12. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

7/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 2koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zenbait eskumen Lan Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoen berezko eskumenak maila bereko edo baxuagoko beste organo bati eman dakizkioke eskuordetzan, hierarkian haren mende ez badago ere, besterik ezartzen ez bada.

Halaber, aipatu artikuluak ezartzen duenez, eskumenak eskuordetu eta errebokatzea noiznahi egin daiteke. Agindu horiek eskuordetza egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Horrez gain, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio-egintza eta -ebazpenetan egoera hori azaldu beharko da berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak bailiran hartuko dira.

Lan Zerbitzuaren jardueren garapenean beharrezkoak diren eraginkortasuna eta azkartasuna lortzeko, egokitzat jo da zerbitzu horretako zuzendarien esku uztea Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari dagozkion zenbait eskumenen erabilera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lan Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea eskumen hauen erabilera, indarreko legediak Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari esleitzen baitizkio:

a) Zehapen prozedurak bere eskumenen esparru materialean hastea eta ebaztea.

b) Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu, gordailutu eta argitaratzea.

c) Sindikatuen eta enpresa erakundeen estatutuen gordailutzea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 2an.–Izaskun Goñi Razquin, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia.

Iragarkiaren kodea: F1800131