124. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

156/2018 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Foruzaingoko buruaren esku uzten dituena langileen, kontratuen eta bateragarritasunaren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak arautzen du organoen arteko eskumenen eskuordetzea, baita haren baldintzak eta betebeharrak ere.

Otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak zehazten ditu Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak, eta eskumen batzuk esleitzen dizkie zuzendari nagusiei.

Nafarroako kontratu publikoei buruzko foru araudiak (gaur egun, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak) kontratuen arloko eskudantzia batzuk ematen dizkio zuzendari nagusiari. Era berean, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak Departamentuko zuzendari nagusien esku uzten du, kasuan kasuko eskumenen esparruan, kontratazio arloan indarra duen legeriak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari ematen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Barneko Zuzendaritza Nagusiko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, beharrezkotzat jotzen da eskudantzia gehiago uztea Foruzaingoko buruaren esku.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Foruzaingoko buruaren esku uztea Barneko zuzendari nagusiari dagozkion ondoko eskudantzien erabilera:

Langileen arloan: langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak barne; aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauetan ezarritako baldintzekin bat, eta, hala badagokio, horiek pagatzea; erregelamenduz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea; langileen lanaldiak kontrolatzeko sistema kudeatzea; aldi baterako ezintasun egoeran dauden Nafarroako Foruzaingoko langileek aurkezten dituzten baja-agiriak, baja berrestekoak eta alta-agiriak kudeatu eta tramitatzea; Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuan aurreikusitako Foruzaingoko langileen bateragarritasun baimenak tramitatu eta ebaztea.

Kontratuen arloan: Kontratu publikoen arloko berezko eskumenak edo eskuordetutakoak, zerbitzuaren eremu materialarekin loturik.

2. Barneko zuzendari nagusiak noiznahi eskuratzen ahal du edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. Ebazpen honen ondoriozko eskuordetzaren bitartez ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da. Ulertuko da ebazpen horiek, ondorio guztietarako, Barneko zuzendari nagusiak eman dituela, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, ondoriorik gabe utzita 315/2016 Ebazpena, ekainaren 13koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Foruzaingoko buruaren esku uzten dituena langileen eta kontratuen arloko eskudantzia batzuk.

5. Ebazpen hau igortzea Foruzaingoko buruari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariari, baita Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari ere.

Iruñean, 2018ko ekainaren 14an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

Iragarkiaren kodea: F1808074