1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
103E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, zentro teknologikoek eta ikertu eta ezagutza hedatzen duten erakundeek I+G 2018 proiektuak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak aldatzen dituena.
Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 19ko 17E/2018 Ebazpenaren bidez, zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G proiektuak egiteko diru-laguntzen 2018ko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren (2018ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa).
Aipatu laguntzak kudeatzen dituen organoak, I+G+b Zerbitzuak, beharrezkotzat jo du aipatu oinarri arautzaileetan zenbait aldaketa egitea; zehazki 11.1. oinarrian, 3. justifikazioa aurkezteko epearen mugaeguna atzeratzeko, 2019ko otsailaren 28tik 2019ko martxoaren 31ra, eta oinarrietako III. eranskinean, 11. oinarrian eskatzen den auditoretza-txostena egiteko argibideak ematen dituen hartan.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Zentro teknologikoei eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeei I+G proiektuetarako diru-laguntzak emateko 2018ko deialdiaren oinarri arautzaileetako batzuk aldatzea. Deialdia Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 19ko 17E/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Hona hemen aldaketak:
Oinarri arautzaileetatik 11.ean, “Diruz lagundutako proiektua justifikatzeko epea eta modua” izenburu duen hartan, aldatu egin da 3. justifikazioa aurkezteko azken eguna, 3.3. zenbakian zehaztu dena, eta “2019ko martxoaren 31” da orain.
Oinarri arautzaileen III. eranskinean:
a) Eranskinak izen hau hartuko du: “III. eranskina. Diru-laguntzak justifikatzeko kontu ekonomikoaren auditoretza-txostena: auditoretzak egin beharreko analisia eta egiaztapenak”.
b) Eranskineko 5. atala, “Zeharkako gastu orokorrak” izenekoa, honela geratuko da idatzita:
“5. Zeharkako gastu orokorrak.
a. Proiektuko gastuak izanik ere, bere izaeragatik, proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak dira, banaka-banaka zehazterik ez dagoelako.
b. Zuzenbide publikoko entitateen kasuan, kontabilitate publikoaren aurrekontuetako artikulu, kontzeptu eta azpikontzeptuak erabiliko dira, 62, 64 eta 68 taldeko kontuetakoen baliokide direnak. Halakoetan, baliokidetasun hori adierazi beharko da.
c. Kalkulua: proportzionalki kalkulatuko dira, kontuan izanik entitate onuraduneko langileen guztirako orduetatik zenbat ordu egotzi zaizkion proiektuari. Honela jokatuko da:
a) 621. Errentamenduak eta kanonak.
b) 622. Konponketak eta kontserbazioa.
c) 624. Garraioak (salbu eta salmentetarako garraioak).
d) 628. Hornidurak.
e) 629. Bestelako zerbitzuak (langileen garraio gastuak, proiektuari lotutako langileen bidaia-gastuak eta bulegoko gastuak baizik ez dira onartuko).
f) 640. Soldatak eta lansariak.
g) 642. Gizarte Segurantza.
h) 649. Beste gastu sozial batzuk.
i) 6811. Eraikuntzen amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko diru-laguntzak kenduta).
j) 6815. Instalazio orokorren amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko diru-laguntzak kenduta).
k) 6816. Altzarien amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko diru-laguntzak kenduta).
l) 6817. Ekipo informatikoen amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko diru-laguntzak kenduta).
Aurrekontu finantzagarriko partida baten bidez zuzeneko finantzaketa duten gastuei dagozkien saldoak ez dira kontatuko.
Gainera, azpikontuetako balioek bat etorri beharko dute urteko justifikazio ekonomikoa aurkezten denean itxitako azken ekitaldiko Irabazi eta Galeren Kontuaren ‘Entitatearen guztizko gastuak’ atalean agertzen diren balioekin”.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2018ko maiatzaren 28an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.
Iragarkiaren kodea: F1807103