12. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALTSASU

Deialdia, Udaltzaingoko udaltzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2017ko azaroaren 8an egin bilkura arruntean, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

Deialdia, Altsasuko Udaltzaingoko udaltzain
izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da Altsasuko Udaltzaingoko udaltzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea; lanpostua 0028 zenbakiarekin dago identifikatuta Udalaren plantilla organikoan. Deialdiaren xedeko lanpostuaren kopurua handitu daiteke hautaketa prozesua bitartean, betiere 7.3.3 oinarrian xedatuarekin bat deialdi honetan aurreikusten den lanpostu hautaketa egin baino lehen. Lanpostu kopurua handitzen bada aplikatzekoa izango da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina), igoera txandarako gordetako lanpostuei dagokienez.

Izendatzen diren izangaiek polizien eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egongo da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekian.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta deialdiaren IV. eranskinean agertzen diren arrazoi medikoengatik baztertzeko moduan ez egotea.

e) Dolozko delitu bategatik inoiz kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) B2 hizkuntza eskakizuna edo handiagoa edukitzea. Euskara maila hori frogatzeko beste bide bat ere izango da, hots, proba egitea Sakanako Euskara Zerbitzuaren bidez. Hala eginez gero, proba egin nahi duten izangaiek horixe adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean, horretarako prestatutako tokian. Proba hori oposizioa hasi baino lehen egingo da.

3.2. Igoera txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako betebeharrez gain, igoera txandako izangaiek betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

3.3. Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.1.f) eta 3.1.b) oinarrietakoak izan ezik. Lehenbizikoari dagokionez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako (deialdiko 7.3.6 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da, eta, bigarrenari dagokionez, aski izango da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Aipatu eskabideak aurkeztu beharko dira Altsasuko Udaleko erregistro orokorrean (Garcia Ximénez kalea, 36, 31800), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetakoren bat erabiliz, administrazio kontratatzaileari eskabidea igorri dela jakinaraziko zaio telex bidez edo fax bidez (948-563855 zenbakia), telegramaz edo posta elektronikoz (altsasu@altsasu.net), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

c) Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Altsasuko Udaleko erregistro orokorrera igorri baino lehen. Haietan, izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

d) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.altsasu.net helbidean, edo deialdia argitaratzen deneko Nafarroako Aldizkari Ofizialetik abiatuta.

4.2. Izangaiek ekarri beharreko beste agiri batzuk.

1. Osasun ziurtagiri ofiziala, izangaiak III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

2. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

3. Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

4. Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak luzatua.

5. Euskara mailaren ziurtagiria, lanpostua bete nahi bada 3.1.apartatuan aipaturiko proba egin gabe.

4.3. Aurreko apartatuetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu egingo da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emango du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du. Horretarako, bi zerrenda egingo dira, txanda hauetako izangaien arabera:

1. Txanda irekiko izangaiak.

2. Igoera txandako izangaiak.

5.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratuko.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauexek izango dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Javier Ollo Martínez, Altsasuko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Manuel Bergera Ijurco, Altsasuko Udaleko Antolaketa eta Giza Baliabideen batzordeko burua.

–Epaimahaikidea: Pedro Luis Aranguren Solsona, Altsasuko Polizia Etxeko burua.

–Ordezkoa: Manuel Morillo Sánchez, foruzain-inspektoreordea.

–Epaimahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Nafarroako Gobernuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

–Ordezkoa: Angel Labiano Mangado, Nafarroako Gobernuko Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: M.ª Victoria Mesanza Zufiaurre de Ocio, Altsasuko Udaleko ordezkari sindikala.

–Ordezkoa: Amaia San Miguel Andonegi, Altsasuko Udaleko ordezkari sindikala.

–Idazkaria: Isaac Valencia Alzueta, Altsasuko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Silvia Gonzalo Etxarri, Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola egingo den.

7.1. Oposizioa 2018ko martxoan hasiko da.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

Oposizioak, lehenengo fasean, hautapenaldia izango du (proba baztertzaile hauek egingo dira: II. eranskineko gai zerrendari buruzkoak, gaitasun fisikoa neurtzekoak, proba psikoteknikoak eta medikoak); bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da.

7.2. Hautapenaldiko probetarako deialdi bakarra egingo da eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Orokorrean, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian, eta bost eguneko epea emango du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki oholean eta Udalaren web-orrian argitaratuko; kasuen arabera, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta prestakuntza ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Oposizioaldian proba hauek izango dira:

a) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa; 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati idatziz erantzun beharko zaio. Galdera guztiendako hiru erantzun emango dira aukeran, baina bat bakarra izango da baliozkoa. Erantzun baliozko bakoitzak 1,50 puntuko balorazioa izango du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balorazio negatiboa izango dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emango zaie. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere bi ordu izango dituzte. Proba honetan 150 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 75 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko. Epaimahaiak finkatuko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Ariketa bakoitzean GAI edo EZ GAI kalifikazioa emango da. EZ GAI kalifikazioa emango zaie deialdiaren III. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei, bai eta dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei ere.

Izangai guztiak antidopin kontrola egitera behartuta egongo dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Kasuan kasuko organo espezializatuak egingo ditu debekatutako jarduerak atzeman edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. Eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

Bigarren proba egin baino lehen, bigarren proba honetan parte hartzeko deia jasotzen duten izangaien zerrendan horretarako ezartzen den epean, ziurtagiri mediko ofizial bat aurkeztu beharko dute, inprimaki ofizialean egina eta jardueran ari den medikuen elkargoko kide batek sinatua, non berariaz adieraziko baita izangaiak baduela proba fisiko horiek egiteko behar den gaitasun fisikoa eta osasuna.

c) Proba psikoteknikoa: hainbat proba egingo dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo horrek izendatzen dituen langileek egingo dituzte proba horiek. Balorazioak lotesleak izango dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoa 0tik 50 puntura bitarte kalifikatuko da.

Proba fisikoak gainditzen dituzten izangai guztiek egingo dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

d) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei egingo zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 ataleko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Osasun azterketa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egingo du edo, hala behar bada, behar bezala onetsitako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izango dira epaimahaiarentzat.

Osasun azterketetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emango zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

7.3.2. Lanpostu kopurua handitzea.

Altsasuko Udalak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, deialdiko lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, deialdia onetsi ondoren sortzen diren premiengatik, baina, betiere, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia (hurrengo oinarrian aurreikusia) egin baino lehen.

Lanpostuen kopurua handitzean, lanpostuak txanda bati edo beste bati esleitzeko kontuan hartuko da abuztuaren 20eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

Lanpostuen kopurua handitzen bada, deialdiko lanpostuen kopurua handitzeko ebazpena Altsasuko Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Dauden lanpostu guztiak zehaztu eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jaso ondoren, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldian parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta txanda irekia eta igoera txanda eta lanpostuen hizkuntza eskakizuna kontuan harturik.

7.3.3. Lanpostuak aukeratzea.

a) Hautaketa prestakuntza ikastaroaren aurretik egingo da, horrela zehazki jakingo baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.

b) Egintza horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, oposizioaldian lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak bi zerrenda egingo ditu horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostu hutsak adjudikatzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera egingo da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, salbu eta igoera txandan hautaketa egin dutenak, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinekoz proposatuak izango dira oinarrizko prestakuntza ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izango deitutako lanpostu kopura baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emango du zerrenda Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

7.3.4. Dokumentazioa eta ikastarorako behin-behineko onarpena:

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinekoz onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 ataleko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Altsasuko Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela doluzko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe delitu aurrekarien deuseztapena aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Izangaiak ez duela aurrekari penalik edo haiek baliogabetu direlako ziurtagiria.

–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala izanez gero, deialdiaren 8.2 atalean aipatzen den aukeraz baliatu dela adierazten duen agiria.

Aurreko tramiteak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, argitaratuko du, zein diren oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutako izangaiak adierazita. Udaltzainerako oinarrizko prestakuntza ikastarora behin-behineko onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, edo ez badu osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituen puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan.

7.3.5. Praktiketako funtzionarioen izendapena:

Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Altsasuko Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

7.3.6. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa:

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emango du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

2007ko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izango da Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun Eskolak luzatuko du, interesdunak eskatuta. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio bertze ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emango du.

Izangaiak, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko du, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emango zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta badaude, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion osasun proba guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3.1 d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira. Nafarroako Segurtasun Eskolak prestakuntza ikastaroko izangaiei ematen dien kalifikazioa loteslea izango da epaimahaiarentzat.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

7.3.7. Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen prozesu osoko puntuazioak batuko dira.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren bidez, Altsasuko Udaleko udaltzain izendatuko dira oposizioa gainditzen duten izangaiak, txanden hurrenkeraren eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Jabetza hartzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz. Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek –ezinbesteko kasuetan izan ezik– Altsasuko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emango zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Altsasun, 2017ko azaroaren 17an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda (teorikoa)

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Atariko titulua. –I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. –I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udala. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea. III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: Administrazio errekurtsoak.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. –I. titulua: Segurtasun Indar eta Kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: Autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

5.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Babesari buruzkoa: II. titulua: Datu babesaren printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak. IV. titulua, I. kapitulua: Titulartasun publikoko fitxategiak.

4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

6.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua: hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

7.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. –I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteari buruzkoa. I. titulua eta VII. titulua.

8.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: –I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. II. kapitulua: liburu eta paperak miatzea. III. kapitulua: idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, “Habeas Corpus” prozedura arautzen duena.

9.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa. I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Segurtasun sistemaren antolaketa. IV. kapitulua. Segurtasun arloko plangintza. kapitulua. Administrazio publikoen arteko harremanak. VI. kapitulua. Herritarrekiko harremanak.

10.–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

11.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Hitzaurrea. I., II. eta III. kapituluak. V. kapitulua (30. artikulutik 37.era, 47. artikulutik 49.era, eta 52. artikulua, denak barne). Seigarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

12.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

13.–Altsasuko Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:

–Kamioien aparkalekua arautzen duen araua.

–Udal ordenantza, Altsasuko udal-mugartean arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzearen gainekoa.

–Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantza.

–Ibilagailuak espaloietan barna pasatzeko lizentziak eta eremu publikoetako erreserbak arautzen dituen ordenantza.

–Ordenantza, Altsasuko mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duena.

–Ordenantza, Animaliak edukitzea arautzen duena.

–Terrazak eta beladoreak lurzoru publikoan ezartzea arautzen duen ordenantza.

–Trafikoari buruzko ordenantza.

–Etxegabeen aterpetxerako erregelamendua.

14.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–10. Gomendioa (2001), Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei emandakoa, Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

15.–Altsasuko geografia eta kale-izendegia.

16.–Aukera berdintasuna (gaitegia eskuragarri dago http://www.alsasua.net/temario-sobre-igualdad-del-ayuntamiento-de-altsasu helbidean).

http://www.alsasua.net/files/docs/11.%20TemarioIgdCast.pdf

17.–Gaztelaniaren eta euskararen oinarrizko ortografia.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1. Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 40 kg gizonentzat eta 22 kg emakumeentzat.

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 40 edo 22 kiloko pisua goratu behar du, 60 segundoan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela egingo da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izango dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egongo dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Ariketa bukatutzat emango da baldin eta izangaia gelditu egiten bada, ukondoak flexionaturik eta barra bularra ukitzen duela.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izango da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK/ERREPIKAPENAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONEZKOAK

25 baino gutxiago

25 - 30 artean

31 - 35 artean

36 - 40 artean

41 - 50 artean

50 - 59 artean

60 edo gehiago

EMAKUMEZKOAK

25 baino gutxiago

25 - 28 artean

29 - 33 artean

34 - 39 artean

40 - 44 artean

45 - 49 artean

50 edo gehiago

2. Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba (50 metro estilo librean).

Deskribapena: 25 metroko igerileku batean estilo librean igeri egitea, joan eta etorri.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 41 segundo gizonentzat eta 46 segundo emakumeentzat.

Ezin izango da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Saio bakarra egingo da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izango da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: ondoko eskalaren arabera emango da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONEZKOAK

42 edo gehiago

41” - 41”9 artean

40” - 40”9 artean

39” - 39”9 artean

38” - 38”9 artean

35” - 37”9 artean

35” baino gutxiago

EMAKUMEZKOAK

47” edo gehiago

46” - 46”9 artean

45” - 45”9 artean

44” - 44”9 artean

43” - 43”9 artean

40” - 42”9 artean

40” baino gutxiago

3. Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzetik.

L1715222_0.pdf

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emango zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izango da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean. Puntuazioa ondoko eskala honen araberakoa izango da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

5 puntu

6 puntu

7 puntu

8 puntu

9 puntu

10 puntu

GIZONEZKOAK

25”8tik gora

25”4 - 25”7 artean

25”0 - 25”3 artean

24”7 - 24”9 artean

24”4 - 24”6 artean

23”9 - 24”3 artean

23”,8 edo gutxiago

EMAKUMEZKOAK

27”8tik gora

27”4 - 27”7 artean

27”0 - 27”3 artean

26”6 - 26”9 artean

26”2 - 26”5 artean

25”8 - 26”1 artean

25”,7 edo gutxiago

4. Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emango da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emango da. Probaren hasieran abiadura motela izango da, baina gero eta azkarrago egingo da. Proba hau egiteko saio bakarra izango dute izangaiek.

Testaren helburua da markatzen den erritmoari eustea eskatzen diren epeak bete arte. Izangai bakoitzaren proba bukatuta, ordura arte baliatu duen tartea kontatutako da:

–Izangaia gelditzean.

–Izangaia bere kaletik ateratzean.

–Izangaiak ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra ez zapaltzean.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. –Izangaia marjinaren barrenean ez egotea seinalea entzuten denean, behin bakarrik.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izango da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK TARTEAK

EZ GAI

5 puntu

6 puntu

7 puntu

8 puntu

9 puntu

10 puntu

GIZONEZKOAK

10 baino gutxiago

10 - 11 artean

11,5

12

12,5

13

13tik goiti

EMAKUMEZKOAK

8 baino gutxiago

8tik 9ra bitarte

9,5

10

10,5

11

11tik gora

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1. Ikusmena. Begien sistema:

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo.
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo.
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izango da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izango da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2. Entzumena. Entzumen sistema:

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-ko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3. Mintzamena:

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4. Giharren eta eskeletoaren aparatua:

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5. Digestio aparatua:

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako hernia, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6. Sistema kardiobaskularra:

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7. Arnas-aparatua:

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BGBK, Enfisema, Bronkiektasiak).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berrituak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8. Nerbio-sistema:

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9. Nahasmendu psikiatrikoak:

–Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Barne-bultzaden kontrolaren eta nortasunaren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10. Ugaltze eta gernu aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11. Sistema endokrinologikoa:

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinen bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12. Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak:

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13. Odola eta organo hematopoietikoak.

–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako nahasmenduak.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14. Bestelakoak:

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15. Arau orokorrak:

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L1715222