119. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

160E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Artaxoako udal mugartean dagoen abeltegi baten Ingurumen baimen integratua (umetarako zerramak hasierako gizendegiarekin) eguneratzen duena; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Granja Villanueva, S.A da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 857/2008 Ebazpenaren bidez emana.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia), bere lehen xedapen iragankorrean, xedatzen du Ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra, eta eragina dute aipatu instalazioan; esate baterako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea eta atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) bere lehen xedapen iragankorraren 2.d) apartatuan xedatutakoa betetzeko, berrikusi dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu da, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Artaxoako udal mugapean dagoen abeltegi baten Ingurumen baimen integratua (umetarako zerramak hasierako gizendegiarekin) eguneratzea. Horrenbestez, bai instalazioak, baita hango jarduerak ere, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehenago tramitatutako espedienteetan ezarri ziren baldintzak bete beharko dituzte, eta, horrez gainera, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere bai. Instalazioaren titularra Granja Villanueva SA da.

Bigarrena.–Apirilaren 10eko 0857/2008 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako Ingurumen baimen integratuan, lurzoru urbanizaezinei eta hondakinen produkzioari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02038007002008 zenbakiarekin. Ekoizten ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin.

Bosgarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0380011964/1/1 plana onestea.

Seigarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikulua.

Zazpigarrena.–Halaber, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Zortzigarrena.–Instalazio horren Ingurumen baimen integratuaren indarraldia kentzen da, baita hura berritzeko betebeharra ere; izan ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) ez du aurreikusten Ingurumen baimen integratua berritzea.

Bederatzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko Foru Legea (martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea) garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamargarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2018ko uztailaren 30a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau Granja Villanueva SAri, Artaxoako Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurraldearen eta Paisaiaren Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1806869