12. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

810E/2017 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batean onesten duena Iruñeko 4. poligonoaren 781. katastro-lurzatiaren xehetasun azterlana, “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z.5 jarduketa-unitateari dagokiona. Sustatzailea Goimendi ikasle-egoitza nagusia da.

Espedientearen helburua da Iruñeko 4. poligonoko 781. lurzatiko eraikinen lerrokadurak zehaztea, Goimendi ikasle-egoitza nagusia handitzeko obretarako lizentzia lortu ahal izateko.

Indarrean dago Nafarroako Unibertsitateko Campusaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Nafarroako Gobernuak 1990eko uztailaren 31n hartutako Erabakiaren bidez onetsia (1990eko abuztuaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), baita haren aldaketak ere, Nafarroako Gobernuak 2002ko uztailaren 22an eta 2003ko abenduaren 15eko erabakien bidez onetsiak.

Eremu horretako azaleraren neurketari eta okupazioari dagokienez, espedientean eragina dute, orobat, Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko asmoz tramitatutako xehetasun azterlanek, zeinak onetsi baitziren, hurrenez hurren, 2010eko martxoaren 4ko udal erabakiaren bidez, Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 17ko 169E/2012 Ebazpenaren bidez eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abuztuaren 16ko 932E/2016 Ebazpenaren bidez.

Hirigintza antolamendurako tresna honek “Nafarroako Unibertsitateko Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren antolamendu xehatuaren gaineko determinazio batzuk aldatzen ditu. Tramitazioari eta xedeari dagokienez, hirigintzako arloko legedian ezarritakoa betetzen du, hots, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginaren 63. artikulua eta Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza-araudiaren 7. atala.

Xehetasun azterlan hau tramitatu eta onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 43.1.d) artikulua aplikatuz, udalez gaindiko plan sektorial bat garatzen duen tresna delako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera batean onestea “Nafarroako Unibertsitateko Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z.5 jarduketa-unitateko Iruñeko 4. poligonoaren 781. katastro-lurzatiaren xehetasun azterlana. Sustatzailea Goimendi ikasle-egoitza nagusia da.

2. Espedientea ebazteko, dokumentazioa honela zuzendu beharko da:

–Aldatu beharreko determinazio indardunak jasotzen dituzten planoak aurkeztuko dira.

–Ikasle-egoitzan aurreikusitako edukiera handitzeko, hirigintza-zerbitzuen sareak aski direla justifikatuko da.

–Xehetasun azterlan osoaren ale bat aurkeztuko da, aurreko kontsiderazioen arabera zuzendua; orobat, dokumentazioa pdf formatuan jasotzen duen CD bat.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzutea ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 1ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1714060