119. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

191/2018 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena Proiektua lanbide modulua garatzeko Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6. artikuluak xedatzen du hezkuntza administrazioei dagokiela lege horretan araututako ikasketen curriculuma ezartzea. Legean adierazten diren oinarrizko alderdiak jasoko dira curriculumetan.

Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak, 26. artikuluan, ezartzen du goi mailako zikloek Proiektua lanbide modulua izanen dutela.

Nafarroan Lanbide Heziketako tituluen egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuek, haietako bakoitzerako, Proiektua lanbide modulua definitzen dute goi mailako heziketa zikloetan.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren txostena, non adierazten baitu ados dagoela jarraibideak onestearekin Proiektua lanbide modulua garatzeko Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jarraibideak onestea Proiektua lanbide modulua garatzeko Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, ebazpen honen eranskineko oinarrietan xedatuarekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Lanbide Kualifikazioen Atalera eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko apirilaren 27an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Jarraibideak, Proiektua lanbide modulua garatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Jarraibide hauen xedea da Proiektua lanbide modulua garatzea hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako goi mailako heziketa zikloetan, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, eta 2018-2019 ikasturtetik aurrera aplikatuko da irakastordurik gabeko Proiektua modulua duten goi mailako ziklo guztietan.

2.–Proiektua lanbide moduluaren ezaugarriak.

2.1. Goi mailako heziketa ziklo guztiek Proiektua lanbide modulua dute. Kasuan kasuko goi mailako heziketa zikloaren esparruko lan jardueraren ezaugarrien arabera definitzen da, lanbide jarduerari eta kudeaketari buruzko alderdiak erabiliz.

Moduluaren xedea da ikasketa emaitzak eta curriculumaren edukiak integratzea Nafarroako Foru Komunitateko heziketa zikloan; teknologia eta antolakuntzako aldagaiak bildu behar ditu, heziketa zikloko goi mailako teknikari tituluaren lanbide gaitasunaren funtsezko alderdiei lotuak.

Horregatik, heziketa zikloko irakasle-taldeak inplikatu eta parte hartu behar du antolaketa, garapen, jarraipen eta ebaluazio lanetan Proiektua lanbide moduluan, betiere modu koordinatuan.

2.2. Modalitate orokorrean (presentziala), oro har, Proiektua lanbide modulua eta Lantokiko Prestakuntza lanbide modulua aldi berean eginen dira, heziketa zikloaren bigarren ikasmaila egiten den ikasturtearen hirugarren hiruhilekoan.

2.3. Proiektua modulua heziketa zikloaren ohiko aldietatik kanpo egiten bada, Lantokiko Prestakuntza moduluaren irakasle tutoreak gainbegiratuko du modulua, eta banako tutoretza eginen du. Ikasle horietarako, dagokion lanbide-arloko departamentuak egutegia, jarraipena eta ebaluazio egintza espezifikoak finkatuko ditu, irakaskuntza-programazioan agertuko direnak.

2.4. Heziketa zikloa modalitate dualean egiten duten ikasleen kasuan, ikastetxeko tutoreak gainbegiratuko du Proiektua modulua. Aurreko kasuan bezala, dagokion lanbide-arloko departamentuak egutegia, jarraipena eta ebaluazio egintza espezifikoak finkatuko ditu, irakaskuntza-programazioan agertuko direnak.

3.–Proiektuaren ezaugarriak.

3.1. Eranskin honen 4. jarraibidean aipatzen diren irakasle-taldeek proposatuko dituzte ikasleek Proiektua moduluan garatu behar dituzten proiektuak. Orobat, ikasleek ere proposatzen ahalko dituzte proiektuak; kasu horretan, dagokion irakasle-taldeak onartu beharko du proposamena.

3.2. Garatu beharreko proiektuak mota hauetako batean sartuko dira:

a) Kasu praktikoak ebazteko proiektua: heziketa zikloari lotutako produktua, zerbitzua edo instalazioa diseinatu eta gauzatzeko kasu erreal bat planteatuko da.

b) Berrikuntza proiektua: produktu berri bat, produkzio sistema edo garapen teknologikoa garatuko da, ahal dela.

c) Ekintzailetza proiektua: prozesu bat edo negozio ideia baten bideragarritasun azterlanak, merkadoteknia eta abian jartzeko prozesua.

d) Proiektu dokumental-bibliografikoa: berriki argitaratu diren lan zientifiko-teknikoen azterketa eta iruzkin kritikoa egitera bideratuko da, heziketa zikloarekin zerikusia duen gaurkotasuneko gai berariazko bati buruz edo tituluarekin zerikusia duen eremuan izandako bilakaera teknologikoari buruz.

3.3. Proiektu horiek ikastetxearen jarduketa eremuaren lanbide sektoreko enpresekin eta erakundeekin elkarlanean egiten ahalko dira.

4.–Proiektua moduluko irakasleak eta haien eginkizunak.

4.1. Goi mailako zikloetako bigarren ikasmailan irakatsi eta Proiektua moduluan irakaslana duten irakasleek ardura izanen dute modulu hori antolatu, garatu eta ebaluatzeko eta haren jarraipena egiteko. Aurrerantzean, “Proiektua moduluko irakasle-taldea” izendatuko da.

4.2. Proiektua moduluaren titulartasuna Lantokiko Prestakuntza lanbide moduluaren irakasle tutoreari dagokio; Proiektua moduluko irakasle-taldearen eginkizunak koordinatuko ditu, eta modulu horren taldeko tutoretzako saioen ardura izanen du.

4.3. Banako zein taldeko tutoretza eginen da Proiektua lanbide moduluan.

Taldeko tutoretza dela eta, Proiektua moduluko irakasle-taldeak parte hartuko du moduluaren programazioan, barne harturik proiektuen gaiak batera eta adostuta ezartzea, proiektuak ikasleei esleitzea eta proiektuak ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak definitzea.

Banako tutoretza dela eta, ikasleak orientatu, zuzendu eta gainbegiratu behar dira proiektua planifikatu eta gauzatzean, bai eta proiektua aurkezten ere, halakorik bada, eta Proiektua modulua ebaluatu eta kalifikatu behar da, aldez aurretik ezarritako ebaluazio eta kalifikazio irizpideen arabera.

4.4. Proiektua moduluko irakasle-taldeak hautatuko du ikasle bakoitzaren banako tutorea, horretarako deitutako bilera batean. Bileraren akta eginen da, ikasle bakoitzaren tutorea eta proiektua adierazita.

4.5. Proiektuen banako tutoretzak Proiektua moduluko irakasleen artean banatuko dira; oro har, bakoitzak zer ordu murrizketa duen, horren arabera.

4.6. Lantokiko Prestakuntza moduluaren irakasle tutoreak zuzenduko du taldeko tutoretza. Moduluaren garapena erraztuko duten irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerak aurreratuko ditu, eta ikasleen banako proiektuak antolatuko ditu aldez aurretik, honako alderdi hauek azpimarratuz:

a) Ikasleak proiektuaren metodoan trebatzea.

b) Proiektuaren alderdi formalak zehaztea.

c) Proiektua aurkezteko egintza koordinatzea.

d) Proiektua moduluaren ebaluazio eta kalifikazioan parte hartzea.

4.7. Banako tutoreak orientazioa eta aholkuak emanen dizkio ikasleari proiektuaren garapenari buruz, eta lan hauek eginen ditu:

a) Ikaslea edo ikasle-taldea zuzendu eta gainbegiratzea proiektua egin eta aurkezten; aholkuak emanen ditu, bereziki, proiektuaren egitura, gaien tratamendua edo aurkezteko modua ukitzen duten erabakiei buruz.

b) Egiaztatzea proposatutako proiektuek, amaitu ondoren, proposamenean adierazitako baldintzak betetzen dituztela, eta oniritzia ematea aurkeztua eta ebaluatua izan dadin.

c) Proiektua moduluaren ebaluazio eta kalifikazioan parte hartzea.

4.8. Taldeko tutoretza zuzentzen duen irakasleari (hau da, Lantokiko Prestakuntza moduluaren irakasle tutoreari) esleitutako eginkizunak bigarren ikasmailan zehar beteko dira. Banako tutoreei dagozkien eginkizunak ikasleek proiektuak garatzen dituzten bitartean beteko dira.

5.–Proiektua lanbide modulua esleitzea eta egitea.

5.1. Proiektua moduluko irakasle-taldeak modu hautetako batean esleituko du proiektua:

–Ikasleak proposaturik.

–Irakasle-taldeak ofizioz proposaturik.

5.2. Ikasleak honako prozedura honen arabera proposatuko du proiektua:

a) Ikasleak proposamena aurkeztuko du, Proiektua lanbide moduluaren hasiera eguna baino hilabete lehenago, eta egin nahi duen proiektua deskribatuko du.

b) Proiektua moduluaren irakasle-taldeak, astebeteko epean, proposamena baloratuko du eta erabakiko du onartzen duen ala ez, azterturik, gutxienez, heziketa zikloko edukietara egokitzen den, eta proiektua epe barnean egitea posible den. Proiektua moduluko irakasle-taldearen bileraren aktan jasoko da erabakia, eta banako tutoreak jakinaraziko dio ikasleari.

c) Proposamena onartu ez bada, ikasleak zazpi eguneko epea izanen du behar diren aldaketak egiteko edo beste proposamen bat egiteko; azken kasuan, aurreko puntuan ezarritako moduan baloratuko du irakasle-taldeak.

d) Epe hori aldaketarik edo beste proposamenik aurkeztu gabe iraganda, banako tutoreak jakinaraziko dio ikasleari Proiektua moduluko irakasle-taldeak esleitutako proiektua.

5.3. Proiektua moduluko irakasle-taldeak proiektua ofizioz esleituko die proposamenik aurkeztu ez duten ikasleei eta proposamen onarturik ez dutenei. Proiektua moduluko irakasle-taldearen bileraren aktan jasoko da esleipena, eta banako tutoreak jakinaraziko dio ikasleari.

5.4. Oro har, ikasleak banaka eginen du proiektua. Ikasturte batean, proiektu bakoitza bakarrik ikasle bati proposatuko zaio, salbu moduluko irakasle-taldeak erabakitzen badu proiektua, bere ezaugarriengatik, taldeka egin daitekeela; kasu horretan, argi definituko dira taldeko kide bakoitzak egin beharreko lanak.

5.5. Proiektua moduluko irakasle-taldeak egunak finkatuko ditu ikasle bakoitzak proiektua aurkezteko eta, hala bada, azaldu edo defendatzeko. Ikastetxeko lanbide-arloko departamentuan erregistratuko dira proiektuak. Proiektua dagokion egunean aurkezten ez bada, “1” kalifikazio negatiboa jasoko da.

5.6. Lanen jabetza ikasleena da. Hala ere, emandako materialen kopia bat gordetzen ahalko du ikastetxeak, irakaslanean erabili ahal izateko.

Ikastetxeak dokumentu-funts baten sorrera sustatuko du, jatorrizko proiektuen informazio nagusia biltzeko.

Proiektuaren egileak erabateko erabilera eta ustiatzeko eskubide esklusiboa du aurkeztutako proiektuaren gainean, soilik jabetza intelektual edo industrialari buruzko araudi indardunak ezarritako mugekin.

6.–Proiektua lanbide modulua garatzea eta haren jarraipena egitea.

6.1. Batera eraman beharko dira banako tutoretza zein taldekoa modulu honen garapenean eta jarraipenean. Horretarako, Lantokiko Prestakuntza modulua egiten duen epean ikasleak ikastetxera etortzen diren egunak baliatuko dira, bai eta teknologia berriak ere komunikatzeko, jarraipena egiteko eta zalantzak argitzeko.

6.2. Proiektua modulua antolatu, garatu, jarraipena egin eta ebaluatzeko ardura duten irakasleek, banako zein taldeko tutoretza egiten dutenek, hirugarren hiruhilekoan, beren asteko irakastorduetatik gutxienez ere ordubete erabili beharko dute Proiektua moduluari arreta emateko eginkizunetan.

7.–Proiektua lanbide moduluaren ebaluazioa.

7.1. Banako ebaluazioa eginen zaio ikasle bakoitzari, eta curriculumetan ezarritako ikasketa emaitzak eta ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentzia gisa.

7.2. Proiektua lanbide modulua ebaluatzeko, egindako proiektua aurkeztu beharko du ikasleak, bai eta heziketa zikloko irakasle-taldearen ordezkaritza baten aurrean haren defentsa publikoa egin ere. Gutxienez talde horretako hiru kidek osatuko dute ordezkaritza: lanbide-arloko departamentuko burua (lehendakaria izanen dena), banako tutorea eta taldeko tutoretza egin duena. Pertsona batek eginkizun horietako batzuk baditu, ikastetxeko zuzendaritzak irakasle-taldeko kide bat izendatuko du, bermatzeko gutxienez hiru epaimahaikide daudela.

Ikasleak bere proiektuaren aurkezpen laburra eginen du; horretarako, euskarri informatiko bat erabiltzen ahalko du, edo ikastetxearen sistema edo ekipo lagungarriak (aldez aurretik abisatuta), edo interesdunak berak eraman ditzakeen beste batzuk. Proiektuaren defentsan, hartutako erabakiak justifikatu beharko ditu, eta erantzun egokiak eman epaimahaiak egiten dizkion galderei.

7.3. Proiektua lanbide moduluaren kalifikazioa zenbakia izanen da, batetik hamarrera bitartekoa (dezimalik gabe). Bosteko kalifikazioa edo hortik gorakoak positibotzat joko dira.

7.4. Proiektua moduluaren kalifikazioa lortzeko, proiektuaren aurkezpenean egon diren epaimahaikideen kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da.

7.5. Lantokiko Prestakuntza lanbide modulua ikasi ondoren ebaluatuko da Proiektua lanbide modulua, modu horretan lanbide modulu horretan eskuratutako gaitasunak erabili ahal izateko, LP lanbide moduluan lortutako emaitza edozein delarik ere. Ikaslea Lantokiko Prestakuntza lanbide modulua egitetik salbuetsita badago, laneko esperientziarekin loturik dagoelako, heziketa zikloko gainerako lanbide moduluak gainditu ondoren ebaluatuko da Proiektua lanbide modulua.

7.6. Proiektua lanbide modulua gainditzeko, ikasle bakoitzak ikastetxean irakasten diren gainerako lanbide moduluek (Lantokiko Prestakuntza modulua kenduta) duten deialdi kopuru bera izanen du, hau da, lau deialdi arrunt.

8.–Ebaluazio deialdiari uko egitea.

Proiektua lanbide moduluan, ebaluazio deialdiari uko egiten ahalko zaio, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 23. artikuluan eta horrekin bat heldu direnetan ezarritakoarekin bat. Izan ere, Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa arautzen da foru agindu horretan.

Iragarkiaren kodea: F1805982