea.

Nekazaritza ekologikoan onartutako produktu fitosanitarioak erabiltzea.

Galarazia dago faunarentzako hautapenik gabeko harrapatze metodoak edo tranpak erabiltzea, baita amuak jartzea ere, pozoidunak izan zein ez.

Erabiliko diren zurkaitzek ingurunearekin guztiz bateragarriak izan behar dute.

Lagapen-hartzaile bakoitzak era berean eginen du lurzatiaren mantentzea urte osoan.

Baratze bat abandonatutzat hartuko da, honako kasu hauetan: a) garbi ikusten denean laboreak ez direla zaintzen; b) azaleraren %50 basabelarrek hartzen dutenean; c) izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen dutenean.

Pertsona edo kolektibo erabiltzaileei abisu emane zaie, eta zazpi egun naturaleko epea izanen dute hura egokitzeko. Bestela, sastrakak garbituko dira, eta ez du eskubiderik izanen erreklamatzeko.

Ildo horretan, mantentzea lurzati osoan eginen da, eta ez haren guztizko azaleraren eremu batean. Mantentzeak barnean hartzen du, halaber, baratze bakoitzaren bidearen zati proportzionala garbitzea, barne-bide guztiak garbi geratzeko asmoz.

Hirugarrenek sartzeko aukera izanen dute, baldin eta lurzatiaren lagapen-hartzailearekin badoaz. Salbuespenez, haietako batek baimena ematen ahalko du bere lurzatian hirugarren bat sartzeko, 60 egun naturaleko eperako gehienez urtean; epe hori luzatzen ahalko da, behar bezala justifikatutako osasun arrazoirik bada. Baimendutako pertsonak agerian eraman beharko du Udalak emandako akreditazioa.

Udala salbuetsirik dago erabiltzaileek jardueraren ondorioz izan edo eragin ditzaketen kalteen erantzukizunetik, bai eta hirugarrenei eragiten ahal dizkieten erantzukizunetik ere.

Lagatze-aldia eta erabiltzekoa amaitu, eten edo ebazten denean, lurzatiak garbi eta norberaren lanabesik gabe geratu behar dira. Hala ez bada, zeregin hori Sartagudako Udalak hartuko du bere gain, eta ez du inongo ordainik ematea ekarriko.

Lurzatia erabiltzeko lagapena deuseztatu dela jakinarazi ondotik, haren lagapen-hartzaileak zazpi egun naturaleko epea izanen du laboreak eta egon daitezkeen instalazioak kentzeko. Epea bete eta gero, kudeaketa organoak lurzatia garbituko du, eta erabiltzaileak ez du inolako erreklamaziorik egiteko eskubiderik izanen.

Udalak ez ditu bere gain hartuko baratzeetan edo haiek lantzen dituztenengan izan daitezkeen ebasteak, lapurretak edota bestelako ekintza kaltegarriak, ez eta lurzatiek izan ditzaketen kalteak ere, fenomeno metereologiko kaltegarriak direla eta, hala nola txingorrak edo uholdeak.

Udala salbuetsirik dago erabiltzaileek jardueraren ondorioz izan edo eragin ditzaketen kalteen erantzukizunetik, bai eta hirugarrenei eragiten ahal dizkieten erantzukizunetik ere.

Baratzeen ureztatze sistema tantakakoa, edo exudatze edo eskuko ureztagailu bidezkoa izaten ahalko da. Egoki baderitzo, murrizketak ur kontsumoan ere ezarriko dira.

11. artikulua. Berariazko debekuak.

Lurzorua degrada dezaketen landareak haztea.

Baimenduta ez dauden sistemen bidez ureztatzea.

Soropilak ereitea edo landatzea.

Transgenikoki eraldatutako espezieak erabiltzea.

Etxean, fatxadan zein barrualdean aldaketak egitea (iltzatzea, zulatzea, pintatzea, etab.).

Esekilekuak edo ingurunearen itxura alda dezakeen beste edozein elementu eraiki edo paratzea.

Ortutxo edo baratzea materialen edo altzarien gordailu edo biltegi gisa erabiltzea.

Zaborra edo txatarra pilatzea.

Edozien motatako ibilgailuak sartzea, salbu eta bizikletak, haur kotxeak, gurpil aulkiak edo lagapen-hartzaileen mugikortasuna errazteko bestelakoak.

Baratzeen barrutian animaliak sartu edo paseatzea.

Plastikoa eta ontziak dagokion edukiontzian ez botatzea.

Sua egin edo erabiltzea, edozein delarik ere horren xedea.

Guztiz debekatuta dago landare psikotropikoak edo legez debekatuak erein eta/edo landatzea.

Nekazaritzako Jardunbide Egokien kontrako praktika guztiak.

Debekuok aldatzen ahalko dira, ezaugarriak edo egoerak aldatu eta helburu orokorrei kalte egiten ez badiete.

12. artikulua. Baratzeak erabiltzeko baimena.

Udaleko Gizarte Ongizateko Zinegotzigoak du Aisialdi Osasungarrirako Baratze Ekologikoak erabiltzeko baimena emateko eskumena.

Udaleko zerbitzu administratiboek aditzera emanen dute lurzatia erabiltzeko baimenaren lagapena zozketa bidez zein pertsonak eskuratu duten, bai eta zein izanen den ere Baratze Ekologikoen erabilera eta funtzionamenduari buruzko baldintzen onespen agiria sinatzeko epea.

Ekitaldi horretan itxarote-zerrendan geratzen direnei egoera horren berri emanen zaie.

13. artikulua. Arau-hausteak.

Erantzukizun administratiboa eskatzen ahalko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatu arau, printzipio eta prozedurarekin bat.

Faltak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

Falta arintzat honako hauek joko dira:

Lagapen-hartzaileek baratzearen erabilera eta funtzionamenduari buruzko arauetan ezarritako oinarrizko betekizunen bat ez betetzea.

Bidegabeki edo begirunerik gabe tratatzea edozein pertsona, izan lagapen-hartzaile, teknikari edo baratzeetan lan egiten duen mantentze-lanetako langile.

Zuhurtziagabekeriaz edo zabarkeriaz jokatzeagatik kalteak eragitea instalazioan, edota haren materialetan edo ekipamenduan, eta konponketa edo lehengoratzea 100 eurotik beherakoa denean.

Jardueren edo zerbitzuen arduradunek beren eginkizunen esparruan ezarritako jarraibideei kasu ez ematea.

2092/1991 EEE Erregelamenduan jasotzen diren nekazaritza ekologikoaren printzipioak ez betetzea.

Falta larritzat honako hauek joko dira:

Baratzeen funtzionamendua edo bizikidetza larriki nahastea.

Ezarritako arauren bat behin eta berriz ez betetzea, ohartarazpen idatzia jasota.

Hitzezko edo egitezko tratu txarrak ematea edozein lagapen-hartzaileri, teknikariri edo baratzeen mantentze-lanetako langileri.

Udalaren ondasunak lapurtzea, edo kalte larriak nahita eragitea instalazioetan, edota haien material edo ekipamenduan. Kalteen kasuan, konponketa edo lehengoratzea 100-300 euro artekoa denean.

Bi falta arin edo gehiago egitea urtebetean. Adjudikatutako lurzatia edo esleitutako zeregin komunak abandonatzea edo ez egokitzea.

Udalerrian erroldatua egoteari utzi eta baja ez eskatzea.

Falta oso larritzat honako hauek joko dira:

Baratzeak erabiltzeko eskubidea duenari edo dutenei hartaz baliatzea galaraztea.

Ezarritako erregelamenduan baratzeen funtzionamenduari buruz jasotakoa eragotzi edo oztopatzea.

Fisikoki erasotzea baratzeak erabiltzen ari direnei, bai eta haietan lan egiten dutenei ere. Udalaren ondasunak lapurtzea edo zuhurtziagabekeriaz edo zabarkeriaz jokatzeagatik kalteak eragitea instalazioan, edota haren materialetan edo ekipamenduan, eta kalteak 300 eurotik gorakoak direnean.

Identitateari, adinari edo garrantzia duen beste edozeri lotutako datuak nahita faltsutzea, edo identitatea ordeztea, bai eta txartelak manipulatu edo faltsutzea ere.

Bi arau-hauste larri edo gehiago egitea urtebetean.

Berariazko falta guztiak aztertu eta aintzat hartuko dituzte Sartagudako Udaleko zerbitzu eskudunek.

14. artikulua. Zehapenak.

Honela zehatuko dira ez-betetze arinak:

Idatziz ohartaraztea.

Erabiltzaile izateari aldi baterako uztea (egun natural batetik hamabostera bitarte).

Ez-betetze larriak honela zehatuko dira:

150 eurora bitarteko isuna.

Erabiltzaile izateari aldi baterako uztea (hamasei egun naturaletik hogeita hamarrera bitarte).

Arau-hauste oso larriak honela zehatuko dira:

150-200 euro bitarteko isuna.

Hala dagokionean, baratzearen lagapen-hartzaile izateari behin betiko uztea.

Ezarriko den zehapenaren graduazioa erabakitzeko inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

Arau-hausteak behin baino gehiagotan egitea edo haietan berrerortzea.

Arau-hausleak asmo txarra izatea.

Gertaeren oihartzun soziala.

Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

Zehapena jarri arren, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke berak aldatu edo kaltetutako egoera bere onera ekartzeko, baita eragindako kalteak ordaintzeko ere.

Kalteak Udalaren titulartasuneko ondasunetan sortzen direnean, udal zerbitzu teknikoek konponketaren zenbatekoa erabakiko dute, eta horren berri emanen diote arau-hausleari edo haren ordezkoari, ezarritako epean ordainketa egin dezan.

Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

Kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurre hartzeko.

Iragarkiaren kodea: L1807992